Lurrez estali
Lurrez estali
Ximun Fuchs
Azaleko irudia: Oier Zuņiga
Diseinua: Metrokoadroka
2024, antzerkia
104 orrialde
978-84-19570-34-5
Ximun Fuchs
1974, Larzabale
 
 

 

11. Maitasunak badu bere bide propioa

 

 

(Isilean, edurne sartzen da. biek hitzordua zuten. edurne hurbiltzen da, gatu baten moduan. Ahapeka mintzatzen dira.)

 

patxi: Nahi dun zerbait edan? Garagarno bat?

 

(edurnek baietz egiten dio buruarekin. patxi ziztu bizian badoa eta nahi gabe, sukaldean, platerak erorarazten ditu.)

 

patxi (off): Dena ongi, dena ongi. Biltzen ari naiz. Egon ohean denak, lasai.

 

(patxi berriz sartzen da, irria ahoan, baina edurne desagertu da. patxi kezkatua da.)

 

patxi: Edurne?

 

(edurne gordelekutik ateratzen da.)

 

edurne: Hor nauk.

 

patxi: Izitu naun...

 

(patxik ateratzen du bere telefonoa musika ezartzeko, girotzeko. Soinua ez da bikaina, baina edurne irriarazten du. biak jartzen dira, ez dakite sobera zer erran.)

 

edurne: Ikusi duk ilargia?

 

patxi: Ila... Ez. Nun? A, hor... Uau. Itzela. Zer... Nola... Uau.

 

(patxik, alegia deus ere ez, bere besoa ezartzen du edurneren sorbaldaren gainean. Isilunea.)

 

edurne: Zer egiten duk hor?

 

patxi: Nork?

 

edurne: Hik. Jakin daiteke zertan ari haizen?

 

patxi: Maitemintzen.

 

(Isilunea.)

 

patxi: Egia erran ez nuen batere pentsatu hola erraitea. Atera zait hola, uste baino fiteago. Badabum!

 

(Isilunea.)

 

patxi: Ez dakit hobekiago naizen edo gaizkiago. Hik maite naun? Ez erran, ez erran! Bo, bai. Erran.

 

(Isilunea.)

 

patxi: Tentsioa biziki gora dinat hor. Zirt edo zart, baina zerbait erran beharko dun, edo anbulantzia deitu edo ez zekinat baina... zerbait.

 

edurne: Ez gaituk lotzen ahal, Patxi.

 

patxi: A...

 

(Isilunea.)

 

patxi: Zendako?

 

edurne: Aske izateko.

 

patxi: A.

 

(patxi irriņo bat egiten saiatzen da.)

 

patxi: Baina horrek erran nahi din bai edo...

 

edurne: Izan liteke aske eta maitemindua aldi berean?

 

(Isilunea.)

 

patxi: Ez dinat ulertu. Zer?

 

edurne: Beldur nauk, Patxi. Izigarri beldur nauk lotzea. Ez diat min hartu nahi. Uda amaitzen ari duk, eta hi fite joango haiz hire egiazko bizira. Baina ni hemen geldituko nauk, ulertzen? Ni hemen nuk, ziloan. Nola nahi duk maita gaitezen gero? E? Noiz? Autobusen ordutegien arabera? Nola asetuko gaituk hola? Nun duk ene libertatea, edo hirea? Eta gurea?

 

(edurnek musu bat ematen dio eta badoa. Zozo bat bezala, patxi hor egoten da, biraka, pentsati. Ilargia begiratzen du.)

 

patxi: Zure ustez, Edurnek maite nau? Nik uste, pixka bat bederen, ez? Zendako ez dit erran orduan? Hitza emanez gero, ezin delako gibel egin? Hau da hitzaren patua? Errandakoa ezin da berriz hartu, ezin da, ez, erran, errana baita. Hoberenean emendatzen da, zuzentzen da, ahal bezala. Eransten da. Baina ezin da ezabatu, ezin da ukatu. Edurne maite dut, eta nire bihotzean letra larriz idatzi dut bere izena. edurne.

 

(Hasperen batean, etxera sartzen da.)