Poesia kaiera
Poesia kaiera
Carlos Drummond de Andrade
itzulpena: Koldo Izagirre
2014, poesia
64 orrialde
978-84-92468-61-4
Carlos Drummond de Andrade
1902-1987
 
 
Hitzaurrea
Beņat Sarasola

      Carlos Drummond de Andrade Brasilgo poesiako autore kanonikoetako bat dugu, literaturaren historietako XX. mendeko atalean salbuespenik gabe ageri zaiguna. Korronte modernistan kokatu izan da gutxi-asko, baina haren bigarren belaunaldiko kide gisa edo modernismoaren ondorengo gisa. “Modernismo” hitzak esanahi aski diferenteak gorde ohi ditu literatur tradizioaren arabera. Brasilgo literaturan, 1922ko Arte Modernoaren Astean jartzen da abian modernismoa, besteren artean, Mario de Andrade, Oswaldo de Andrade eta Manuel Bandeiraren eskutik. Azken honi eskaini zion Drummondek poema zorrotz eta umoretsu bat, Literatur politika. 1922ko Belaunaldiko kideek askatu zuten Brasilgo poesia egitura tradizional eta metrika zurrunetatik, eta Drummondek berak ere, haien ildoan, bertsolerro eta poesia librearen hautua egingo du, Poetaren begiramena poeman irakur dezakegun moduan.

      1902an jaio zen Itabiran, Minas Gerais probintzian. Jaioterria sarri ageri da bere poesian, antologia honen irakurleak konprobatu ahalko duen legez. Garai politiko eta sozial gorabeheratsuak bizi izan zituen: 1930eko iraultza, Getulio Vargas-en agintaldiak, estatu kolpeak, 1964tik aurrerako diktadura militarra... Garai gatazkatsu horren zantzuak sumatzen dira lerro nahiz lerroarteetan. Poeta moduan da ezbairik gabe ezagun, baina prosa lanak ere argitaratu zituen, ipuinak eta kronikak batik bat.

      Drummonden poesiaren ezaugarri deigarrienetako bat bere aberastasuna da. Taxuera, forma, gai, erritmo askotariko poemak aurkitzen ahal ditugu bere obran —eta baita, honenbestez, antologia honetan—. Obra poetiko oparoa izan zuen Drummondek, berrogeita hamar urte baino gehiagoz luzatu zen haren emari poetikoa, eta denbora horretan bertsokera ugari saiatu zituen. Hor ditugu erritmo jakin batzuen bidez eta errepikapenez ondutako poemak, Bidearen erdian edo Bonba kasu, edo lengoaia poetikoaren abilezia nabaria ageri duen Giza berbaren inguruko otekizunak edo Eztuzki, liluzki, ilunuzki, maituzki. Hor ditugu, bestalde, Amerika moduko zurrunbilo-poemak, edo prosa poetikora hurbiltzen den Langilea itsasoan. Irakurleak umorerik ere ez du faltan izango, Objektu Hegalari Ezezagunak hizpide dituen Plater baten beharrean poema bikainean adibidez.

      Eduki soziala duten poemak ere azpimarragarriak dira Drummonden poesian. Inork pentsa lezake futbol partida edo txapelketa bat nekez izan daitekeela poesiarako gai, baina brasildarrak aurreiritzi horiek hankaz gora ipini zituen 1970. urtean Mexikon jokatutako eta Brasilgo selekzioak irabazitako Munduko Futbol Txapelketaren harira idatzitako liburuarekin: Futbol a arte (Futbolaren artea). Hango bi poema topatuko ditu irakurleak antologian: 70eko Munduko Kopa I eta 70eko Munduko Kopa II. Brasilgo kultur adierazpen sonatuenetako bati, inauteriari alegia, egindako erreferentziak ere anitz dira bere obran, eta antologian hari buruzko poema oso bat dugu: Festa II. Inauterien hordialdiaren poz eta nekeak, tasun eta keriak irakurriko ditugu poeman zorrozki deskribaturik; menturaz, euskal irakurleak, Drummondek “inauteria” ipintzen duen tokian “San Ferminak” ipiniko du eta poema auzoak idatzitakoa dela irudituko zaio. 

      Drummonden ironia eta zolitasunaren gibelean poeta egiati eta leial bat sumatzen ahal dugu, idazle engaiatua haren idazkiekiko bere inguruarekiko bezain. Drummondek berak beste inork baino hobeki esan zuen moduan: “Irriņoa besterik ez naiz / gizon isil baten aurpegian”.