Lurrez estali
Lurrez estali
Ximun Fuchs
Azaleko irudia: Oier Zuņiga
Diseinua: Metrokoadroka
2024, antzerkia
104 orrialde
978-84-19570-34-5
Ximun Fuchs
1974, Larzabale
 
 

 

4. Afaria, gaua heldu da

 

 

(patxik eta beņatek mahai bat instalatzen dute kanpoan. patxi, zauritua eta odolez beteriko eskua lotura handi batekin babesten du. aņak eta ibanek kaderak instalatzen dituzte, eta jakiak mahaian zabaltzen edatekoekin bat. ibanek gauza pare bat dastatzen du bidean aņak gaizki begiratu arren. Besoak gurutzaturik, petri sartzen da eta jartzen da. beņatek trago bat hartzen du ordularia begiratuz.)

 

beņat: Zer egiten dute... Oilaskoa erreko zaigu azkenean...

 

iban: Nigatik, hasten ahal gira.

 

aņa: Auzoetaz ari duk. Hik, jateari utzi gabe gosearekin segitzen duk edozein gisaz. Maluruski, denek bezala, itxoingo duk.

 

(patxik ufatzen du zauritutako eskuan, mina ez zaio pasatzen.)

 

iban: Auzokoak etorri orduko afalduko dugu?

 

beņat: Baietz! Jan, jan eta jan. Ez duk besterik buruan! Ezin sinetsizkoa duk. Arratsaldean bakarrik botila bat ardo irentsi duk, gasna puska handi bat, xingarra: bost xerra, bederen. Eta gero bi kafesne, hamar bat gaileta... Beldurtzekoa baduk! Gizon hain fina eta urdailean amildegia!

 

iban: Mendiko airea duk, gosea puzten zaidak.

 

patxi: Behartua naiz zuekin afaltzea?

 

aņa: Bai.

 

patxi: Min dut hor, ez dakit ez dudan tetanosa harrapatu, pentzeko burdin haria arrunt herdoildua zen, ama.

 

aņa: Lasai, txertoak egunean dituk. Pasako zaik.

 

(aņak telefonoa hartzen du, eta urruntzen da mintzatzeko.)

 

aņa: Ai, dios... Bai? Aaaaa, bai... Ontsa? Ez, ez, ez da deus. Familia afaria...

 

(aņak segitzen du telefonoan auzokoak etorri arte.)

 

beņat: Beste egun bat ulertuko zuten?

 

aņa: Mailez? Noiz? Ados, gero begiratzen dut txostena.

      Nola? Ez da posible. Ez, hola ez! Erran nuen... Ados... Bai...

 

(beņat ateratzen da biderantz.)

 

beņat: Alta segur naiz asteartea erran nuela. Asteartea, zortziak aldean.

 

(petrik zertxo bat hartzen du dastatzeko, baina ez zaio gustatzen. Berehala berriz ezartzen du platerean eskuarekin.)

 

iban: Mahaiko plazerak preziatzen ez dituena, munstro bat da... Munstro bat zentzu moralean!

 

petri: Ohartzen haiz ez dugula sekula irririk egiten umorea egiten duanean? Garaia duk ohartzeko.

 

iban: U, atorra ezarri duzu? Ez zira beldur zikintzea?

 

patxi: Problema ez da irria, aitatxi. Problema atentzioa da. Ezikusiaren arrangurak janik, “kluna” egiten du gure begiek ikus dezaten hor dela.

 

(ibanek zartako ttikia ematen du patxiri buru gainean, eta patxik ihardukitzen dio baso bat ur aurpegian isuriz —justu auzokoak heldu direnean—.)

 

beņat: Sar zaitezte, sartu. Aņa, etorri! (ibani ahapeka) Zertan ari haiz? (Denei) Hara, Ekhi, Elena, Aitzane...

 

edurne: Edurne.

