22
Martin izena zuen Orio auzoko aitaren lagunak, eta adineko gizon serioa eta formala zen, errespetua eragiten duen horietakoa. Ez zen umeen sinpatia lortzeko imintzioak edo trukoak egiten hasiko. Gizonaren etxera ailegatu ziren egunean, Martinek berak zabaldu zien atea, betaurrekoak sudur puntan zeuzkala, eta aldizkari bat eskuan, Argia. Eta esan zien:
— Ongi etorriak.
Berehala ikasiko zuten «Jainkoak hala nahi badu», «primeran deritzot», eta tankerako esaldiak erabiltzen zituela. Mundu guztiarekin zuka aritzen zen, inoiz kortesia eta nolabaiteko hoztasuna galdu gabe.
Moketa gorriko korridorean abiatu ziren bere atzetik, egongelaraino. Balkoira ematen zuen leiho handi batek hartzen zuen gela alderik alde, eta bai, hortxe zegoen sofa, telebista dotore baten aurrean.
Etxe arrunta zirudien, txukuna eta argitsua. Egongelako leihoaren aldamenean loreontzi bat zegoen, Xabik zein motatakoa zen ez zekien baina ezin kaskarinagoa iruditu zitzaion landare batekin. Irrati-kasete zaharra piztuta zegoen, bertsotan: «Orain artian ni izandu naiz, aitona zure nagusi, errenta txintxo pagatu dezu, zere kapoi eta guzti...». Xabik ez zekien, baina buruz ikasiko zituen bertso haiek. Eta beste asko.
Edonor etxera gonbidatzeko etxea iruditu zitzaion Xabiri Martinena, eta lagunak egin eta bertara ekartzeko irrikatan sentitzen zen. Baina berehala jabetuko ziren, gauza guztiak bere tokian eta moketa gorri deigarria eta balkoi handi bat zeuzkan etxeak ez zeukala haientzako tokirik, ez eta gelarik ere. Eta armairuan ez baina egongelan lo egin beharko zutela egunero. Eta goizero Martinek bere bertsoen kasete zaharrarekin esnatuko zituela. Etxe txukun eta dotore hartan mundu guztia goizeko seietan esnatzen baitzen, «Jainkoak hala nahi zuelako», astiro-astiro buruz ikasiko zituzten bertsoen doinuekin.
Gurasoentzako gelan gordetzen zituzten euren hiru ohe tolesgarri berde madarikatuak, gaua heltzean egongelan barreiatzen zituztenak. Amak gela «desmontablea» zeukatela esaten zien, baina gela azken batean. Eta ezin zuten aurkakorik esan. Martinek, gainera, «garrantzitsuena aterpea izatea» zela zioen, eta austeritatea zela «gizakiaren bertute nagusia». Ezer gabe bizitzen jakitea alegia. Gaua heltzean marmarka erantzuten zien Gotzonek, denek austeritatearen alde egiten zutela, bai, baina beraiek zirela gela ez zeukaten bakarrak: «Austeritateaz hitz egin eta nor bere gelara joaten dira, gu egongelan utzita, Argia putaseme hauekin». Egongela guztia baitzegoen aldizkariz eta liburuz beterik. Goizero, sukaldeko atea zabaldu eta haurrei luzaz begira geratuko zen Martin, bertsolarien doinuak egongelan sartzen zirela. Eta luze egongo zen haiei begira, «seme-alabarik» ez zeukalako, Nagoreren irudiko, eta haren arnasa ailegatuko zitzaien bertsoen doinuekin batera, Martinen arnas sakon eta sarkorra, orro baten gisakoa.
Hendaiako beste auzo eta kaleetako gaitz berbera zeukan Oriok: bakardadea, arrazoiren batengatik jendeak ihes egin izan balu bezala. Martinek bakardade hitzari frantsesek solitude esaten ziotela azaldu zion eta harrezkero herria hutsik ikusten zuen bakoitzean hitza etortzen zitzaion: solitude.
