45
Madrilerako bidean ederra zegoen Somosierra mendatea elurpean. Orduak zeramatzaten Isabelleren autoan, eta elurrak asperdura gainetik kentzeko balioko zien behintzat. Isabelle gidatzen ikustea, hala ere, gauza bikaina zen. Oro har, edonor gidatzen ikustea zen liluratzekoa, baina Isabellek bazuen estiloa: jostailua balitz bezala eramaten zuen autoa. Xabik atzeko ateko leihotik begiratzen zuenean, ziztuan zihoazela zirudien, paisaia paisaiarekin urtzen zen abiaduraren poderioz, eta nahasmen hartan hipnotizatuta geratzen zen. Asfaltoaren eta bazterreko belar zuriaren arteko mugak dantza egiten zuen, orain gorago, gero beherago, orain gertuago, gero urrutiago, baina etenik gabe, autoak paisaia irensten zuelako.
Egun batzuk lehenago aitaren gutuna jaso zuten, eta Xabik ezin zuen azken esaldia burutik kendu: «Recibid un abrazo de este padre que tanto os quiere y no os olvida». Ez zen erraz burutik kentzekoa, aitak hitzez maitasuna azaltzen zien lehen aldia izanik. Zergatik idatziz, zergatik erdaraz, auskalo. Bazekien ez ziola galdetuko, baina buruan bueltaka zebilzkion hitzok, elurraren eta asfaltoaren muga mugikorrari so egiten zion bitartean.
Madrilen izan zela nori kontatuko zion irudikatzen hasi zen hirian sartu orduko. Ez zen beste munduko ezer, baina Madril zen. Etxeak, autoak, fabrikak, txabolak, berde pixka bat han, lur hori pixka bat hor, espaloiak eta errepideko panelak: Burgos, Zaragoza, Valencia, Cuenca, Toledo, Caceres... Harrigarria zen zubien azpian eta fabriken inguruan zenbat txabola zegoen. Inoiz halakorik ikusi gabea zen Xabi. Txapa, egur eta plastiko txatalez eginak zeuden, handik eta hemendik hartutako zatiekin, eta haiei lotuta arropa zintzilikatzeko sokak. Txabolen inguruetan pertsonak ikusten ziren, autoetan zihoazenen begiradei ezaxola, beren zereginei eta bizitzei loturik. Batzuk zigarroa erretzen, beste batzuk ekintza txikiren bat egiten, burdinazko makila bat eskuan, kaxaren bat, kubo bat, soka bat. Eta haurrak korrika, hizketan, barreka edo harriren baten gainean jarrita, errepideari so.
— Nortzuk dira horiek? —galdetu zuen Gotzonek.
— Ijitoak —esan zuen Isabellek.
Hirira sartu ahala desagertu egin ziren txabolak, eta haien ordez edifizio dotoreak ikusten ziren, harri landuko ate eta leihoak zeuzkatenak. Zuhaitzak eta plazak, iturriak eta jende apaina. Isabellek ministerioak eta halakoak erakusten zizkien.
— Hortxe dago Santiago Bernabeu.
Bi etxeren artean harro ageri zen eraikin bitxia, hiriaren erdian jarritako balea. Xabik bere kabutan esan zuen: Santiago Bernabeu ikusi diat. Eta sentitu zuen hura ikusi aurretik ez zeukan zerbait zeukala orain, besteei kontatzeko modukoa.
— Kale honetan... hementxe hil zuten Carrero Blanco.
— El Almirante! —esan zuen Gotzonek alaitasunez.
— Etxe horien atzeraino hegan egin zuen autoak, eta hantxe geratu zen txikituta.
Kale arrunta zen, lauzpabost solairuko etxe grisez betea, autoak bazterretan aparkaturik zituena. Xabik dena begi ninietan gordetzeko ahalegina egin zuen. Gero, Pradoko museoa eta Cibeles iturria pasatu zituzten eta autoa aparkatu zuten. Bisoiz jantzitako emakume batekin bildu ziren, Isabelleren ahizparekin, eta kafetegi batera joan ziren, haurrek txokolatea eta txurroak jan zitzaten.
Kazetaria zen emakumea, eta makillatutako ezpainak estutuz «no hay derecho» esaten zion amari behin eta berriz. Emakumearen azkazal gorri luzeak ikusita, beltzez margotutako begi ertzak, belarritako perlazkoak, biriketaraino sartzen zen lurrin eskandaluzkoa, Xabiri ezinezkoa iruditzen zitzaion emakume hura beretakoa izatea. Ez zuen halako emakumerik inguruan ezagutzen. Haren etxeak pittin bat zapuztu zuen, ordea. Txikia eta ezerosoa zen. Tabako usaina zegoen, zigarrokinez betetako hautsontziak nonahi, eta paperez eta liburuz betetako mahai zabal bat egongelan. Erdian, idazmakina.
— Barkatu anabasa.
— Arren! —esan zuen amak—, primeran lo egingo dugu hemen.
— Lotsagarria da. Baina ez daukat ezertarako astirik.
