59
Maiatzeko lehen igandean ikastolaren festa izango zen, Herri Urrats. Irratietan transmititzeko iragarkia grabatzeko eskaria egin zieten Xabiri eta Nagoreri, ez hitz egiteko gaitasun berezia zeukatelako, baizik eta «hiru hizkuntzetan» jardun zezaketelako: frantsesez, euskaraz eta gaztelaniaz. Etxebizitza zahar bat zen Gure Irratia deitzen, Baionako parte zaharrean. Ilea alde batera orrazten zuen gizon bat zen hango arduraduna, barnealdeko doinua zeukana. Kafea eskaini zien.
— Coca-Cola edango nuke —esan zion Xabik.
— Hemen ez dugu edari inperialistarik.
Paper batzuetan idatzita zeukaten gidoia: «Hi, ba al dakik aurki Herri Urrats izango dela?». «Herri Urrats? Zer duk ba Herri Urrats?». «Ez al haiz enteratu? Iparraldeko ikastolen aldeko festa duk». Eta abar.
Xabi ohartuta zegoen ikastola ez zela eskola huts bat. Ez zela ikasteko toki bat bakarrik. Ikastola utzitakoan ere, ikastola beren bizitzan presente egongo zen kontua zen. Eta ez etxeko-lanengatik bakarrik. Baizik eta kalean ere ikastolaren aldeko hatsa nabarmena zelako. Eta ikastolaren kontrakoa ere bai.
Baina Xabi sinetsita zegoen mundua ikastolaren alde zegoela, mundu guztiak parte hartzen zuela kantaldietan, edo bono (edo egutegi edo pegatina) salmentan, eta mundu guztia ikurrinez betetako festa haietan biltzen zela. Mundua giro hura zela alegia. Nahiz eta konturatzen hasia zen inguruko jende asko, bereziki Orioko auzokideak, ez zirela ezertaz konturatzen. Baina zaila zen benetan proportzioez jabetzea. Non zegoen bere eta besteen munduen arteko muga? Zenbat lagun bizi zen mundu bakoitzaren barruan?
Baionara prefetaren egoitzaren aurrean protesta egitera joan ziren egunean jabetu zen bi munduen arteko oreka ez zela, agian, berak uste zuena. Ikastolaren aldeko pankartan bi dozena ikasle eta lauzpabost irakasle baizik ez zeudelako, eta Baionako hiritar guztiak igarotzen zirelako beren sonbreiru dotoreekin pankartari so ere egin gabe.
Ikasleek eskuetan eusten zuten pankarta bera baino handiagoa zen prefetaren balkoian masta batetik zintzilik zegoen bandera frantziarra. Xabi zegoen tokitik hiru koloreen arteko juntak josita zeudela ikus zezakeen, hain zen handia oihal hura. Eta Xabik bere txikitasuna sentitu zuen, ez berea, baizik eta bere komunitatearena, bizitzan lehen aldiz.
Bere mundu txiki hark, ordea, bazuen sendotasun bat, edo formaltasun bat, lehenik eta behin bere inguruko pertsona heldu guztiek sostengatzen zutelako. Baina sendotasun hura ez zen harrizkoa. Biguna zen eta mugitu egiten zen Xabiren bizipenen aurrean.
Baionako prefetaren egoitzaren aurreko manifestazioaren egunean sentimendu hori areagotu zitzaion, inondik ere, poliziak manifestari txikien aurrean paratu eta ezkutuekin bultza eginez haurrak plazatik bortxaz aldentzen hasi zirenean.
Harrigarria izan zen irakasleak poliziekin hitz egiteko ahaleginetan ikustea, eta poliziak bere kaskoen azpian gotorturik irakasleei aurpegira so ere egiten ez zietela egiaztatzea, eta hori ikusita haurrak han geratzeko imintzioa egin zutenean, Poliziari ez obeditzea, eta Polizia nola oldartu zen gas madarikatu harekin, eta nola erretzen zitzaizkion Xabiri begiak, eta nola egiten zuten denek lasterka errepidearen beste aldeko arkupeetara, denak negarrez
Aita kateaz lotuta ikustea baino ia harrigarriagoa izan zen Xabirentzat, Polizia irakasleen aurka ekiten ikustea. Ukiezina zen giza taldea baitzen irakasleena Xabiren ezagutza mugatuan.
