Gerra txikia
Gerra txikia
2014, nobela
304 orrialde
978-84-92468-58-4
azala: Lander Garro
Lander Garro
1975, Orereta
 
2010, nobela
 

 

36

 

— Frantsesa ikasterako hilobian egongo nauk —esaten zion Xabik Enekori.

        Batetik hogeirako zenbaketa erabiltzen zen Lizeoan. Nota oso onak ziren 14, 15, 16, 17, eta zer esanik ez 18, 19 eta 20. Xabik, diktaketetan, -43, -37 eta halakoak ateratzen zituen, eta susmoa zeukan, halako nota lotsagarriak jartzean andereño Genevievek plazer txiki bat sentitzen zuela, eta plazer haren maila bere etsipenarenarekin lotuta zegoela nolabait.

        Gotzoni eta Nagoreri, aldiz, ongi zihoakien, eta horrek are eta gehiago txartzen zuen Xabiren bilakaera akademikoa. Nagorek eta Gotzonek jartzen zuten neurria, eta denek iritsi behar zuten haraino. Kontua zen Xabik ez zekiela haraino nola iritsi, eta inork ez ziola pistarik ematen. Lan gehiago egitea zen denek erabiltzen zuten formula, eta Xabik buruz jakin arren, ez zekien lan gehiago egiteko formula zein zen. Lana egitea ez zelako ahalegina bakarrik. Ez zen zaku pisu bat jasotzea (edota hondartzaraino patinetez joatea). Zen aldarte bat, patxada bat, kontzentrazio bat. Berak ez zeukan zerbait, alegia. Geratzen zitzaion irtenbide bakarra zen, ahalik eta kalte gutxien hartuta ondorioak pairatzea. Aterkia zabaltzea eta berokia jartzea. Eta horretarako bide on bat zen tranpak egitea eta gezurrak esatea. Noten liburuxka jasotakoan, amaren sinadura imitatuz liburuxka itzultzea, adibidez. Baina motza da gezurraren bidea, bereziki ikastolan. Nahiz eta Xabik amets egiten zuen ama ahaztu egingo zela notekin, ez zen halakorik gertatzen.

        Eta liburuxka galduko banu? Ideia bikainak izaten zituen liburuxka desagerrarazteko. Zorion une txikiak ziren haiek. Baina segituan ondorioak etortzen zitzaizkion gogora, eta berriz etsitzen zuen.

        Eneko eta Xabi autobusean zihoazen, noten liburuxkek eskuak erretzen zizkietela.

        — Zenbat gutxi dauzkak?

        — Sei.

        — Sei? Txarra haiz!

        — Zenbat dauzkak hik?

        — Nik lau.

        Enekori belarriak gorritzen zitzaizkion bere liburuxkan boligrafo gorriz idatzitako gutxi guztiekin. Eta bat egiten zuten eskolaren eta gurasoen arteko bitartekaritza haiek egin beharra bereziki krudela zela pentsatzean. Beren bekatuen mezulari bortxazkoak izatea lazgarria zen. Eta horregatik sentitzen zituzten liburuxka haiek erre edo lurperatu eta itsasoratu beharreko zerbait bezala. Ekintza sinplea izan zitekeen, baina ez ziren ausartzen. Azken batean, bazuten esperantza bat: gurasoak ahaztu egingo zirela. Ikasturtea amaitu eta uda hasiko zela eta denak hondartzara joango zirela olagarro bila, eta inor ez zela notez arduratuko. Hura zen Xabik gehien mamitzen zuen hipotesia. Eta hipotesi hari hel zekiokeen, amak ezustean, ia oharkabean notengatik galdetu izan ez balio. Ez zen, Xabik espero zuen bezain tramite gogorra izan, luzez hausnartutakoa eta grabea. Xabik uste baitzuen ama etxeko mahaian eserita egongo zela, sarritan izan ohi zuen kezka aurpegi harekin, eta esango ziola: «Eser zaitez hemen, serio hitz egin behar dugu-eta». Une ikaragarria. Baina ez zen hala izan.

        Eskuan aldizkari bat zekarrela etorri zen egongelara, eta beste edozer esan izan balio bezala bota zion:

        — Xabi, ez dizkidazu notak ekarri.

        Ahotsak halako xalotasuna erakusten zuen, Xabiren trikimailuekiko ezezagutza erabatekoa, semearekiko konfiantza natural bat. Eta hain zen doinu eztia, ezin izan baitzuen egia esan.

        — Oraindik ez dizkidate eman.

        Aldizkaritik burua altxatu gabe segitu zuen amak, eta Xabik ahopeka esan zuen:

        — Ekarriko dizkizut ematen dizkigutenean.

        — Ados.

