Lorea Gernika, andrazko bat
Lorea Gernika, andrazko bat
2015, nobela
160 orrialde
978-84-92468-72-0
azala: Juanba Berasategi
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2013, poesia
2011, nobela
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1998, kronika
1997, poesia
1996, erreportaia
1995, kronika
1989, poesia
1987, ipuinak
 

 

Gure zoriona

 

Adatsa zabal, haizeari buruz abiatzen zen orbeatarren lantegian sorturiko azken bizikletari eraginez. Zeren bila? Ez zeukan helburu zehatzik bizitzan. Espero ez zuela, ordea, asmo bat egin zuen adiskide edo asmo batek egin zuen adiskide, ez da gauza ziurra. Zoragarrizko egunak ezagutu zituen, Lorea Gernika gaztea harkaitzetan jauzika datorren errekasto bihurtu zen, eguzkia urtzen delarik hunkitzen diren guztiekin bat egiten duen bihotz. Asmoa isila zen. Ikara ematen zuen, erakarri egiten zuen. Asmoa ederra zen. Nolako ahapekoak egun haietan, nolako gorrotoak Getxoko batzokia izana zen eraikin irainduan, gerlako garaileek Lorea Gernika iragaten ikusten zutenean asmoak besotik edo asmoa besotik zeramala! Beste gerla bat behar piztu behar zen.

        Egun haietako batez —eguzkia marra gorri itsasazalean—, eztitasun uneak bihotza laxaturik, «Gure zoriona...» hasi zen Lorea Gernika. Hasi bazen hasi zen! Besterik esan ahal izan zezan baino lehen egin zuen berba asmoak, eskuak buru azpian etzanda zegoela ganorabako orakulu bat iduri:

        — Gure zoriona, posibleen metaketak ekarriko du!

        Idortu egin ziren munduko errekastoak, mahaspasa uzkurtu zitzaion bihotza Lorea Gernikari. «Posibleen metaketak...!». Ahalke gorriak hartu zuen, eta ihesari eman zion urrun, urrun, asmoa burutik eta akordutik kendu beharrez. Urteak bizi izan da han eta hemen, beti bertako, beti besteko. Ile librea zabal, eta helburu zehatzik ez bizitzan. Baina amaitu egin nahi luke behin esaten hasi zen esaldi hura. Txangorik merkeenetan eta napolitanak kantatzen dituzten abesbatzetan ematen du izena. Atzo kontaktu dei labur bat argitaratu zuen kazeta ezagun bateko harremanen sailean, «Abstenitu bitez isilak, ederrak eta Getxokoak» oharrarekin. Asmo hura bezala hurrengo batzuk ere motz geratu zaizkionez, iduri luke ametsa behar duela adiskide. Hainbeste maite dituen zimurretarainoko xaloa dugu Lorea Gernika.