Gerra txikia
Gerra txikia
2014, nobela
304 orrialde
978-84-92468-58-4
azala: Lander Garro
Lander Garro
1975, Orereta
 
2010, nobela
 

 

34

 

Etxetik lauzpabost kilometrora zegoen autobus geltokira joaten zen aita seme-alaben bila, baina etxera ordez zentrora eramaten zituen, Hendayais tabernara. Taberna barruan zer egiten zuen, misterio bat zen. Kartetan aritzen zela esaten zuen Gotzonek, eta itxaronaldia partidaren arabera luzatzen zela.

        — Ea aitak karta onak ikusten dituen gaur.

        Autoa Hendayaisen parean utzi, eta aldentzen ikusten zuten aita, tabernaren barruan galdu aurretik. Gero, auto barruan denbora pasatzeko gauzak asmatzen zituzten. Baina asmatzeko gauza handirik ez zegoenez, hipotesiak egiten jarduten zuten denborarik gehiena. Zorteko egunetan 10 libera uzten zizkien, askaritarako zer edo zer eros zezaten. Gainontzean, asperduraz gain gosea pairatzen ematen zituzten orduak, purrustaka eta han geratzeko arrazoiak ezin ulerturik.

        Argientzako etengailua kable sorta batetik zintzilik zegoen, baina konponduta.

        Agure zahar bat igaro zen auto aldamenetik, eta barrura begira geratu zen, harritu antzera.

        — Zer dik horrek? —Gotzonek.

        Eskuaz kaixo esan zion Nagorek.

        Agureak alde egin zuen, eta Xabik galdetu zuen:

        — Ikusi duzue etengailua? Kableetatik zintzilik dago.

        Aurreko eserlekura pasatu zen, etengailua eskuetan hartzeko.

        — Ba al dabil? —galdetzeaz batera sakatu zuen, aurreko autoaren atzealdea argituz.

        Klik, sakatu zuen berriz. Miraria zirudien kable sorta horretatik ezer onik ateratzea. Klik sakatu zuen berriro, eta hirugarren klikean argia betiko itzali zen.

        — Zer du?

        Nagorek liburu bat irakurtzen ziharduen, jaramonik egin gabe.

        — Zer du zerk? —Gotzonek

        — Argi hau ez zabilek.

        — Bazebilen ba. Zer egin diok?

        — Ez diat ezer egin, hi. Sakatu besterik ez.

        — Sakatu, sakatu. Geldi egotea huen!

        — Aita etortzen denean... —ez zuen ezer onik iragarri Nagorek.

        Gotzon handik metro gutxira zegoen okindegira joan zen askari bila, eta hiru anai-arrebentzako Chipster kaxa banarekin etorri zen. Pareko tabernan zerbitzaria bakarrik zegoen, keinu aspertuarekin kanporantz begira. Zaldi lasterketak telebistan. Barraren atzean zerbait bilatzen hasi zen, barra garbitzeari ekin zion gero. Jockeyek makila mehar eta luze batekin jotzen zieten zaldiei, gehienetan zaldia azkarrago joatea lortu gabe. Zenbat eta motelago, orduan eta azkarrago jotzen zieten zaldiei.

        — Jakin nahi nuke —esan zuen Gotzonek— zer arraio egiten dugun kotxe zahar honen barruan zain. Horixe jakin nahi nuke.

        — Gogaituta nago —esan zuen Nagorek.

        — Ez zait inoiz gertatu —esan zuen Gotzonek—, baina etxeko lanak egiteko gogoa pizten ari zait.

        — Zergatik ez gara oinez etxera joaten? —bota zuen Xabik.

        Gotzonek sorbaldak jaso zituen.

        — Kristo —esan zuen Gotzonek—, ez dut ulertzen. Zergatik ez gaitu etxera eramaten? Redios! Gu etxera eraman eta jaitsi dadila gero nahi badu partxisean jokatzera!

