Gerra txikia
Gerra txikia
2014, nobela
304 orrialde
978-84-92468-58-4
azala: Lander Garro
Lander Garro
1975, Orereta
 
2010, nobela
 

 

16

 

Arotz lanean hasi zen aita, hondartzan bertan eraikitzen ari ziren taberna batean. Lurra, leihoak eta, oro har, egurrezko gauza guztiak ipintzen. Xabi granadina edaten egoten zen hari begira, eta noiz edo noiz turista kuxkuxeroren bat azaltzen bazen, aitak hura uxatzeko agintzen zion. Ez zuen gustuko turisten begien pausaleku izatea, «ez nauk tximino bat, niri kakahueteak botatzen ibiltzeko», esaten zuen. Baina Txaluparen inguruan ez zegoen besterik, eta denak geratzen ziren beren galtza motz eta hanka zuri zainez betetako haiekin aitaren betebeharrari so.

        — Il fait quoi, papa?

        — Dis donc, une fenêtre!

        Marinelen irudiz betetako taberna zen, txiki samarra baina kaskarina, gaztelaniaz mintzatzen zen Manu izeneko batek eramaten zuena. Tabernan lanean denbora luzea zeraman arren, aitak harekin jarduteko zeukan modua ikusirik, aitaren menpekoa zirudien, eta Xabi errukitu egiten zen. Batzuetan laguntzen saiatzen zen, leihoetako juntetan masa emanez adibidez, baina aitak modu txarrez baztertzen zuen.

        Horregatik eta tabernan baleen irudiak zeudelako hitz egiten zuen Xabik Manurekin, pentsatzen baitzuen, hori hala ez zen arren, hura itsasoak zeharkatutako itsasgizona zela, haizearen, olatu erraldoien, piztien eta ekaitzen kontra ibilitakoa. Aitona omen zeukan itsasoan jardundakoa, baina arrain gutxi ikusitakoa zen hura ere, motorraren pistoi eta bielak koipeztatzen eta zaintzen galdaratan ibili baitzen. Paperezko zapi batean egin zion barkuetako diesel motorraren marrazki bat, eta haren aldamenean ume baten irudia, Xabik motorraren tamaina irudika zezan.

        — Ikusten duk? Hi halako bi duk pistoi bakoitza.

        Itsasgizon sasikoa izan arren, kontu ugari zekizkien Manuk itsasoari buruz; horiek egiazkoak edo asmatuak ote ziren bost axola Xabiri: denak iruditzen zitzaizkion gogoangarriak.

        Ama ere lanean hasi zen, Annie Claude izeneko adineko emakume bat zaintzen, muga inguruan, behinola Txominek Xabiri erakutsitako txiroentzako auzune hartan, eta gutxi ikusten zuten, baina Xabik ez zeukan faltan hartzeko denborarik: hondartzak dena ahazteko balio zion. Hegoaldetik bisitan zetozenentzat hondartzan bizi zen mutila bilakatu zen. Harro zegoen bere estatus berriarekin.

        Etxea erosoa eta sinplea zen, udako apartamentuak izaten diren gisakoa. Ganbaran bizi zirenez, sabai-leihotik abioiak Hondarribirako bidean pasatzen ikusten zituzten harrigarriro gertutik, hain gertutik ze, Telediarioaren tenorean pasatzen baziren, aita korrika zutitzen baitzen belarria bozgorailuan itsatsita jartzeko.

        Euria egiten zuenean izaten zen okerrena, eguna sukaldeko sabai-leihoaren gainean pilatzen ziren tantei begira emate hura, eta tanten norabide aldakorrarekin zorabiatzea eta gurasoen gela handiko alfonbran autoekin jolastea, edo sukaldeko mahaian kartetan. Irteten zenean Nagorerekin joaten zen, eta hondartza inguruko dendetan sartzen ziren puzgarriei eta erraketei eta surf taulei eta bainujantzi berriei so egiteko.

        — Ne touchez rien, mes gars!

