Aurkibidea
Aurkibidea
Hamaiketakoa
Amaitu da lurrematea. Hildakoaren seme nagusiaren agindura, Tolosa zaharrera abiatu dira oraino bizirik dauden seme-alabak, bilobaren batzuk eta Belkis, zenduaren laguntzaile nikaraguarra. Ohitura zaharra, ohitura jatorra, gurasoen kultura utzi eta hobeagorik hartu ezinean dabilen zenbaitek, Lorea Gernikaren ahizpek, adibidez, marmarrean iraindu behar dutena, «Ama kanposantuan utzita bagoaz ba tabernara!». Axola zaie hauei hildakoak bidean ezagutuko duen gosea! Errespontsuan, apaizak ez duela amaren izena aipatu jakinarazi die. Isiltasuna. Zubiberrin, «Zer esan duzu lehen?». Apaizak, errespontsuan, ez duela gure amaren izena aipatu. «Ez?». Ez, «Gure arreba» gora eta «Gure arreba» behera aritu da, izenik esateke. «Ez naiz konturatu». Inor ez da konturatu, Lorea Gernika bakarrik.
— Zakur bat bezala lurperatu dugu ama! —irten zaio barruenetik, ezer ezin esan bat sortuz.
Salda, kroketak, zankarra, zuri eta beltz ardoz: har ezazu indar, ama. Eta denek jakin dezaten, apaizak ez duela amaren izena ahomentatu du ostera Lorea Gernikak.
— Bai zera!
— Beti aipatzen dute, izeba!
Isildu egin da. Agidanez, katabuta jaisten ikusteak sortzen zien minduran bildu dira gainerakoak. Eta bera? Apaizak otoitza ongi edo gaizki errezitatzen zuen zelataka! Amari maitasun mezuak bidali edo heriotza hausnartu, horixe egin behar zukeen Lorea Gernikak. Zakur bat bezala lurperatu dutela berriz esateko gogoak eman dio. Zertarako baina? Hitza kendu behar zion apaizari, «Anttoni! Anttoni!» xuxurlatzearren edo oihukatzearren. Baina hainbatetan gertatzen zaio, eta honetan ere huts egin dio une historikoari. Burumakur geratu da, begiak onddo kroketei emanak. Eskuineko eskuak zirkin txipi bat egin du platertxora. Ez ahal zen inor ohartuko! Besoak antxumatu ditu, gosea kendu diotela erabaki duenez. Mahaiaren beste muturrean Belkis dauka beha. Ez da ausartzen esaten arrazoia duela, apaizak ez duela Anttoni aipatu. Hori interpretatu du Lorea Gernikak behintzat haren begietan. Gero galdetuko dio, irtendakoan, baldin une batez biak bakarrik egokitzen badira.
Ez, kasik nahiago ez jakin.
Komunerako aitzakian altxatu eta barrara hurbildu da. Zenbat den. Mahai osoarena, noski. Badaki seme txatxu horrek haserre eginen diola bihar-etzi. Edo berehala azalduko zaio bertan «Zer ari zara orain ere!» esanez, gordetzeko diru hori jainkoarren.