Aurkibidea
Aurkibidea
Gutaz
Katilutik hurrupa txipiak eginez paper batean idazten: Lorea Gernika idazten ari da. Inkestaren bat betetzen edo, pentsatu du aldameneko mahaiko andereñoak bidai agentzian eman dioten aldizkaria zabaltzerakoan. Zerbitzariak ordea papera zuri ikusi du katilua ekarri dionean, badaki ez dela X han-hemen ezarriz bete beharreko horietarik. Florida parkeko emakumezkoen solasak zelatatzera etortzen den nobelagile krisiatuak «Zure ahotsa entzuten dut nire bizitzaren isiltasunean» idatzi duela eginen luke, horrelako esaldi eztimerkeren bat. Horrek arrunt arranguratua utzi du, irudimen eskasiaren froga egin zaio, pertsonaia idazten ari dena idazlearen karnet intimoa balitz bezala. Ideia horretan sakondu behar duela erabaki du hala ere, eta apunte batzuk hartu ditu musuzapian. «Itxaron iezadazu apur bat, ez naiz berandutuko!» idatzi duela uste du urrunagoko alargundu berriak. «Badakit berandu dela horrelakoak idazteko, baina idazten ari naiz edozelan ere» irudikatu du ordu honetan ilunabar oroz hemen barrena futinatzen ikusten ahal dugun nobelagile kanonikoak. Esaldi ona deritza, gutunketako ipuin baten hasiera izan liteke. Esprintatu egin du pozarren nobelagile krisiatuari agurrik opa gabe, Gasteizko futinlariek ez dakite zer den lasterka gozatzea! Auskalo zer idatzi behar duen, baina nik esanen nuke testamentu kontua dela, pentsatu du zerbitzariak, eta baluke fidagarritasunik, gainerako susmalariek baino eskarmentu gehixeago daukanez bezeroetan. Zoroa ez bestea! Katiluan whiskia edukiko du horrek! Eta gutaz ari da! Idazten! Gutaz idazten! Horrelakoak mahai biribil txipian berbekin borrokan ari den andrazko ederraren loba zuhurrak marmarka esan dituenak Frai Frantzisko de Vitoria ibilbidean gora, sukalde lanak egitera doan jauregia bezain neobaskoa gizona. Izebak, artean, anbulategiko erizain batek eskatu dion zurrukutunaren errezeta dihardu idazten.