 

beņat: Edurne, bai. Edurne, Aita, Aņa, Patxi, Iban... Nun da Paxkalin? Paxkalin? Ongi etorri eta... jarri. Trankil. Etxean bezala. Nun deabru sartu da Paxkalin?

 

(denak agurtzen dira —ez dakite arras nola: potta ala eskua? Kasuen arabera—.)

 

elena: Barkatu berantagatik.

 

beņat: Sagarnoa? Arnoa? Garagarnoa? Jarri, jarri, heldu naiz. Paxkalin?

 

(elena petriren ondoan jartzekotan zen, baina harekin soa trukaturik, lekuz aldatzen da eta senarraren ondoan lekua hartzen du. Arranguraturik, aņak erantzuten du mezu pare bati telefonoan. beņat sukaldera joan da. ekhik garagarno bat irekitzen du eta zurrupa ederra hartzen du.)

 

ekhi: Barkatu berantagatik e. Edurne dutxan zen, eta gazteak, badakizu, behin bainugelan sartuta, ezin atera! Osagarriari!

 

aņa, elena, beņat eta iban: Osagarriari!

 

edurne: Hilabetekoak ditut. Odolez trenpan nintzen, eta tanpoia ezin sartuz ibili naiz.

 

(ekhi eta elena kasik itotzen dira.)

 

elena: Ez genituen bortxaz detaile guziak jakin behar...

 

edurne: Orduan ez nazazue erabil aitzakia bezala konplizitate faltsu baten sortzeko. Sartu orduko, ohartuak ziren ez dugula lagunik.

 

(Isilunea.)

 

iban: Nolako euria egin duen azken egunetan. Ezin sinetsia.

 

(patxi altxatzen da eta edurneren ondoan jartzen da.)

 

ekhi: Ikaragarria. Euria, euria eta euria.

 

elena: Eta oino, gu ontsa gira. Baina Senperen...

 

ekhi: Eta Ainhoan...

 

iban: Uf, bai... Ainhoan... Uf...

 

(beņat eta paxkalin oilaskoarekin sartzen dira.)

 

beņat: Egin lekua, egin lekua! Kasu! Paxkalin, Ekhi, Elena eta...

 

elena: Edurne.

 

beņat: Edurne. Erranen nuen. Ez dakit zendako eskapatzen zaidan, ze zozoa. Edurne. Ez da konplikatua. Edurne. E-dur-ne.

 

(beņatek zerbitzatzen ditu “Edurne” errepikatuz molde guztietan eta denak jaten hasten dira.)

 

patxi: Patxi.

 

edurne: Entzuna nian, bai.

 

patxi: Lanean zauritu naiz, pentzeetan. Min dut biziki, baina pasako da.

 

ekhi: Eta zuk zer egiten duzu bizian?

 

paxkalin: Ni laborantzan naiz CDDan eta bestela liburuak idazten saiatzen naiz.

 

elena: Ooo, zer gauza, jakin banu idazle batekin jango genuela...

 

aņa: Lasai, inork ez du irakurtzen.

 

(petriri poker bat eskapatzen zaio, eta segitzen du jaten.)

 

elena: Eta... nolako liburuak idazten dituzu? Frantsesez egiten dituzu? Zeren nik euskaraz irakurtzeko izugarrizko zailtasunak ditut.

 

paxkalin: Ez, euskaraz idazten dut. Frantsesez ez luke interesik.

 

beņat: Barazkiak norbaitek?

 

iban: Nik! Eta frantsesez... zuk zer irakurtzen duzu?

 

elena: O, egia erran, ez dut anitz irakurtzen, baina euskaraz biziki zaila da.

 

beņat: Nik berdin. Berdin! Edurne? Barazkiak?

 

(edurnek ezetz adierazten dio eskuarekin.)

 

iban: Arnoa?

 

elena: Sorta bat. Liburu bat irakurri nuen; nola zen... A! Telebistan pasa zen... nola izena zian, Ekhi?

 

ekhi: Uf... Zer, hori hor? Komunetan hilabetetan egon zen liburua?

