42
Norbaitek atea zabaldu duela sumatu du Xabik. Ahots batzuk entzun ditu eta, begiak zabaltzean, gizon bat ikusi du. Begira dauka. Baina berriz lo geratu da. Norbaitek ozen hitz egin du, astiro zabaldu ditu begiak, orain bi dira ikusten dituen gizonak, baina loak eraman du berriz.
— Lève toi! —entzun du, oihuka ari zaizkio.
Orduan ikusi ditu pistolak gizonen eskuetan. Larruzko jakak dituzte, xingola laranjak besagainetan, Police hitza idatzita. Salto batean jaiki da Xabi, eta gizonen aldamenetik korrika joan da egongelarantz.
— E!, o! —egin du oihu gizonetako batek.
Korridorean beste bi gizon daude, haiek ere pistolak eskuetan. Bietako batek besoak zabaldu ditu, haurra gelditzearren, era kasik jostalarian, eta bekainak harriduraz goratu ditu hanken azpitik Xabik ihes egin dionean. Beste poliziak barre egin du.
Nagore eta Gotzon sofan eserita daude, anaiari so egin diote azaldu denean.
Besaulkian gizon burusoil bat dago, galtzerdi gorriak dituena.
— Eser zaitez hor —agindu dio burusoilak, sofa erakutsiz.
Hankak dardara batean sentitu ditu, baina ez dauka haiengatik kezkatzeko denborarik, Gotzon hizketan ari baitzaio, ia hamar minutu daramatela poliziek etxean, bera ahaztuta utzi dutela ohean.
Isiltzeko agindu die burusoilak.
Egongelako mahaian aita dago, eta irudi luke aldamenean makinaz jotzen daukan gizonarekin lagunarteko hizketan diharduela, eskuak bizkarrera lotuak ez balitu. Hatzak mugitzen ditu aitak, esku ahurretan azkura balu bezala. Xabi gelan sartzen sumatu duenean begiratu du, baina ez daki zer den esan nahi diona.
Zigarreta bat eskatu du aitak. Burusoilak, zeina orain balkoiko leihoan dagoen, zutitzeko esan dio Gotzoni. Emateko aitari erretzen. Zigarreta ahoan jarri dio semeak, txiskeroa piztu du bere aurrean, eta aitak indarrez sakatu dio.
Egongelako hiru poliziak begira dituzte aitak eta seme-alabek, biak ere gero eta trinkoagoa den ke laino baten barruan.
Poliziak aitari zenbat seme-alaba dituen galdetu diola esan dio Nagorek Xabiri belarrira, eta aitak hiru esan duenean konturatu direla bat falta zela, artean bere gelara sartu gabeak zirelako. Eta poliziaburuak errieta egin die bere menekoei.
Beheko ezpainak dardara egiten dio arrebari hitz egitean.
Haria jostorratzaren buruan sartzean egingo lukeen moduan, Gotzonek zigarreta ahoan sartu dio berriz aitari. Ez du inoiz aita halako gosez erretzen ikusi.
Haurrak Xabiren gelara eraman dituzte poliziek. Haietako bat geratu da, burua, eta denak ohean eserarazi ditu. Horman zintzilik dagoen Realaren argazkiari begira geratu zaio polizia.
— A!, Real Sociedad! —esan du alaitasunez.
Hatza Arkonadaren gainean jarri eta esan du:
— De pie!
Hatza aldameneko jokalariarengana eraman du gero, Zelaietarengana:
— Lui c'est Arkonada.
Banaka eraman du hatza jokalaritik jokalarira, baina ilara amaitutakoan jokalari bat falta dela ohartu da, izen bat soberan daukala, Olaizolarena. Harrituta geratu da, posterra misterio bilakatu da. Ikerketa poliziala abiatu beharko du aurpegirik gabeko izena nori dagokion jakiteko. Haurrek ezer esateko asmorik ez dutela ikusita, erantsi du:
— Il est ou, Olaizola?
Gotzonek nagikeriaz azaldu dio De pie ez dela izena, gorputzaren jarrera baizik, de bout, alegia. Orduan poliziak, hortzoiak erakutsiz eta oinak lurretik altxatuz, barre egin du. Beheko ilaran hatza jarri eta hasi da:
— Uralde, Diego, Satrustegi, Zamora, Lopez Ufarte...
Zerrenda amaitu duenean, Xabiren gelako beste ohea erakutsi dio eta, doinua aldatuz, galdetu du:
— Nork lo egiten du hor?
Xabik esan dio hor ez duela inork lo egiten, eta berehala Adrian Gomezen izena oroitu du, eta amak Jokini egiten lagundu zion pasaporteko gizonaren irudia datorkio. Poz txikia dauka, laguna "arriskurik ez dagoen tokiren batean" egongo delako, galdezka ari zaion gizonaren burdinazko eskuetatik salbu.
Polizia emeki altxatu da eskuak belaunetan bermatu ondoren, nekez, eta mesanotxeko tiraderatik betaurreko batzuk atera ditu. Jokinen betaurrekoak dira, azkar ezagutu ditu Xabik. Norenak diren galdetu dio Xabiri.
— Ez duzu erantzun nahi?
Xabik erantzun nahi du, baina badaki ez duela erantzun behar. Bi aukerak dira txarrak, erantzutea eta ez erantzutea. Izututa dago haurra. Aita eskuak lotuta dago egongelan, gizon horrek lotarazi dizkio.
