Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Ez du esplikazio handirik behar, Gaizka Sarasola
1. Ehorzketa, arratsaldeko eguzkipean
2. Arratsalde bukaera, autobusa etorri da
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Ez du esplikazio handirik behar, Gaizka Sarasola
1. Ehorzketa, arratsaldeko eguzkipean
2. Arratsalde bukaera, autobusa etorri da
6. Biharamun goizean
(aņak, bainujantzian, audio batzuk grabatzen ditu whatsappean.)
aņa: Bai, Iņaki? Mezu hau uzten deat garraio sistemaren berritze txostenaren aipatzeko. Bon, aipatzeko edo komentatzeko. Zer duk hau? Haizea saldu nahi ditek edo? Ez da deus barnean! Dena hitz larriz markatua duk, koloreak, power point estetika baina ez duk egitasmorik! 45.000 € kostatuko dik estudioak, 45.000 €! Ez da posible!
(beņat iratzartzen da, izkina batean lokartu zen. Eztulka hasten da, zangartea karrakatzen du eta sukaldera doa, muttur. Aurpegiarekin, aņak barkamena eskatzen dio.)
aņa: Eta oino, gastuak bereiz! Haize jaleak dituk edo zer? “Efizientzia, hurbiltasuna, garapen ekologikoa, landa eremuen eta hirien arteko lotura, belaunaldien arteko zubiak...”. Eskerrak frantsesez dela: ez ditek deus ulertuko hemengo hautetsiek...
Nun dituk gauza konkretuak? Zenbat, noiz, nun, zer preziotan, aniztasuna, langileen soldata, hizkuntzaren lekua, konkretua nun duk?
(Bainujantzian flotagailua gerrian, patxi pasatzen da.)
patxi: Errekara noa.
(aņak eskatzen dio isiltzea eskuarekin.)
aņa: Eta... Zer ziok sailburuak? Eta lehendakariak? Zer da, baditek beste plan bat gibelean edo zer? Bestela ez da ulertzen... Errango didak, goizean ez nauk libro, udako unibertsitateak, badakik... Baina arratsean deitzen ahal nauk beharrez.
(iban hurbiltzen da, bainujantzian eta uretako betaurrekoekin. aņak keinua egiten dio ez dela mementoa. iban ahapeka mintzo zaio.)
iban: Xukatzeko oihalak hartzen ditinat?
(aņak baietz erhi pototsarekin. iban berriz sartzen da oihalaren xerka.)
aņa: Barkatu bakantzetan trabatzeagatik, baina hau, den bezala, irailean ezingo diagu bozkarazi. Izan untsa! A, eta, ama hobeki duk? Errango didak. Aio!
(aņak beste audio bat grabatzen du.)
aņa: Sophie? Ni naiz. Oraintxe mintzatu naiz Iņakirekin eta nirekin arrunt ados da. Uste du garraioen berrantolatze plana ezin dugula hola aurkeztu.
(iban sartzen da poltsa handi bat eskuan.)
iban: Aņa, gasna eta urdaiazpikoa, hamaiketakorako ongi, ez?
(aņak begiekin lekuan bertan kalitzen du. ibanek eskua ahora ekartzen du, eta ahalik eta soinu gutxien eginez badoa errekara.)
aņa: Iņakik uste du gibelatu behar dugula bozkatzeko unea. Egiten ahal duzu doodle bat ikusteko noiz egiten ahal dugun ideia bilketa bat? Ez dakit, post-it egun bat tokiko eragileekin, badakizu? Ideia sinpleak, koloreak, denak kontent dira uste baitute entzunak direla, eta guri denbora ematen digu kaka estaltzeko, zer iduritzen?
(patxi korrika pasatzen da.)
patxi: Ahantzi dut telefona. Heldu naiz.
aņa: Errango didazu, bai? A, eta, badakizu noiz bukatzen zaion amatasun geldialdia Maialeni? Asko luzatu du, ez? Deitzen dut zerbitzu zuzendaria, nire kontu. Aio...
(aņak beste mezu bat grabatzen du.)
aņa: Orduan, nun da... A, hara, “ergeletan aluena”. Philiiiippe, Nola zira?
(paxkalin pasatzen da, lasai-lasai, oihala sorbaldan, porroa ahoan eta alimaleko bafadak botatzen dizkio ahizpari.)
aņa: Ha, ha! Iņaki eta Sophierekin zutaz mintzo ginen eta nahi genizun aipatu, zure esperientzia ikusirik, ea posible genukeen poxi bat moldatu garraio antolaketaren berritze txostena, zeren...