 

elena: Berdin da. Eta... nobela beltzak edo maitasunezko liburuak idazten dituzu?

 

paxkalin: Saiakera poetiko post-iraultzaileak idazten ditut.

 

aņa: Erran nizun, ez da telebistan pasatzeko literatura.

 

paxkalin: Literatura herrikoia baitut helburu. Literatura errexa literatura burgesa da. Jendea kontent da, eta ez da bere erosotasunetik mugitzen. Kontsentsu motela. Ez da ezer gertatzen. Literatura zaila literatura burgesa ere bada, elite batentzat idatzia da eta jende herrikoia elitetik kanpo sentiarazteko egina da. Literatura herrikoi bakarra literatura hiperzaila da. Denak berdintzen gaitu gure zorroztasunean. Komunismoa literatura bihurtua.

 

(Isilunea.)

 

elena: Egia da, telebistan, biziki berant ez bada, zaila ikusten dudala pasatzea.

 

edurne: Eta gauero lokartzen zirenez telebista aitzinean hamarrak jo orduko... Are zailago. Barkatu, Patxi?

 

patxi: Bai?

 

edurne: Ezer jan gabe, animalia bitxi bat bezala begiztatzen banauk, lotsatzen nauk doi bat.

 

patxi: A... Barkatu... Zer... Egiten dun estudio bezala edo... Non haiz lizeoan?

 

edurne: Baionan, Villa Pian. Barnetegian. Aita-amek, denek bezala egin nahi ditek beti, eta beti saiatzen dituk telebistan erraiten direnak gauzatzen. Orduan, konfinamendua eta gero erabaki ditek telelanean buruz behera sartzea eta kanpaņan instalatzea. Bizia ez zaiek anitz aldatu, lehen ere ez zitean lagun handirik. Baina nik bai. Orain asperdura sozialaren poetika post-iraultzailean ibiltzen nauk ni ere bai.

 

patxi: A... Ez dun biziki... cool.

 

(ibanek arnoa zerbitzatzen du berriz gonbidatuei.)

 

elena: Ez naiz ados! Kasu, ez naiz erraiten ari erraiten ari naizena. Badakit pentsatzen duzuena ez dela bortxaz nik pentsatzen dudana, baina gauzak erratekotan, erran erran behar dira. Ahoan bilorik gabe!

 

(Arno zurrupada handi bat hartzen du kemena pizteko asmoz.)

 

elena: Batzuetan, oraingo gazteak, uf!

 

(edurnek entzungailuak ezartzen ditu bere amari bizkarrez emanez. elena berriz jartzen da. aņa altxatzen da.)

 

aņa: Barkatu... Telefono ukaldia pasa behar dut, bost minutako afera da.

 

beņat: Aņa hautetsia da, eta beti baditu gauza inportanteak egiteko. Baina biziki kontent da zuek ezagutzea, e, erran dit, lehen.

 

iban: Arrunt ados naiz zurekin, Elena, gauzak erran, erran behar dira. Oraingo gazteak pixka bat...?

 

(elena berriz altxatzen da.)

 

elena: Edurne! Errango dinat zerbait. Gu, gaztetan, hi baino zoriontsuagoak gintunan. Gure garaian, musikak ez ziren ateratzen telefono batetik! Musika, merezi behar zen! Mobiletaz kilometroak egiten genituen, stopez Euskal Herri osoa zeharkatzen ginuen, eta ez zen blablacar-ik!

 

(paxkalin aharrausika ari da, eta elena berriz jartzen da.)

 

elena: Barkatu, aspertzen zaituztet.

 

paxkalin: Batere. Zinez, segi. Interesgarria biziki.

 

(elena berriz altxatzen da.)

 

elena: Ados, ba... Erran dudanari konklusio bat atera behar badiot, hau erran errango dut: guk gaztetan bagenekien maitatzen. Eta hastiatzen. Eta, beraz, jendeak bazekien sumintzen eta mespretxatzen, baina duintasunez!

 

(Isilunea.)

