Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Ez du esplikazio handirik behar, Gaizka Sarasola
1. Ehorzketa, arratsaldeko eguzkipean
2. Arratsalde bukaera, autobusa etorri da
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Ez du esplikazio handirik behar, Gaizka Sarasola
1. Ehorzketa, arratsaldeko eguzkipean
2. Arratsalde bukaera, autobusa etorri da
10. Zorionak!
(Gauean, sorpresa bat antolatzen dute petriren urtebetetzea ospatzeko. patxik bere telefonoa begiratzen du, eta atekarantz doa begiztatzera. iban, paxkalin eta aņa kitsch aire batekin mozorrotuak dira —kolorezko txapela, kandela magikoa, etab.—, eta isilean, opariak eta bixkotxa lekuan ezartzen dute. paxkalinek, pazientzia handiz, 70 bat kandela ezartzen ditu bixkotx gainean eta pizten ditu. patxi korrika dator.)
patxi: Etortzen da, etortzen da!!!
(petri sartzen da.)
denak: “Zorionak zuri, zorionak zuri!
Zorionak, Petri, zorionak beti.”
petri: Bertsolari apartak, zinez.
(Haserre, petri badoa. Harriturik, aņa bere atzetik doa. Beste guztiak zur eta lur gelditzen dira.)
aņa: Aita!
petri: Aita zer? Ez haiz jakinean mindulinkeria ez zaidala gustatzen edo zer?
aņa: Aita! Otoi. Zure urtebetetzea da, zuretzat egiten dugu, utz nazazu zerbait egiten zuretzat.
petri: Enetzat edo hiretzat? Zer da, behar duzue zuen kulpabilitate urintsua xuritu edo zer? Ados. Milesker, biziki untsa zen. Plazer handia egin dit. Potta, gau on.
aņa: Ospakizuna da, aita, zure ospakizuna, familia baten ospakizuna, ezin zira hola joan besterik gabe...
petri: Zeren ospakizuna, rekoņo? Zahartzaroarena? Etxaldearen hondoratzearena? Hartzen ditudan kolore guzietako botikena? Esku honen dardara? Inpotentzia? Denboraren krudelkeria? Zer ospatzen dugu?
aņa: Bizia, aita. Bizirik irautearen poza, gehiegi zaizu? Ez, gure familian sufritzen dugu, ez baitakigu besterik egiten. Sufritu isilean eta irentsi. Auzokoek ez dezaten pentsa loriatu gintezkeenik, eeeez. Harrotasunez, sufritu, sufritu eta sufritu.
petri: Hobeki? Askatu haiz? Arinago sentitzen haiz? Are, gau on denak, eta ongi pasa. Patxi, bihar zortzietan ttanko, ados? Porruak zain ditiagu. Ikusiko duk, porruak ez dituk esker txarrekoak, ez haute iraintzen hire urtebetetze egunean.
(petrik orkatila bihurtzen du eta hormaren kontra pausatzen du eskua. Beldurturik, denak hurbiltzen zaizkio.)
aņa: Aita?
petri: Ongi naun, ongi naun, ez dun deus.
(petri urruntzen da.)
petri: Maitexa... Nun haiz... Etxe horrek ez din itxurarik...
iban (aņari): Utz ezan. Uste dinat ez zela bere eguna, baina segur naun funtsean kontent zela. Ez zekin erraiten, ez dun besterik. Baina kontent zunan. Zinez.
aņa: Ez zekiat...
(patxik bere telefonoa begiratzen du sakelan sartu aitzin. Hasten da mahaia biltzen ziztu bizian.)
patxi: Bilduko dut, lasai. Zoazte ohera, nik bilduko dut.
aņa: Milesker, maitia.
patxi: Ez da deus. Familia bat gira, lagundu behar gira.
(iban eta aņak musu bat ematen diote etxera sartu baino lehen. paxkalinek bere koadernoa ateratzen du.)
paxkalin: Isiltasunaren konspirazioa, etxaldeko madarikazioa.
(Arkatzarekin marratzen du oraintxe idatzitakoa.)
paxkalin: Isiltasunaren konspirazioa, etxaldeko salbazioa.
(paxkalin sartzen da eta patxik bukatzen du biltzen ahalik eta bizkorren bere telefonoa begiratuz noiztenka.)