Biharamunean emakumeak kruasanak ekarri zituen gosaritarako. Itxura zaharragoa zeukan makillatu gabe, txapinak eta txabusina jantzita. Berdin erretzen zuen gauez eta goizez. Eta berdin saiatzen zen etxean zeukan jendea ongi eta eroso sentiarazten. Kruasana ez zen Iparraldekoen tankerakoa, gogorragoa zen eta itsatsita geratzen zen hatz mamietan. Banaka ahoan sartuta garbitu zituen atzamarrak Xabik, eta erretiluan geratzen zirenak begiz jo zituen, bigarren baterako eskubiderik ote zeukan jakiteko. Emakumeak hartu zuen erretilutik ale bat eta Xabiren aurrean paratu zuen.
— Jan lasai, mutikoa.
Paradisua zen tabako usaineko liburuz betetako etxe zahar hura.
Behe-laino baten azpian zegoen Madril Xabik agur esateko emakumea besarkatu zuenean. Heze zegoen emakumearen animalia hilaren larru iletsua.
Bide motza zen kartzelarainokoa, ordu erditxo bat, baina luze egin zitzaion Xabiri.
— Begira, ijitoak! —deiadar egin zuen Nagorek, auzuneetako txabolen ondotik igaro zirenean.
Andre lodi bat, soineko loredunaz jantzia, arropa jasotzen. Ume bat baloia astintzen. Gizon bat motorrari tripak ateratzen. Furgoneta zahar bat lokatzean laprast egiten.
Amak atzera begiratu zuen, eta esan zuen:
— Ez iezaiozue aitari esan Manu etxean dagoenik, ez ahaztu.
Mugan zegoena bezalako kaserna baten parean utzi zuten autoa. Eta pasaporteak erakutsi ondoren barneratu ziren Alcalako kartzelara, aitarentzako arropak poltsa handi batean bilduta. Isabellek eskuaz agur egin zien hesiaren beste aldetik. Izotza zegoen errepide bazterreko belarrean, baina elurrik ez.
— Siberia ematen du honek —esan zuen Gotzonek.
Amaren esku banatatik helduta zihoazen Xabi eta Nagore.
«Recibid un abrazo de este padre que tanto os quiere y no os olvida».
Alanbrez inguratutako eraikin berri samarra zen Alcalako kartzela. Ez zen marrazki bizidunetako harrizko eraikin beldurgarria, ttattarra eta zurixka besterik.
Kristalezko kabinak erdian zeuzkan egoitza handi bat zen bisita gela. Lixiba usaina zerion, hormak ugerrez josita zeuden arren. Presoak hormetatik oinez ibiltzen zirela zirudien, hain zegoen belztuta.
Presoak ilaran ateratzen hasi ziren urdinez jantzitako gizon batek irekitako atetik, eta Xabik lasaitua hartu zuen aitari eskuburdinak kendu zizkiotela ikusirik. Bizar zuri luze baten atzean ezkutatzen zen, eta beste kabinetan zeuden presoak agurtzen sartu zen zegokion kabinan. Ez zeukan nahikoa irribarre mundu guztiarentzat. Xabik inoiz ikusitako txandal zatarrena zeraman, urdina eta grisa, dirdira egiten zuen oihal batez egina.
Hatz kozkorrekin kristalean jo eta hizketan hasi da aita, baina inork ez du esaten duena aditzen. Amak hatza belarrian jarri du eta buruarekin ezetz adierazi dio aitari, leihoaren azpialdean dagoen zulotxoz betetako tokia erakutsiz, horri hitz egin behar zaiola adierazteko. Plastikozko aulkian eseri da aita eta zulotxoei hitz egin die:
— Oraindik ez zarete iritsi eta nik baino gehiago dakizue txirola honi buruz!
Aitaren ahotsa apalduta dator, eta denek han behean ipini behar izan dute belarria, baxuegi jarritako irrati batetik albiste inportanteak entzuten ariko balira bezala.
— Gosea pasatzen al duzue? —galdetu dio Nagorek.
Eta aitak harrotasunez esan die, euskaldunak arduratzen direla sukaldeaz. Biltegiko mutilarekin, Portugaletekoa omen den arrunt batekin, tratu onak dauzkatela, eta paellak egiten dituela.
Xabik ez daki zer den txirola, ezta zer motatako presoa izan litekeen preso arrunta, baina poztu egin da aitari jatekorik falta ez zaiola jakindakoan.
— Valentziakoak baino gozoagoak egiten ditugu —esan zuen—, denetik botatzen dugu: oilaskoa, haragia...
Beste dozena bat euskaldun badago han, eta ia denek bizarra daukatela ohartarazi dio Xabik.
— Bizarra egiteko aiztoak putzak baino gutxiago mozten dik —erantzun dio—. Ez zagok bizarra kentzerik. Sekulako azkura pasatzen diat mataza honekin, baina errazago moztuko nikek adreilu batekin aizto horiekin baino.
