Lorea Gernika, andrazko bat
Lorea Gernika, andrazko bat
2015, nobela
160 orrialde
978-84-92468-72-0
azala: Juanba Berasategi
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2013, poesia
2011, nobela
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1998, kronika
1997, poesia
1996, erreportaia
1995, kronika
1989, poesia
1987, ipuinak
 

 

Orratzetik hari

 

Inguruko berdura ikusirik hostoa joandako arbolak zer pentsa lezakeen pentsatu du. Baiki, arbolaren garunean sartu da. Zenbait urrats aitzinago, inork ahapean xuxurlatua iduri, «Hostoa ez da orri adarretan baizik» pentsatu du. Eta berak indar egin gabe, larrazkenean zeharreko ikusmiralearen filosofia jabetzen zaio gogoaren mekanika dela medio. Arbola utzitako orriak zer pentsa lezakeen. Ahapetik berriro, xuxurla berdinak «Orria ez da orbel hankapean baizik». Nagia eman dio Lorea Gernikari ideia horrek zer esan nahi duen pentsatzen hasteak. Eta zer esan lezake orbela daraman haizeak?

        «Arbola ez da zuhaitz biluzian baizik».

        Eguna pentsatzen eman behar duela erabakitzen du noizetik noiz Lorea Gernikak, badoa leku bakartiren batera eta ez datorkio ideia mikorik, ez txikerrik ez ttipiñorik. Gero trena hartzen du jendearen ikusteak eta entzuteak zer pentsatua emanen diolakoan. Eta ber gauza zaio agitzen, ez datorkio deus. Honetaz edo horretaz pentsatu behar duela deliberatu gabe datorkio beti pentsamendua Lorea Gernikari, galderak lehenik, arrapostuak ondotik.

        Lorategiko bankutik altxatuta belaunak leundu dituenean, «Haizea ez da ezer karriketan baizik» heldu zaio ezustera. Bainuetxetik Kanbo barnera egin du jendearekin bat, karrikara, txaranga euskal aireak jotzen ari den alderantz, eta oraino ez baitu Pernoda dastatu, «Arbola adar, adarra haize, haizea orri, orria orbel...» pentsatu du berak mendreneko kitzikagarri artifizialik gabe, berak, bere oldez, karrikaren erdian. Azkenik, Petit Casino epizeriak espaloian erakusten dituen fruta ederrei so, «...eta karrika sagar!» amaitu du txarangako bonboarekin batera.

        Baina «Horiek oro ez dituzu pentsamenduak» xuxurlatu dio Descartes nahastaileak, «Espantuak dituzu».

        Dardara egin dio bizkarrezurrak, belarritakorik erabiliko balu lurrean lituzke orbel. Xalbador kolegioaren indartzeko bestak hartua daukan esparrura hurrandu da urduri. Tike mordoxka erakutsi du. Hautsi diote urdina eta bazkaltokian sartu ahal izan du. Jendetza, eta halarik ere egin diote lekutxoa. Lucien esaten dioten gizaseme adeitsua egokitu zaio eskuinean. Salda hartu ondoren Lucienek uretik edo arnotik egin dio galde, eta godaleta betetzen diola, ezkerrean daukan emaztekia Amaia Ezpeldoi detektibe ospetsua dela esan dio belarrira pentsamenduaren xuxurla berean. Lorea Gernikak, animaturik, bururatu zaion itaunik gaitzena egin dio Amaia Ezpeldoiri:

        — Karrika, karrika ote sagarrik gabe?

        Eta detektibe ospetsuak, irribarretsu, hitzetik hortzera ihardetsi du zeruko hodei bakarrari beha...

        — Eta gizakia, gizaki ote piztiarik gabe?

        Arraiki solastatu da Lorea Gernika ezker-eskuin egin dituen lagun berriekin. Huntaz, hartaz eta zalapartaz aritu da zalu eta zale, xuberera apur bat praktikatzeraino bilbotar batzuekin. Egun eder honetan ikasi dituen gauza interesgarri guztiak oroitu nahi izan ditu oherakoan, baina loak urrikaltasun epelenean hartu du etzan baiko.