13
Ikastola berriari buruzko jakin-minez, hipotesiak egiten jardungo zuen Xabik uda osoan, esperantza baitzeukan Oreretakoan baino hobeto moldatuko zela berrian. Eta esperantza areagotu besterik ez zitzaion egin Txominek parrilla egingo zutela esan zionean, ikastolaren lehen festarako eskatu ziotena.
— Ahalik eta handiena egingo dut, handia da-eta ikastolak dituen premiak. Xentimorik gabe zabiltzak —esan zion Xabiri, soldatzeko kaskoa aurpegian paratzera zihoala.
Gabezia hark, hunkitu ordez, adorez bete zuen. «Xentimorik gabeko» ikastola berri hura ez baitzen batere beldurgarria, Xabiren buruan behintzat. Eta gainera, berak ikastolaren ezintasuna arintzen lagundu nahi zuen, Txominen aldean kokoriko jarrita, erreminta kaxaren alboan, Txominek erremintaren bat behar bazuen azkar emateko.
— Ekarri kurrika.
— Kurrika... —erantzun zuen Xabik, atzamarra ezpainetan jarrita, erreminta kaxa barruko tresna arrotz haiei guztiei begira, haien artean kurrika izateko itxura zeinek ote zeukan asmatu ezinean.
— Arrainaren itxura dik —laguntzen saiatu zen Txomin, baina fruiturik ematen ez zuela konturatuta, belaunen gainean ibiliz gerturatu zitzaion, eta kurrika Xabiren aurpegi parean ipiniz esan zion—: Errepara egiok buruari, ikusten duk? Eta gorputza? Hara!, ez al dik arrain itxura?
Zergatik zeukan halako izen aldrebesa?
— Zergatik ez diote arraina esaten, arrain itxura badu?
— Galdera ona.
Parrillero ospeak Txomin jazartzen zuen ordurako. Etxean bazuten bat, txikia, Hegoaldetik baten batek hega-motzak, txuletak edo saiheskiak ekarriz gero bertan erretzeko. Txominek parrillarekin zeukan trebezia goraipatzen zuten heldu guztiek; eta egia eternala zen hura Xabirentzat, dinosauroen garaiaz geroztik mundu guztiak ezagutzen zuen egia, betiko iraungo zuena, mendietan zuhaitzek eta harriek bezala.
Astronauta itxura zeukan soldatzeko estalkia aurpegian jartzen zuenean, baina Xabirentzat gutxi irauten zuen ikuskizunak, ondo esana ziolako ez zezala begiratu soldatzen ari zenean, begi-niniak kaltetzen zituelako suak. Hain zen tentagarria, ordea, txinparta erauntsiari so egitea!
Goiz osoa eman zuten horretan.
Fagor irakur zitekeen Xabik zeraman txanoan, eta ezin esan harro ez zegoenik, Txominek zin egin baitzion bere lehengusuak emandako txanoa zela, txano «profesionala», Tourra egindakoa. Burua ez zikintzeko utzi zion txanoa, baina Xabik beldur gehiago zeukan txanoa zikintzeko, burua zikintzeko baino.
Nagore eta Txominen alaba Ainara ere laguntzen ari zitzaizkien. Ez zen makala parrilla berri hark eskatzen zuen lana. Burdinak han eta hemen, batzuk laukiak (egiturarenak), zilindrikoak besteak (parrillari zegozkionak), eta anabasa hura probetxuzko zerbait bilakatzeko, gizon bizardun hura eta bere kide txikiak, kurrikak eta bihurkinak (bereizten ez zituztenak).
— Kontuz, azkoin txikiak eta handiak nahasi gabe —ohartaraziko zion.
Xabik bazekien azkoinak tuerkak zirela, minutuero eskatzen baitzion bakarren bat. Baina ez zituen nahasiko, propio batzuk patrika batean eta besteak bestean gordetzen baitzituen.
Polita zen ikastola berria eraikitzen laguntzen zihardutela sentitzea, ez horrenbeste eraikuntzaren balioaz jabetzen zelako, baizik eta horrek baztertua izateko beldurrak burutik kentzen zizkiolako. Eta poz harengatik kutsaturik zirudien Txomin berak ere. Zela kantuan ari zelako, zela eskuekin egiten zuena azaltzeko joera zeukalako, ez zen une batez ere isiltzen.
— Zer eskatzen du herriak? Amnistia! —kantatzen zuen, zilindroen arteko aldea neurtzen ziharduen bitartean.
Eta gero:
— Ederki, bost. Bat, bi, hiru... badiat beste hamalau jartzeko tartea.
Ozen ari zen, baina inork ez zuen esaten zuena ulertzen. Nahikoa zeukan Xabik, uneoro azkoin egokiak ematen, eta Ainarak eta Nagorek burdinazko xaflak eta zilindroak egoki txukuntzen.
Xabiri, oro har, ez zitzaion jende alaia gustatzen. Ez zitzaizkion gustatzen mozorrotzen ziren edo dantza egiten zuten gizonak, edo mozkortuta txoroarena egiten zutenak, buruan gauzak jarri eta imintzioka. Bere aita serioa eta dotorea zen haien aldean. Eta gizonek horrelakoak izan behar zuten, Xabiren irudiko.
