Lorea Gernika, andrazko bat
Lorea Gernika, andrazko bat
2015, nobela
160 orrialde
978-84-92468-72-0
azala: Juanba Berasategi
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2013, poesia
2011, nobela
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1998, kronika
1997, poesia
1996, erreportaia
1995, kronika
1989, poesia
1987, ipuinak
 

 

Bihar ez

 

Hilerrian azaltzen da noizetik noizerat. Ez dauka inor hemen, Zugarramurdikoan, baina maite du argi azkorrian ibilalditxoa egitea bertaraino. Elizaren ondoko patarra arin gainditzen duenik esan ez lezakeen arren, maite du Basaburua karrika. Eta maite du hustasun hau ere, hilerriko inor eza.

        Alabaina, egun Graziana Gorriti Fagoagaren hobia estaltzen duen lauzaren aitzinean gizonezko bat ikusi du malkotan. Zamarrako lepoak jasorik, uzkur, eztulka, eskuak galtzarbeetan.

        — Zu Grazianaren gazteena zara.

        — Hala jin —erantzun dio itzuli gabe, mintzoa erlats.

        — Baina zu ez zeunden...?

        Gizona bere baitan bildua da, ama zenaren izenari josiak ditu begiak. Ezagun du ez diola ihardespenik emanen.

        — Libre utzi zaituzte, beraz.

        Bozkarioak egin behar ote dizkion deliberatu ezin batek ito du Lorea Gernika. Baina emakumearen larria atzemanik, laxatu egin du korapiloa egunkarietako kronika beltzetan beltz azaldutako gizonak.

        — Ez, ihes egin dut. Amaren loa zaintzera heldu naiz gau oroz.

        Hemen, turistez bete dituzten akelarrekoak omen diren harpeetan ez bezala, amets egiten ahal du Lorea Gernikak: sorgina da eta ezkutu samarreko ahalak ditu, suak ez du hautsiko, urak ez du eramanen, berak bestek ez dakiena daki, belagilea da, hegan egin lezake lanbroan barna noranahi.

        — Ederra da ihes egin ahal izatea.

        Buruz buru paratu zaio gizona, bizar arteko aho eta begi. Kriminal bat, bai. Seme honek eman nahigabeek hil zuten Graziana.

        — Orain presondegira itzuli beharra nauzu.

        Baiezkoa egin du buruarekin Lorea Gernikaren estonamendua ikusita.

        — Presondegian ez banengo gaiztagin segituko nuke amaz oroitu gabe.

        Eta bi urrats eginik beso artean hartu du tinko emakumea, tinko, pot bana emateko masailetan.

        Horrelako bihotzondokorik! Oinazturak sutu ditu Lorea Gernikaren egur iharrak.

        Bihar, berak besarkatuko du kriminala.

        Bihar ez, gau honetan berean, deliberatu du Grazianaren gazteenaren joan presatuari so.