Horregatik, irratirako iragarkia grabatzeko eskatu ziotenean, Xabik baietz esan zuen, jakin-mina zeukalako irrati bat barrenetik ikusteko, eta gainera hori egin nahi zuelako, ez bakarrik bere alde, baizik eta bere komunitatearen alde. Sentimendu berria eta ederra zen beretzat. Eta bere galtzerdien, jertsearen, zapaten eta galtzen betiko kezkatik aldentzen zuena tupustean.
Arreba alboan zekusan:
— Es una fiesta en favor de las ikastolas de Iparralde.
Eta bere arrapostua:
— Pero... ¿habrá marcha?
— Por supuesto que habrá marcha. La solidaridad no está reñida con la fiesta.
Isabelleren autoan amaren eta anai-arreben alboan zihoala, irratian iragarkia eman zezatela erregutzen zuen. Zein gauza ederra izango zen bat-batean bere ahotsa aditzea. Baina bidaia osoan ez zen bere ahotsa entzun. Eta, nahi gabe, absentzia hura irratiaren txirotasunarekin lotu zuen Xabik.
Lehendik ere egona zen Senpereko lakuan. Urte hartakoa hirugarren edizioa zen. Baina urte hartan inoizko jendetza handiena topatu zuten. Jendea hara eta hona, ikurrinaren kolorez apaindutako Herri Urrats zioen txanoaz apainduta, zahatoa besapean zintzilik, haurrak eskuetatik helduta, elkarri diosal egiten.
Gogaikarria eta, aldi berean, etxekoa zen giro hura Xabirentzat.
Txistularien eta txarangen hotsa, jendearen dantza inprobisatuak, pitxiak saltzeko postuak... dena zen prekarioa eta naturala.
Orduan ikusi zuen Xabik parrilla. Parrilla bat, kedarrak belztua, orain kea gorantz isurtzen ari dena. Baina Xabik badaki Txominek egindakoa dela, eta ez edozein parrilla. Badaki burdinazko oin astun horiek dituelako, torloju handiekin egoki lotuak, eta oinen garaiera aldatzeko halako tximeletak dauzkalako alboetan, Txominek bereziki pentsatutakoak, «eremu malkartsua denean parrilla ez dadin maldan behera edo herren geratu».
Alkandoraren botoiak lehertzear dauzka parrillan txorizoak erretzen diharduen gizon bibotedunak, eta zapi bat lepoan lotua. Beste gizon bat etorri zaio albora, eta zerbait esan dio belarrira. Biak hasi dira barrez. Gero pauso batzuk aldendu da, eta berriz itzuli da sagardo botila bat eskuetan hartuta. Basoa ia belaunetan jarriz isuri du likidoa, ozta urrezko hari bat basoaren ipurdiaren kontra txinpartaka, eta barrura sartzea kostatu zaion arren, bete du basoa erdiraino, eta txorizoa erretzen diharduen lagunari eman dio.
Nor da, ordea, Txomin izan zitekeen baina Txominen kopia kaskar bat dirudien gizona? Txomin izan zitekeen, Txomini zegokion lekuan dagoelako. Baina tripa zahar horrekin ezingo luke inoiz Txomin izan. Kaxa hutsik ikusten duen oparia zabaldutako haurra bezala sentitu da Xabi. Traizionaturik, engainaturik.
Senpereko lakuaren bazterrean dago, pago baten gerizpean, iruzurgileari so. Errukia eta amorrua, biak nahasi zaizkio. Nahi luke besarkatu. Nahi luke akabatu.
Zein zoriontsu dagoen gizona, bere tripa gizen eta guzti hurrupa batez basoa hustu eta gero. Hain dago zoriontsu ezen Xabiri berari kutsatu baitzaio zoriona.
Oihanarekin topo egitea besterik ez zaio falta, eguna perfektua izan dadin.