Leihotik begiratzean auzoak postal bat zirudien, teilatu gorriko etxe txikiak, leiho urdin eta berdeak, zuhaitzak han urrun, belardiak, porlanezko bideak, pilotalekua... Zerua aldatu egiten zen hodeiak agertzen zirenean, eta orduan auzoaren koloreak ere bai. Baina bestelakoan maketa handi eta mortua zirudien auzoak. Katastrofe baten erruz jenderik gabe geratutako mundu lauso, isil eta urrunekoa.
Baina Martinen etxean bospasei egun zeramatzala, auzoak bere ordutegiak bazituela ohartu zen, bazeudela une bakan batzuk kalera irten eta jendea ikusteko, eguerdietan eta afalaurretik kasu. Ez zen, zehazki, bere sorterriko Pontika bezalako auzo normala, horretarako gozoki denda, arrandegia, harategia eta taberna falta zituen, baina zertxobait hurbiltzen zen. Pilotalekuak betetzen zuen Pontikako plazak betetzen zuen funtzioa, baina ez jendea bertan biltzen zelako. Hura ez zen biltoki bat. Ez zegoen familiarik, ez zegoen erosketak etxera zeramatzan andrerik, bankuan eserita orduak ematen zituen agurerik, ez ezer. Baloiarekin, erraketarekin edo pilotarekin jolasean zebiltzan haurrak baino ez. Gauza ezberdin guztietan ezberdinena, ordea, hizkuntza zen. «Allez, putain», «dégage-toi, gros con», «espèce d´enfoiré», «ta gueule, connard», «enculé de ta race» entzuten zuen Xabik, eta ez zuen hitz bakarra ere ulertzen. Eta orduan ohartu zen ez zegoela etxean, eta ordura arte ezagututako Hendaia, gurasoena eta gurasoen lagunena, ez zela benetakoa, Hendaia barruko irlatxoa baizik, eta benetakoa arrotza eta ulergaitza zela. Martinek esango zion: «Hendaian bazagok aspaldiko euskaldunik ere, horiek gu bezalakoak dituk», baina Xabik ez zituen inon ikusten, salbu eta gurasoen lagunarte itxian. Hor bai, frantses doinua zeukaten euskaldun hendaiarrak baziren (ez asko). Baina ez Orion. Beharbada Orio, Martinen esanetan, «etorkinen auzoa» zelako, «Hendaiako pobreena».
Bazkalostean, balkoira ateratzen zen, zakurra jantzirik eramaten zuen Juliette izeneko atso zaharra ikusteko.
— Tu veux faire pipi ma belle? —esaten zion.
Harekin hitz egiten baitzuen Juliettek egunero Martinen etxeko balkoiaren azpitik pasatzen zenean.
Sylvie, Stephane, Corinne... horrelako izenak zeuzkaten etorkinen seme pobreek.
Bazen haur mehar eta baldar bat, Mathieu izenekoa, auzoan bakarrik oihu eginez ibiltzen zena, Orioko hormetan askotan ikusten ziren zango luzeko armiarmak jaten zituena. Denek barre egiten zioten, eta Xabik harekiko errukia sentitzen zuen, higuinarekin eta beldurrarekin batera. Oinutsik ibiltzen zen beti mutila, eta batzuetan pilotalekuaren harmaila txikietan kuluxka egiten ikusten zuen. Pontikan ez zegoen halakorik, ezta antzekorik ere, eta ez preseski aberatsen auzoa zelako. Orio hura inoiz ikusi gabeko gauzarik harrigarriena zen, itxuraz dotorea, txukuna eta (ondo moztutako) belardiz betetakoa izanagatik ere.
Xabik bazekien ezingo zuela inoiz Pontikako lagunik auzo hartara eraman, bestela denek jakingo baitzuten pobreentzako auzo benetan txiro batean bizi zela. Eta horrek biziki kezkatzen zuen.
Bere bizitzako kontakizuna eten zitzaiola sentitu zuen. Ezingo zuela sekula berari buruzko ezer inorekin konpartitu, gezurrak esanez ez bazen.