44
Egonaldi ezberdina izan zen Manurena, bere aurretik egondakoena baino zailagoa, guztiz ezkutuan ibili behar zuelako, aurrekoek ez bezala. Aitak esana zion amari etxean inor ez hartzeko, oso arriskutsua zela. Horregatik, premiazkoa zen inork ezer ez jakitea.
Asteburuetan Hegoaldera joaten baziren, etxea hutsik zegoela antzezteko ahalegin xehea egiten zuten. Etxeko ateen inguruetan esponja moduko batzuk jarri zituzten, etxeko zaratak ahalik eta gehien itotzeko, eta leihoak estaltzeko oihal handi bat egin zuten manta zaharrekin, barruko argia kanpotik ikus ez zedin (nahiz eta Manu linterna batekin ibiltzen zen). Ezin zuen inolako zaratarik egin, ezin zuen ez irrati ez telebista jarri, ezin zion komuneko kateari tira. Etxean inor ez egoteko antzerkia egin behar zuen, kasik ez egoterainokoa.
Igande arratsetan, etxera ailegatzen zirenean, beti ilunpetan topatzen zuten Manu, etxeari zerion tabako eta itxi usainak harrapatuta. Leihoetako mantak kentzen zituzten, eta argiak eta telebista pizten zituzten, Manurekin lasai jarduteko. Amak albisteak kontatzen zizkion, ETAren ekintzen edo atxiloketen berri, eta baita familia kontuak ere.
— Luze egin zait —esaten zuen Manuk—. Amaigabeak dira orduak ilunpetan sartuta.
Bazirudien errefuxiatuek ez zutela ordura arteko bizitza inoiz gehiago izango. GALen afera amaitua zen, nonbait, baina orain Frantziako Polizia zen haien atzetik zebilena. Jada ez zuen axola récépissé madarikatua izan ala ez izan. Denak ziren gaizkileak, denak sartu behar zituzten zuloan. Eta inork ez zekien noiz amaituko zen, edo zer egingo zuten orduan errefuxiatuek, besteen etxeetan ilunpetan geratzea ez bazen. Jende andana zegoen etxeetan sakabanatuta, batez ere Iparraldeko jendearen etxeetan.
— Akaso Hego Amerikara ihes egin beharko dugu denok —esaten zuen Manuk, etsipenez.
Egoera muturrekoa zenez, segituan hasi ziren antzematen Manurengan lehendik ezagutzen ez zioten zakartasun bat. Bortitza izan gabe, ñabardura txikietan ikusten zuten. Etxeko garbitasunean, adibidez. Bazkaldu orduko platera harrira eramaten ez bazuten, sutu egiten zen Manu. Baina berehala burua besoen artean ezkutatu eta barkamena eskatzen zuen.
Ondoeza baretzeko, atsedenik gabe gimnasia egiten zuen etxean. Korridorean aurrera eta atzera bi edo hiru ordu egunero, Xabi bizkar gainean hartuta flexioak ondoren, eta lurrean etzanda egiten zituen bestelako ariketa bitxi batzuk, amaitzeko.
Ilea urdintzen hasia zitzaion, matrailezurrak ikusten zitzaizkion azalaren azpitik. Astetik astera ikaragarri zahartzen ari zen.
Gauetan berandura arte geratzen ziren solasean eta, une batzuetan, egoera hark betiko iraungo zuela pentsatzen zuen Xabik, Manu betiko beren etxean bizitzen geratuko zela mamu baten gisan, eta gauero berandutuko zirela maitasun kontuez eta marrazoez kontu kontari. Manuk esaten zituen gauza guztiak baitziren baliagarriak Xabirentzat.
Oihanaz ari zirenean, esan ohi zion:
— Esan iezaiok aurpegira. Ez ezak segundo bakarra galdu.
