Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Ez du esplikazio handirik behar, Gaizka Sarasola
1. Ehorzketa, arratsaldeko eguzkipean
2. Arratsalde bukaera, autobusa etorri da
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Ez du esplikazio handirik behar, Gaizka Sarasola
1. Ehorzketa, arratsaldeko eguzkipean
2. Arratsalde bukaera, autobusa etorri da
Sar hitza
ehaze
Erronkak maite ditu Axut!ek. Antzerkia euskaraz soilik egiteko nahiak bultzaturik Le Petit Théâtre de Pain bezalako konpainia egonkortu baten babesa utzi eta kolektibo berri bat sortzea erabaki zuten Ximun eta Manex Fuchs anaiek. Ordutik, ukaezina da beraien konplize nekaezinekin batera, tartean Arantxa Hirigoyen eta Argi Perurena, Euskal Herriko antzerkigintzan eragin duten astinaldia.
Baina ez da soilik astintzea beraien jarduna hobekien definitzen duen aditza. Saretzen, elkartzen, bide lagun berriak bilatzen ere badute afana. Ez da kasualitatea Axut!ek bere izenean ekoitzitako lehen lanerako, Zazpi senideko, bertze hainbertze bidaiderekin lan egin izana. Eta bide horretan tematuta segitzen dute, iparra eta hegoa ez ezik, ekialdea eta mendebaldea ere elkartuz, antzerkigintza zinemarekin uztartuz, sortzaileentzako formakuntza eta plaza berriak sustatuz, eta noski, mugakoak izanik, antzezle profesionalen eta herrikoien arteko mugalari lanetan arituz.
Beraiek horrela zehaztuta, euskal antzerki garaikidea eta herrikoia dute helburu. Hau horrela izanik, ezinbestean egon beharra dute beraien ingurura adi; zentzumen guztiak komunitatera begira, momentuko kezka eta arazoak identifikatu nahian beraien sorkuntzak elikatzeko. Eta horrela, gatazka geopolitikoek laborantzaren krisia agerian utzi duten garaiotan, Baxenabarreko herri laborari xume batera hilabete batez ehunka antzerki ikusle bertaratzea lortu dute. Hilabete batez, Izura herria eta Latsaga gaztelua izan ziren antzerki munduko erdigunea, eta Lurrez estali, antzerki zale guzien ahotan bolo-bolo zebilen fenomenoa.
Laborantzari buruzko antzezlan bat da Lurrez estali; laborantzan jarduten dutenen zailtasun eta arazoak plazara ateratzen dituena. “Garai bateko” antzerkiaren oihartzunak, gure garaietara ekarriak. Konplexurik gabe. Beti erakutsi izan duen atrebentziaren gainetik, premisa argi bat duelako Axut!ek. Badakite zeinentzako eta zertarako egin nahi duten antzerkia.
Esku artean duzuen liburu hau gozamen iturri izanen dela espero dugu, baina kontu eman orrialde hauetan gehiegi trabatu gabe, gutxien espero dugunean azaleratu daitekeelako Axut!en hurrengo erronka!