Aurkibidea
Aurkibidea
Katixima
— Dena daki, ez du ikasten ahal. Haur bat ikusi eta bizkarrak zimurtu bertzerik ez du eginen. Aspaldiko unadura makurren batek dauka azken piruraino akitua. Eta egia erranen dizut, Eztitxu, hobe inoiz azaltzen ez bada.
Begiak zuri dago Lorea Gernikaren bilobatxoa.
— Denboraren habea da, ez du presarik, ez du lagunik. Hain ohikoa da hangoikoa, noizbait hasiko dela zor diguna kalkulatzen erraten digu beti.
Afaritara etorri zaio seme gazteena emaztearekin eta haurrarekin. Arizkunen bertan geratuko da lotan Eztitxu, amatxiren gomendio: bihar larunbata, gurasoek besta behar. Eta Lorea Gernikak probestu egiten.
— Zu ikusi eta ez luke bertzerik eginen, bizkarra jaso. Ederki gaude gu biok hementxe goi hartarik beheititzen ez den artean.
Bilobatxoak ez dio halako deusik inoiz erran, baina gurasoek katiximara ibiltzen dutelako susmoa dauka.
— Hangoiko hori dagoela hantxe, bai, goiko trapeziotik jauzi egiteko beldurrez.
— Trapezioa dauka?
Baietz erran dio Lorea Gernikak, hangoikoaren aurkako proselitismoan itsuturik.
— Baina hangoikoa ez da trapezio saioan hasiko hemen dauzkan morroiek segurtasuneko sarea lotzen finitzen ez duten bitartean.
Haurrak ezin hobekiago barneratu du aitaren amaren parabola:
— Bihar pailazoak ikustera joanen gara, ezta, amatxi?
— Pailazoak? Negar egiteko? Ez, ez, ez! —emakumearen izua.
Baina Arizkungo Hartza bezain otzan eramanen du Eztitxuk amatxi eskutik Elizondon jaima erraldoia eraikia daukan Cincinnati Circusera.
— Pailazoak barre egiteko dira!
Hala izanen da araiz: Eztitxuk eta gainerako guztiek algara eginen diote trapeziotik ez baina aulkitik erorita min hartuko duen pailazoari. Lorea Gernikarenak entzunda hangoikoa irri-karkaraka lehertzen den era bereko ankerkerian.