Lorea Gernika, andrazko bat
Lorea Gernika, andrazko bat
2015, nobela
160 orrialde
978-84-92468-72-0
azala: Juanba Berasategi
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2013, poesia
2011, nobela
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1998, kronika
1997, poesia
1996, erreportaia
1995, kronika
1989, poesia
1987, ipuinak
 

 

Krimena

 

Karrikan beheiti doa begiak malko, ez ordea haizearen hotzaz. Benedictine kikara bat behar luke: egin duen horretaz ari zaio burua egoskor, irudi bat pentsatzen du, irudi batek hartzen dio gogoa, nolako erpea kontzientziarena.

        «Nondik sortu zait niri horrelakorik!».

        Bihotzeko kiratsa ezin atxikiz, ihes egin du Lorea Gernikak. Egongelan geratu dira estalkia zabaldutako xurgatzekoa, urratutako zabor poltsa, barreiatu duen poltsako hautsa eta xurgatzekoak irentsitako xikinetik Lorea Gernikaren esku urduriek, ondikotz, berant atera duten pinpilinpauxa, gorpu. Irudi horrek, hautsetan ito pinpilinpauxarenak ibilki ditu orain Lorea Gernikaren burua, bihotza, belauna.

        — Zer egiten duzu zuk nire etxean?

        Eta kanoia harengana hurbilduz xurgatzeko tresnaren zirimola hurruparian irentsi du etsai okupatzailea, sofa xaharraren gaineko oihal ederrean pausatu hostotxo ihartua bezain erraz.

        «Ni izan naiz, bai, nik hil dut!».

        Ez daki, senezko egitada izan da, seme zozoak edo errain arranoak edo bisitari gogaikarriak etxetik kasatu ezin dituelako ordain gisako bat.

        «Nik, pinpilinpauxa izatera deliberatu nuen honek!»

        Ez da etxera itzuliko, urrunen gertatzen zaion alabarengana joanen da ezusteko latz bat emanez Frantzia eta Nafarroako xokolat onenarekin. Gerokoak, ikusiko.

        «Etxe horretara ez, sekula ez!».

        Baina noranahi joanagatik, Lycaena phlaeas lehertu horren irudia ibiliko du gibelean Lorea Gernikak beti, bere kakalardo horian doalarik Freitas & Filhos, Olano, LKW Walter, Detressangle, Gil Stauffer, MugaTrans trailerrak atzean pusaka kokatzen zaizkioneko itomen horretan bizi beharko du beti, hautsa-xurgatzeko erraldoi baten hodian barrena eramana.