56
Arratsalde batean arreba aurkitu du Orioko pilotalekuan, harmailetan eserita, galtza motzez jantzita. Badaki, esan egin diolako, ez dagoela pozik egokitu zaion etxean. Baina Xabik ez dio Nagoreri ulertzen; haren etxean behintzat hiru haur daude, eta igande gauetan Realaren golak ikusten uzten diote, eta ez du astirik bakarrik sentitzeko. Arrebarekin topo egiteak gogaitu egiten du, beti ari zaiolako esaten ez duela han segitu nahi. Ezin ditu haren kexuak eraman.
— Zer iruditzen zaizu —proposatu dio Nagorek— gaua geure etxean igarotzea?
— Nola sartuko gara?
— Baditut giltzak.
— Bai zera.
Nagorek giltzak atera ditu patrikatik, hatz erakuslean zintzilik utzi ditu.
— Nondik atera dituzu?
— Amatxoren mesanotxetik.
— Eta zer afalduko dugu?
— Izango da zerbait. Benga, goazen.
Arrebaren premiak gogaitzen du, baina ez du ezetz esateko adorerik aurkitzen.
Etxeko atea zabaldutakoan usaina sentitu du Xabik lehenik, bere etxekoa delako, baina jada hartaz ahazten hasia. Zakurra bere oinetara noiz etorriko zain dago, baina badaki ezin duela etorri, hura ere Oreretan baitago, agian gurasoen ohe erraldoi zerrauts usainekoan. Nagore korrika joan da egongelara eta telebista piztu du. Badabil. Korridoreko afixari so egin dio Xabik, Che Guevararen irudia, Jokinek behinola ipinia, txintxeta herdoilduetatik zintzilik. Haren azpian «Hasta la victoria, siempre», eskuz bezala idatzia. Sabela atera zaio afixari, erortzen hasia da, Cheren irudia bihurrituta ageri da horman, duintasunik gabe.
Nagorek eta Xabik tratua egin dute, egokitu zaizkien etxeetara deituko dute, bat bestearen etxean geratuko direla esateko. Xabik badaki inor ez dela larrituko, inork ez duela galderarik egingo. Baina Arantzaren jarrerak harritu egin du, pena hartu izan balu bezala.
— Baina nolatan geratuko zara han, gehiegi dira!
Dardara dauka Xabik eztarrian, aitzakiarik prestatu gabe zegoen. Telefono aurrean ikus dezake Arantza, ezkerreko eskua eskuineko besoaren ukondoari eutsiz, matrailezurrak estututa, berea duen seriotasun horrekin.
— Beraiek eskaini didate gelditzea. Ezin izan dut ezetz esan.
— Ongi da. Datorren asteazkenera arte.
Biltegian begiratu dute, hutsik dago; baina antxoaz betetako oliben poto bat aurkitu dute ireki gabea. Hozkailuan, berriz, Nutella poto bat, barrukoa aspaldi gogortuta duena. Antxoak jatea erabaki dute, Nutellarekin arriskurik ez hartzea.
Hamabi botoi ditu telebistak, bi ilaratan banatuak. Kate bat sakatutakoan, zenbakiari argi gorri txiki bat pizten zaio goian. Katez kate hasi da Xabi eta, halako batean, Louis de Funesen aurpegia agertu denean, oihuka hasi zaio Nagore, uzteko eta uzteko. Martetarrez jantzita dago Louis de Funes, eta beti bezala beste bati purrustak botatzen ari zaio, begiak asko zabalduz, gorputza inarrosiz, hitz egiterakoan ezpainak kanporatuz. Berehala hasi dira barrez anai-arrebak. Xabi seguru dago aita hemen balego hura ere barrez egongo zatekeela, negar malkotan, algaraz eztulka amaitu arte. Kasu egiten bazenion eskua altxatuko zuen, zaude!, eta hantxe geratuko zen eskua altxatuta, telebistatik begiak ezin kendu. Eta halako batean Louis de Funes txiklez betetako ontzi batera erori da, eta Nagorek sukaldetik jan behar ez zuten baina azkenean jango duten Nutella potea ekarri du, eta poteko izkinak arakatzeko labana.
Zein handia dagoen arreba, ia emakumea da. Hain ikusi du Xabik emakumetuta, konturatu baita bere arreba ez duela zinez inoiz ikusi. Zergatik ikusten ditugu pertsona batzuk eta besteak ez? Xabik badaki zer den ez ikusia izatea, eta intsektu baten pare sentitu da arrebari hori egin diolako. Urteetan. Barkamena eskatu beharko lioke?
Duela lau urte topoz Hendaiara eskutik emanda etorriz geroztik, arrebaz ahaztu da Xabi, ez daki ezer hari buruz. Esan egin behar lioke:
— Miserable bat izan naiz, bakarrik utzi zaitut.
Baina esan dio:
— Zein ongi gure etxera etorri garela.
Arrebak berezkoa duen keinu xalo horrekin so egin dio, aho ertzak Nutellaz beterik. Eta irribarre egin dio.
Esan nahiko lioke:
— Zeinen pozik nagoen zurekin. Benetan zoriontsu sentitzen naiz aspaldi ez bezala.
Baina esan dio:
— Emadazu Nutella pixka bat.
Eta Nutella ahora eraman du, nahiz eta azken hilabeteetan bere dieta kasik bakar bilakatu den txokolateaz nazkatuta dagoen. Gogorra dago, pixka bat mikaztuta, baina irentsi egin du hala ere.
Louis de Funes txiklez betetako ontzitik atera da, burdinazko eskailerak jaitsi ditu eta laprast eginez hasi da oinez. Biak barrez ari dira. Gaizkile batzuengandik ihesean dabil, txikle fabrikan galduta. Pausoak ematean oinetatik txikle burbuilak ateratzen zaizkio.
— Lastima mendazko txiklea den —esan du Nagorek.
Eta Xabik esan dio:
— Elkarrekin lo egingo dugu?
Arrebak baietz egin du buruarekin. Eta gero esan du:
— Seguru ez dela txiklea, espinaka purea dela.
Komunera joateko zutitu da Xabi, korridorea ikusi du ilunpetan. Manu hara eta hona zebilen garaiak oroitu ditu. Badirudi mila urte igaro direla. Orain Carabanchel izeneko kartzela batean omen dago, beste euskaldun batzuekin. Etxean zegoenean argaldu egin behar zuela sartu zitzaion derrepente kaskezurrean, eta korridorean hara eta hona ibiltzen hasi zen. Orduak ematen zituen horrela. Gero harrotuta esango zuen:
— 10 kilometro egin ditiat, 1.000 itzuli.
Gelara sartzean lanpara falta dela ohartu da Xabi, ezin du argia piztu. Maindire gabe dago bere ohea. Eta Manuren ohe tolesgarria, noski, ez dago, barnetegian berak erabiltzen duena baita. Lurrean zerbaitek dir-dir egiten duela ikusi du. Ahaztuta zeukan Audi Quattro txikia da. Esku ahurrean ibilarazi du, atea zabaldu dio gero. Aurpegi aurrean jarri du, eta alde batera eta bestera biratu du, autoa bere osotasunean ikusteko.
— Xabi! —egongelatik deika ari zaio arreba.
Telebistan Louis de Funes ikusi du berriz. Ez dauka txikle arrastorik, koadrozko traje batez jantzita dago. Telebistan segundo batetik bestera garbitzen dira, denetik daukate janzteko, arropa zaharrak eta berriak.