Azaltzen zion, oso handia zela errefusatua sentitzearen mina bere baitan, baina errealitatean askoz ere samurragoa izango zela. Oihanak ezetz esanez gero, segituan ohituko zela, eta horrek bere gogoa beste nonbait jartzeko balioko ziola, beste neska batzuengan. Xabik, ordea, bazekien Oihanak ez zuela inoiz maitatuko. «Zu mutil txiroa zara», esango zion, «mutil bakartia, asmatikoa, ohea bustitzen duzu. Ez zaitu inork maite: zergatik maitatuko zaitut nik?». Ezingo zuen halako zorigaizto batetik inoiz onik atera. Ezin zuen arriskatu. Nolabaiteko salbazioa zen zalantzaren agonia.
— Tragikoegia haiz horren txikia izateko. Eta ez diat ezer leporatuko, neu ere erromantiko hutsa nauk, baina ikasi behar duk pittin bat praktikoago izaten. Begira: pilotan ezkerrez jotzen ikasi duan bezala, hala ikasi behar duk gauzak beste modu batera hartzen. Hasieran kostatu egingo zaik, pilota denak txapapera botako dituk, edo sasitara, baina denborarekin ohitu egingo haiz, eta bi esku izango dituk jokatzeko: hire-hirea eta ikasitakoa.
Baina orduan Xabik Mea culparik ez diskoko azala gogoratzen zuen, neskatilaren bular txiki haiek (zeinak Xabiren buruan Oihanaren titiak baitziren), eta etsituta sentitzen zen, titi haiek sekula gozatu ezingo zituela sinetsita. Benetan tragikoa zen: nola ez zen ba tragiko jarriko?
Eskuz egindako panpinez inguratuta zegoen Manuren ohea, eta egur eta oihal txatalez. Azken aldi hartan, bi txotx eta kateorratza erabilita, harizko kometak egiten zituen, lagunei bidaltzeko. Xabirentzat ikurrinaren koloreko kometa gorde zuen, eta hark harrotasunez eramaten zuen, baina nork egina zen inori esan gabe. Oso serio hartzen zuen Manu etxean zegoela isilean gordetzeko agindua.
— Zer adin daukazu?
— 32 urte.
— Ni 32 urterekin ETAkoa izango naiz —esan zion Xabik.
Manuk barre egin zuen:
— Hi 32 urterekin ibiliko haiz neskaren baten gonaren azpian erreguka, ikusiko duk. Gerra eta maitasuna gaizki ezkontzen dituk. Egidak kasu.
Xabik gerra egitea nolakoa ote zen galdetzen zionean, beti erabiltzen zituen marrazoen konparaketak. Xabik bazekien zergatik zen, ezagutzen zuen helduen kontu haiekiko diskrezioa.
— Gerra egitea da uretan marrazo zuri handi bat dagoela jakinik igeri egitea bezalakoa. Marrazoa ez duk berez hiltzailea, premia daukanean baizik ez dik hiltzen. Baina, erne, premia daukanean bizkor oldartzen baita, bere begi beltz bizitzarik gabeko horiekin, errukirik gabe. Orduan badakik, igeri egiteak ere ez hauela salbatuko.
Xabik konparaketa ez zuela ulertzen esaten bazion, Manuk labur esango zuen:
— Gu baino indartsuagoa den arerio baten kontra ari gaituk. Eta horrek beti dakar sufrimendu handia. Hobe hiri halakorik tokatzen ez bazaik.
Gero azaldu zion marrazoak grisak direla gainetik eta zuriak azpitik, eta hori dela haien kamuflajea. «Goitik begiratzean itsas hondo ilunarekin nahasiko dituk, eta behetik begiratzean, ordea, eguzkiaren argiarekin». Eta halakoxea zela boterea ere, egunez gorbataz ibiltzen zirela bakeaz hizketan, eta gauez sikarioak bidaltzen zituztela euskaldunen ehizara.
— Ez zagok boterearen azal bikoitza baino arma zitalagorik.