Gerra txikia
Gerra txikia
2014, nobela
304 orrialde
978-84-92468-58-4
azala: Lander Garro
Lander Garro
1975, Orereta
 
2010, nobela
 

 

9

 

Isabelle izeneko emakume beltzaran bat zegoen izebaren etxepean zain. Andrearen Citroen Pallas autoa ikusi zuenean ia arnasarik gabe geratu zen Xabi. Zakarra izan gabe, serioa zirudien Isabellek, zeremoniatan galtzen ez den horietakoa. Apur bat kikilduta sentitu zen Xabi autoan sartu eta haren doinu frantsesa entzun zuenean. Irribarrerik ez haurrak agurtzeko, ozta murmurio bat, «kaixo txikis», gaztelaniaz, autoa martxan ipini zuenean. Emakumearekiko esker oneko zegoen Xabi, gerratik erreskatatutako soldadu zaurituaren pareko. Bidebietako etxe orratzak urruntzen ikusi zituenean, lo egiteko irrika sartu zitzaion. Amesgaiztoaren amaiera. Herrerako fabriken eta keak belztutako etxeen artetik ziztuan zihoazen, bide bazterrean azken elur arrastoak urtzen ari ziren bitartean.

        Burutazioak eta ahotsak eta irrati-kaseteko kantuak loarekin nahasi zitzaizkion. Amari so egin zion, harekiko sentitutako gabezia beste norbaitekikoa izan balitz bezala. Hantxe zegoen ama, bere betiko ama, alboan zegoenean horren familiarra egiten zitzaiona, baina alboan ez zegoenean betiko desagertuko zen beldurra eragiten ziona. Bere buruari promes egin zion ez zuela inoiz gehiago sufrituko, ez zeukala zentzurik. Ziur zegoen horretaz. Amarekiko mina ez zen berriz agertuko unerik ezustekoenean bizkarroien gose aseezinaz eraso egitera.

        «Aita-semeak tabernan daude, ama-alaba jokoan», kantari ziharduten irratian.

        Arrebaren boza entzuten zuen, denborari buruzko haren kezka betierekoak: 43 segundo Pasaiako semaforoan geldi. Eta Gotzonen arrazoiketak, Nautilusko borrokalarien ingurukoak, bi hartz zuriren itxura zeukatela mutilek, elurra baizik ez zela ikusten haien borrokaldian. Xabi erdi lo zihoan, Etxebarria gelakideari gau hartako pasadizoa azaltzeko esaldi perfektuaren bila: «Hik ezagutzen duk Citroen Pallas, auto deportiboa. Ez duk rallye kartetan agertzen. Dotoreegia duk horretarako».

        Zabaldutako leihotik hotza sartu zelako jakin zuen Xabik mugan zeudela; Isabelle ez zela amarekin ari, polizi jaunarekin baizik, honi azalpenak ematen: baietz, lagunak zirela eta etxera zihoazela, eta ezetz, atzean ez daukatela deklaratzekorik batere, arropak eta jantziak bakarrik; eta poliziaren ahotsa maletategia irekitzeko agindua ematen; eta autoaren motorraren etena eta isiltasuna; eta leiho ertzetik poliziaren txanoa ikusi ondoren, berriz loa.

        Sorbaldan atximur eginez esnatu zuen Gotzonek.

        — Benga, hi, ailegatu gaituk.

        Baserri txiki bat, hormigoiz eraikitako etxe multzo zatar baten aldamenean. Egurrezko ate mehar bat, Xaia Ostatua letra gorriz eta berdez zioen argi panelaren azpian. Panelagatik ez balitz, irudi luke ukuilu batera sartzera zihoazela. Barruan mahaiez eta jendez betetako taberna zabala agertu zitzaien, ke laino batean bildua. Sabelari eusten zion gizon bibotedun bat ikusi zuen Xabik, eta harekin barreka ziharduten beste hiru lagun, denak ia negar malkotan. Eta puntan beste gizon batzuk, kartetan, argi txiki baten azpian. Eta beste gizon batzuk haien inguruan, karten lehiari so. Lehiakideetako bat aita zela konturatu zen berehala Xabi, ezin zuen beste inor izan buru soildu trabeska orraztutako xerloz apainduarekin. Kartak paparrean ezkutatzeko maneran ere antzematen zen aita zela, oso zuhurra baitzen horretan. Kartetan aritzea denbora pasatzea baino askoz gehiago zen bere hiztegian.

        — Zer moduz elurra? —galdetu zion semeari, kartak ordenatu ahala.