        Gauzaren bat begiz jotzen bazuten, esate baterako alde banatan arraunak sartzeko euskarriak zituen ontzi puzgarria, ama laguntzen zuten Annie Clauderen etxera, hark paga emango ziela jakitun. Alkanfor usaina zegoen etxe hartan, korridore luze eta ilun bat, paper loredunez estalitako hormez inguratua. Amak biradera batekin zutitzen zuen emakumearen ohea, eta erretilua aurrean jartzen zion bazkal zezan; gero berriz itzultzen zuen bere ohiko postura etzanera, eta hantxe uzten zuen emakumea sabaira begira. Garbitzeko tenorean garabia batekin eramaten zuen ohetik aulki gurpildunera, hamaka moduko batean, eta handik bainu-gelara. Oilasko triste bat ematen zuen ohetik aulkirako bidean, hamakaren haragi koloreko oihal tenkatuaren izkinetatik haragi soberakinak ateratzen zitzaizkiola. Annie Clauderen begi gris eta biziak herabetasunez eta umiliazioz betetzen zirela iruditzen zitzaion Xabiri. Baina agian ez, agian Xabi bera zen ikuskizunaren aurrean lotsatuta eta umiliatuta sentitzen zena. Ez zuen sekula jakingo.

        Hoberena zen egun eguzkitsuetan berandu arte gelditzeko askatasuna, hondartza ia hutsik zegoenean arroken gainetik itsasora jauzi egitea eta azken orduan, zerua laranjaz janzten zen tenorean, aitaren eta amaren bila oinutsik korrika ibiltzea taberna batetik bestera, jakinik beti izango zela abentura ezberdina, ez zekiela gurasoekin batera nor aurkituko zuen peskiza hartan, «gure lagunak» zeritzan zaku amaigabe horretatik nor azalduko zen gau hartan. Denak ziren aurpegi berriak, eta handik hona zebiltzan kaxak, poltsak, opariak, kontuak eta istorioak. Mundu guztiak zekarren zer edo zer beso azpian, materiala ez bazen, bestelakoa. Bazirudien mundua hantxe bertan amaituko zela, edota han bertan ari zela jaiotzen. Bietako bat. Eta Xabik ez zekien zer zen, eta Gotzonek eta Nagorek ere ez, baina nabarmena zen han zerbait gertatzen zela.

        Begien bistan zeuden gauzez ez ezik, mundua begien bistatik haragoko gauzez osatuta zegoela ikasi zuten azkar, eta bistan ez zeudenak garrantzitsuagoak izan zitezkeela bistan zeudenak baino. Martin Villa, Felipe, Monzon, Txabi, PSOE, Barrionuevo, Fraga, Arzallus, Idigoras... hitzetik hortzera ibiltzen zituzten izenok, eta Xabik bakarra ere ez zuen ezagutzen. Hitzok, beti ziren iskanbilarako edo miresmenerako arrazoi, eta horregatik izua eta jakin-mina eragiten zioten Xabiri. Iseka bezala ere erabiltzen zituzten, jakina, baina beti ziren kontu serioez jarduteko txantxak. Xabik ongi bereizten zituen.

        Beren mundu nahasi eta zoro hura suntsiezina zen. Horretan ez zegoen zalantzarik txikiena.

        Horregatik, gau hartan, ordu txikietan emakume batek txirrina jo eta etxeko guztiak esnatu zituenean, Xabik ezin zuen irudikatu ere egin albiste txar bat izan zitekeenik. Oroimenean gordeta zeukan Emilioren autoa zartatu zutenekoa, eta hain zuzen horregatik, ekintza asmo hutsean gertatu zelako-edo, sinetsita zegoen inori ezin zitzaiola ezer txarrik jazo, are gutxiago aitaren gertuko bati. Baina ongi entzun zuen Xabik txirrina, eta burua ate txikitik atera orduko are garbiago entzun zuen atearen beste aldean zegoen emakumeak esan zuena:

        — Beltza akabatu dute!

