Lurrez estali
Lurrez estali
Ximun Fuchs
Azaleko irudia: Oier Zuņiga
Diseinua: Metrokoadroka
2024, antzerkia
104 orrialde
978-84-19570-34-5
Ximun Fuchs
1974, Larzabale
 
 

 

14. Hiru aste pasa dira

 

 

(Urrunean tutak entzuten dira eta gurpilen soinua harrixken gainean. postaria heldu da. postariak besoa zauritua du. Gutun batzuk baditu eskuan. beņat agertzen da, gau txarra pasa du iduriz.)

 

postaria: Eguerdi on.

 

beņat: Baita hiri ere parte on. Biera bat?

 

postaria: Ez, milesker!

 

(beņat sukaldera doa. Bidean postariak luzatutako gutunak hartzen ditu eta bazter batean uzten. postaria ozen mintzo da.)

 

postaria: Uf, urria izateko, ze beroa! Ortzantza fitexko. Gutun ziurtatuak badituk hor. Sinatu behar duk.

 

beņat (sukaldetik, off): Ura?

 

postaria: Ados!

 

beņat (sukaldetik,off): Ricarrarekin gustua emateko?

 

postaria: Doi-doia!

 

(beņatek basoa luzatzen dio eta biak jartzen dira.)

 

beņat: Besoa hobeki?

 

(postariak besoa altxatzen du.)

 

postaria: Badoa. Lanean berriz hasia.

 

beņat: Emaztea?

 

postaria: Hobeki. Pena dik ez baitidak zangoan eman tiroa, hilabetea pasako nian etxean.

 

beņat: Barka nezak. Zinez, barka.

 

postaria: Badiat basurde aire bat edo zer?

 

beņat: Ez, ez, ez duk hori. Tentsioan nindian eta tiroa eskapatu zaidak. Orain, istripu gutti: eskopeta errekara bota diat. Basurdeketa, ni gabe! Beganoa nauk!

 

(postariak irri egiten du.)

 

postaria: Entzun duk Edurne desagertu zela? Badakik, auzokoen alaba...

 

beņat: Ba, ba. Ez zidatek hitzik ere egiten hunat etorri direnetik.

 

postaria: Bi egun ari dituala bilatzen, telebistan pasa duk eta dena. Bere telefonoa ez zuela hartu, bestela berehala harrapatuko zitean.

 

beņat: Ba, fitexko itzuliko duk aita-amen etxera.

 

(postariak egunkaria luzatzen dio eta beņatek irakurtzen du.)

 

postaria: Ikusi duk Janbattitt Laborantza sailburuarekin? So egin ezak, hor, matelak gorri, Donostian. Eskukada ederra. Zer ekarriko duen horrek... Ez zakiat. Aita untsa duk?

 

(beņatek segitzen du egunkaria irakurtzen.)

 

beņat: Aita? Ezin hobe. Baionako ospitalean sartu orduko erizain bat ausiki dik. Bi aldiz eskapatu duk, eta ostatuan harrapatu ditek poteoa egiten. Aņa desesperatua duk, Iban hotelera joatekotan... Bizipoza. Patxik lortu omen dik haren kalmatzen. Ospitalera eraman dik berriz, baina noiz arte...

 

(postariak hurrupa batean bukatzen du ricarra, eta altxatzen da.)

 

postaria: Joan behar diat. Sinatzen dizkidak paperak?

 

beņat: Ze paper?

 

postaria: Gutun ziurtatuenak. Sinatu behar dituk errateko ukan dituala.

 

beņat: Nondik heldu dituk?

 

(postariak hartzen ditu berriz gutunak.)

 

postaria: Bankua, uxerra, bankua, ez zekiat zer eta... Auzitegia.

 

beņat: Poesia handia.

 

(beņatek ez ditu ireki nahi, baina jakin nahi du zer baden barnean. postariak idazluma luzatzen dio.)

 

beņat: Ez, ez. Irakurrak eta gero aski duk erraitea ez nintzela hor. Hola prozedura ez ditek martxan jartzen ahal.

 

postaria: Espres ari haiz?

 

beņat: Bate.

 

postaria: Baduk burutik? Ez diat lana galdu nahi nik. Eta badiat ohore bat, ene ofizioa ofizio seriosa duk, hi!

 

beņat: Kartetan trenkatzen diagu? Irabazten badiat irakurtzen dizkidak eta ez nauk ikusi.

 

postaria: Eta nik irabazten badiat?

 

beņat: Ez duk gertatuko.

 

postaria: Nola?

 

beņat: Galduko duk.

 

postaria: Bota ricarra.

 

(Sukaldera doaz.)