Lorea Gernika, andrazko bat
Lorea Gernika, andrazko bat
2015, nobela
160 orrialde
978-84-92468-72-0
azala: Juanba Berasategi
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2013, poesia
2011, nobela
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1998, kronika
1997, poesia
1996, erreportaia
1995, kronika
1989, poesia
1987, ipuinak
 

 

Sekretua

 

Zein da zure sekretua, Lorea Gernika? Esan, Lorea Gernika, zer egiten duzu beti garaile izateko? Eta Lorea Gernikak ihes egin die. Ez du sekretua azaldu gura. Zergatik ez? Bizkarretik oratu du alkateak maitekiro, inguratu egin dute antolatzaileek.

        — Gure herriaren izen ona Euskal Herri osoan barreiatzeko aukera paregabea dugu, Lorea.

        Amore eman behar izan du. Badaki damutu eginen zaiola gero, baina tira, behingoagatik baietz. Eta esklusiba bat eman dio telebistari edo, zehazkiago, Garbiñe Amiama telebistako galdegile ausartenari, jakinmin publikoaren mustur ofizialari.

        — Gurekin dugu, azkenean, aurten ere Antxoa Garbi txapelketaren irabazle gertatu den Lorea Gernika.

        Ondarroako XXXVII. Antxoa Garbi Txapelketa Lehen Saria urre haritan brodatua daukan txapela erraldoiaren azpitik bekokira jausten zaion ile printza ezpaina gorantz luzatuta putz bortitzak jaurtiz uxatu ezinda Lorea Gernika, sudur-belarriak hainbat gorri masailak, mahukak beso erdira.

        — Esan iezaguzu, Lorea, zein da zure sekretua antxoari tripa-buruak horren arin eta horrenbeste denboran kantzau barik kentzeko?

        — Ni fabrikako umea naiz...

        Hamabi urteko hasi zen peska garbitzen, ontzian bertan, etxera dirutxoren bat eroan ahal izateko. Arrastekoek dena batera ekartzen zuten, arraina bereizi barik, eta hura antolatzen, garbitzen, balio ez zuena jaurtitzen. Hantxe, baforeko bodegan. Eta gero fabrikara hasi zen, filetean lan egitera, antxoari buru-barrenak atera, gatzitu eta latan sartzen.

        — Baina hainbeste antxoa garbitzeko, teknika berezia behar da!

        — Ez daukat sekreturik.

        — Ez duzu inor gomutan, zera... Antxoari tripak ateratzen dizkiozunean, ez daukazu inor gogoan? Politikoren bat, agian?

        — Ez, ez! Inor baneuka gogoan, ez nuke txapelketa irabaziko... —eskuak Cafés do Brasil dioen kalamuzko zaku batekin egindako mandar politean idortzen dituela, barrezka.

        — Zer ba, Lorea? Jakin behar dugu hori.

        — Oraintxe gomutan dauzkadan baten batzuei, astiro kenduko nizkieke tripak...

        — Astiro... Alegia, maitasunez, esan gura duzu? Edo gorrotoz, agian? —kazetarien kazetari Garbiñe Amiama, konplize, begia kliskatuz.

        Purrustada bat eginik, urteko telebista unerik zinezkoena izan den deklarazioa eman du Lorea Gernikak orduan:

        — Zelako eltzekari ederrak egiten dituzun, esaten zidan beti nire hirugarren senarrak. Nire senar horrek, beste senar eta nobio askok lez, uste zuen maitasunaren emaitza dela lapikokoaren goxoa. Baina zein da sukaldearen eta maitasunaren sekretua?

        Hau bai sekretua: kazetariak ez daki, kontixu.

        — Esate baterako, nire bigarren senarra saiatzen zen sukaldean, baina lardastu besterik ez zuen egiten. Ez zen lasai egoteko gauza tipula perdeatzen zen bitartean, eta txitxirioak ere beratu barik nahi izaten zituen egosi, eta nire lehen senarrak berriz...

        — Ederto, Lorea, ederto... Baina zein da sukaldearen eta maitasunaren sekretua?

        — Ez duzu ulertu? Maitasunaren sekretua pazientzia da.

        Senar ohien adiskideak edo senideak topatzen dituelarik, soberako zurikeria sumatzen du beti Lorea Gernikak. Kutsu hipokrita hartzen die entzun behar dituen hitzei. Esaten diotenaren iruntzira pentsatzen dutela denek iruditzen zaio, denek, ansolatarrek, subizatarrek, arbonatarrek. Senarrak tratu txarrean eduki edo pozoitu egin izan balitu bezala... Badu aski bizkar alargunaren tristura bere gain hartu ahal izateko, baina beste hori, hildakoen ingurukoen adeitasuna, jasanezina zaio. Izan dituen senar eta nobio guztien mendekua izan behar du, duda barik. Antxoen tripetan mokoka dabiltzan antxetei beha geratu da telebistakoengandik hastanduta.

        — Laztana, maitasuna barkatzen jakitea da, esaten zidan gainera txatxu hark!

        Ez daki zehazki zeinek, lehen, bigarren, hirugarren senarrak edo Caracasera alde egin dion beste mutilzahar dotore horrek. Edo guztiek.

        — Astiro kenduko nizkieke tripak, bai... Niri apurka burua kendu izan didaten moduan.

        Berba sentitu batzuk egin dizkiote elkarri alkateak eta antolatzaileek ahapeka, txapeldunaren hasperenok hunkiturik.

        Laidako hondartzan birringarrizko monumentuak egiten dituenean bezain alai bizi izan da ordu eta erdiz Lorea Gernika eskuak bete lan, sortzailearen zazpi loriatan. Antxoa garbitzearen lan mekanikoak hartaraturik deusetaz baizik pentsatzen ez duela, zoriontsua da. Horixe duke sekretua fabrikako umeak.