        Esateko moduagatik jakin zuen zerbait txarra zela, eta aitaren erreakzioagatik ere bai, ez baitzuen ezer esaten asmatu (eta hitzekin ia beti asmatzen zuen hark!), orain eztul bat egiten zuelako, eta gero eskua kopetan jartzen zuelako enigma oso zail bat ebazten ariko balitz bezala, eta maldizioka hasten zelako, marmar etsi batean.

        — Ezinezkoa da!

        Gotzon eta Nagore ere esnatu egin ziren, eta xuxurlaka hasi ziren haien kabalak egiten. Baina ez zuten ezer ulertzen. Gotzonek «akabatu» eta «hil» gauza bera zirela esan zuen, eta Nagorek bazekiela erantzun zion. Xabik ez, ordea; akabatzea amaitzea zen Xabiren hiztegi mugatuan. Platereko garbantzuak edo zopa amaitzea, edo etxeko lanak amaitzea. Horixe besterik ez.

        — Zer ordutan? —galdetu zuen aitak.

        Atearen beste aldean zegoen emakumeak ordubete lehenago gertatu zela esan zuen, eta «han» bilduko zirela denak, «txakurrei» azalpenak eskatzeko.

        — Zuk ikusi al duzu?

        — Hantxe nintzen!

        Ukabilkada bat eman zion aitak atearen markoari.

        — Hantxe nengoen, Joxemari. Klak! moduko bat entzun dut, ezin nuen imajinatu zen zer, oso zarata txikia zen. Atzera begiratu eta ez dut Beltza inon ikusi. Halako batean auto bat ikusi dut ziztuan ihes egiten. Gure autoari buelta eman diot eta han zegoen, lurrean, gero eta handiagoa zen odol putzuaren erdian.

        Emakumearen zotinak iristen ziren sototik haurren armairura, aitaren arnasa urduria, haren zerbait esateko nahia eta ezina.

        Xabiren buruan emakumeak kontatu zuen pelikula zegoen, saiatu zen irudikatzen gizon haien aurpegiak, hiltzaileena eta hildakoarena, autoaren kolorea. Nolakoa da «gero eta handiagoa den putzu bat»? Ezin jakin. Eta ez zekien zinez egia ote zen, zinez bera bizi zen munduan halakoak gerta ote zitezkeen. Aita entzuten zuen batera eta bestera, handik eta hemendik janzteko puskak biltzen. Amarekin ari zen batzuetan, baina gordean, etxera etorritako neska ez bezala, umeek ez entzuteko moduan.

        — Joan egin behar dut —esan zuen aitak.

        Burua ateraz gero amaren zigarroa usainduko zuen; haren mututasuna zen, agian, gehien hunkitu zuena. Zer da ama hitzik gabe uzten duen gertakari bat, inoizko gertakaririk ikaragarriena eta basatiena ez bada?

        Mundua ez da deus, amaren hitzekin kontatua ez bada.

        Komuneko iturria entzun zuenean, gorputzaren erdia atera zuen Xabik, ama gertuagotik ikustearren. Premia zeukan haren keinua ikusteko. Han egongo zen gauza guztien azalpena. Baina orduan aita sartu zen gelara:

        — Hoa ohera —agindu zion.

        Soina biluzik zekarren, eta galtzak lotzen ari zen. Burua armairu barruan gorde zuen Xabik.

        — Nik badakit nor den Beltza —esan zuen Nagorek—, aitarekin burdinbideetan lanean ibilitako bat. Beltza izena zuen, gogoratzen dut.

        — No me jodas! —atera zitzaion Gotzoni.

        Aitak burua ohearen kontra zeukan Xabik berriz so egin zuenean. Belauniko zegoen moketaren gainean eta ama bizkarra laztantzen ari zitzaion.

        Aita etxetik irten zen, haren atzean isiltasun arraro bat utzita. Pausoak entzuten ziren eskaileretan behera, eta hiru haurrek armairutik ateratzeko aprobetxatu zuten. Bazekiten amak ez zituela bere aldamenetik botako. Laurak elkarren ondoan geratu ziren, isilik.

