Gerra txikia
Gerra txikia
2014, nobela
304 orrialde
978-84-92468-58-4
azala: Lander Garro
Lander Garro
1975, Orereta
 
2010, nobela
 

 

31

 

Olazti, Zumaia, Bergara, Astigarraga, Bermeo, Gasteiz, Ikaztegieta, Aramaio, Busturia, Tafalla, Basauri, Portugalete... hainbeste herri zegoenik Euskal Herrian! Eta herriak asko baziren, zer esan izengoitiez: Hortzaputa, Hankaputa, Tallo, Txapis, Txuria, Kattu, Txapela, Totela, Xarra, Xerpas, Stein, Beltza, Gogor, Hamalau, Txirlas, Tapatxulos, Peru, Marrantas... denak ezberdinak eta, hala ere, denak hari single batek lotuak. Xabiren begietara denak baitziren, nola edo hala, miresgarriak. Zeren eta Xabik aitaren begietatik ikusten baitzuen mundua, eta haren miresmena bere egiten zuen. Aitak lagunak miresten baitzituen, inor miresten bazuen.

        Zer suertea lagunek!

        Horregatik erabaki zuen arratsalde gogaikarri batean, bere erakunde armatu propioa sortzea Nagorerekin batera: Pailazo Hiltzaileak edo, bere laburduran, PHK. Ereserkia ere egin zion Nagorek, musikarako dohaina zeukala baliatuta.

 

                Gu gara

                Pailazo Hiltzaileak

                Euskadin sortuak

                Jarraitzeko borroka

 

        Ereserki perfektua zen, ukabila zutunik kantatzeko ezin egokiagoa. Eta erakunde armatua edukita, agian inoiz bera ere errefuxiatua izango zen, aitaren lagunak bezala.

        Arazoa erakundea sortu eta berehala etorri zen, zer egin zezaketen bururatzen ez zitzaiela ohartuta. Armarik ere ez zeukaten! Uda zen, eta orduak ematen zituzten etxe azpiko bankuan eserita. Zer egin zitekeen Euskadi askatzeko, armarik eta ezer gabe?

        Xabik ideia bikain bat izan zuen: «Ken ditzagun autoetako bandera frantsesak!». Patinetean errepidetik zihoan batean bururatu zitzaion, auto batek klaxona jo eta haren atzealdean Frantziako ikurra ikusi zuenean. Eta hain iruditu zitzaion ideia apartekoa, ze, arrebarekin konpartitu ordez, Oihanarekin konpartitzea erabaki baitzuen. Hilabeteak ziren neskatilarekin egon besterik desio ez zuela, eta aitzakia perfektua zen.

        Baina neska iheskorra zen. Eta iheskorra zenez, haren etxe inguruan zelatan ibiltzea beste aukerarik ez zitzaion gelditzen: noiz irteten zen, nora joaten zen, noiz itzultzen zen. Beti baitzebilen hara eta hona gurasoekin. Etsigarria zen.

        Elkarren segidan eraikitako etxe multzo batean bizi zen Oihana, eta haren etxea bi aldeetatik zelata zitekeen, aurretik nahiz atzetik. Eta bi-biak ziren puntu garrantzitsuak, atzealdea bezala aurrealdea, atzean bere gelako leihoa zegoelako eta aurrealdean etxeko atea. Aurrealdean autoa zegoela ikusiz gero atzealdera joaten zen, eta neska leihora noiz aterako zain geratzen zen. Asko luzatzen bazen, aurrealdera itzultzen zen, autoak hor jarraitzen zuen ikusteko.

        Oso zaila da etxe bat zelatatzea. Egunak behar dira. Baina are zailagoa da baten batekin etengabe egoteko premia izatea, besteak antzeko ezer sentitzen ote duen jakin gabe. Eta erantzuna ezezkoa dela susmoa denean, are zailagoa. Eta galdetzeko aukerarik gabe gainera.

        Zeren eta Xabi sentimendu horietara iritsi berria zen. Erauntsia bizia izanik ere, ez zekien zer egin zezakeen barruko har gozo eta aldi berean samin eta alferrikako harekin. Bazekien, ordea, Oihana sentimendu haietan nahasirik zegoela, hark ez jakin arren, eta hura guztia neskari esan arte ez zuela bakerik izango. Ez zekien ezer maitasunari buruz, baina zekien apurra oso ongi zekien.

        Nolanahi dela, bazituen hitzak baino premia handiagoak, esate baterako eskuen premia: neska ukitzekoa. Neska ukitu nahi zuen, bai. Baina ez zekien nola, eta ez zekien non.

        Oztopo zailena Oihanaren axola gabezia zen. Oztopo zailena eta mingarriena. Baina bazuen esperantza txiki bat. Eta esperantza horrek Pailazo Hiltzaileak izena zuen. PHK.

