Lorea Gernika, andrazko bat
Lorea Gernika, andrazko bat
2015, nobela
160 orrialde
978-84-92468-72-0
azala: Juanba Berasategi
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2013, poesia
2011, nobela
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1998, kronika
1997, poesia
1996, erreportaia
1995, kronika
1989, poesia
1987, ipuinak
 

 

Azpikoa

 

Milano, Miami, Manila, Mexiko eta Madrilgo puntista txalotuenetarik bat izan zen Anton Subiza lodosarra. Kantxak utzirik, Espainiako Mediterraneo aldean hedatzen hasia zen JayAlay hotel katea erosi zuen, bateko eta besteko hiriburuetan ikusi zituen aitzinamenduak ezarriz: bilera gelak, faxak, mekanografia eta idazkaritza zerbitzuak, gaztelaniatik ingeleserako interprete diplomatuak. Kalkulatzailea zen frontoian, eta Pitagoras bat aferetan. Bestelakoetan, tangoa, baltsa, bazekien heltzen. Ederki ematen zion smokinak. Eta ikasia zen ausardia behar dela tantoa egiteko.

        — Ez dugu elkar ezagutzen, barka nazazu: zure begitartea ikusita, plan erromantiko bat behar duzula uste dut.

        — Ba ote? —Lorea Gernikak, ezkerreko bekaina jasoz.

        — Petanka partida bat proposatzen dizut lorategian, pista bat daukate hor. Goazen ilundu aitzin! Mila ehuni!

        Eta Biarritz Musical erakundearen gala utzirik, petankan aritu ziren egun hartan, tenisean hurrengoan, ibilaldi bat ere egin zuten tirripitan Basusarrira, lizarren gerizpean bazkaldu zuten... Gatobazkaren lehen zatia eskaini zion Anton Subizak neska eder hari, eztei zeremonia moduko bat, ahora hurbilduz. Ostra hurrupatu zuenekoaz gomutatu zen Lorea Gernika.

        — Behin perla bat irentsi nuen.

        — Perla ostra barruan, jatetxean? —algara Anton Subizak.

        — Bai... Zergatik egiten duzu barre?

        — Maitagarria zara, Lorea! Ez dakizu hori amarru zaharra dela?

        Bazekien perla hura Bixente Garaten galanteria izan zela, begi bistakoa zen, baina ez zion onik egin arrunta zela jakiteak, umetua sentitu zen, behejoa, malkoak heldu zion eta zekarren gozo guztia galdu zuen egunak.

        — Ez da zure errua izan, Anton. Barka nazazu.

        Pijama bat azaldu zen bigarren senar honek Bartzelonako Sant Jaume plazan zabaldu berria zen New England arropa dendatik opari ekarri zion kutxatxoa zabaldutakoan.

        — Zetazkoa da.

        Lorea Gernika begiz begi geratu zitzaion, zorrotz, bekaina jasorik ez baina belztuta. Pijama zetazkoa zen, baina gizonezkoarenak jaka-prakak.

        — Egunez ibiltzeko, etxean, lasai. Politagoa da zure bata horiek baino. Eta, badakizu? Fraidearen sotanaren azpian moja bat dagoela deskubritzea bezalakoa izanen da —alegia deus ez, umoretsu, gala aspergarri batean luzitu behar balu bezala.

        Erredura bat bihotzean, «izanen da» likits hura Lorea Gernikari. Errepikatzeko berriz. Eta hitzez hitz errepikatu zuen azken esaldia Anton Subizak, begia kliskatuz, bere buruaren parodia: azpian, moja, deskubritzea.

        — Eta mojaren azpian zerk azaldu behar luke?

        — Ez, Lorea, oker zoaz hortik...

        Atzamar batetik oratuta hitza atera arte estutzea otu zitzaion, esan zezala mojaren azpian azaldu behar zuenaren izena... Ez zuen horrelakorik egin, etsia hartu zuen.

        — Badakizu zer etortzen zaidan burura niri gizonezko bat pijaman aurrez aurre daukadanean?

        Anton Subizak ez zuen inoiz jakin ahal izan zer pentsatzen zuen bere emazteak pijama janzten zuten gizonezkoez. Eta egia esatera, berak ez zuen inoiz pijamarik jantzi, ez oherako, ez etxerako, ez ezkondu aitzin, ez ezkondurik, ez banandu osteko.

        Lorea Gernikak anuntzio zeukan haurdun zegoela, baina esan, ez zion inoiz esan.