        Gau hartan begirik ezin bildu geratuko zen ohean, mihiseen artean korapilatzeraino itzulika. Zer gertatzen zitzaion? Sinplea zen: ezin zuen gezurraren pisua jasan. Egiak bezala, gezurrak ere hitzak dira. Baina hitz hutsak izan arren, ezin zituen jasan. Konponbide erraza zeukan egoerak: biharamunean emango zizkion. Baina espero izatekoa zen, amak horrenbeste gutxi eta oso gutxi ikusita sekulako iskanbila sortuko zela.

        Esperantza galduta zegoela, ideia zoragarria izan zuen tupustean. Lehenago ere egina zuen (ez horren kontu larrietan), eta frogatuta zeuzkan formula haren onurak. Antzerkia egingo zuen. Azken urte haietako zama guztia, bizkarrean zeraman pisua bildu eta antzerki pixka bat besterik ez zuen egin behar amaren aurrean, amak bere ibilbide akademikoa beste begi batzuekin ikus zezan.

        Kontraerasoa zen.

        Ama eta Jokin elkarrekin aurkitu zituen gauaren erdian jaiki zenean, egongelako mahaian eserita, ke hodei baten artean. Sartu eta dena esan zien, ahalik eta modu sinesgarrienean negar eginez. Sentitzen zuela baina ez zuela deus ulertzen ikastolan, frantsesa munduko gauzarik zailena zela eta Txominengan asko pentsatzen zuela. Beldur zela aitari ez ote zitzaion berdin gertatuko.

        — Horregatik esan dizut gezurra, ez dudala oraindik noten liburuxka jaso.

        Antzerkiaren erdian zegoela ohartu zen, antzerkia uste baino egiazkoagoa zela. Esaten zituen guztiak benetakoak zirela, ustez serio ziharduenean baino egia handiagoak eta bortitzagoak. Esku bat sentitu zuen sorbalda gainean, ez zekien norena zen, baina negarrez segitu zuen, negarrez ari zela ia ahaztuta, aspaldiko uholdeak askatzen ariko balitzaizkio bezala. Ur zaharrak ziren, likitsak, uherrak, eta haiek irtetean garbitu egiten zela sentitu zuen.

        Amaren ahotsa entzun zuen, Jokinena gero, lasaitzeko, dena konponduko zela, inork ez zuela aita akabatuko. Sosegu apur bat hartu zuen Xabik. Bazekien dena konponduko zela, inork ez zuela aita hilko. Hori sinetsi zuen behintzat.

        — Zergatik ez duzu lehenago ezer esan? —galdetu zion amak.

        — Ez dakit.

        Gero amak promes egin zion lortuko zuela frantsesa ikastea eta besteen erritmora egokitzea.

        — Zu mutil azkarra zara.

        Nola egon zitekeen ama horren oker?

        — Inork ezin du sei hilabetetan hizkuntza bat ikasi, Xabi —esan zion.

        — Gotzonek eta Nagorek bai!

        — Gotzonek eta Nagorek ez dakite frantsesa oraindik. Pittin bat aurreratuago daude, baina asko falta zaie.

        Orduan plan bat egin zuten, arratsaldero etxean Gotzonekin eta Nagorerekin batera frantsesa ikasteko.

        Hiruren artean arin ikasiko duzue.

        Baina, ama —esan zion Xabik—, arratsaldeak aitaren auto barruan pasatzen ditugu, taberna aurrean.

        — Arduratuko naiz ni horretaz —ebatzi zuen amak azkenean.

        Zertxobait erlaxatzen hasi zenean ikusi zituen Xabik paper haiek guztiak mahai gainean, kolarekin eta guraizeekin eta plastikozko paperarekin batera. Segituan ohartu zen zerbait arrarotan zihardutela, Jokinen argazki txikiak sakabanatuta zeudelako mahai gainean.

        — Zertan ari zarete —galdetu zien Xabik— lotara joan gabe?

        — Jokinentzat pasaporte bat egiten.

        Argazkia aldatzea besterik ez zen kontua: argazki zaharra kendu eta berria ipini. Adrián Gómez zen pasaportearen jabea, «Nacido en San Sebastián, el 21 de septiembre de 1957, hijo de Genaro Gómez y Cecilia Martínez». Amaren trebezia liluragarria zen, errematxea kentzen ari zen.

        — Nor da ba Adrian hori?

        Zigarroaren kea jaurti bitartean erantzun zuen amak:

        — Bere izenarekin zer egiten ari garen ez dakien norbait.

        Gómez jaunaren argazkiari so egin zion Xabik, eta amak arrazoia zeukala pentsatu zuen, ezer ez zekienaren aurpegia zeukala alegia.

        — Eta nora joan behar duzu horrekin? —galdetu zion Jokini.

        — Arriskurik ez dagoen tokiren batera.