33
Lizeoan hastean erabaki zuen Xabik bere buruari Ugarte deitura jarri behar ziola, denek hala esan ziezaioten.
Goizeko seietan autoa argi gabe geratu zen. Hotz zegoen, eta kristalak lurrunduta zeudenez, hiru seme-alabak eta aita autoan zeuden beste mundu batean baleude bezala, adibidez izarrontzi batean espazioaren erdian.
— Nor ibili duk hemen? —galdetu zuen, bolantearen azpiko atetxo bat irekita, zeinaren barruan hamaika kable eta fusible baitzeuden, txikiak eta kolore askotakoak.
Isilik geratu ziren atzekoak.
— Ez duk inor ibili. Ederki. Bakarrik hausten dira gauzak, magiaz.
Eskuarekin kristaleko gandua kendu zuen aitak, eta zerumugara begira geratu zen, aterabideren baten bila seguruen.
— Argi gabe joan beharko dugu. Ez dago besterik.
Autoa errepidera sartu orduko, hara non ikusi zuten Poliziaren autoa. «Ostia puta», esan zuen aitak ahopeka. Poliziaren autoak argiak eman zizkion, eta aitak eskua leihotik atera zuen, esanez bezala eskerrik asko, eta poliziek ere auto barrendik keinu egin zioten, esanez bezala lasai gizona.
«Kaguendio» bota zuen aitak, eta azeleragailua barruraino sakatu zuen.
Xabik ezin zuen sinetsi autobus kaskar hark eramango zituenik Kanboraino. Latorrizko zera zahar hura martxan jartzeko gai izango zenik sinestea ere zaila zirudien. Dozena bat ikasle eta guraso batzuk zeuden geltokian zain. Xabik Eneko agurtu zuen, pozik zegoen halako erronka baten aurrean laguna izateagatik. Haren ama ere, Izaskun, beti bezain lirain eta alai zegoen.
Geltoki bakoitzean haur bat edo bi igotzen ziren autobusera, eta denek bilatzen zuten laguna, laguna bazuten, eta ez bazuten, lotsaturik esertzen ziren, alaitasunik gabe, eta denek ulertzen zuten zorterik gabeko haurrak zirela, lagunak beste lekuetatik beste autobusetan joaten zitzaizkiolako ikastolara, eta horrek ikasturte osoan bidaia bakarrik egitera kondenatzen zituela, edo, okerragoa zena, lagunak egin behar izatera.
Urruña, Donibane Lohizune, Senpere, Ainhoa... ilunpean zeharkatu zituzten herri bakartiok, hango etxe txikiak, teilatu gorriak, pâtisserie, boulangerie eta izen arraroko denda guztiak. Xabik paneletan jartzen zuena ulertzeko ahalegina egiten zuen alferrik, eta tarteka Enekorekin eztabaidatzen zuen, Sur nivelle eta Les bains zer ote ziren. Tarteka lo geratu zen Xabi, burua kristalaren kontra.
Kanbora iritsi zirenean, bide bazterrean geratu zen autobusa, eta haur guztiak hartxintxarrez betetako bide batetik joan ziren etxe handi zaharra zegoen tokiraino, izan zitekeena zaharrentzako egoitza, hotela edo beste zerbait, baina inola ere ez ikastola bat. Baina huraxe zen ikastola. Ez zen eraikin funtzionala, geometrikoa, hotza eta itsusia, baizik eta etxe bat, Donibane Lohizunekoaren tankerakoa, baina askoz ere handiagoa, bere balkoi, zuhaitz, lore, apaingarri, teilatu eta zera guztiekin. Ikastola izateko egokitutako eraikina zen, lehendik beste zerbait izandakoa, eta jatorri ezezagun hark, noski, esamesa andana sortuko zuen ikasleen artean, denak ere makabroak. Aurrealdean eskailera itzel bat zeukan, harrizkoa, dotoreegia; eta atea ere arku formakoa zen, egur sendokoa, aparta. Barrura sartu ahala zabaltzen zen halla: zorua xake taularen gisakoa, eskailera egurrezkoa, nekazari giroko irudi bat osatzen zuen beiratea, hall osoa kolorez zipriztintzen zuena. Gaztelua ere izan zitekeen. Agian Drakula bera agertuko zen, kapa herrestan, letaginak bistan eta ezpainak odoletan.
Irakasleak Kristina zeukan izena eta Edith Piafen kopia zirudien: haren melena beltza, ezpain eta azazkal gorriak, ahots garratza. Haurrak makilaka hartzeko itxura zeukan.
Koadernoa zabaltzeko eskatu zien denei, eta lehen orrian beren izenak paratzeko. Xabik izena idatzi eta berdez azpimarratu zuen, izenaren soiltasuna edertzearren. Orduan, gauza beltz bat azaldu zen bere orrian, ogi papur txiki baten tamainakoa. Zorria zen. Poliki eraman zuen eskua burura, ileak koadernoaren gainean nahasteko; zorrien hotela astindu zuen, nonbait, beste bi zorri erori baitziren.
— Letra larriz —esan zuen Edith Piafek— orriaren erdian idatziko duzue: Eskuara.
Odol arrasto ñimiñoa utzi zuen zorriaren gorputz xehatuak orri laukidunaren gainean, azkazala galtzetan garbitu zuen.
— Zorri bat zuan —xuxurlatu zion Enekori, odol arrastoa erakutsiz.
— Zorri bat?
— Begira —eta berriz astindu zen ilajea.
— Hi, geldi!
Jolas garaiari aire-hartzea esaten zitzaion. Gogaikarria ez zen une bakarra Xabirentzat. Eraikin inguruan baziren belardiak, zuhaizti txiki bi, gorderik ibiltzeko txoko ugari eta, nahi zutenentzat, patinetean ibiltzeko maldatxo bat ere bai. Lehen egun hartan denak zebiltzan herabe, nor bere tokiaren bila. Batzuk zuhaiztian jarri ziren, gerizpean, eta ikasturte amaiera arte hantxe iraungo zuten, tokia bereganatuta; beste batzuek etxearen atzealdean hartuko zuten ostatu, eskailera batzuetan edo, auskalo, toki diskretuagoren batean, eta haiek ere ez zuten inoiz ere bereganatutako espazioa abandonatuko. Mutiletako asko zelaira joan ziren, baloia nork ekarriko, zein taldetan eta noren aurka ariko ziren jakin aurretik buruan ziurtasun bakarra zeukatela: ordu erdiko atsedenaldia futbolean aritzea, euri nahiz elur, txingor nahiz izotz. Beste batzuek etxean lapurtutako zigarretak trukatuko zituzten lagunekin, eta beste puntako sasi aldera joango ziren erretzera, etxeko gaiztoen zeremonian parte hartzera.
Orduan erabaki zuen bere buruari Ugarte esango ziola:
— Hi, aurrerantzean esango al didak Ugarte? —galdetu zion Enekori
— Handi plantak egin nahi dituk? —Enekok bazekien aztia izaten.
— Esango didak Ugarte ala ez didak esango?
Enekok kartak atera zituen:
— Jokatuko diagu?
— Ugarte esaten badidak, bai.
— Esan diat ba baietz.
— Ez didak esan.
— Ba orain esaten diat.
— Zer esaten didak?
— Benga hi!
— Esan edo ez diagu jokatuko.
— Ugarte! Pozik?
— Bai. Baina ez ezak ahaztu gero!
Esperantza zeukan izenak gauza asko aldatuko zituela bere bizitzan.