Gerra txikia
Gerra txikia
2014, nobela
304 orrialde
978-84-92468-58-4
azala: Lander Garro
Lander Garro
1975, Orereta
 
2010, nobela
 

 

20

 

Hala joan zen uda, bizitza desordenatu hartan. Uda amaitu aurretik hasi zen Xabi eskolarekiko izua sentitzen. Mundu guztia zegoen ikastola berriak zein sentimendu sortzen zion jakiteko irrikaz. Eta galdetzen ziotenean, mundu guztiak hala egiten baitzuen, orduan ohartzen zen benetan ikastola berri batera joan beharko zuela, eta ikaskide berrien aurrean agertu beharko zuela laster, bere jantzi zahar eta futbolerako gaitasun gabezia betikoarekin.

        Gotzonek deserriaren barruko deserria hautatu zuen, apenas ikusten zuen inork Maiderrekin harremanetan hasi zenetik. Hura ere ez zen nobia, esan beharrik ez da, elkarren artean gero eta antz handiagoa zeukaten arren, jantzietan, orrazkeran eta hitz egiteko maneran ados jarri izan balira bezala. Harrigarria zen. Muturra alde batera okertuta hitz egin beharra, adibidez, eta larruzko jaka, eta hartan zintzilik eramaten zituzten kateorratzak eta bestelako «txatarrak», aitak esaten zuen moduan.

        Kontua sinplea zen azken batean: Gotzon punki bilakatu zen. Alde batetik miretsi egiten zuen Xabik, zerbait izatea kitzikagarria zirudielako. Proposatu izan baliote, une horretan bertan bilakatuko zen Xabi bera ere punki, baina inork ez zion proposatu, eta bazirudien, anaiak esaten zuenarengatik, jada berandu zela. Kontua ez baitzen bilakatzea, izatea baizik. Ez zen janzkera kontua (horiek «postaletako punkiak» ziren), baizik eta azaldu ezin zen zerbait. Jaio egin behar zela alajaina. Hori zioen anaiak. Eta anaiak asko zekien, eta hark esaten zuena ia beti zen egia. Beraz, punki izateko tentazio oro burutik kendu zuen Xabik.

        Maider lurtarragoa zen. Esaten zuen:

        — Punki izatea da gizarte honen arauen kontra ibiltzea: sistema kapitalistaren, elizaren, poliziaren eta burokraten kontra.

        Baina horrek guztiak are zailagoa zirudien.

        Bizitzako une punkienak Maiderren etxeko ganbaran bizi izan zituzten, hango disko-jogailuaren inguruan.

        Maiderrek mahukarik gabeko elastikoa zeraman, eta galtzetako zuloan hatza sartzen zuen bitartean anaiarekin garrasika ari zen hizketan. Animalien heriotzari buruz ziharduten, «animalien hilketa masiboaz» zehatz esatearren. Gero diskoko kantua amaitu zen eta eztabaida moztuz Maiderrek oihu egin zuen, diskoko musikarekin batera:

        — ¡Que os den por culo a todos, que esto se acabó!

        Gero biek aipatu zuten kantu oso ona zela, eta animaliez hizketan jarraitu zuten. Gizakiak animaliak bidegabe ugaltzen eta handitzen eta akabatzen eta «kontsumitzen» zituela. Maiderrek txorizoa jateak gero eta higuin handiagoa sortzen ziola azaldu zuen, eta anaia ados zegoen erabat. Eta zerbait egin beharra zegoela. Zer? Ez zekiten. Baina zerbait.

        Elkarrizketaren erdian, mahukaren zulo handitik Maiderren bular zatia ikus zezakeela ohartu zen Xabi, eta orduan elkarrizketaren ildoa galdu zuen. Izututa sentitzen zen, eta desioak jota aldi berean. Anaiak inoiz bular hura ikusteko askatasuna izan zuela pentsatzeak, amorratuta eta etsita sentiarazten zuen. Inbidia mailu handi eta pisu bat zen. Ia bere antzekoa zen norbaitek berak gehien desio zuen hura eduki zezakeela (bular leun eta bigun bat esku-eskura) eta berak ezin zuela horrekin ametsik ere egin...

        Desio zuenaren eta zinez eskura zeukanaren arteko amildegia jasangaitza egin zitzaion. Zenbat eta min gehiago, orduan eta begiratzeko premia handiagoa sentitzen zuen. Begiratzeak grina itzaliko ziolakoan. Baina alderantziz zen, grina berotu besterik ez zitzaion egiten, ezinaren samina gaiztotzen zihoakion bezala. Tranpa bat zen, amarru zikin bat. Zergatik jartzen zion bizitzak ikuskizun handios hura, beretzat ez bazen?

        Bere berezko bizitza (disko-jogailu bat, halabeharrak elkartutako haur batzuk, animalien heriotzari buruzko eztabaida astun hura...) zen denen begietara bizitzen ari zena, eta denak bizitzen ari zirena. Bat gehiago zen besteen artean. Baina, bere sakonean, mundu hartatik at zegoen guztiz, legez kontra, zeharka neskaren bular zati hari begira.

        Disko-jogailutik ulertzen ez zituen hitzak zetozkion, eta kateatuta geratzen zitzaizkion belarri zuloetan, eta bular zatiaren ikuskizunaz aldentzen zuten lipar batez: «gringo», «gatxupino», «rastaman», «estupa», «burokratas», «lehendakaria», «kataklismoa», «burrundaie», «pardillo», «txupa», «sandinista», baina berehala itzultzen zen bere sentimendu klandestinoen amaraunera.

        Txominek lurreko tranpola irekiz burua azaldu zuen eta, ondoren esango zuenari larritasuna kentzeko keinua eginez, erregutu zuen:

        — Jaitsi musika pittin bat, Maider.

