50
Ustekabean askatu zuten aita. Ozta eman zituen hilabete batzuk, eta etxera. Ikastolatik bueltan eman zien berria amak. Zirkinik egin gabe geratu ziren denak. Hura ezustekoa! Galderak arrapaladan zetozkion Xabiri. Zerbaiten amaiera izango ote zen? Iritsi al zen etxera itzultzeko ordua? Baina zein etxe, hangoa ala hemengoa? Ez al zen hemengoa ere, ordurako, beren etxea?
Oihanarik gabeko bizitza irudikatu eta korapiloa egin zitzaion sabelean. Korridoreko leihotik so egin zuen: eguraldi ederra zegoen, eta pilotalekua, beti bezala, hutsik, haurrek inoiz beteko zuten zain. Oihanaren arrastorik ez. Baina bazekien etxean zegoela, idazmahaian txintxo, ariketak egiten.
Kontent zegoen aita ikusiko zuelako, baina beldur, aldaketak zein bide berri eginaraziko ote zion. Berriz.
Oreretan harrera egin zioten aitari. Felixek ekarri zuen bere autoan Madrildik, aspaldiko uda hartan etxez aldatzeko altzariak eramaten lagundu zien lagunak. Autoa jendartean geratu zen, klaxonari sakatzen, eta jende multzoa autoaren inguruan jarri zen aldarrika: «Presoak kalera, amnistia osoa!». Xabik bere burua deskubritu zuen oihuka, ukabila jasota. Ez zen beretzat gustuko postura, jendaurrean agertzeko moduko horietakoa, baina kemena barrutik kanpora zetorkion, indar ikaragarriz.
Etxafuego batek eztanda egin zuen lau teilatu gainean.
Aita bizar zuriarekin autotik irten zenean, elur bustia ari zuen. Xabik ez zuen kartzelako txandal hura ikusi. Baina jendearen besarkadak jasotzen hasi zenean ohartu zen jantzita zeramala, eta amorratuta sentitu zen, aita itxura horiekin ikusteagatik. Pentsamendua burutik kendu zuen, eta aitaren besarkadaren zain geratu zen, jendearen artean galduta.
Aitak urtuta zekartzan begiak, adiskideak agurtzen zituen hitz egiteko gaitasunik gabe, kokotsa dardara batean. Hau eta bestea besarkatu zituen. Eta Xabirengana ailegatu zenean geldirik geratu zen, bizkarrekoak jasotzen segitzen zuen bitartean. Bat-batean makurtu zen besarkatzeko, baina besarkada trauskil bat baizik ez zion eman, edo ez zioten elkarri eman, ez baitzuten asmatu. Ez da beti asmatzen besarkada on bat ematen. Ohartu orduko, bistatik galduta zeukan aita.
Txistu doinua entzun zenean, jendeak hutsune bat utzi zuen errepidearen erdian, eta hiru mutil, elkarren aldamenean ilaran, dantzan hasi ziren aitaren aurrean. Lore-sorta zeukan aitak eskuan. Dantzarietako batek mosketoia zeraman, giltza mordo bat zintzilik. Txintxina ateratzen zuen dantza egitean.
Kale-jira moduko batez zentrora abiatu ziren gero, txistularien atzetik.
Aitak kasu handirik egin ez zielako kexatu zen Xabi.
— Zer nahi huen ba? —esan zion Gotzonek.
— Ez zakiat. Beste zer edo zer.
«De este padre que tanto os quiere y no os olvida».
— Haserre zagok —esan zuen orduan Gotzonek—, Manurena ezkutatu geniolako.
— Nola dakik?
— Hi, niri ez egidak kaparrada eman, badakik zaharra nolakoa den.
Etsita zegoen Xabi, eta are gehiago etsitu zen amak etxera joateko agindu zienean. Berandu zela, biharamunean goiz esnatuko zirela aitarekin egun pasa egiteko.
Urrunean ikusi zuen Xabik aita, jendartean oinez, hotza saihestearren burua sorbalden artean uzkur. Batekin hizketan zihoan, Xabik ezagutzen zuen morroi ttattar batekin, denek Lukin esaten zioten bat, okina. Baina eskua altxatuz hau eta hura ere agurtu zituen. Esku gutxiegi zeukan horrenbeste jende agurtzeko.
Oheratutakoan ezin begirik bildu geratu zen. Xabiri gauza asko pasatzen zitzaizkion burutik, baina bereziki bere lagun Eneko, bera bezala, agian Cabo Verdera iritsi orduko aitarik gabe utziko zutena. Zeinen gauza inportantea helduentzat, beti helduekin egotea. Pentsamenduotan zebilela entzun zuen ezkaratzeko atea, eta aitaren giltzen txintxin hotsa berehala. Ez zegoen zalantzarik: bera zen! Mila urte igaro eta hala ere bereiziko luke zarata guztien artean. Zenbatetan amets egin ote zuen une harekin! Taupaka zeukan bihotza. Zabaldu zen etxeko atea, antzeman zituen etxera sartzen ari ziren urratsak oholen gainean krask eginez. Begiak itxi zituen badaezpada ere. Logelako atea ireki zen orduan, eta isiltasunaren erdian aitaren arnasa sentitu zuen Xabik. Ohearen aldamenean zegoen aita, alkoholaren lurrina zerion.
— Maite haut —xuxurlatu zuen.