Aurkibidea
Aurkibidea
Harrotasuna
Poltsa zabalarazi dio aurrekoari mugazainak, barnea arakatu dute latexean babestutako eskuek. Plastiko zuri batean bildutako paketetxoa atera du.
— Zer duzu hau?
— Lurra, Euskal Herriko lur ederra. Noan orotara daramat sorterria. Hiltzen banaiz edo banaute, hauxe izanen da ene pausatokia.
Hori bai herritasuna!, pentsatu du Lorea Gernikak. Baina bibotea goratu du, susmoz, aduanetako izardunak.
— Ongi da, pasa zaitez hona.
Beste bi mugazainek hartu dute gizona, eta atean Kontrola dioen gela batean sartu dute.
— Aitzina, anderea! Ongi etorri gurera!
Eta sar dadila agindu dio bibotedun zurrunak, lepotik dakarren poltsari begia atxiki behar dionik pentsatzeke. Lorea Gernikak ez zuen horrelakorik espero, berak ere nahi zuen... «Poto honetan Euskal Herriko ura dakart. Ezin dut bizi nire sorterriko ura gabe!» nahi zuen esan, doan guztietara eramaten duen Benedictinez beteriko petaka erakutsiz. Aduanako aretotik palmondoen gerizpe urrunera pauso batzuk eman eta itzulerdi egin du. Turisten puskak miatzen diharduen mugazainarengana hurbildu da.
— Aizu, barkatu... Lehengoan irakurri nuen Beijingen aire garbiko potoak saltzen dituztela, eta nik, orduan, ura jaso nuen, Euskal Herriko ura...
Algara egin du aduanako izardunak.
— Hemen ez gaude Beijingen, baina badauzkagu txinatarrak. Zernahi salduko dizute!
Beste argitasunik gabe, anderea taxi on batean uzteko eskatu dio aldamenean zeukan polizia iraultzaileari. Eta gazte adeitsu honek nongoa den galdetu dionez aireportuko ateetarako bidean, Lorea Gernikak erraz atzendu ahal izan du aduanakoak eman nahigabea, petaka erakustea atzendu zaion era berean.
— Ni Laminerrekakoa. Badakizu, gazte, zer diren laminak?
Koko mamia baino zuriagoko guayabera luzitzen duen beltzaran gordin bat hurbildu zaie palmondoetara baino lehen, «Lorea Gernika» dioen pankarta eskuan.