Txominek alai egiten zuen kantuan, baina ez zen gizon lotsagarria, sendoa eta gaitasun berezikoa zelako.
Baina deigarriena zen Txominek ez zuela pazientzia galtzen, Xabik okerreko erreminta ematen bazion edo Nagorek xaflaren bat lurrera erortzen uzten bazuen. Zerikusirik ez aitak lanean izan ohi zuen aldartearekin. Makina bat bider ikusia zeukan hura lanean, eta ez zen, ez, soseguz betetzen zizun ikuskizuna.
— Bakarrik geratu gaituk! —esan zuen Txominek bat-batean.
Hala zen. Maider eta Gotzon desagertuta zeuden. Baina beti zeuden desagertuta azkenaldian. Eta Xabik, denek bezala, bazekien zergatik, zergatia onartzea kosta egiten zitzaion arren. Gurasoek, trufaka, «sasira joanak» zirela esaten zuten, «a la clandestinidad», eta barre egiten zuten. Baina barregarritik gutxi zeukan harreman hark Xabiren begietara. Are, traizioa ere bazen. Zeren eta denak elkarrekin egoteko hitzarmena egina baitzuten ugartetarrek, sekula hitzarmen deitu ez bazioten ere. Eta elkarrekin egoteko modu bitxia zen, gurasoen lagunen alabarekin ezkutuan ibiltzeko erabaki hura.
— Deitu besteei —esan zuen Txominek hasperenka—. Garbitu egingo gaituk.
Koipe beltzez zikinduta zituen aurpegia eta mahoizko galtzak. Bisonte bat, horixe zirudien Txomin iletsuak, burdina haien artean.
Xabi biltegira joan zen zuzenean, han sartzen ikusi baitzituen Gotzon eta Maider ordu pare bat lehenago, eta Txominen agindua aitzakia perfektua zen anaia zelatatzeko. Zerrauts eta hezetasun usaina zegoen biltegian. Haztamuka ibili behar izan zuen estropezu ez egiteko. Ahalik eta zarata gutxien egin nahi zuen, anaiari astirik ez ematearren, baina besoa mahai gainean zegoen mailuaren kirtenarekin kateatu eta lurrera bota zuen. Biltegi barruko gela txikian zaratak entzun ziren segituan, oinetakoen igurtzia oholen kontra, eta murmurio txiki bat: ezkutuan dagoenaren larritasuna. Gela barruan aterantz begira imajinatzen zituen anaia eta neska, biak ere erne, atezuan. Zertan ari ote ziren? Zer zeukaten, ba, ezkutatzeko? Kolpean ireki zuen atea Xabik. Oso ilun zegoen, baina oinetakoak ikusi zituen, anaiaren mendiko botak aurrerantz zola erakutsiz, eta neskarenak saiheska. Anaia besarkatzen ari zen!
— Ospa!
— Zuen bila etortzeko esan dit Txominek.
— Ba etorri haiz. Orain alde hemendik!
Bi-biak sumatzen zituen, haien arnasa konplizeak. Bietako batek mihia kliskatu zuen, eta zerbait xuxurlatu ondoren mugitzen hasi ziren. Zigarro usaina zegoen.
— Zer ari zarete?
— Gor al hago!
— Erretzen ari al zineten?
Gotzonek burua agertu zuen:
— Ospa esan diat.
— Nik abisatu dizuet —amaitu zuen Xabik, etsita.
Eta alde egiten hasi zen, baina poliki, bazekielako laster aterako zirela, eta irteten ikusi nahi zituen, bekatuaren arrastoei erreparatzeko. Eta ez zebilen oker, atera orduko arropak lisatu baitzituen neskak, eta gero eskuak ileen artean sartu zituen, haiek orrazteko edo, hobe, haiek normalean izan ohi zuten nahaste-borraste neurtura egokitzeko. Abailduta sentitu zen Xabi, jelosiak jota, baina ez zekien sentimendu horrekin zer egin; indartsuegia zen kasu egiteko, eta indartsuegia zen kasurik ez egiteko.
Xabiren sentimenduak asmatu balitu bezala, alaitasun bortxatu batez mintzatu zitzaion Maider:
— Amaitu al duzue parrilla?
Ez zion erantzun, neskak bere haserrearen berri izan zezan nahi baitzuen: ez zegoela harreman harekin ados. Zer besterik egin zezakeen? Norbaitek sabela eskuekin erauzi izan balio bezala sentitzen zen, gorputzeko odol guztia galduta.
— Katuak mihia jan al dik? —tematu zen Maider.
Eta justu une horretan anaiak eskua bizkarrean jarri zion, eta aterantz bultzatu zuen, baina konfiantza handia eta elkarrekiko harreman fisikoa adierazten zuen keinu batez. Hirurak ilaran joan ziren etxearen aurrealdera.
Zer ikusiko ote zion neskak mutil harro pikorrez betetako hari?