Etsipen keinu txiki bat egin du aitak, eta orduan Xabik halako tristezia lauso bat sumatu du aitaren begietan. Agian behetik gora ari delako hizketan, zulotxoei hitz egiten baina soa familiarengana zuzenduta, eta azpitik gora ari denean jende guztiari antzematen zaiolako halako aire umil bat. Hori pentsatu nahi izan du Xabik.
Gainerako kabinetatik sekulako harrabotsa dator, mundu guztiaren entzuna izateko irrikaren eskandalua, baina kabinetara begiratu eta mundu guztia makurtuta dago. Inor ez dagoela dirudi. Edo denak ari direla jaten, aurrerantz okertuta. Tarteka baten batek burua altxatzen du, eta boza goratuz beste kabinako lagun bati deitzen dio, eta txantxak egiten dizkiote elkarri.
— Zer moduz pasatu zenuen atxiloaldia? —galdetu dio amak, listua irentsi ondoren.
Eta begiak itxita eta eskua jasota, ongi joan zela esan zuen aitak.
— Zer moduzko tratua eman zizuten?
— Berdin dio, Mari Karmen.
Denak isilik geratu dira une batez, aita behera begira, umeak eta ama aitari begira.
— Atzamarra eztarri zulotik sartu zidaten, itotzearren —aitortu du azkenik, atzamarra aho zulotik sartzeko keinua eginez.
Xabiri hotzikara batek zeharkatu dio bizkarraldea.
— Hendaian ez da inor geratzen —esan du Nagorek, gaia aldatzearren.
Etsipenezko imintzioa egin du aitak, Nagoreri zer sentitzen duen badakiela adierazi nahian. Eta gero amari zerbait galdetu dio, kaxaren batekin zerikusia daukana, baina hitz solteak erabiliz, inork ez ulertzeko moduan. Aldamenean ijito familia bat dago, denak urrezko lepokoak jantzita, kabinaren murruan eserita, hitzik egin gabe. Ohiko lagun katea antolatu nahian dabil aita: «emaiozu honi, beste horrek hango hari eman diezaion, eta hark...». Aldameneko kabinako ijitoen haurrak kristalaren kontra itsatsita dauka sudurra, parean dituen ugartetarrek barre egin dezaten. Xabik ez dauka mutilarekin txantxetan aritzeko kemenik, baina irribarre egin dio hala ere, eta ijitoak irribarrea itzuli dio, hortz zuriak agerian. Berriz aitari so egitean, hau zutik dagoela ikusi du, eskuak kristalaren kontra, eta Gotzoni so egiten diola:
— Ba al dakik hemen denek entzuten dutela hire «mierda de ciudad» hori? Jesus, hasieran ezin nian sinetsi, baina pixkanaka gustatzen ari zaidak!
Gotzonek barre egin du, eta orduan denak hasi dira barrez, aita barne, begietatik malkoak isurtzeraino, Gotzonen musika entzutea munduko gauzarik barregarriena balitz bezala. Kristalaren atzetik mimika egiten hasi da, dantzan ariko balitz bezala, punkien antzera, hanka altxatuz eta elkarri bultzaka.
— Nik ere gandorra utziko nikek... horretarako ilerik banu!
Harrigarria da aita horren lasai eta maitagarri ikustea. Kartzela ote da mesede egin diona? Edo senideak ikustea izango da? Ziur aski, pentsatu du Xabik, Hendaiako deserria utzi izanagatik pozten da hainbeste.
Aitak bere mimikarekin jarraitu du:
— Eta hi, Nagore, noiz handitu haiz horrenbeste? Kristo, emakumea haiz!
Eta lepoa luzatu eta sorbaldak mugitzen hasi da, emakume pertxenta bat gogorarazi nahi lukeen keinuak egiten.
— Aspaldi handitu nintzen —erantzun dio Nagorek, harrigarriki serio.
— Arrazoi daukan. Aspaldi dun neska handia haizela...
Xabiren txanda da. Badaki. Zain dago eta horregatik begiratzen du ijitoen kabinara.
— Hi, Xabi, seguru nagok auzoko frantxute guztiak ezkerreko eskuarekin bakarrik txikitzeko adinakoa haizela palaz...
Pala jokoa egiten ari da aita kabinan, eta Xabik ez du halako une zorionekorik oroitzen. Baina ez daki zergatik, ez du irribarrerik egin nahi. Zerk ematen dio beldur, edo zerk ematen dio lotsa. Ohitura faltak agian.
Joateko tenorean kabinaz kabina ibili dira presoak, besteen senideak agurtzen. Kabinan sartu eta kristalak kolpatu dituzte:
— Aupa familia! Gora Euskadi askatuta!
Presoetan garaienak, boxeolari sudurra daukan batek, buruan hatsa bota dio aitari eta distira ateratzeko igurtziak egin dizkio. Aitak eskukada bat emanez unatu du laguna.
— Alde!
Etorri zen tokitik joaten ikusi zuten aita, lagunekin adar joka. Urdinez jantzitako gizonak atea itxi aurretik, aitak burua atera zuen zirrikitutik eta ukabila jaso zuen.