Gerra txikia
Gerra txikia
2014, nobela
304 orrialde
978-84-92468-58-4
azala: Lander Garro
Lander Garro
1975, Orereta
 
2010, nobela
 

 

54

 

Maiterekin harremana berreskuratu zuen barnetegian, behinola bere parean esertzen zen neskatila panpoxarekin, zeina kasualki Pattinen maitea baitzen. Eta harekin ideia eroak izaten zituen, Re-animator ikusiz geroztik behin eta berriz etortzen zitzaizkion ideiak, bi elementu elkar lotzen zituztenak ezinbestean: mihia eta bularrak. Pattin gelakidearen maitea izatea, bestetik, ez zen arazoa. Edo ez zirudien arazo handiegia, Maitek nola begiratzen zion eta nola hitz egiten zion ikusirik, batik bat barnetegian elkar ikusiz geroztik.

        — Lastima nobioa dudan —bota zion, erronka doinuz.

        Gezurretan ari zen, ordea, Pattin eragozpena zela esaten zuenean. Hori esan eta segituan bi-biek barnetegitik goiko estaira ihes egin baitzuten, bakarrik egotearren.

        Maite ez zen neska herabea, hori bazekien Xabik aldez aurretik ere. Baina nekez sinetsiko zukeen harekin bakarka egon orduko musuka hasiko zitzaiola, horretarako baimena eskatu gabe eta alferrikako hitzak gurutzatu gabe. Eta itxi eta musuka hasi. Kito.

        Zer erraza zen!

        Pattin irudikatzen zuen Xabik, bere maitearen bila hara eta hona, eta basapiztiaren pareko sentitzen zen. Baina, Oihanaren atzetik mendeak eman eta gero, ez zegoen ezetz esateko. Zein ezberdinak, pilotalekuko ordu galdu haiek guztiak, leihopeko elkarrizketa debekatu eta azaleko haiek, eta Maiteren musu pasioz beteak!

        Gelara itzultzen zenean laguna negar batean aurkitzen zuen batzuetan. Bazter guztietan Maite bilatu baina ez zuelako aurkitu. Xabik bere burua ikusten zuen malko haietan islatuta. Eta ezin zuen mukiz betetako aurpegi hura arratoi zikin baten pareko sentitu gabe ikusi. Baina Maiteren begi urdin burges gaizto haiek leialtasunaren ideia oro suntsitzen zuten. Neskarekin Pattinen izena aipatu orduko, gainera, barre egiten zuen neskak, bere maiteari «gizagaixo» deituz.

        — Eskutik helduta hizketan pasatu nahi ditu arratsak. Erotuta dago —kexatzen zen—. Ez da nahikoa gizon.

        Nolako harrotasuna sentitzen zuen Xabik hura entzutean!

        Eta laguna kontsolatzen zuen Xabik:

        — Halakoak dituk neskak. Batzuetan alboan izaten ditiagu eta besteetan urrundu egiten dituk ustekabean. Haiekin ez zagok jakiterik. Baina seguru nagok maite hauela.

        Neskarekin zeukan hartu-eman sasiko hura utziko zukeen, baina Maitek, eskolako mahai gainean jarrita, gerria hankekin inguratzen zion musu ematean, eskua bularretan ipintzen uzten zion, eta gauzak esaten zizkion belarrira, 13 urteko ezpain lirainekin.

        Re-animator-eko buru moztu berpiztuaren irudia akorduan, Maiteri berdin egiteko baimena eskatu zion. Algara bat egin zuen Maitek, eta bi bular txiki hazi berriak agerian utziz elastikoa altxatu zuen. Hil egingo zela uste zuen Xabik. Baina ez zen hil. Horren ordez bizitzak eskaintzen zion aukera hori baliatuko zuen, azkena balitz bezala.

        — Uste diat beste norbaitekin dabilela —esan zion Pattinek gero, logelan, deskubrimendua egin duenaren doinuaz.

        — Bai zera! —saiatu zen Xabi lagunaren burutik mamuak uxatzen—. Hirekin badago, hirekin bakarrik egon nahi duelako duk.

        — Hik uste?

        — Seguru.

        — Hi haiz laguna, Ugarte!

        Bizitzatik espero zezakeen guztia Maiteren titi haiek zirela sinetsita zegoen Xabi. Baina igande arratsalde batez, ideia hori betiko burutik kenduko zion gauza bat gertatu zitzaion. Arantzaren etxetik irten zen, palaz aritzeko asmoz. Pilotalekura iritsi orduko euria hasi zuen. Ez zegoen aterperik, baina euria zeharka erortzen zenez, hormaren kontra paratu eta zain geratu zen. Gero eta indar handiagoarekin ari zuen, ordea, eta Arantzarenera itzultzea erabaki zuen.

        Txirrina sakatu du eta Arantzak larrugorritan ireki dio atea. Klik.

        Musika jarrita dauka, Xabik ezagutzen ez duen zerbait, lasaia. Emakumea larruzko sofara joan eta ahuspez etzan da.

        Xabik koadernoak atera ditu kirol poltsatik. Zeregin franko dauzka eta lanak egitera sartu da sukaldean. Liburuen aurrean eseri da, baina badaki alferrik izango dela. Atea ireki eta sofan etzateko emakumearen irudiak dantzan dauzka buruan. Arantzaren gerri fina, ipurmasail zuri biribilak, ibilera tentea. Aitzakiaren batekin sukaldetik irteteko irrikatan dago. Atera, begiratu azkar bat bota. Horixe nahi du: istant batez begiratu. Akaso lehen ikuskizunaren larridura desagerraraziko zaiolakoan. Eta ausartu da.

        Eta hantxe ikusi du emakumea, sofan luze etzanik. Zarata aditzeaz batera zabaldu ditu begiak, gris sarkor horiek, eta lotsarik gabe so egin dio mutilari. Besoak aurpegiaren erdialdea estaltzen dio. Sudur zati bat eta begi bakarra ikusten dio. Eta bizkar luze hori, amaieran uzkurtu eta berriz zabaltzen dena ipurdia osatzeko.

        Xabi komunean sartu da presaka. Konketan eseri da. Eta bere buruari esan dio, sofan dagoena ez dela haragia, ez daukala haragiarekin zerikusirik. Haragizkotasunaren muga guztiak larriki gainditzen ditu. Eta asaldatuta itzuli da sukaldera.

        Baina egongelatik pasatzean Arantza ez dago han. Gero azaldu da, jantzita. Eta afaria egingo duela iragarri du, ahotsean inolako kezkarik erakutsi gabe.

        Egun hartan patata purea eta saltxitxak afaldu zituzten. Arantzak beti bezala afaldu zuen, murtxikatu gabe, begiak platerean ainguratuta.

        Ohean ezin zituen begiak bildu. Bat-batean atea ireki eta Arantza berarekin oheratuko zela imajinatzen zuen Xabik. Edo egongelara joango zela, emakumea han egongo zela bere gizontasuna frogatzeko zain, hurbiltzen ikustean irri egingo ziola, zangoak zabalduko zituela haragiaren enkontrua errazteko. Ipurmasailen azal hotza senti zezakeen bere aldaketan, mugimendu ikasiak, iaioak. Arantzarenean igaro beharreko gauak zenbatu zituen: 25. Ez ziren horrenbeste.