19
— Ez duk sinetsiko —esan zuen Manuk, forma karratuko zerbait bularraren kontra jarrita.
Ahoan zeukan mendazko gozokiaren usaina zabaltzen zen tabernan, hain zen taberna txikia.
— Erakutsi!
— Et, et, et, lasai...
Xabiri, ordea, ez zitzaizkion liburuak axola.
— Gustatuko zaik.
— Niretzat al da?
— Jakina. Norentzat bestela?
Liburua mahai gainean jarri zuenean zipriztinen artean ur azalera ateratzen ari zen marrazo baten irudia ikusi zuen, ahoa zabalik eta haginak agerian. Le grand blanc zeukan izenburua. Koloretako argazkiz beterik zegoen. Agerikoa zen liburua ez zela berria, izkinatan higaturik zegoen, baina zer axola zion? Ezin zuen ulertu non ote zegoen tranpa; horrela, besterik gabe, halako opari bat?
Zaila zen ebazten bietatik nor zegoen zoriontsuago, bata opariarekin edo bestea opariarekin asmatu izanarengatik. Liburua aspaldi izango zuen etxean beharbada, liburu ahaztuen artean galduta, eta haurra itsasoari buruz galdezka entzunda oroituko zen.
«Le grand requin blanc (Carcharodon carcharias) est une espèce de requin de la famille des lamnidés», irakurri zuen. Ia argazki guztietan ageri zen animalia hortzak bistan, jateko zorian edo jaten, eta sarritan ageri zen haragi zatiez inguratuta eta odolez bustita, basati eta era berean zirraragarri; zer paradoxa! Itsasoko animaliarik indartsuena zela jakiteak, horrek sortzen zion Xabiri halako zirrara: han azpian bizi ziren animalia guzti-guztien artean hura da jaun eta jabe.
Ezin ditu begiak liburutik aldendu. Haginen arteko marrazoaren haragi gorria, bere gorputzaren forma lirainarekin kontrastean, baten batek gorputzari beste aho bat jarri izan balio bezala. Eta aurpegi hura, mila borroketako zauriak agerian, horma pitzatu bat bezala.
Liburuko urpekari guztiak ageri dira kaiolen barruan, salbu eta 234. orrialdekoa. Hura igerian ari da marrazoaren aldamenean, eskuineko eskuaz marrazoaren bizkar gaineko hegatsari helduta. Argazki oinean dator urpekariaren izena: «Rodney Fox nage à côté d'un Carcharodon carcharias».
Manuren ahotsak atera du bere baitatik; atzamarra marrazoaren ahoan jarrita esan du:
— Janaria bilatu eta jan beste zereginik ez zaukak gure lagunak. Eta horretarako haginak baizik ez ditik behar. Horregatik zauzkak hiru lerro, ikusten dituk? Hagin bat erori orduko bestea ateratzen zaiok.
— Zuk ikusi duzu baten bat aurrez aurre?
Manuk duda egin du. Beharbada pena dauka ezetz esan beharragatik.
— Hauek baino piztia okerragoak ikusi ditiat nik. Horregatik nagok hemen! —eskua buru gainean jarrita barrez hasi da—. Munduko animaliarik zaharrena duk marrazoa, dinosauroen garaietatik bizi duk, geu baino milioika urte lehenagotik. Animalia gogorra duk, ehiztari ona, ongi ugaltzen duk eta gainera ez dik gerrarik pairatu. Lau gauza horiei esker 500 milioi urte zauzkak gure lagun hagin zorrotzak. Gizakia desagertzean marrazoek arrantzan segituko ditek. Gu hondoratuko gaituk geure harropuzkeria guztiarekin, eta haiek barre egingo zigutek. Ulertzen al duk?
Esaldiaren azken partean arreta galdu du Xabik. Askotan gertatzen zitzaion: gerra hitza entzun eta handik aurrera beste zerbaitetan pentsatzen hasten zen.
Ugartetarren etxeko behe solairuan bizi zen Manu, eta aurrerantzean harengana sarritan joaten hasiko zen Xabi, hasieran marrazoen aitzakian eta gero batere aitzakiarik gabe. Batzuetan elkarren ondoan telebistari begira egongo ziren, hitzik egin gabe. Manuk ez zeukan beti hitz egiteko gogoa. Eta Xabi ez zen ezeroso sentitzen isilik eta hitzik egin gabe zeudelako. Asko jota aspertu egingo zen, bere etxean maiz aspertzen zen bezala, eta handik ospa egitea erabakiko zuen, beste inon norbaitek kasu egingo zion esperantzarekin. Batzuetan Manuren etxeko tiraderak zabaltzen zituen, eta hango objektu arraro eta erabilpenik gabeak bilatzeari ekiten zion: bujiak, erloju zaharrak, giltzarrapoak eta halakoak, haiek (ahal izanez gero) opari gisa eramateko.