 

beņat: Arrunt ados. Ez? Arrunt!

 

patxi: Ederki, eta gure garaian, beraz?

 

elena: Uste dut ezetz. Barkatu baina ez. Zero. Nul.

 

(edurnek entzungailuaren eskuineko partea ematen dio patxiri berak ere entzun dezan musika. ibanek arno botila berri bat irekitzen du.)

 

paxkalin: Uste dut “lehen hobeki zen” erraiten delarik, esaldiaren erdia baizik ez dugula erraiten. “Lehen hobeki zen, gaztea nintzelako”. Hau da esaldi osoa. Egia biribila. Zeren bestela ez da ulertzen: zer zen hain hobeki lehen? Zer? Ez erantzun, otoi, galdera erretoriko bat da.

 

beņat: Paxkalin, otoi...

 

paxkalin: Oilasko gehiago?

 

(petri, iban eta ekhik platera luzatzen dute eta zerbitzatzen ditu.)

 

iban: Eta bestela... Zuk zer egiten duzu zehazki?

 

ekhi: Informatikaria naiz. Eta Elena idazkaria da Garaziko herriko etxean.

 

elena: Ordezkapen bat egiten dut sei hilabetez, baina pentsatzen ari naiz denda bat irekitzea, tokiko artisautza garatzeko.

 

beņat: Segur naiz martxatuko dela. Nik adibidez, biziki maite dut artisautza.

 

(Sutan, aņa sartzen da.)

 

aņa: Deabrua sar balekio! Zozoak! Aluak eta zozoak, redios! Barkatu, laneko gauzak... Zer... Zertaz ari zineten?

 

(ibanek arnoa berriz zerbitzatzen du.)

 

iban: Ekhi informatikaria dela.

 

ekhi: Bai, logistika programak garatzen ditut. Orain, lan anitz bada Ukrainako gerlarekin. Garia eskas izango dugu, eta neguan gosetea ekiditeko ari gira antolatzen.

 

iban: A? Hau ez zen aitzakia bat orduan? Erran nahi dut Ukrainak munduko gariaren % 5a besterik ez du ekoizten, ez? Errealki espekulazio kontua besterik ez zela uste nuen nik.

 

aņa: Hala duk, bai. Europaren eta Estatu Batuen erreserbak beteak dituk, prezioa gora mantentzeko eta garestiago esportatzeko.

 

paxkalin: Gauza da lehorteak Nafarroako zerealen uzta kiskali duela, Argentinakoa, Kataluniakoa, Espainiakoa... beraz neguan ez da aski elikagairik izango kabalendako. Uste ginuen Tunisian geldituko zela gosete berrien aroa, baina ez, honat ere etorriko da...

 

aņa: Goseak aberasten du, eta zonbaiten nagusitasuna bermatzen. Berriemailea eta gaiztagina pertsona berak dira, edo familiakoak.

 

beņat: Bo, bai, bai, badakigu hori baina ez da gaia hori. Gaia da Ekhik, informatikarekin, goseteak ekiditen dituela.

 

ekhi: Egia erran ez da horrenbesterako ere, niri erraiten didate joan-etorriak nola hobeki antolatu, eta serioski uste dut hori ez balitz egiten, egoera okerragoa izango daitekeela. Gutxienez, garia Ipar Afrikara heldu da. Ez denentzat, baina zerbait bai.

 

paxkalin: Inguratzen gaituen paisaia jaten bagenu, antolaketa gutxiago eskatuko luke, ez?

 

elena: Uf... Olala. Orain dena mundializatua da, badakizu. Hemen ere, e. Begira Ossau-Iraty publizitatea: Eslovenian grabatu zuten. Hartza bezala, handik heldu da, alta hemen bizi da.

 

aņa: Eskerrak badiren informatikariak hori dena optimizatzeko.

 

iban: A, baina orduan zure enpresa esloveniarra da ere?

 

ekhi: Ez, ez! Enpresa ingeles batentzat ari naiz. Ingelesa.