        — Ospa, aita!

        Keinua aldatu zuen Txominek, negoziatzerik ez zegoela erakustearren.

        — Jaitsi musika, faborez. Hor behean ez dugu elkar aditzen.

        Lurretik marmarka zutitu zen Maider eta disko-jogailuraino joan zen sorbaldak mugituz. Gurpiltxoari bira eman zion.

        — Ez duzu jaitsi.

        Gehiago jaitsi zuen. Eta disko-jogailuaren aurrean zegoela baliatu zuen orratza kantu batetik bestera eramateko eta, kantu berria jarrita, aitari begira, kantuan hasteko:

        — Despierta!, dispara!, un gringo!, en tu casa!

        Lepoa moztu izan baliote bezala zegoen Txomin bere bizar gorriekin neskatilari begira eta, tranpolatik desagertu zenean, bere burua zegoen tokian zorua agertu zen bat-batean, bere agerpena ametsa izan balitz bezala.

        Nagore ganbararen beste muturrean zegoen, liburu bat begien aurrean, eta berak ere ez zirudien punkia izatearekin kezkatuta. Nahikoa zuen liburuekin, auskalo zer istorio aurkitzen zuen haietan. Baina pazientzia zeukan, eta hori benetan mirestekoa zen Xabirentzat. Nola zen posible hitzez hitz eta esaldiz esaldi aurrera egitea, lehenago arreta galdu gabe?

        Arazoa zen, gainera, Nagoreren zaletasunak helduen estimua zeukala, eta bere autoekikoak ez. Helduek zerbait aurkitzen zieten liburuei, autoei aurkitzen ez zietena, nahiz eta gero beraiek ez zuten esku artean libururik hartzen.

        Amak esan zezakeen:

        — Ikusi behar zenukete Nagore irakurtzen: irentsi egiten ditu liburuak.

        Baina ez zenuten entzungo beste hau esaten:

        — Ikusi behar zenukete Xabi bere autoekin: hiriak sortzen ditu.

        Bizitza halakoa zen.

        Bere gogoeta mingarri eta lizunetik azkenik aldendu zuena, zoko batean ikusi zuen irristagailua izan zen. Hortxe zetzan, hautsak estalita. Berehala jabetu zen haren abandonuaz, eta hura eskuratzeko zein estrategia erabiliko zuen pentsatu zuen. Lehenengo hura hartu, inoiz ez baita jakiten norainoko gogoa daukan jendeak etxean traban dauden gauzak bistatik kentzeko. Horrekin nahikoa ez balitz, patinetea norena zen galde zezakeen, jabegoaren auzia mahai gainean jartzeko modu sotila, zuzenean eskatu gabe zeharka eskatzeko balio zezakeena.

        Patinetea hartu zuen beraz, eta eskuarekin hautsa kendu zion lehenik eta gero gurpilei eragin zien ia kezka adierazten zuen keinuarekin, esanez bezala: lastima patinete hau hemen horren gaizki zainduta egotea, agian ez da ibiliko (baina nik konponduko nuke).

        Baina Maider bere oihalezko botin batean A hizkia margotzen ari zen zirkulu baten barruan, eta ez zion erreparatu.

        — Norena da patinetea?

        — Nirea.

        Zain geratu zen Xabi, baina neskak bere zereginean segitu zuen.

        — Hondatu egingo zaizu erabili gabe —ausartu zen Xabi.

        — Zuk hobe zainduko zenuke? —barre txikia egin zuen Maiderrek.

        Sorbaldak jaso zituen Xabik, ez bai eta ez ez, ebazpena neskak berak emango zuelako itxaropenez.

        — Eskatzen ari zaizu —bota zuen Gotzonek.

        Madarikatua!

        — Nahi baduzu, zuretzat —esan zuen Maiderrek, begirada jaso gabe.

        Poza ezkutatzen saiatu zen Xabi.

        — Eskerrik asko —murmurikatu zuen.

        Etxetik irten bezain laster, lotsaren ordez poza sentitzen zuela konturatu zen, eta poza handitu besterik ez zitzaion egin, irristagailua lurrean jarri eta zein ongi eta zein azkar zebilen egiaztatu zuenean. Etxe aurretik pasatzean errepide zabala hartu beharrean, gorantz abiatzen zen beste kale estua hartu zuen, handik autorik ibiliko ez zela jakitun. Ez zuen lehen egunean desastrerik nahi. Zuhaitzen artean igotzen zen errepidea, eta asfaltoan han-hemenka zuloak eta sakonuneak agertzen bazituen ere, patinetez jaisteko malda egokia zen, ez oso pikoa (malda pikoek beldurra ematen zioten).

        Harrigarria egin zitzaion kasik malda amaieran auto bat ikustea, hura ez baitzen autoentzako errepidea. Ezagutzen zuen auto hura: Peugeot 504. Autoari barrutik so egiteko asmoa zeukan, baina barruan norbait zegoela konturatu zen, bi gizon hain justu, eta ezikusiarena egin zuen. Irristagailu gainean eserita jarri zen, eta hura maldan behera bota aurretik azken bistazoa eman zion autoari, eta ongi damutu zitzaion, bi gizonak begira zeuzkalako, eta bat-batean ez zekielako maldaren parte hura pribatua ote zen edo patinetean jaistea ote zen gizonek gaitzesten zutena; dudatan gelditu zen patinetea eskuetan hartu eta ez ote zuen berriz malda oinez jaitsi behar, baina gizonak ez ziren autotik mugitzen eta ez zuten deus esaten. Azkenean, handik alde egiteko premia zalantza baino handiagoa zenez, oinak lurretik jaso eta irristatzen hasi zen, harik eta autoa begien bistatik galdu zuen arte.