Gerra txikia
Gerra txikia
2014, nobela
304 orrialde
978-84-92468-58-4
azala: Lander Garro
Lander Garro
1975, Orereta
 
2010, nobela
 

 

26

 

Martin eta aita haserretu izanak, noski, zerikusia izan zuen ugartetarren etxe aldaketarekin.

        Kontu bitxia izan zen. Eguerdia zen eta, ia astebururo bezala, eltzekada handia prestatu zuen Martinek denontzat. Aitak ere lehenago esana zion Martini, Xabik entzun zuenez, «Ez itzak atzamarrak eltzean sartu!». Batek ohitura hori zeukan eta bestea atzetik ibiltzen zuen, ohitura bazter zezan. Baina hortik eskuetara hel zitekeenik, ez zuen inork ere pentsatuko.

        Panazko galtza berdea zeraman Martinek, koadrozko alkandora gorria (beti erabiltzen zuena), eta pozik zirudien bertsoekin sukaldean, eltzean burruntzalia sartu eta ahora eraman zuenean. Une hartan bertan sartu zen aita sukaldera, eta bitan pentsatu gabe eman zion ukabilkada. Xabi sukaldean sartu zenerako, lurrean zegoen Martin, bere galtza berdeak babarrunez zipriztinduta, sabaiari begira. Tarte bat iraun zuen argazkiak hala, hain zuzen argazki bat balitz bezala: Martin lurrean, aita bere parean zutik, ukabilak estutuz, eta Xabi atean, Martinen aurpegiari so. Zeren bazuen halako keinu bat tokiz kanpokoa edo. Zeruari begira zegoela zirudien, egoera hura ez zen beste gauza gozoago bat buruan. Kuluxka bota aurretik sofan etzanda izan ohi zuen keinua zen, Xabik adineko jendearengan maiz antzematen zuena.

        Eta Xabik ongi ulertu zuen (edo hori uste zuen behintzat) zaharraren keinua: gauza txarrak gertatzen zitzaizkionean burua beste zerbaitetan jartzea. Bazekien gauza txarrei aurre egiteko bide ona zela, negarrik ez egiteko aproposena.

        Errukia sentitu zuen. Desio zukeen Martin lurrean galtzak babarrunez zipriztinduta ikusi ez izana.

        Eltzekariek zipriztindutako borrokaldiari esker, etxe berria lortu zuten ugartetarrek, beraz, eta gainera auzo berean, txiroa zena, baina, behintzat, ezaguna.
        Harrigarria: lau gela zeuzkan, bakoitzarentzat bana. Bizitzan estreinakoz gela bat izango zuen Xabik. Hasieran bere ohe tolesgarri berdea besterik ez zegoen, baina formikazko altzari urdin batzuk oparitu zizkioten gutxira. Ez zen sinestekoa, elkarren artean horren ondo ematen zuten altzariz betetako gela hura beretzat izatea. Idazmahaia zeukan altzarien artean. Ez zen mahaia, tranpa zen. Eseri, ireki liburua, irakurri inoiz ere ulertuko ez duzun hitz mordo hori, egin ariketa matematiko konpondu ezinezkoak. Erabilitako mahaia zen, bestetik. Nor izan ote zen mahai hartako maizter bere aurretik? Eta aurreko hura imajinatu zuen bere aldarte berberean, koadernoa zabaldu eta ezin jakin nondik hasi.

        Ohe tolesgarri zaharra leiho aldamenean jarri zuen amak. Eta ohea tolestuta geratuko zela zirudien arren, berehala tokatu zen hura irekitzea, etxean lehen errefuxiatua azaldu zenean. Norbait etxean hartzea ez zen batere arraroa, beraiek ere antzera ibilitakoak baitziren ordura arte, besteen etxean. Halakoxea zen Iparraldeko bizitza hura, denak denen etxeetan, beti joan eta etorrian.

        Niko izena zuen maizterrak. Etxean boladatxoa emango zuela esan zion amak, bere gelan hartu beharko zuela. Antzuak izan ziren protestak, agian protesta izatera ere iritsi ez zirelako, finean Xabik nagia eta jakin-mina biak baitzeuzkan. Kontua gelakide aproposa izatea zen, ez izatea tipo baldarra, edo helduegia, edo isilegia.

        Ama ohe tolesgarria askatu eta maindireak jartzen ari zen.

        — Lagundu iezadazu izkina hartan.

        Xabik ez zuen purrustarik egin, etxeko lanetan laguntzeak heldu sentiarazten laguntzen zion-eta.

        Niko iritsi zenean, Xabik sotoko ilunpean ikusi zuen, larruzko poltsa eskuan zeramala, pixka bat izuturik beharbada. Meharra eta beltzarana zen, bizpahiru eguneko bizarrarekin.

        — Ez nengoen seguru atea hau izango ote zen —esan zuen sartzearekin batera, hasperen eginez.

        Jaka aulkiaren bizkarrean utzita, egongelako mahaian eseri zen.

        — Zer edo zer jan nahi al duzu?

        — Ez, mila esker.

        — Garagardo bat?

        — Ados —esan zuen aharrausika.

        Garagardoa mahai gainean jarri eta aldamenean eseri zen ama.

        — Joxemari geroxeago etorriko da —argitu zion.

        — Ongi da.

        — Garbitzeko arroparik ba al daukazu?

        — Zerbait bai, baina ez nuke enbarazurik egin nahi.

        — Zer enbarazu eta zer...! Ekarri hona arropa horiek.

        Xabi eta Nagore begira zeuzkatela oharturik, amak gela erakusteko gonbidapena egin zion mutilari:

        — Han lasaiago desegingo duzu poltsa.

        — Ederki —esan zuen Nikok.

        Korridoretik gelara abiatu ziren, patinete gainean joan zitzaien atzetik Xabi.

        — Xabi, ez ibili horrekin etxean.

        Mutilak ohe gainean jarri zuen poltsa, eta besoak erorita geratu zen begira, irribarre herabez. Belarrian hazka eginez esan zuen:

        — Gela ederra daukak —eta begira gero—: Hor egiten al dituk lanak?

        Sorbaldak jaso zituen Xabik, eta erantzun zuen nahiago zuela lurrean etzanda.

        — Kontua egitea duk.

        — Orain esan duzu egia —sartu zen ama—. Mutil azkarra da, baina alfer samarra —beti esaten zuen gauza bera.

        Ongi zekien Xabik, izatekotan, kontrakoa zela: saiatua baina ergel samarra. Une batez pentsatu zuen nolako zaputza hartuko zukeen amak egiaz jabetuko balitz, noizbait ustezko seme azkar hura zinez motela zela esango baliote.

        «Zure semea, zera, ergel erabatekoa da».

        «Zer esan nahi duzu?».

        «Uste genuen alferra zela. Baina okerragoa da: ez du ulertzen».

        Amaren negarrak.

        Malgukiek karranka egin zuten iritsi berriaren ipurdi azpian.

        — Utz dezagun Niko bakarrik.

        Leiho aldera begiratu zuen Nikok. Atea itxi zuen amak.