        Horretarako Oihana ikusi behar zuen, ordea. Eta aspaldian ez zuen ikusten. Horregatik, egun hartan, Oihanaren gurasoen autoa hondartzaraino jarraitzea erabaki zuen (zinez hondartzara ote zihoazen jakin gabe). Egia da hasieran ez zuela autoa segitzeko inolako asmorik. Autoa ikusi zuen auzotik ateratzen, eta haren atzetik abiatu zen, autoa gertuagotik ikusi beste asmorik gabe. Autoak segituan utzi zuen Xabi atzean, baina eguraldi ederra zegoenez, hondartzara zihoazela ondorioztatu zuen. Bazekien, gainera, hondartzaraino zeuden bospasei kilometroak ia denak zirela maldan behera, eta horrek kemena eman zion: segituan ailegatuko zen.

        Ordubete inguru Hendaiako espaloi mehar zuloz beteetan irristatu ondoren iritsi zen hondartzako kasinora, izerditan blai. Eta hura ikusi orduko jabetu zen, hondartzak bere buruan eta hondartzak errealitatean zein ezberdinak ziren. Jendetza zegoen luze-zabal osoan, milaka lagun, denak bainujantzitan: nola aurkituko zuen inor erlauntza hartan?

        Hondarretara jaitsi eta Hondarribirako norabidean oinez hasi zen, patinetea eskuetan hartuta. «Beignet abricot!, beignet chocolat!», entzuten zen, opil saltzailea oihuka. Bidasoa aldeko morrura iritsi aurretik konturatu zen, ordura arte gehiegi pentsatu gabe ari baitzen, agian Oihana eta bere gurasoak ikusiko zituela, eta izutu egin zen. Ezingo zuen azaldu nolatan zegoen han. Zer esan behar zuen? Une batez gelditu zen, hondartza zabalegiari so. Zer egingo zuen ikusten bazituen? Ezingo zen hurbildu. Urrutian geratu beharko zuen, zelatan edo.

        Haur batzuk beste haur bat lurpean sartu eta hura hondarrez estaltzen ari ziren, barreka eta deiadarka. Haurraren burua baino ez zen geratzen lurpetik salbu. «Tápale la cabeza!», esan zuen batek. Eta beste batek hondar mordoxka bat jarri zion buru gainean. «Parad, hijos de puta!», esan zuen mutilak amorratuta, eta denak barrez hasi ziren berriz.

        Patinetearen gainean eseri zen Xabi. Bere besoei so egin zien une batez, eta bere bilo horituak ikusita harro sentitu zen.

        «Venga, sacadme», esan zuen mutilak, erreguka. Orduan beste mutiletako batek plastikozko kuboarekin estali zion burua. Ezkutaleku perfektua iruditu zitzaion Xabiri: lurpean sartu eta buru gainean kuboa jarri. Baina umea garrasika ari zen: «Maricones!».

        Haurretako batek kas-kas jo zuen kuboaren gainean eta esan zuen:

        — ¿Hay alguien?

        — Te voy a matar, te juro que te voy a matar.

        Eta bestea berriz:

        — Vámonos, no hay nadie.

        Haurrei malkoak ateratzen zitzaizkien barreka. Eta agian barregarria zen, baina Xabik kezka bakarra zeukan buruan: zertara joan zen haraino, Oihana ikustean hurbildu ezingo bazuen? Andre bati ordua galdetzeko ausardia izan zuen. Ordu bata zela esan zion. Ezingo zuen inoiz bazkaltzeko orduan etxera iritsi. Horixe zen maitasuna. Arazoak.

        Oihana irudikatu zuen, eta haren ama, eta haren aita eta ahizpa, denak hondartzarako mahai mehar horietako baten bueltan eserita:

        — Hara!, hura ez al da Ugarteren semea?

        — Bai.

        — Zer ari da bakarrik hondartzan, patinetearekin?

        — Nire bila etorriko zen, beti dabil nire bila.

        — Gizagaixoa.

        Hondartzatik irten eta iturri bat bilatu zuen Xabik. Gizon lodi baten zakur beltza ari zen iturritik edaten, mihi arrosaz burdina igurtziz. «Doucement», esaten zion gizonak. Aldamenean senar-emazte pare bat zegoen, emakumea senarraren oinei hondarra toallarekin garbitzen; gizona so, emakumeak oinak egunero garbituko balizkio bezala. Ura edan zuen eta eserita geratu zen, atseden hartzen. Pasealekua jendez gainezka zegoen, baina denak zebiltzan presarik gabe. Familia bat gelditu zen Xabiren aldamenean, eta umeetako batek Xabiri goitik behera so egin zion, jakin-minez. Konturatuko al zen bere bakardadeaz? Pala atera zuen amaren otarretik, eta tokitik mugitu gabe kolpe txikiak eman zizkion pilotari. «Regard, papa!», esan zion aitari, eta aitak erantzun zion: «Comme Yannick Noah!». Zein zoriontsu zegoen mutila.

        Xabi etxerantz abiatu zen, bidean aitzakiaren bat aurkituko zuen esperantzarekin. Izango zuen denbora, herriko espaloi sigi-sagatsu eta zuloz betetakoetan etxera bueltan: bi ordu!