        Gau hartan asma apur bat sentitu zuen Xabik. Iparraldera joan zirenez geroztik maizago gertatzen zitzaion, itsas ertzeko kresalak hauspoa herdoildu izan balio bezala. Zarata txikia baino ez zeukan gau hartan, auhen txiki bat, baina auhenik txikiena zen estualdi larriago baten mehatxua. Hala hasten zen, kexu umil baten moduan eta, ohartu orduko, urkatu egiten zuen. Xedera estutzen sentitu eta ezer egin ahal ez izatea zen okerrena. Alderantziz, itolarria sentitu orduko urdurituko zen, eta urduritu ahala gehiago butxatuko zitzaizkion bronkioak.

        Koiperik gabeko erroen doinua entzuten zuen bere bularraren barruan.

        Zitekeena zen, ordea, zarata txiki hura besterik gabe desagertzea. Hala ez bazen, ama esnatu beharko zuen, eta elkarren aldamenean jarri beharko zuten leiho aurrean eserita, elkarri eskua emanda. Ez zegoen hura baino sendagai hoberik. Behin bakarrik egin zion huts amaren eskuak, igande arratsalde batez. Baziren zortzi edo hamar hilabete. Telebista aurrean zeuden denak, western bati begira, eta orduan nabaritu zuen Xabik gutxika haizea faltatzen hasi zitzaiola. Tente jarri zen eserita, medikuak agindu bezala, bizkarra zuzen. Pantailan zegoen John Wayneri so egiten zion, haren lepoko zapi gorriari eta koadrozko alkandorari, eta gizona hizketan irudikatzen zuen: «Tira, Xabi, motel», esango zion hatz lodiak balak eramateko gerrikoan sartuta, «har ezak arnasa gizonek bezala!».

        Baso bat ur edan zuen, poliki, urak bronkioak garbitzen lagunduko ziolakoan, eta eztul txiki bat egin zuen. Zeharka begiratu zion John Waynek, eta halako batean pam!, tiro egin zuen. Gizon bat zalditik erori zen, eta John Waynek eskopeta berriz jaitsi zuen, begiradan inolako errukirik agertu gabe. Xabi leihora hurbildu eta hantxe geratu zen, kanpoko zuhaitzei begira. Pikondo bat zeukaten etxeko baratzean, eta urki bat. Urkiaren barruan galtzea asko gustatzen zitzaien umeei, baso txiki bat irudi zuelako, eta adar zuzen horietatik ehunka makila atera izan zituztelako gerrarako lantzak egiteko. Zuhaitzen gainaldea inarrosten zuen haize hura zen hain justu bere biriketara hain nekez ailegatzen zena.

        — Asma al duzu? —galdetu zion amak.

        — Bai.

        Lotsa asma bera baino txarragoa zen. Agian ez zen lotsa, edo ez zen lotsa bakarrik, hura aipatzeko beldurra baizik; aipatuz gero, etorri egingo zen. Hobe ez aipatzea, ezikusiarena egitea. «Ez iezaiozu arreta handirik jarri», esana zion sendagileak, eta horixe egiten zuen, baita amak galdetzen zionean ere.

        Baina egun hartan ez zen asma baretu. Leiho aurrean zegoela, hain zen ozena biriketako negarra, ze kanpoko zaratak ere ez zitzaizkion ailegatzen. Betiko joan ote ziren txoriak, bizilagunak, zakurrak eta autoak? Atzerantz begiratu zuen: aita luze etzanda zegoen sofa handian, aho zabalka lo; sofa txikian zeuden Nagore eta Gotzon, burusia leporaino, telebistako bala festari so; ama, mahaiaren aldamenean zegoen, lehortutako arropak lisatzen eta tolesten. Lauzpabost menditxo zituen bere aurrean, eta orain galtzerdiekin ari zen. Galtzerdi hori bat zeukan esku batean, eta bestearekin galtzerdi anabasaren erdian arakatzen ari zen, lagun galduaren bila. Burua altxatu zuenean elkarren begiradak gurutzatu ziren.

        — Gaizki al zaude?

