Lurrez estali
Lurrez estali
Ximun Fuchs
Azaleko irudia: Oier Zuņiga
Diseinua: Metrokoadroka
2024, antzerkia
104 orrialde
978-84-19570-34-5
Ximun Fuchs
1974, Larzabale
 
 

 

17. Ihesa zilegi da?

 

 

(paxkalinek azantz bat entzuten du behitegian. Hurbiltzen da eta edurne ikusten du han gordea. Zerbait jan nahian, han egon zen, bilatzen, eta zerbait erorarazi du.)

 

paxkalin: Edurne?

 

(edurne, zikin-zikina, lastoa biloetan, dardarka, hurbiltzen zaio.)

 

paxkalin: Gose haiz?

 

(edurnek baietz ihardesten dio buruarekin.)

 

(paxkalinek zerbait hartzen du sukaldean eta jateko zerbait ematen dio. edurnek gose handiarekin jaten du.)

 

paxkalin: Poliki, itoko haiz bestela. Ura?

 

(edurnek baietz, eta salbaiki edaten du.)

 

paxkalin: Hire etxera itzuli nahi dun?

 

edurne: Ez, ez naiz sekula berriz itzuliko hara.

 

paxkalin: Nahi dun laguntzea?

 

edurne: Airea behar dut. Han itoko naiz.

 

paxkalin: Noka aritzen ahal haiz enekin, ez naun hain zaharra ere ez.

 

(edurnek irriņo bat uzten du eskapatzen.)

 

paxkalin: Hola nahiago dinat.

 

edurne: Patxi ez dun hor, ez?

 

paxkalin: Ez, baina hobe liken. Bere bihotza entzun balu, hemen izango zunan aspaldian.

 

edurne: Bihotza...

 

(edurnek malko bat lehortzen du masailean. Belauna dardarka ari zaio.)

 

paxkalin: Hire berri eskatu din egunero. Egiazki kezkatua dun hiretzat.

 

edurne: Ihesa zilegi dun, Paxkalin?

 

(paxkalinek espaldak altxatzen ditu.)

 

edurne: Hirekin etortzen ahal naun Iruņera? Eraman nezan edozein lekura ez dena hemen. Otoi...

 

(paxkalinek besoetan hartzen du.)

 

paxkalin: Badakin, Edurne, gure patuari ihes eginez, azkenean bizkarrez harrapatzen gaitin, beti. Ekaitza parez pare hartzea hobe dun anitzetan.

 

edurne: Hire ustez, maitasuna errealki existitzen dun?

 

(paxkalinek irri egiten du.)

 

(beņat hortik pasatzen da, arrunt mozkorra, botila eskuan eta bien ondoan jartzen da.)

 

beņat: Aio, gau xoriak. Behitegitik atera haiz hi azkenean?

 

paxkalin: Utz ezak trankil. Zer zian postariak?

 

beņat: Ba, fitsik. Zozokeria. Autoan zunan, telefonoa hartu din emaztea deitzeko eta arroilan sartu dun. Deus grabe. A... Telefonoaaa...

 

paxkalin: Zer dituk gutun horiek?

 

beņat: Hau?

 

(beņatek gutunak erakusten ditu.)

 

beņat: Lasaitasuna, Paxkalin, erosotasuna! Bankutik idatzi zidatenan eta dena konpondua dun. Dirua prestatuko zidaten PACeko dirua etortzen den bitartean, enzileuza salduko dinat, urte bukaeran TVA errekuperatu eta hop! Kabalak etxerat! Tantiruriruriruri, Edurne! Hi, erraion aitari haren sosa ez dudala behar gehiago, ezta nahi ere!

 

paxkalin: Trankil uzteko errana deat! Eta dutxa hadi, hartzak ere garbitzen dituk noiztenka.

 

(beņatek bere besazpia usaintzen du.)

 

beņat: Dios! Salbaia hemen dun, bai! Bizia! Biba bizia! Uf!

 

(beņat etxera sartzen da Irabazi dugu kantua txistukatuz. paxkalinek bere kuadernoan esaldi bat notatzen du.)

 

paxkalin: Esperantza, etsipenaren ama.

 

(edurnek hasperen bat egiten du eta paxkalinen Hamlet liburua hartzen dio.)

 

edurne: Ongi dun hori?

 

paxkalin: Bai. Eta aldi berean, ez zakinat nondik heldu: patua, mendekua, maitasuna, ihesa, askatasuna, dena badun... Baina ingelesez. Inperioko hizkuntzan pentsatua dun. Guretzat balio duenetz, hori beste zerbait dun.

 

edurne: Zertarako ez haiz besteekin joan Londresera ilobaren ikusteko?

 

paxkalin: Ez dinat iloba hondoratzen ikusi nahi. Nahikeriak ez din gaitasuna egiten. Argi izpien bila joan dun Londresera, ni haren ikustera joango naun hemengo argi-ilun eta arima grisak kontatzen ausartuko denean.

 

edurne: Nola sartuko naun etxera garaituaren figura eskaini gabe?

 

(paxkalinek hasperen bat egiten du.)

 

paxkalin: Sarrera teatral bat eginez, adibidez?

 

(paxkalinek Hamlet liburua erakusten du.)

 

paxkalin: Zaldiz. Zaldiz eta kantuz. Hemen bezala. Hi, hi, hi.

 

(Etxe barnetik tiro bat entzuten da eta xakurrak zaunkaka hasten dira denetan.)

 

(paxkalin izutzen da, ganerrera doa eta beņat aurkitzen du, lekuan bertan, hilik.)

 

paxkalin (off): Edurne!!!! Laguntza!!! Beņatek bere buruaz beste egin din!!! Laguntza!!!! Beņat!!! Ez... Ez... Beņat...

 

(edurne sartzen da, eta berriz ateratzen da, eskuak ahoa tapatzen. Dardarka, paxkalinek jarlekuan utzitako telefonoa hartzen du. WhatsApp audio bat grabatzen du. Urrunean, paxkalin entzuten da “Beņat” errepikatzen, etengabe.)

 

edurne: Patxi, ni nauk. Haugi etxaldera, otto zendu zauk. Tiro bat bota dik buruan. Dena odola duk, odola, odola eta malkoak. Paxkalinen besoetan duk. Dei ezak ama. Horriblea duk. Haugi... Patxi? Maite haut...

 

(edurne badoa paxkalinengana.)