(janbattitt heldu da eta aņak berehala mozten du mezua. Sorpresak harrapaturik, aņa gaizki sentitzen da.)
aņa: Janbattitt?...
janbattitt: Aņa...
aņa: Doluminak. E... Bainujantzian, baduk hobe, baina errekara joan behar nian eta... Semeak... eta hor, laneko mezuak... Nola haiz? Barkatu lehenago ez jinik, ez nekien xuxen nola...
janbattitt: Ederra haiz...
aņa: A. Mila esker.
janbattitt: Hitz laburrez, Aņa... Bai ala ez?
aņa: Erran nahi baita...?
janbattitt: Ulertuko ez bahu bezala... Maite naun oraindik ala ez?
(aņak begiak apaltzen ditu. janbattitt hurbiltzen zaio eta eskua hartzen dio.)
janbattitt: Maitia, erraidan, bihotz-bihotzetik, gure iraganaren izenean, zerk behartu hinduen petral horrekin ezkontzera? Zerk liluratu hinduen ezkontza hartan?
aņa: Gizon zoragarria duk.
janbattitt: Ez erran pentsatzen ez dunana!
aņa: Nire senarra duk.
janbattitt: Eta? (Isilunea) Gauza goxo eta alai bat errango dinat.
aņa: Ez nauk biziki ontsa sentitzen hor...
janbattitt: Ez dinat inoiz esperantza galtzen. Hire zain egon naun, badakin? Egunak, hilabeteak, urteak... Azkenean, pentsatu dinat: “Dena galdua duk, xahu nauk”, eta kasualitatez, justuki hor, nire lurretatik pasarazi diten bide berria... eta lurra, nire lurra, garesti ordaindu zidaten. Niri, maizterraren semeari, ezdeusaren arrastoari. Pentze bakarra nuenean, ausarki ordaindu zidatenan. Nire etxaldea txikia dun, urteen zamapean makurtua; ondoan, putzu bat, harri zizelkatu batzuk, hilobi zaharrak seguruenik, eta intxaurrondo zahar bat. Bidexka bat, honaino heldu dena, lanera joateko, hire arbasoen zerbitzatzeko. Nafarroa zerbait zenean oino. Baina orain, errekaren alde berdinean gaitun. Enekin egoten ahal haiz orain. Ez arranguratu, hire itzalean egongo naun, ez haut trabatuko... Aņa, hire lekua hemen dun.
(janbattittek eskua hartzen dio.)
aņa: Lainoak heldu dituk. Errekara joan behar diat.
(Begiak bustirik, aņa badoa.)
janbattitt: Zergatik ez hintzen sekula etorri hitzordura, Aņa? Zergatik ez naun sekula deitu?
(janbattittek atea jotzen du. beņat sukaldetik ateratzen da. janbattitt ikusten du —bizkarrez— eta saiatzen da azantzik gabe berriz sartzen.)
janbattitt: Ahaztu nauk?
beņat: Janbattitt! Ez hindudan ikusi... Nahi duk kafe bat... edo zerbait?
janbattitt: Ez diat astirik. Zerbaiten bila etorri nauk.
beņat: Zerbaiten bila?
janbattitt: Kolorezko paperak. Irudiak, dirua, muņi-muņi, sosa, zor duan sosa.
beņat: Aiuta... Bai. Badakik zer, emango deat, baina atzo auzokoak alimaleko bihurrikeria egin zidak. Informatikariak, badakik nola diren? Hori. Atzo, erraiten zakoat: “Hi, ahantzi nauk edo zer? Badakik nori eman behar dudan diru hau? Zor duan diru hau ez duk nirea, diru hau lagun batena duk, anaia batena, miresten dudan pertsona batena”. Badakik zer erantzun didan alu putrunak? “Ukraina, ChatGPT, bere alabaren hilabetekoak...” eta nik dakita zer. Negarrez ari zuan eta dena... Nik, begietan so eginez, erran zioat: “Hi, haugi hunat...”.
janbattitt: Ados. Noiz?
beņat: Mantxut?
janbattitt: Noiz turnatuko didak sosa?
beņat: Noiz itzultzen dudan sosa... Ba auzokoak eta bankuek beraien partea eman eta berehala...
janbattitt: Hitza hitz, Beņat. Hire familian, hitzak ez dik balio handirik, ezta? Entzun nazak untsa: auzokoak gaituk, orduan gure artean akomatuko gaituk... Ez nauk auzitara joango, baina dirua zor didak. Interesekin. Txahal bat hartuko deat. Ostiralean, sosa ez badidak itzuli, txahala Donapauleko merkatuan salduko diat hire zorren estaltzeko.
beņat: Ezingo duk saldu, ez dik pettenttarik.
janbattitt: Lasai, mendiko bideak ezagutzen ditiat, mugalari semeak ez dik aitaren sarea galdu. Benttetan, saltzailea ezagutuz gero, ez ditek pettentta hurbiletik begiratzen, haragia baizik. Ostiralean gaituk. Izan hadi.
(janbattitt badoa eta beņatek bere boneta lurrera botatzen du.)