        — Semea al da? —esan zuen ile urdin eta musu gorriak zeuzkan lehiakideetako batek.

        — Bai, eta beste haiek ere bai.

        Beste bi lehiakideak mahaiaren bueltan zeuden kuxkuxeroekin hizketan ari ziren. Ez zioten Xabiri arretarik jarri.

        — A zer granuja itxura daukan! —esan zuen gizonak, eta berez gorria zuen aurpegia areago gorritu zitzaion.

        — Hik ez dakik ongi —esan zuen aitak, eta eskuarekin ipurdian jo zuen Xabi, eta kolpea profitatu zuen pittin bat bultzatzeko, keinu sotila hura ere, handik uxatzeko.

        Diosalak egin zituzten: amaitu zen elkarrizketa. Alde.

        — Joxemari, hitz egin —esan zuen gazte itxurako batek.

        — Paso —hasi zen aita.

        — Paso —bigarrenak.

        — Enbido —hirugarrenak.

        Baina Xabik ez zuen laugarrenak esandakoa entzun, bai ordea anaiaren ahotsa, bere aldamenean oihuka: «Pintto!».

        Atzeko hanketan zutik jarrita zegoen zakur batekin jolasean ikusi zuen Gotzon. Eskuetako bat zakurraren buru gainean zeukan, eta bestearekin agurtu zuen aita. Ez zegoen gehiagorako premiarik, aita kartetan ari bazen behintzat. Horregatik ari zen Gotzon zakurrarekin hizketan, zakurrak ulertuko balio bezala, orain makila bat ahoan sartu eta zakurrak hari haginka egin ziezaion tentatzen. Besteek gauza serioegiak zeuzkatelako.

        — Heldu honi! —makila zakurraren muturraren irismenetik altuago jarriz.

        Eta ama haren atzetik:

        — Nahi al duzue granadina?

        Aitaren mahaian enbidoka ari ziren, ez ziren handik ordu batzuetan mugituko. Zer egin zezakeen? Ez zion granadina bati ezetzik esango, une horretan Oreretara itzuli eta betiko bere bizitza galdua berreskuratzeko antsia sentitzen bazuen ere. Beharbada ez zen bizitza desio zuena, ez zen bere etxea edo bere lagunak edota zerbait zehatza eta ukigarria, bizitza haren baretasun arina baizik. Gauzak betitik hala izan zirela eta betiko iraungo zutela, sentimendu ikararik gabeko hura. Horren guztiaren ordez, granadina edango zuen.

        Karta jokoak iraun bitartean berriketan aritu zen ama beste mahai batean, batzuetan ahopeka eta beste batzuetan builaka, Xabirentzat ezezagunak ziren emakume batzuekin eta Isabellerekin. Elkarren artean loturarik ez zeukaten elkarrizketa txatalak harrapatzen zituen noiz edo noiz, eta zertxobait nahigabetuta sentitu zen ez zirelako berari buruz ari, kanpoko norbaitekin ari zen bakoitzean amak egin ohi zuen gisan, «mis hijos» gora eta behera, Xabiri gogaikarria iruditzen zitzaion ohitura baina kurioski gaur faltan hartzen zuena.

        — Zer egingo dugu? —galdetu zuen Nagorek, kuxinaren kremailerari eragiteari utzi gabe.

        Eta haiek ere kartetan aritzea adostu zuten. Horretarako tokia zirudien tabernak. Xabi nagituta zegoenez, anai-arreben jokoari so geratu zen, miniaturazko Chevroleta mahai gainean irristatzen zuela, oholen juntura baliatuz kaleak irudikatzeko, autoa marraren aldamenean aparkatuz. Nahi zutena esango zuten, baina hura benetako auto bat zen.

        Zer ordu zen? Nora joango ziren lo egitera? Izango ote zuen amak beretzako toalla zaharrik Isabelleren autotik ateratako poltsa marroi hartan?

        Xabik amaren magalean etzan zuen burua. Ahotsa bozgorailu batetik baletorkio bezala entzuten zuen, ahots urratu samar hura. Tarteka algararen bat egiten zuen, eztul batzuk ondoren, gizarteratzeko liturgiaren erantzun fisiologikoak. Amaren zoriona senti zezakeen bere bularraren mintzairaren bidez.

        — Aspertuta al zaude?

        — Bai.

        — Laster joango gara.

        — Laster, noiz?

