Gerra txikia
Gerra txikia
2014, nobela
304 orrialde
978-84-92468-58-4
azala: Lander Garro
Lander Garro
1975, Orereta
 
2010, nobela
 

 

57

 

Kantuan xelebre egiten zuen txori batek esnatzen zuen Xabi goizero. Ez txio eta ez pio: essskule-tooo gisako zerbait ateratzen zitzaion eztarritik. Usoen eztarriko soinu bustia zen, baina kasik hitz egiten zuen, kexaka bezala. Goiz hartan entzun zuenean, ohartu zen han, bere etxean bakarrik entzuten zuela hegazti hura.

        Leihora hurbildu zenean, Manuk erradiadorean lotutako soka deskubritu zuen. Ez zekien han zegoenik, burdinazko zeraren atzean ezkutaturik baitzegoen. Soka berde pitzatua zen, hondartzan sarri ikusten diren horietakoa. Muturra bilatu eta handik atera zuen, zirrara batean. Une bat izan balu, minutu bat, ihes egingo zukeen. Baina oharkabean iritsi ziren poliziak, nola irtengo zen horren azkar? Gogoan zuen, gainera, polizietako bat leihora hurbildu zela, eta errezela baztertuta keinuka hasi zela, hatz lodia ateraz, han kanpoan zeudenei dena ongi zihoala adierazteko. Manu galtzontzillotan horman behera agertu izan balitz, tiroz josiko zuketen agian. Auskalo.

        Goseak amorratuta zegoen Xabi. Arreba esnatu zuen. Sukaldean zoko-miran aritu ziren ondoren, zer gosaldua bilatzearren, baina arropak garbitzeko xaboia besterik ez zuten aurkitu. Arantzaren etxeko zerealak oroitzean, are eta handiagoa sentitu zuen sabeleko zuloa.

        Oriotik geltokira ordu erdia izango zuten oinez. Udaberriko airea zegoen, eta etxe pareko aparkaleku erdi hutsa zeharkatuz abiatu ziren. Goiz hartan Oreretaraino joateko moduko sasoian sentitzen zen. Zer zen ordu erdi ziztrin bat?