Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Ez du esplikazio handirik behar, Gaizka Sarasola
1. Ehorzketa, arratsaldeko eguzkipean
2. Arratsalde bukaera, autobusa etorri da
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Ez du esplikazio handirik behar, Gaizka Sarasola
1. Ehorzketa, arratsaldeko eguzkipean
2. Arratsalde bukaera, autobusa etorri da
9. Xendra bideak
(patxik gasna zati bat hartzen du.)
petri: Beti jakin diat idazle handia zela. Laguntzen nauk baratzera?
patxi: Orain? Arrunt erre naiz eguzkipean, krema ezarri behar dut.
petri: ...
patxi: Orain-orain izan behar du?
petri: Ez, heldu den urtean. Noiz ba? Ez huen laborantzan sartu nahi? Has gaiten errotik. Baratzea. Zer dakik baratzeaz?
(Desesperaturik, patxi jartzen da.)
petri: Ados. Berdin zaidak. Hiretzat, laborantza, zer duk?
(petrik tresna batzuk ateratzen ditu eta bota batzuk beretzat eta patxirentzat. patxik burua karrakatzen du.)
patxi: Jendeak bazkatzeko egiten den lana?
petri: Xuxen haiz. Baina hori bakarrik?
patxi: Ez, ez. Lan anitz egiten den ofizioa?
petri: Dudarik gabe. Eta?
patxi: Pixka bat libro zira, erran nahi dut... egiten ahal duzu nahi duzuna, ez?
petri: Hori, aski gutti. Baina hi, nun haiz hi? Zer duk hiretzat, pertsonalki, hire barnean, hire ametsetan, laborantza zer duk?
patxi: Ez dakit nik...
(petrik botak ematen dizkio eta biek ezartzen dituzte.)
petri: Hortik hasi beharko haiz orduan. Kokatu behar haiz. Mendira igaiteko, xendra bidea hautatu behar duk, eta araberako ikusmoldea ukango duk. Oztibarre ez duk berdin ikusten Arbailetako mendigunetik ala Beltxutik, ulertzen?
patxi: Bai... Eta zuretzat zer da?
petri: Enetako? Laborantza artea duk. Baina ez duk ene edo hire edo honen artea, ez. Laborantza hemengo artea duk. Konprenitzen duk? So egin ezak, lurgintzan arte guztiak biltzen dituk: baduk arkitektura, pintura, musika bera ere, dena. Baratze bat istorio bat duk. Kabalak? Dantzan ari dituk. Enfin, artea, egiazkoa, hemen duk. Beste guztia perttulikeria duk.
(patxik bere burua eskuen artean hartzen du.)
patxi: Pfff. Ez dut fitsik balio. Ez naiz deus. Ez naiz egon preso zu bezala, ez dut ezer asmatu izebak bezala, eskolan txarra naiz eta ama bikaintasunaren gailurrean ibili da beti, eta diskotekan dantzan hasten naizelarik... Denak irriz hasten dira. Iduri dut aita.
petri: Hire emaitzak ez badituk hire esperantzaren heinean, oroitu hadi haritz handia, bere egunean ere, ezkur tzar bat izan dela. Emadak eskua.
(patxik eskua ematen dio eta petrik eskua tinkatzen dio.)
petri: Haritza haiz. Ez ahantz.
patxi: Ai... Nundik ateratzen dituzu esku horiek. Zer dira, zartaginak edo eskuak?
(petrik irri egiten du.)
petri: Kontatuko deat zerbait. Ene aitak lan egin zian bere bizi guzian. Ez zian besterik egin. Lan, lo, eta ni. Baina zahartu zenean, bere bilobez gozatu nahian edo, erran zian: “Aski. Orain, erretreta hartuko dut”. Denak harritu gintuan, baina zendako ez? Eta Gizarte Segurantzako bulegora eraman nian, Baionara. Bigarren aldia Baionara joaten zela bere bizian. Lehena, gerlara joateko, eta bigarrena erretretarendako, pentsa. Baina, hango funtzionarioak ez zian aitaren lan frogarik. Ez agiri, ez kotizazio paperik, deus. Erran zion: “Zerk frogatzen dit zuk baserrian lan egin duzula bizi guzian?”. Orduan aitatxik hola egin zian. (Eskuak erakusten dizkio) Bere eskuek ez zuten agiririk, ez zuten zigilurik, ez ziren administrazioaren zirrikitutik pasa, eta, duda izpirik gabe, laborari eskuak ziren. Baina, erretretarik ez. Zahartzaroko guttiengo soldata lortu zian. Hots, estatuaren errukia. Duintasuna irensteko ematen diaten sos miserablea.
(petri altxatzen da.)
petri: Goazemak esku horiek zimurtzera pixka bat.
(patxik eskutik hartzen du, ttikitan bezala, eta ttotto-lolo, baratzera doaz.)
patxi: Nik berdin, eskularruak erabiliko ditut, e.
petri: Bistan dena!