17
Beltzaren hilketaren aurkako manifestaziora Peugeotean joan ziren Baionara, eta espaloi baten gainean utzi behar izan zuten, errugbi zelaiaren aldamenean, inon ez baitzegoen aparkatzeko tokirik. Errepidetik zihoazen oinezko guztiak zihoazen norabide berean, ia guztiak errepidetik, autoek hartutako espaloiak saihestuz. Zubi bat zeharkatu ondoren plazara iritsitakoan, bizardun bat hizketan ari zela ikusi zuten, baina Xabik ez zion esaten zuenari erreparatzen, ibaian behera zetozen makilei eta enborrei baizik, eta haiei begira geratu zen: norbaitek basoa errekara bota izan balu bezala! «Uholdeek ekarritako sastrakak» zirela azaldu zion aitak.
— Herriak ez du barkatuko! —oihuka ari ziren denak, ukabilak airean, hizketan ari zen gizon bizardunari begira.
Ibaiaren beste aldeko etxeek oihuen oihartzuna itzultzen zioten Xabiri, «...tuko!, ...tuko!, ...tuko!».
Norbaitek pegatina bat jarri dio paparrean, «Errefuxiatuak Euskadin libre», eta harro sentitu da, pegatina bere aitaz ari delako.
— Beltza, herria zurekin! —oihuak lehen baino ozenago.
Emakume bat, adinekoa, lepoko zainak lehertu arte aldarrika, zeruari ukabila erakusten. Betaurreko iluneko gizon batek ere garrasi egiten du, zigarroa ahoan daukala, horretarako aurpegia zimurtuz. Denak txaloka hasi dira orain. Badirudi etxeak eta harriak eta kale estuak eta teilatu gorriak direla oihuka ari direnak, zarata toki guztietatik ailegatzen baita. Ez luke inoiz pentsatuko, Beltza, trenbideetako aitaren laguna, pertsona horren ezaguna eta maitatua zenik. Aitona hil zeneko elizan bildutako lagunen isiltasunaren aldean, hangoena benetako haserrea da, benetako mina.
Gizon nagusi bat ikusi du negarrez, ukabila airean eta mutu, ezpainak indarrez itxita, eta harrigarria egin zaio pena bezalako sentimendu intimoa modu horretan azaltzea.
Manifestazioa amaitu eta jendeak oihu egiteari utzi dionean, Emiliorekin eta Enekorekin elkartu eta taberna batera joan dira. Erantziak ditu jendeak suminaren jantzi pisuak, protestarako espresuki jarritako keinu matxinoak, eta berezko keinu neutroak dituzte berriz. Normaltasuna gailendu da. Baina tabernarantz doazela, mutil bat haien aldamenetik arineketan pasatu da, oihuka, zaku batetik hartutako paperak airera jaurtitzen. Haietako bat Xabiren oinetara etorri denean, gizonezko baten argazkia ikusi du eta testu bat, frantsesez: «Beltza, assassiné». Irri eginez ageri da Beltza, lehergailuak kaltetutako surf dendako neska hura bezala, baina Beltzaren kasuan irribarrea are eta terribleagoa da: bat-batean zorua Beltzaren aurpegi irribarretsuz josita dago, eta batera eta bestera oinez doan jendeak mutilaren begitarte irribarretsua zapaltzen du.
— Gaur ere ez gaituk txikiteotik libratuko —asmatu du Gotzonek.
Eta Xabik ibai bazterreko arranpa batera eraman ditu beste haurrak, ibaian behera datozen enborrak eta adarrak erakustera. Han ibili dira, korronteak bazterretik hurbil ekartzen dituen makilak eta hondakinak makila luzeago batez arrantzatzen. Tarteka, makilekin batera, Beltzaren irudi irribarretsuren bat ailegatzen da, eta hura ere hartzen saiatzen dira:
— Hor zatorrek Beltza. Heldu egiok!
Ez du irribarrerik galtzen, ibaian behera etortzean ere.
Etxera bueltan mendiko bidexkak hartu zituen aitak. Zuhaitzen soslaia zeru urdin ilunean. Ziztuan zihoan, ohi baino askoz azkarrago, aurrerantz zertxobait makurtuta, sudurrarekin ia aurreko haize-kentzekoa ukituz.
— Kontuz —esan zion amak—, polikiago joan.
Baina aita ez zegoen inor obeditzeko. Eta aita inor ez obeditzeko aldartean zegoenean hobe zen atzeko eserlekuan geldirik egotea eta zaratarik txikiena ez ateratzea eta inolako galderarik ez egitea.