Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Ez du esplikazio handirik behar, Gaizka Sarasola
1. Ehorzketa, arratsaldeko eguzkipean
2. Arratsalde bukaera, autobusa etorri da
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Ez du esplikazio handirik behar, Gaizka Sarasola
1. Ehorzketa, arratsaldeko eguzkipean
2. Arratsalde bukaera, autobusa etorri da
12. Oporrak amaitu dira
(Familia guztia ateratzen da patiora, maletekin, emozio zerbait bada airean.)
aņa: Hara. Oporrak bukatu dira, belarrak bilduak, alabak Hamlet laster estreinatzen du Londresen eta lankideak zain jadanik...
petri: Kasu bidean. Aio.
(petrik musu bat ematen dio, eskua tinkatzen du ibani eta patxiri eta badoa. Ahoa zabalik, aņa gelditzen da zur eta lur.)
beņat: Badakin nolakoa den, agurrak ez ditun haren espezialitatea.
iban: A, bai? Nik atzematen ninan emozio erakustaldi handia egin zuela hor. Potta, eskua eman. Pixka bat perturbatua naiz.
patxi: Itxoin, zerbait ahantzi dut. Heldu naiz.
iban: Erna hadi, bai?
(patxi badoa petri joan zen leku beretik. aņa paxkalinengana hurbiltzen da. Eskuetatik heltzen dira.)
aņa: Zaindu hadi, bai?
paxkalin: Bai. Eta hik ez ahantz: azken indioak gaitun.
(aņak irri egiten du.)
aņa: Fini dun hori. Aldatu beharko gaitun. Egokitu. Bihurritu. Bestela desagertuko gaitun. Ohartuko haizenean gure inguruko guztia iraungita dela, elektroshocka izango dun.
paxkalin: Hire mundua dun iraungita, Aņa. Nik ez dinat ihes eginen, hemen geldituko naun.
(paxkalin hasten da etxerantz abiatzen eta berriz etortzen da.)
paxkalin: Zendako nahi dun hire muina aldatu? Ez, nik mundua dinat eraldatuko. Hi haiz oker habilena mundu hil horretara itzultzean. Ikusiko dun, hortik segituz, hire bilobek papimami deituko haute, goiz edo berant. Egiazko xuriak bezala egiteko. Nik xuriak eta xuri-nahiantak irentsi nahi ditinat. Mundu hau gasolinazko geruza bat dun, eta pospolo kutxa bat badinat bihotzean.
(paxkalinek porro bat biribiltzen du. ibanek bere ordularia begiratzen du.)
iban: Sua, sua, fandangua. Aņa, zinez joan behar gaitun... Patxi? Nun da Patxi?
(aņa eta beņat besotan hartzen dira.)
aņa: Nahi duk aita gurekin har dezagun?
iban: E?
aņa: Zama handia duk hiretzat. Hilabete batzuk bederen, edo aste pare bat.
iban: Uf...
beņat: Aita hirekin Baionan? Baduna burutik? Ez din biziraungo kostaldean, edo norbait ausikiko din bestela.
iban: Nik ere ez dut arras argi ikusten, Petri gurekin bizitzen? Ez dun lekurik etxean. Nun egingo din lo? Sofan? Eta zahar etxeetan lekuak atzematea zaila, biziki kario dun gainera, orduan nekez. Nekez. Bon. Nun da Patxi? Patxi? Gu aitzinatzen gira maletekin. Aio!
beņat: Lagunduko zaituztet autobus geltokiraino, bai.
iban: A, milesker anitz.
(aņa, beņat eta iban badoaz. paxkalin izkina batean gelditzen da eta porroa pizten du. petri eta patxi agertzen dira. petrik saski bat luzatzen dio.)
petri: Kasu emak hiri. Bihotzean duan ahots hori entzun ezak, bai? Hor dituk barazki zenbait, eta hainbat hazi. Urteetan hautatutako haziak dituk, belaunaldiz belaunaldi ondutakoak. Hemengo lurren sekretua hor duk.
patxi: Aitatxi?
petri: Bai?
patxi: Harro zira pixka bat nitaz?
(petrik burua karrakatzen du.)
petri: Nola erran... Bai. Baina harrotasunak badik zerbait mistikoegia. Fisikoki, gehiengo handian nahiko gaizki eginak gaituk: zikinak, puzkertiak, tripontziak, burugogorrak eta nahiko itsusiak. Zergatik horrenbeste miretsi gure burua? Lana, hori duk sekretua. Lan egin beharko genikek, beste ezer gabe, pentsatu gabe. Egiarekin buruz buru atzeman arte. Oihaneko egia, mendiko egia. Egia eta lana. Gure herrian gutti dituk oraindik lanean ari direnak. Denek filosofatzen ditek, baina telebista bezala mintzatzen dituk. Ttar-ttar-ttar. Hitzak hustu ditiztek beren mamiaz, musika besterik ez duk gelditzen. Ttar-ttar-ttar. Harrokeria, huskeria, zero... Isiltzea kementsuagoa zaidak. Orduan, Patxi: entzun hire barneko ahotsa, eta erantzunak agertuko zaizkik iturriko ura bezain garbi. Emak eskua. Uste diat elkarrekin pasatu dugun azken uda zela, Patxi, baina kontent nauk hire ezaguturik. Gizon ederra haiz.
iban (off): Patxi, rekoņo! Autobusa heldu dela!
(patxik petri tinkatzen du besoetan eta badoa korrika. petrik eta paxkalinek begiratzen dute urruntzen. Autobusaren soinua, tuta, ate irekitzeak eta berrabiatzen da.)
petri: Ez haiz haiekin joaten hi?
paxkalin: Ez. Udazkena hemen pasako dut, aita. Idazkera lanetan ari naiz eta mendiko aireak on egiten dit.
petri: Idatzi hemen? Zertaz idatziko dun ba?
paxkalin: Erleetaz. Desagertzen diren erleetaz.
petri: A. Eta norbaitek irakurriko din erle solas ari den liburu bat?
paxkalin: Metafora bat da, aita.
petri: Metafora? Ez haiz berehala aberastuko hi... Guttienez laneko zerbait ikasteko aukera izango dun: erleak langile apartak ditun.
paxkalin: Ez bakarrik, ez bakarrik. Erlea zerua egiteko gai den intsektu txikia da. Izaki ibiltaria, herrian eta taldean aske bizi den holako gauza ttiki bat. Horrek nau interesatzen. Eskuz ito dezakezu erlea, baina ez duzu itoko zizta bildu gabe. Ez da gauza handirik, baina ziztatuko ez bazintu, aspaldian ez zatekeen erlerik izango. Ez al da metafora ederra? Langilearen ezinbesteko ziztada desesperatua...
(petrik burua karrakatzen du.)
petri: Banoa behi metaforak jeztera eta baratze metafora ureztatzera. Poesia behar handitan izango dun dagoeneko.