Lurrez estali
Lurrez estali
Ximun Fuchs
Azaleko irudia: Oier Zuņiga
Diseinua: Metrokoadroka
2024, antzerkia
104 orrialde
978-84-19570-34-5
Ximun Fuchs
1974, Larzabale
 
 

 

3. Hemen berriz ere

 

 

(aņa eta iban bakarrik dira patioan. iban sartzen da etxera baina aņa hor egoten da, erdi galdurik espazioan. iban berriz ateratzen da eta ohartzen da aņa emozionatzen hasi dela.)

 

iban: Ez haiz sartzen?

 

aņa: Bai, bai... aspaldian etorri gabe eta... etxera itzultzen den esploratzailea bezala nauk, opari preziatuekin eta nori eman ez jakin.

 

(ibanek eskua hartzen dio.)

 

aņa: Dena aurpegira etortzen zaidak berriz.

 

iban: Dena zer?

 

aņa: Ez zakiat. Dena, haurtzaroa, joan izana, hemen utzitakoa, eta bola bat igotzen zaidak zintzurrean...

 

iban: Baserriko konplexua?

 

aņa: Ez, ez, kontrakoa. Harrotasun zerbait. Urguilua eta ahalkea gaizki nahasirik. Kafesnea txikoriarekin bezala.

 

iban: Erran nahi baita?

 

aņa: Hemengoa izatearen harrotasun ilun eta temati bat badiat, bai. Hemendik etortzen nauk. Belar honetatik, arbola horietatik, harri horien artetik. Isilkako forradura bat bezala, hau dena azalean diat. Naizen guzia, paisaia honi zor zioat. Paisaia hori nauk. Nire oinarria duk, elikadura, pozik salbaiena paisaia honi zor zioat, patuak eskaini didana. Zulo horretatik atera nauk.

 

iban: Sartuko gaitun edo...

 

(aņak patioaren itzulia segitzen du, behitegitik pasatuz.)

 

aņa: Zulo hori nauk... Aņa: behien ipurdian sortua.

 

iban: Ez erran hori, ez haiz hori bakarrik.

 

aņa: Bai, bai. Baina gustatzen zaidak erramoldea, zeren behiak ateratzean, pentzetara eramateko, lehen-lehenik ikusten duana haien ipurdia duk. Ipurdi erraldoi bat.

 

iban: Harro egotekoa, bai. Hik ez dakit baina nik zintzurra sutan dinat eta...

 

aņa: Ttiki-ttikitatik sentitzen den klase mespretxu hori, izigarri goiz ezagutu diat, barnetegian gehienik. Ipurdi horren defendatzeko sortua nauk. Behi horren ipurdia, enea duk.

 

iban: Sexy...

 

(petri fusilarekin agertzen da, ehiztari moduan sartzen da, baina galtzarik gabe, erdi biluzik.)

 

petri: Alu zikinak. Jendea ebastekotan, ez dituzue aberatsak ebasten ahal? Ez deusak!

 

aņa: Aita! Aņa nauzu, alaba...

 

(petrik burua altxatzen du eskopetatik hobekiago begiratzeko eta berriz ere aņa eta iban apuntatzen ditu.)

 

petri: Hago isilik. Gure alaba ederra eta fina dun.

 

(aņa gaitzitzen da, eta aitarengana hurbiltzen da.)

 

aņa: Aita, zahartu naiz, bai, baina zu bitan. Zer egiten duzu fusil batekin hemen?

 

petri: Hartza eta otsoa. Mendia haientzat dun orain, ez guretako. Fusila beti hor dinat kargaturik, inkasean, kabalak defendatzeko. Bi edo lau zangotako otsoen kontra erabili behar badinat, egingo dinat.

 

aņa: Zernahi. Ez duzu otsorik hemen! Pausa ezazu eskopeta norbait zauritu aitzin, eta emazu potta.

 

(petrik fusila pausatzen du eta potta ematen dio. Ondotik eskua luzatzen dio ibani. iban, harriturik, ez da mugitzen.)

 

petri: Zer, eskua Baionan ahantzi duk?

 

(ibanek eskua luzatzen dio. petrik bizkarra ematen dio eta aņari mintzatzen da.)

 

petri: Ikusi dun Maitexa?

 

(Isilunea.)

 

aņa: Ongi zira, aita?

 

petri: Zendako? Interesatzen zaun?

 

aņa: Aita, Maitexa zendua da, aspaldian...

 

(petrik begirada ilun bat luzatzen dio.)

 

petri: Zertarako etorri haiz hi? Etxaldea ez zaun sekula gustatu. Zertara hator? Diru eske? Dirurik ez dun hemen. Neguko lehorteak eta udaberriko euriteek dena usteldu diten. Hemen, mozkinak labur.

 

(ibanek zigarreta pizten du eta bere maleta irekitzen du.)

 

iban: Ez dira ene aferak, baina ez duzu galtza bat ezarri nahi, Petri? Zailtasunak ditut kontzentratzeko hor... Hartu bat nirea. Kasu emaiozu, maite dut biziki.

 

(petrik hartzen du ibanek luzatutako galtza. Kopetan duen izerdia harekin lehortzen du, eta ibani itzultzen.)

 

petri: Okupa hadi hire eskolako haurrei egiazko gauzak irakasten handikerietan aritzeko ordez; bizitzarako balio duten gauzak; txorien izenak, urte sasoiak... Eta ez hadila josta bihotz onaren rolean, frustratu tzar bat besterik ez haiz eta.

 

(aņak petriren eskopeta hartzen du.)

 

aņa: Bakea, aita. Bakea.

 

(Mindua, petri harrokerian gordetzen da.)

(paxkalin, porroa ahoan, hortik pasatzen da, eta doi-doia agurtzen ditu.)

 

paxkalin: Iep...

 

iban: Ebe. Iruņeko festak ongi ziren iduriz... Sartu berria edo hire mamua dun bakarrik?

 

aņa: Zer, orain jaiki haiz, edo?

 

paxkalin: Ula... Topean jadanik? Galdera anitz egiten du hor... Pentsatuko dut eta bihar erantzungo, ados? Gero arteee ...

 

petri: Hire liburuetan ikasi dun bizitza hain ergela eramaten, alferkerian lerratzen?

 

paxkalin: Baietz, aita. Eskuak sakeletan, buruaz baliatzen.

 

(Lasaiki, paxkalin kanpoaldera ateratzen da. petrik ozen hitz egiten dio.)

 

petri: Oroitarazten dinat otsoek hankei esker jaten dutela, ez buruari esker.

 

(paxkalinek burua erakusten du, berriz joan aitzin.)

 

paxkalin: Gau txoria naiz, aita, hegan egin behar dut.

 

(paxkalin txistuka ateratzen da —“Zai dago aita”—. petrik ibanen galtza hartzen du besazpiak xukatzeko sukaldeko bidean. aņa eta iban bakarrik dira.)

 

iban: Gehien maite dudana bakantzetan sartzea da. Zer eman diten aste honetarako?

 

aņa: Zertaz ari haiz?

 

iban: Eguraldiaz.

 

aņa: Bihar salbu, euria. Goizetik arrats.

 

iban: Cool.