 

iban: Ingelesa? Entzun dun, Aņa? Ingelesa.

 

ekhi: Bai. Orain edozein gisaz dena ingelesez egiten da. Hemen edo Eslovenian. Etorkizuna ingelesez idazten da, nahi ala ez, hau hola da.

 

iban: Bistan dena.

 

ekhi: Begira, ChatGPT.

 

iban: Erranen nuen. Beņat, ChatGPT.

 

(beņatek iban begiratzen du eta gero ekhi.)

 

ekhi: Orain hor da giltza, eta lanpostu anitz sortuko ditu, ikusiko duzue. Adimen artifizialean da inbertitu behar. Ekologia arazoak konpontzeko ere ChatGPTarekin ari dira lanean orain. Baina kasu: ingelesez. Ingelesa ez baldin badugu denek ikasten, denek, prehistoriara bidaliak izango gira eta indiarrek hartuko dute gure lekua uste baino lehen. Badakizu zenbat biztanle baden Indian?

 

(petri isilik egon zen orain arte, baina bere pixa egiteko gogoak ezin du iraun. Denen aitzinean, pixa egiten hasten da.)

 

beņat: Aita! Ez! Ez da posible!

 

aņa: Aita?

 

(petrik ez die kasurik egiten. paxkalin hurbiltzen zaio.)

 

paxkalin: Aita, sartuko gira, bai?

 

beņat: Barkatu, berandu da eta ezin du iraun...

 

(elenak goiti botatzeko gogoa du eta barnera doa korrika. ekhik segitzen du, laguntzeko.)

 

iban: Harrokeria, zakarkeria, pentsamenduaren hustasuna... Ez naiz fio irudi serio horiez, gorroto ditut, a! Hobe dut isiltzea!

 

aņa: Laguntzen nauk biltzen? Uste diat inork ez duela jango orain...

 

(aņa eta ibanek mahaiko gauzak sukaldera ekartzen dituzte.)

 

(patxik besoa hurbiltzen du edurneren norabidean. Ahotsa gizontzen du.)

 

patxi: Ze gaua...

 

edurne: Entretenigarria. Gustatu zaidak, egia erran. Pentsatu baino irringarriagoa izan duk.

 

patxi: Nahi dun joan gaitezen trago baten hartzera edo? Gaugiro goxoa egiten din.

 

edurne: Non? Ez duk ostaturik herrian.

 

patxi: Lehen bazunan bat, han.

 

edurne: Ba lehen gonbidatu behar ninduan orduan.

 

patxi: Bestela mendian, arno batekin, goizaldeko argi urratzea itxoiten...

 

(edurnek irri egiten du.)

 

edurne: Moskitoek jateko? No way. Barkatuko nauk besteei? Oinez sartuko nauk. Airea behar diat.

 

patxi: A, bai, bai. Laguntzen ahal haut? Nik ere, airea behar dinat.

 

edurne: Aitzinatzen nauk. Abisatzen dituk?

 

(patxi korrika doa sukaldera. edurne joaten da.)

 

patxi (off): Ama, Edurne laguntzen dut etxera, ados? Akitua da biziki.

 

aņa (off): Itxoin!

 

patxi (off): Sarri arte!

 

(patxik patioa korrika zeharkatzen du. iban ateratzen da sukaldetik.)

 

iban: Patxi!

 

(beņat hurbiltzen zaio eta ahapeka mintzatzen da.)

 

beņat: Iban, barka nazak baina eskatzen deat, otoi, auzokoekin ez sartu. Afari guzian ari izan haiz zezena xaxatzen, geldi hadi. Otoi.

 

(Isilean, atearen aitzinean, bixkotxa eskuetan, aņak dena entzuten du.)

 

iban: Baina ez haiz zangopilatzen utzi behar...

 

beņat: Ene aterabidea haien eskuetan duk, ulertzen? Behin bakarrik begira diezadatela trebes, behin, eta egun batetik bestera, baserria bankukoen eskuetan erortzen duk. Etxeko mozkinen truk diru zerbait prestatzen zidatek. Eta Elenak, paper istoriotan, laguntzen naik herriko etxean.