        Orduan GALekoen kontua aipatu zuen Nagorek:

        — Nire ustez aitak lagunekin egoteko premia dauka. Baina ez da ausartzen autoarekin hortik zehar ibiltzen, baten batek auto azpian bonba jarriko ote dion beldurrez. Horregatik uzten gaitu autoan, babesteko.

        — Babesteko nor? —galdetu zion Gotzonek.

        — Bere burua.

        — Nondik atera dun halako txepelkeria?

        — Nik ez zakiat. Bakarrik esan diat, igual horregatik dela.

        Hirurak isilik geratu ziren. Eta Xabi errudun sentitu zen aita gorrotatzeagatik. Nagoreren azalpenak logika osoa zeukan. Burua kristalaren kontra jarri zuen, eta pentsatzen geratu zen, tarteka patata frijitu bat ahoan sartzen zuen bitartean. Baina ez zen inolako ondoriotara iritsi. Eta ez zuen asmatu bere sentimendu gaizto hura gainetik kentzen.

        Zentroko etxeen atzean ezkutatzen hasia zen eguzkia aita azaldu zenean. Segurtasun uhala ipintzen ohi baino denbora luzeagoa eman zuen aitak, sudurretik arnasa ozen hartzen zuela. Gero argiak pizteko etengailuari sakatu zion. Ez ziren piztu. Klik, klik, klik, tematu zen.

        — Nor ibili da hemen?

        Inork erantzuten ez zuela ikusita, berriz ekin zion:

        — Norbait ibili da. Argiak konponduta utzi ditut nik... Nor ibili da?

        Tabernako gizonak autorantz begiratu zuen jakin-minez. Xabik haren begiekin topo egin zuen, eta berriz entzun zuen:

        — Ez badidazue esaten nor ibili den... —esaldia etenda geratu zen, trumoia dakarren hodei baten antzera.

        Mehatxuren bat edo zigorren bat asmatzeko zailtasunak irudikatu zituen Xabik. Pentsamendu bitxia zen: denak zeuden une hartan, aita bezala seme-alabak, zigor egoki baten bila. Krimena txikia zen, ordea, eta seguruen aita madarikazioak botaz baretuko zen. Suminduta emango zuen denbora puska batean, ezer esan gabe egongo zen afal orduan, eta purrusta batean joango zen ohera inor baino lehen.

        — Nor izan da, Gotzon?

        — Gu hemen atzean egon gara.

        — Nire ama puta izango zen.

        Autoa martxan ipini eta bizkor abiatu da. Bihurguneak azkarrago eta traketsago hartzen ditu, bortizkiago, balazta ere indarrez zanpatzen duela.

        Segituan iritsi dira Oriora. Xabi korrika batean abiatu da pilotalekurantz, Oihana han ote dabilen ikusteko. Hutsik dago, ordea. Bere leihora begiratu eta argia pizturik ikusi duenez, haraino hurreratu da. Une batez pentsatzen jardun eta gero, hartxintxar bat bota du kristalaren kontra. Gortina baztertu du Oihanak, hatza ahoan jarrita daukala. Harrituta so egin dio leihoa ireki duenean.

        — Zer ari zara?

        — Ikasten.

        — Jaitsiko al zara?

        — Ezin dut.

        Oihanaren gelako lanpara ikusten du behetik, apalategiaren zati bat, karpeta batzuk, eta zerbait zintzilik, izan litekeena poltsa bat edo jertse bat. Xabik badaki, gainera, idazmahaia ere leiho aldamenean daukala, hartxintxarra bota orduko baztertu baitu Oihanak gortina eta leihoa zabaltzean aulkiak zoruaren kontra egindako zarata entzun baita. Arrasto gutxi horiekin neskaren gela nolakoa den asmatzen saiatu da.

        — Eta bihar? —Xabik ez du etsitzeko asmorik.

        Etxerako bidean Oihanaren leihorantz begiratu du berriz. Hantxe dago neska oraindik. Xabik atzera begiratu duela ikusi duenean, eskua altxatu du adio esateko. Une horretan argiak piztu dira Orio auzoan. Gaua da.