        — Pixka bat —aitortu zuen.

        Ama begira geratu zitzaion, zer egin ez zekiela, akaso esprai madarikatu hura hartu ez izanagatik damuturik; nola zuen ba izena botika hark? Mentol... Mentolin?, ez, Mentolin ez, Ventolin, bai, horixe. Baina izeba Miruk esana zion bere bizilagun baten lagun baten alabaren batek Ventolin hura hartu eta luzera hezurretako arazoak izan zituela. Amari izua sartu zioten batzuek eta besteek. Eta hara umea, leiho parean ezin odola oxigenoz bete. Eta supituan hiltzen bazen?

        Gelara joan zen Xabi, eta ahuspez etzan zen ohean.

        Esnatu zenean Agustin bizilagunaren autoan zegoen, atzeko eserlekuan luze etzanda. Etxeak ikusi zituen, autoko leihoan agertu bezala desagertzen zirenak, abiada bizian. Burua amaren izterren gainean jarrita zeukan, amaren atzamarrak bere ileen artean. Hobekiago sentitzen zen, autoko aireak birikarako bidea aurkitu izan balu bezala.

        — Zer moduz?

        — Nora goaz?

        — Ospitalera.

        Begiak itxi zituen berriz, ospitale hitzarekin beldurtzeko indarrik gabe. Desio zuen gauza bakarra arnasa hartzea zen, berdin zitzaion ospitalean edo infernuan.

        — Esnatu al da gure gizontxoa? —esan zuen Agustinek bere betiko entusiasmoarekin.

        Zuhaitz bat, etxe bat, farola bat, etxe bat, zuhaitz bat, farola bat, etxe bat, zuhaitz bat... Lo geratu zen berriz.

        Besoetan hartuta korrika eraman zuen amak ospitale barrura, baina Xabiri euri erori berriaren usaina sentitzeko denbora eman zion. Ongi sentitu zen bat-batean, amaren besoetan, usain hura arnasten. Gero gela batera sartu ziren, eta amak arropa kendu zion, biluzik uzteraino. Norbaitek maskara jarri zion ahoan eta ia kolpetik haizea bere biriketara oparotasunez iristen hasi zen.

        — Gizajoa! —esan zuen amarekin zegoen urdinez jantzitako emakumeak.

        Berriz esnatu zenean, normal heltzen zitzaion haizea, eta ahoan zeukan maskarak traba egiten zion, baina han ez zegoen inor. Larrugorritan zegoen eta beldur zen bere ama ez zen norbaitek hala ikusiko ote zuen, horregatik lepoa altxatu eta ingurura so egin zuen. Orduan ikusi zuen gelako beste ohean zegoen neskatila, bera bezala larrugorritan. Estali gabe. Bere adinekoa izango zen eta gariaren koloreko ileak zituen. Eskuak aurrerantz jarrita zituen, beherantz bata, gorantz bestea, eskua bi aldeetatik erakustea eskatu izan baliote bezala. Besoarekin bularretako bat estaltzen zuen, baina ez bestea. Kimuak ziren, zerbait oparoagoaren lehen aztarnak, baina bularrak azken batean. Esku bateko hatzak mugitu zituen neskak, eta Xabik begiak itxi zituen, berriz irekitzeko ikaraz. Neskak bere biluztasuna ikusi zuela deskubrituko balu! Mende bat pasatuko zukeen gorputz biluzi hari begira, baina berehala entzun zen gelako atearen zarata, urrats batzuk, bi oheen arteko gortinaren hotsa gero. Eta neskatilarekin hizketan ari zen emakume baten boza, joateko ordua zela esaten hasi zitzaiona, helduek gaixoekin izaten duten doinu gozoegi horrekin.

        Motza izan zen ikuskizuna, baina betiko gordeko zuen Xabik segundo batez ikusitako neska biluziaren irudia. Eta luzaroago ikusi ezin izanaren damu irrikaz betea ere bai.

        Akordu gozoak ziren horiek guztiak, «odol putzu gero eta handiagoak» utzitako gau ilun hartan.