        Ileak orraztuko zizkion eskuarekin, eta zigarro bat piztuko zuen berehala. Kea irentsi ondoren, mihia atera zuen pittin bat, bota behar zuen keari bidea irekitzeko. Ke zutabe fin bat. Irri eztanda txikiak ailegatzen dira, solas moztuak, baso bat zoruaren kontra, zakurraren zaunkak.

        Eta inork espero ez duenean, Txomin agertu da, lehengo eguneko gizon sendo bizarduna. Oihuka agurtu dute emakumeek. Mahaira hurbildu eta amaren parean dagoen emakume ile-horiaren aldamenean makurtu da plastikozko poltsa zuri batekin, eta han barrukoa erakutsi dio, diskretuki. Emakumeak beste oihu txiki bat bota du eskerrak emateko. Gainerakoak poltsan dagoenarengatik galdezka hasi dira. Eta Txominek bisigua omen den arrain handi bat atera du isatsetik oratuta. Bibak bota dituzte emakumeek, miretsita.

        — Eta hi zer, beti amaren magalean? —sakatu dio Xabiri—. Nahi al duk nire kamioia ikusi?

        Txominek emakumeei begia kliskatu die.

        — Jantzi berokia! —agindu dio amak mutilari.

        Txominen atzetik irten da lasterka. Eskuinera jo dute errepidetik. Metro gutxi batzuk egin ditu Txominek atzera biratu aurretik.

        — Ikusten al duk?

        Bazterrean lagata daude autoak, baina kamioirik ez.

        — Ez al duk nire kamioia ikusten? Hortxe zagok! —eskua garondoan jarri dio Txominek, eta motor laranja txiki bat dagoen tokiraino eraman du.

        — Motorra? —harritu da Xabi.

        — Ibili nahi al duk?

        Malgukiekin lotutako kaxa kendu du Txominek atzeko eserlekutik, umeari tokia uztearren. Erregaiaren giltzari eragin dio eta, motorra eusteko hanka kendu ondoren, korrika eraman du, motorra eztulka hasi den arte. Kasko txuri ugerrez betea eman dio janzteko.

        Nekez abiatu da motor laranja sortalderantz, Pausuko babes ofizialeko etxeak dauden tokirantz. Bihurgunea hartu dute ezkerrera, bestea eskuinera eta, halako batean, kale luze bat: azeleragailuari sakatzeko aproposa nonbait, abiadura ez ezik, hotz mortala baitago.

        — Beldurtuta?

        — Ez.

        Fabrika artean sartu dira, motorraren argiek baino argitzen ez duten kale zulo batean, eta berriz azeleragailuari sakatu dio Txominek.

        Zer litzateke bizitza, kontatzekoak diren gauzengatik ez balitz!

        Horrexegatik merezi zuen hezurretaraino sartzen zitzaion hotza sufritzea, besterik ez bazen tabernara itzuli eta anai-arrebei kontatzeko motor baten gainean ibili zela inoizko egunik hotzenean. Gero etxe batzuen artean sartu ziren, eta Txominek hatz erakuslea atera zuen, zuhaitz baten alboan zeuden eta motorraren zaratarekin burua itzuli zuten mutil batzuk erakustearren.

        — Auzoko mutilak dituk —esan zuen—. Motorrak lapurtu eta puskatan uzten ditiztek.

        — Zertarako?

        — Haiekin beste motor batzuk osatu eta saltzeko.

        Xabi isilik zihoan, bere auzoko Mangaperros akorduan. Bizikletak ebatsi eta margotu ondoren berriz saltzen saiatzen zen. Ugartetarrei Abelux zaharra lapurtu zien, eta hantxe agertu zen gero auzoan bizikleta eskuan hartuta.

        — Hi, Ugarte —esan zion Gotzoni—, bizikleta berri hau hamar durotan utziko diat. Nik ez diat erabiliko.

        Anaiaren larridura, bizikleta berea zela deskubritu eta lapurrari ezer esateko adorerik ez zeukalako.

        — Nirearen antza dik.

        — Bizikleta guztiek zauzkatek bi gurpil.

        — Ez duk berria, ikusi herdoila!

        Hortaz, karraskilaz inguratutako etxe txikiz betetako herrixka kaskarin honetan ere bazituzten Mangaperros kuadrillak. Zenbat gauza jakiteko.

        Aurpegia izoztuta zeukan Xabik Xaiara itzuli zirenean, baina horrek ez zuen nahigabetzen.

        «Motorrean ibili ez bahaiz, ez dakik zer den hotza», esango zuen, baten bat parean tokatuz gero. Eta han joan zen korrika anai-arrebengana, esaldia ahaztuko zitzaion beldur.