— Norbaitek ahaztu ditu hor —esan du Xabik.
— A, eta nola izena du ba betaurrekoak ahaztu dituen horrek?
Xabik ezpainari hozka egin dio, anai-arrebei so egin die, eta isilik eutsi dio. Gorputz osoa senti dezake dardara batean.
— Tu veux aller avec papa, toi aussi? —galdetu dio, ea aitarekin joan nahi duen.
Poliziak tiraderan sartu du eskua berriz, eta Jokinen Ducados paketea atera du. Levi's markako galtzak ditu poliziak. Bihotza lokietan sentitzen du Xabik, baina ez du ezer esan eta ez du ezer esango. Aitarekin joan behar badu, gaitzerdi. Aspaldi da ez duela harekin hitz erdirik trukatu. Ongi pentsatuta, aitarekin joatea desio du. Biak atzealdean lotuta, Poliziaren furgoneta urdin horietako batean, elkarren aldamenean, biak kantuan. Seguru dago elkarren aldamenean baleude ez luketela beldurrik izango, ez aitak eta ez berak.
Atea zabaldu da. Ama da. Arnasestuka dator lanetik, masailak gorrituta. Poliziari galdetu dio ea zer ari diren gelan itxita. Eta poliziak erantzun dio bere zain daudela. Amaren sudur zuloak mugitu dira bortizki.
— Horren gutxi daukazue nire senarraren kontra, nire haurrak galdekatu behar dituzuela? Ez al daukazue lotsarik?
Aita lotzeko boterea daukan gizona amaren aurrean horren uzkur ikustea, horra bat-batean super-heroien pareko sentitzeko arrazoi bat.
— Denak eraman behar gaituzue? —galdetu du amak—. Hala bada, goazen. Baina utzi nire haurrak bake santuan.
Une batez sentitu du zinez ez dela bere aurrean dagoen hura guztia ikusten ari, dena dela asmakizun bat. Ama ez dela gizon harekin eztabaidan ari, aita ez dagoela egongelan dagoen keinu otzan horrekin, erabateko babes gabezia harekin guztiarekin. Gizon haiek ez dituela inoiz ikusi eta inoiz ikusiko. Baina orduan poliziak Ducados paketea tiraderan sartu eta hura itxi du. Bere eskuaren zainak ikus ditzake, bere larruzko jakaren lurrina usain dezake. Han dago gizona, bai, eta han baldin badago, esan nahi du bere aita egongelan dagoela ileak nahasita eta oinutsik jende ezezagunaren aurrean, semeak ematen dizkion zigarroak erretzen.
Amaren aurretik igaro da polizia, eta gelatik irten da.
Gotzonen gelatik afixekin datoz poliziak. Le Pen-en eta Frantziaren kontrako afixak dira. Esan dute ez direla legalak. Egongelan batu dira denak, sei poliziak, aita, idazkaria, ama, haurrak, afixak, zakurra.
Polizietako batek kartoizko kaxa bat ireki du eta han sartu ditu anaia nagusiaren afixak, eta liburu batzuk ere bai. Zakurrak isatsa mugitzen du, pozik dago horrenbeste jenderen artean.
Amak kafesnea prestatu du aitarentzat. Mahai gainean paratu du, eta Gotzoni emateko esan dio, etxea begiratu nahi duela zerbait eraman ote duten egiaztatzeko. Aitak ezpainak luzatu ditu semeak bere aurrean jarri duen kafesneari hurrupa egiteko. Idazkaria zain dauka, betaurrekoen gainetik zelatan, lehendik semeen eskutik jaten duten milaka aita ikusi izan balitu bezala. Batzuek armairuak egiten dituzte, besteek ogiak, edo autoentzako karrozeriak, eta beste batzuek haurren eskutik jaten duten aitak ikustea dute ofizioa, pentsatu du Xabik; eta minutu batzuk lehenago ikuskizun hura asmakizuna zela sentitu duenean sentitu duena sentitzeko ahalegina egin du, sentimendu hartan aterpea hartzeko gogoz. Baina pareko irudiak ez dira antzerki baten gisan agertzen.
Norbaitek aitaren ileak orraztu ditzan nahi luke, norbaitek aitari oinetakoak jartzea. Zergatik ez da inor horretaz arduratu?
Amak entzun egin du, eskuan dakartza zapatak.
— On-y vas —esan du poliziaburuak, badoazela.
Badoaz. Aitaren parean belaunikatu da ama, eta zer moduz galdetu dio ahopeka. Aitak zerbait esan du, edo zerbait esan duela uste izan du, ez baitu hitz osorik esan. Ezpainak itxi ditu, Xabiri tristea iruditu zaion keinu batez. Badaki harekin joango balitz desberdina izango litzatekeela, baina ezin du esan. Nola esan beharko luke?
Miruk egindako txalekoa dakar amak. Eskuak askatzeko eskatu du, bestela ezingo diola hura jantzi. Eztabaida labur bat izan dute. Poliziaburua galdezka hasi da, nork ote dituen eskuburdinetako giltzak. Polizia handienak dauzka, goiza txantxak egiten eman duen batek. Denak begira ditu aitak jantzi denean.
Aitaren bizarrak iltzeak dira musu ematean.
Badoaz.