Lorea Gernika, andrazko bat
Lorea Gernika, andrazko bat
2015, nobela
160 orrialde
978-84-92468-72-0
azala: Juanba Berasategi
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2013, poesia
2011, nobela
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1998, kronika
1997, poesia
1996, erreportaia
1995, kronika
1989, poesia
1987, ipuinak
 

 

Katea

 

Enplegatuak ez du ulertzen zer ari den atso hau hemen, eskua goraturik sinagailua inarrosten, ez baitu ikusten katerik, plastikozko lokarri kiribildua baino.

        — Zer egiten du kate honek hemen?

        Zeinen zaila den Einsteinen sagarraren antzera jausten diren gauzak jausi egiten direla esplikatzea inori, endemas atso zahar bati!

        — Zergatik kateatzen duzue boligrafoa?

        — Barkatu, ez da boligrafoa...

        — Badakit ez dela boligrafoa. Zergatik iraintzen gaituzue horrela?

        Zeinen zaila den bankuko enplegatuaren lana, batez ere ilaran daudenak amorrarazten ari den atso bat adeitasunez atenditu behar denean.

        — Uste duzuelako boligrafoak lapurtzen ditugula, ezta?

        — Esan dizut ez dela boligrafoa...

        — Paperean sinatzen genuenean, kate batekin zeneuzkaten lotuak Bic merkeenak!

        — Katea oso praktikoa da, boligrafoa erori egin liteke bestela, eta...

        Inori ez zaio ezer axola gaur egun, ezta Errenterian ere. Horixe pentsatu du Lorea Gernikak ilaran zain daudenak zalapartaka hasi zaizkiolarik txanda hurrengoari uzteko. Munduan dauden eta diren lapurrik handienek katean lotua daukate ziri ziztrin bat, ebats ez dezagun.

        — Guau! Guau! —atzean dituenengana jiratuta.

        Isilik geratu dira denak, zur, zur. Eta bankutik irtenda zaunka alaiak eginez jarraitu du Biteri kalean barrena doan jendeari oihuka, alegia, «Ikas dezagun lapurtzen!» zakurren hizkeran.

        — Grrrrrrrr!

        Yorkshire terrier bat, jabearen katetik tiraka Lorea Gernikari triskatukozaitut egiten.

        — Zu ere katean?

        Zeharbideko kritikatzat hartuta, jabeak zilar itxurako katetik tira eta besotxokora jaso du, zakurtxoaren kikia eusten duen txibista lasaitua estutuz.

        — Xarko, ixo! Lasai, Lorea, ez du koskarik egiten.

        Eta Lorea Gernika okinaren amarekin geratu da hizketan Goizuetako izeba zaharrak irakatsi zion enplasto berezi baten errezeta esplikatzen, Xarkok inoiz ausikirik eginen balu baliagarria.

        Eskerturik, lurrean utzi du Xarko ostera, eta txakurtxoak bankura eraman du, katea tenk, okinaren ama. Lorea Gernika beha geratu zaio errezeta ongi eman ote dion kezkaturik.