Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Ez du esplikazio handirik behar, Gaizka Sarasola
2. Arratsalde bukaera, autobusa etorri da
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Ez du esplikazio handirik behar, Gaizka Sarasola
2. Arratsalde bukaera, autobusa etorri da
1. Ehorzketa, arratsaldeko eguzkipean
(janbattitten aitaren ehorzketaren ondoko desfilea, beņaten familiako baserria. Bero egiten du, denak izerditan dira. janbattitten aitaren hilkutxa hor da oraino, karro baten gainean, laster sagarrondoan ehortziko dute. herriko jendeak jan eta edaten du. Zurrumurruak entzuten dira.)
herritar 1: Gaixo gizona, hain goiz, ze pena...
herritar 2: Eta beti prest laguntzeko, bo...
herritar 1: Hain goiz...
herritar 2: Bo, egia erran, 96 urte ez duxu hain goiz ere...
herritar 3: Iduriz, diru anitz bazixin. Ez zixin deus xahutzen sekula. Xuhurra zuxun biziki. Gerla denboran, familiak sos anitz egin zixin. Juduak menditik pasatzen, eta omen... Biduzeko iturrietan amildegira botatzen urrezko hortzak errekuperatzeko.
herritar 1: O...
herritar 2: Behin Zubigainekoak salatu zitxin jendarmeei omen, mugalari lanak goxoan egiteko. Batzuek erraiten ziakoxien “diruz gosetia eta astoa bezain mutilzaharra”.
herritar 1: Ze pena...
herritar 2: Hain goiz...
herritar 1: Hori da...
herritar 3: Eta sagartzean ehorztea, nondik etorri zitziakoxun ideia hori? Lehen bezala egiteko edo?
herritar 2: Han ehorzturik, sagarnoak ukango dixi usain bitxi bat halere, enfin, gero bakoitzak bere gustuak e, baina bon...
herritar 3: Alde onetik ikusita, haren karakterearekin, ondoko hilobiak ez dituxu kexu izango, hura urrun izanki hainbat hobe! Zeren hau, edana zenean... Uf...
herritar 2: Uf...
herritar 1: Ze pena... Hain goiz...
(janbattittek keinu bat egiten du karroaren gidatzaileari. Denak joaten dira, beņat eta janbattitt salbu. janbattittek dirua ateratzen du sakelatik. Billete txikiak kontatzen ditu.)
beņat: Barkatu, zinez, sinesgaitza duk. Familiakoak berantean, holako egun batean, ulergaitza duk. Auzokoak izanik. Ttipitatik ezagutzen gaituk. Ez duk egiten. Arrebak entzungo nik, jakizak. Autoa panan zitean, eta autobusa hartu behar, baina... berant. Egia duk ez dela ontsa antolatua ere, arrebak erran zidak autobus zerbitzua udako ordutegira pasa dela, eta udan, autobusak hondartzara joateko baizik ez direla eginak...
(beņat begiratu gabe, janbattittek dirua eskura ematen dio.)
janbattitt: Erran bezala, patioa uzteagatik.
(Gaizki sentitu arren, beņatek dirua hartzen du eta kontatzen du.)
beņat: Auzokoen artean lagundu behar gaituk, zuen etxea hain ttikia izanik eta hemen libre, ba...
(Zintzurra karrakatzen du.)
beņat: Errak, bazakiat adostutakoa dela baina... Posible huke bostehuneko bat gehitu? Zeren beraien Ukrainako gerlarekin hor, elektrika ikaragarri emendatu duk eta...
(janbattittek begirada ilun batekin so egiten dio eta joaten hasten da. beņat bere atzetik doa, gelditu nahian. Besotik heltzen dio.)
beņat: Ados, ados, ados, barka, barka, ez duk hori. Sos beharretan nauk, hara. Familia heldu zaidak, eta... ez dituk ohartzen zer den baserri baten eramatea. Jin orduko, zernahi jaten ditek, goizetik arrats demendrena edaten... Ez duk imajinatzen ahal.
(janbattittek bere besoa askatzen du.)
beņat: Baserria peko errekara joaten zaidak... Janbattitt, laguntza behar diat.
(beņatek ezin du gehiago, jartzen da.)
beņat: Kontrolatzaileak pasatu arte, txahalak ezin ditiat saldu eta oiloak barnean ditiat hegazti gripeagatik. Ilunean, ez ditek erruten gehiago.
(beņat belauniko jartzen da.)
beņat: Astezkenean itzuliko deat sosa. Zin dagit. Tu! Ezin diat erromes batentzat pasa arrebaren aitzinean. Jadanik, aitaren soa jasangaitza zaidala...
(janbattittek dirua ematen dio.)
janbattitt: Altxa hadi. Astezkenean, faltarik gabe. Banoaiak, aita ehortzi behar diat.
beņat: Bai, bai, barkatu, eta doluminak, e, doluminak. Ze pena...
(janbattitt seko gelditzen da.)
janbattitt: Pena? Ze pena? Zertarako? Hila duk, fini. Ez duk misteriorik. Amaiera, bistakoa duk beti: ororen buru, denak hiltzen gaituk. Punttu. Gaztetan denek uste diagu gauzak gerta zitezkeela, ustekabea posible dela... Munduan, zorte ona existituko duk naski, baina xantza ez duk guretako... Ez dituk denak patuaren menpe bizi baina gu, bai. Akabantza idatzia duk, goiz edo berant, lurrez estaliak eta sagartzeko ongarriak izango gaituk, gure ondokoek edan gaitzaten. Arrasto baten iragana, etorkizunik gabeko sagarno tzar bat, hara zer giren. Txotx posible bat.
janbattitt: Are, izan hadi.
beņat: Gisa bera...
(janbattitt badoa, eta beņatek dirua kontatzen du berriz. Parte bat galtzaren sakelan ezartzen du eta beste bat atorraren sakelan. petri agertzen da, erdi biluzik, beņaten emaztearen bilatzen ari da, maitexa. Aita ikusterakoan, beņatek burua uzten du erortzen.)
petri: Maitexa? Hi, hire emaztea ikusi duk? Ez ditiat nire gauzak atzematen. Maitexa?
beņat: Baina aita, Maitexa aspaldian zendua da. Zortzi urte joana dela orain, oroitzen?
petri: Zer diok...
beņat: Hila dela aita. Akitua naiz, aita, egunero Maitexaren heriotza oroitaraztea ez duzu posible. Aski orain. Jantziak baratzean xukatzen ari dira. Are, sar gaitezen, eta jantzi ezazu zerbait, arren!
(beņatek bere aita barnerantz eramaten du poliki.)
petri: A, bon... Baina nork eramango dik etxaldea orduan? Etxaldea Maitexa duk, hark zian dena...
beņat: Nik, aita... Nik dut etxaldea eramaten, zortzi urte hola dela, eta hola segituko duela.
petri: Etxaldea hik?
(petrik irri egiten du... Gaitziturik beņat sartzen da.)
beņat: Badakizu zer, aita? Nahi duzuna. Erdi biluzik egon nahi baduzu, egon. Niri bost. Auzokoek diotenaz futitzen naiz, net. Akitua naiz, akitzen nauzu. Bai, alarguna naiz, bai, emaztea sekulakoa zen, baina joana da. Zendu da. Aita? Nire problemekin aski badut zuk zureak erantsi gabe.
(beņat etxera sartzen da botila bat hartuz bidean.)
petri: Inutila hi... Maitexa?