 

iban: Ez diat soportatzen nola ari dituan hirekin, eta hik nola onartzen duan haien joko ustela... Ezin diat ulertu.

 

beņat: Itxurakeriak edo ohorea? Hau duk hire problema? Nik baserria hautatu diat, aspaldi. Har ezak nahi duan bezala, baina ez aipa ohorea. Eta ez arduratu. Ene gauza duk, ados?

 

iban: Ados... Nahi duk guk dirua prestatzea?

 

beņat: Ez. Dena konponduko duk. Trankil.

 

aņa: Zorretan berriz? Nolaz hori? Ez duk posible, Beņat, ezin duk hire ahalmenen gainetik bizi! Ez duk posible. Beti zorretan sartzen haiz!

 

(beņatek keinu bat egiten dio apalago mintza zedin.)

 

beņat: Etxaldea handitu behar dinat primentzat. Ez dinat hauturik. Leku gehiago, prima gehiago. Eta normetan ezarri behar denez dena, ba... Inbertitu behar dinat ez badinat lekuan bertan desagertu nahi.

 

aņa: Itoko haiz. Ez haut galdu nahi, Beņat.

 

beņat: Ez dinat hauturik, ez ditinat nik egiten legeak. Eta mihiak azkura ematen badu, orduan, sermoia bota ezan, baina ordu finkoan, ados? Ordubete ematen dinat egunean... Arratsaldero, hara. Lauetatik bostetara... Ongi zaun?

 

(ekhi eta elena sartzen dira. ekhik eskutik atxikitzen du elena.)

 

ekhi: Elena ez da biziki ontsa sentitzen eta berandu denez...

 

beņat: Ez duzue bixkotxa zati bat hartu nahi bideko?

 

(elena bere goragalea kontrolatzen saiatzen da.)

 

ekhi: Ez, ongi da. Edurne ikusi duzue?

 

iban: Etxera aitzinatu da. Semeak lagundu du, ez dadin deus gerta. Hartz esloveniarrak gauaz ateratzen dira omen.

 

(beņatek ukondo ukaldia ematen dio. ekhi eta elena laguntzen ditu.)

 

beņat: Ahantzi baino lehen... Ez dakit oroitzen ziren, baina aipatu baikenuen aitzina bat mozkinen ordaintzeko...

 

ekhi: Ez da mementoa.

 

beņat: Bai, bai. Badakit, ez zen oraingo oraingo ere, e. Baina, ez nizun honaino berriz etorrarazi nahi, hain okupaturik...

 

(Hitzik gabe, ekhi eta elena joaten dira. Sukaldeko atetik paxkalin ateratzen da. beņat jartzen da, burua esku artean.)

 

paxkalin: Aita hobeki da. Uste dut lokartu dela. Bihar medikua deituko dut.

 

(beņat bere onetik ateratzen da.)

 

beņat: Zer duzue nire kontra denek? Sobera zaila zen indar baten egitea gaur? Gaur bakarrik? Ez nizuen anitz eskatu, ez? Redios! Nola egingo dut nik orain, e? Nola? Ez da posible! Ez baldin bada bat, bestea da. Dena egin dautazue, dena. Erotzen nauzue zuen segurtamen guziekin hor. Aspertua naiz, kokoteraino! Erotzen nauzue, denek! Hori da egia. Erotzen nauzue! Dios!

 

(beņatek botila bat hartzen du eta badoa. aņa bere atzetik doa.)

 

aņa: Beņat!

 

(iban sukaldera doa. paxkalinek kaier bat hartzen du notatzeko.)

 

paxkalin: Ez du dudak erotzen, segurtamenak baizik, egia. Egia. Emozio bat. Egia, sorpresa bat ebidentzia bilakatzen dena. Egia hi haiz. Egia ni naiz. Oraingo ogia.