Aurkibidea
Aurkibidea
Mutxikina
«Atean jo dute, hemen dira...!».
Gizon bat karrikan barrena. Jakarik ez, maletinik ez, kapelurik ez. Arrunta. Eta hala ere, gizon bat karrikan barrena... sagarra jaten! Hortz ederrak, ausiki ausartak. Lurrera jaurtiko ote zuen zuztarra? Bulegotegi erraldoi batean sartu zen sagar puska eskuan. Lurrera jaurti izan balu, Lorea Gernikak murgil eginen zukeen inork zapaldu aitzin salbatzeko.
Hitzorduren bat edo eskatzera sartua itxuraz, mutxikina eskuan zuela jalgi zen gizona berehala. Oraindik kendu gabe dauden zaborrontzi zuri horietarik batean utzi zuen erortzen golden hondarra. Aterpebako bat bezain ozarki hurbildu zen Lorea Gernika. Hantxe sagarraren bihotz txipia, paper eta plastiko metatxo baten gailurrean.
«Gizarte honen irtenbidea zaborretan dago!».
Maitasunez hartu zuen, maitasunez, eta ikusi zutenek horixe espero arren, ez zuen ahora eraman. Zapi batean bildu zuen, amak haurra bezala.
«Non bilatu behar dugu iraupena, zaborrik ez badago?».
Antzututako sagarrak saltzen dira dendetan, baina nork daki, zergatik ez? Naturak izaten ditu halako zoroaldi batzuk, frogatua dauka Lorea Gernikak berak. Egutera ederreko parke zahar batean landatu zuen esperantzatxo hura, gizartearen segurtasuna bermatzen duten kamerek betikoturiko ekintzan.
«Atean jo dute berriro... Bai, neure atea da, hemen dira horiek...!».