Tabernako lanetik kanpo, Manuk ez zituen tabernak gustuko. Egunak etxetik irten gabe ematen zituen, aldizkari txatalekin eta fruituen kaxekin esku-lanak egiten, panpinak gehien bat. Ohol zatiak moztu eta panpinen hezurdura egingo zuen, eta paper-orearekin, buruak, eskuak eta oinak. Oihal zatiak erabiltzen zituen jantziak egiteko eta gero margotu egingo zituen. Dendetako panpinak bezain ederrak ziren, edo ederragoak agian, eta halaxe esaten zion Xabik, dendetakoak baino panpina ederragoak egiten zituela. Egia zelako. Eta behin batean panpina bat oparitan eman ziolako. Eta hitz ederrekin agian besteren bat lortuko zuelako noizbait.
Aitak ez zuen haurrak Manuren etxean egotea maite, baina ez zen debekatzera iristen. Gauza arraroa zen, edozer debekatzeko kapaz zen aitak halako herabetasuna erakustea debeku hura gauzatzeko. Gotzonek esaten zuen Manu peemea zela, eta aita milia, eta peemeak eta miliak ETAren bi adar ezberdin zirela, eta ez zirela ongi moldatzen. Baina Xabik aita eta Manu behin baino gehiagotan ikusten zituen hizketan. Nagore, hiruetan azkarrena zenak, aitak zeloak zituela esaten zuen. Baina Xabiri berdin zitzaion, eta gezurrak esanda joaten zen Manuren etxera, hondartzara edo kalera zihoala esanda.
— Utzi ezazue Manu bakean —esaten zuen aitak—, bakarrik egotea gustatzen zaio horri.
Baina Manuri ez zitzaion bakardadea gustatzen, edo ez zirudien behintzat haurren konpainia zenik Manu gogaitzen zuena, helduena baizik.
Tarteka, asteburuetan nagusiki, Nekane etortzen zen Donostiatik, Manuren lagun bat, eta horietan Manuk ez zion etxeko atea zabaltzen Xabiri. Baina Xabik bazekien etxean zeudela, telebistaren zarata sotoraino ailegatzen baitzen paperezko apartamentu single horietan. Txirrina behin bakarrik jotzen zuen: bazekien noiz zegoen soberan. Batzuetan, Nekane egon arren, atea zabaltzen zien. Okasio horietan, hirurak (edo laurak, Nagore bazegoen) sofan jartzen ziren telebista aurrean, eta Manuk besoarekin neska inguratzen zuen, bainatzera joaten zirenean bezala, hondartzako espaloian barna Bidasoa alderaino, beti azken orduan, eguzkia Jaizkibelen sorbalda luzean pausatzen zen tenorean. Zein ezberdinak ziren ospitaleko neskatilaren eta Nekaneren gorputzak, eta nolako lanak begiak neskaren gorputzetik aldentzeko!
Xabik gustuko zuen neskak Manurengan sortzen zuen aldarte aldaera zelatatzea. Aldaketa handirik gabe, dena zen zertxobait ezberdin, baten batek dena zentimetro bat harantzago mugitu izan balu bezala. Janari usaina, adibidez. Nekanerik gabeko etxean apenas pizten ziren suak, baina Nekane iritsi orduko dena lurrunak estalita geratzen zen. Dena zen zertxobait antzeztuagoa, zeremonialagoa, derrepente dena zen mesedez eta dena zen milesker. Ohartuta zegoen, gainera, Manuk galtza luzeak eta etxeko txapinak gehiagotan janzten zituela Nekane etxean zenean, jateko mahai gainean mantela zabaltzen zuela, eta irakurtzen ari zen plantak egiten zituela. Nabarmena zen plantak egiten zituela, neska etorri bezperan uzten baitzuen liburua mahaitxoaren lanpararen ondoan. Uda osoan ibili zuen liburu bera alde batetik bestera, apalategitik mahaitxora, handik komunera, komunetik berriz mahaitxora, eta mahaitxotik apalategira. Liburu amaiezina zen.
Gero, oharkabean, Nekane joan egiten zen, eta bazirudien norbait falta zela etxean eta denak zebiltzala norbait horren bila, norbait hori aipatu gabe. Berriz praka motzak janzten zituen Manuk eta berriz uzten zuen bizarra egin gabe.
— Zure nobia joan delako al zaude triste?
— Ez da nire nobia...