Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Ez du esplikazio handirik behar, Gaizka Sarasola
1. Ehorzketa, arratsaldeko eguzkipean
2. Arratsalde bukaera, autobusa etorri da
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Ez du esplikazio handirik behar, Gaizka Sarasola
1. Ehorzketa, arratsaldeko eguzkipean
2. Arratsalde bukaera, autobusa etorri da
13. Hilabetea pasa da
(hiru jendarmek beņat distantzian atxikitzen dute bere etxaldean. Zaunkak entzuten dira eta jendarmeen irratiaren soinu metalikoa. beņaten begia uspeldua da, eta lerdea ateratzen zaio ezpain ertzetik. Ahots apalez mintzo da.)
beņat: Alu zikinak, sai maltzurrak, ustelak, oilarbuztan harroputzak...
(janbattitt heldu da, kezkaturik beņatengana hurbiltzen da.)
janbattitt: Ongi?
beņat: Biziki untsa nauk. Sudurtalo banda hori ez balitz etxean, are hobekiago. Gaitzeko forman izango nindian ez balira ene kabalak kalitzen ari. Ergelak, sasikumeak, astaputzak...
(Oihuka hasten da) Nire ahotsa ahotsik ez duten zorigaitzen ahotsa izango da! Nire ahotsa, etsipenaren presondegira makurtzen direnen askatasuna izango da!
janbattitt: Zer pasatzen duk?
beņat: Kontrolatzailea! Egoera sanitarioa aztertzen ari duk, eta pettenttak eguneratuak diren, uren kalitatea eta nik dakita zer. Zakil horrek Gestapoa ekarri dik haren lan zikinaren egiteko. Nik erran zioat poliki hartzeko abereak goxoan eraman behar baitira. Badakik zer den: jende berria ikusten ditek eta berehala izitzen dituk. Eta eltzeandi urdin horiek hasi dituk pitotzen eta zernahi bildu diat. Baina hago, hago. Bilomotzak, haren quadarekin, ikusiko dik bai... Ustela, zerriurdea, kakontzia...
janbattitt: Kalma hadi, Beņat. Dena konponduko duk.
beņat: Ez, ez. Ez duk konponduko, ez. Horiek hor direnean, ez dituk debalde heldu. Sosa biltzera etorri dituk. Marrazoak dituk, odola sentitu ditek urean, eta taldean heldu dituk haragia jatera.
(petri etortzen da. jendarmeak ateratzen dira.)
beņat: Orduan?
petri: Oiloak eraman ditiztek eta behi bat ito duk.
beņat: Ikusten, Janbattitt? Ikusten?
petri: Behi taldea errekarantz eraman ditek kontatzeko, eta izialduran, behi bat zapaldua izan duk eta ito duk. Traktorea hartuko diat handik kentzeko erreka ez dadin pozoindu.
beņat: Aita, nun da eskopeta?
petri: Hago isilik.
beņat: Aita, eskopeta!
janbattitt: Kalma hadi orain! Ez duk deus onik aterako eskopetarekin, rekoņo!
(beņat sukaldera doa eta hiru garagarno ateratzen ditu, bakoitzarentzat bat. Lekuan bertan jartzen dira, beņat negarrez hasten da.)
janbattitt: Are. Gauzak beren lekura itzuliko dituk, ikusiko duk. Memento txarra duk, baina soluzioa aurkituko duk. Eta ni hor nauk. Donostiatik itzultzean, lagunduko haut oilategia garbitzen eta hautsitako hesia elkarrekin muntatuko diagu berriz.
beņat: Donostiara hi?
janbattitt: Bai, kongresu batera abian nauk, etorkizuneko laborantza solas. “Food for Future” deitzen duk. Food Biotek enpresak makinak asmatu berri ditik haragia 3Dan inprimatzeko.
beņat: Espres ari haiz...
janbattitt: Fitexko ez duk egiazko kabalarik izango ere. Dena elektronika txitxia izango duk. Beharrei aurre egiteko, eta ekologia, eta... Baina ni metanizagailu berriak ikusteko abian nauk, e. Diru franko egiten ahal duk horrekin, iduriz. Eta sagartzean lekia badiat...
(petri zutitzen da.)
petri: Serioski ari haiz hor? Esklaboa nagusiak eskarniatzen! Zertan ari haiz hi?
janbattitt: Sindikatuak bidaltzen nau asteburu pasa, ez dut ezetz errango, ez?
(petrik tu egiten du.)
petri: Hire aitatxi, berraitatxi eta arbaso guztiak esklaboak zituan, hireak ere bai, Beņat, eta hola oroitzen dituzue? Artaburuak! Ez dituzue sentitzen zuer so diren arbaso horiek guziak sagar bakoitzean? Hosto bakoitzean? Enbor bakoitzean? Ez dituzue entzuten haien orroak?... Nork edango ditu gure hilak sagartzea suntsitzen baldin baduk? Pitoa hi... Esklaboak eta kontent izateaz gainera, endekatuak... Ez duzue ikusten bizi guzia zorretan pasako duzuela besteen kontura? Esklabo arima ongi atxiki duzue bai.
Odolean duzue, erroturik. Gaizoak eta tristeak: beti beldur, ttikitasunaren konplexua, jaunen aitzinean dardarka, belaunikatzeko beti prest, patuari etsituak... Larbinismoa ederki ikasi duzue urte luzez iduriz. Esklabo eta buru huts.
(janbattitt altxatzen da lasaiki, bere garagarnoa pausatzen du eta poliki mintzatzen da.)
janbattitt: Asea naiz. Zure zaharminek ez dizute haurkerian ibiltzeko baimena ematen. Zeren haurra bazina, belarrondo ederra bilduko zenuke.
beņat: E, o! Kalma hadi, aita duk.
janbattitt: Bazakiat, bai, laster hilko dela, baina ez ditik hilak deitzen ahal haren erranak indartzeko.
(janbattitt berriz mintzatzen da petriri.)
janbattitt: Azkenetan zira, eta, zurekin bat, zure ideiak ehortziko ditugu, eta kontent naiz hala izanik. Entzun ezazu: oraingo laborariek ez dute aski ekoizten Euskal Herria bazkatzeko; jaten dugunaren % 4 edo 5a baizik ez da hemengoa. Eta herri honek altxatu nahi badu egun batez, elikagaien burujabetasunetik pasatuko da. Orduan berdin zait inprimagailu, metanizagailu edo zer tresneria beharko dugun, baina ezerk ez dit bidea trabatuko, entzun? Ezta zure idealismo zaharkitu horrek ere ez.
petri: Apokalipsia ekarriko duk. Nafarroa bera zangopilatzen duk, harroputz miserablea. Nun eta hemen, gainera! Deabrua, gaitza...
(Ondoezak harrapaturik petrik jarri behar du, bihotzekoak ematen dio. Ezin du hatsik hartu.)
beņat: Aita? Aita! Dei ezak anbulantzia edo ez, ez! Suhiltzaileak! Suhiltzaileak!
(Ikaraturik, janbattittek telefonoa hartzen du.)
beņat: Erna hadi, puta!
janbattitt: Baietz! Tutatzen dik eta ez ditek... Bai, alo? Alo? Puta, erantzungailu automatikoa duk... Urgentzia... urgentzia. Ez da posible. bihotzekoa...
Ez dik deus ulertzen onore... Ez, ez, ez, Oloorone ez! oloorone ez! Donapaule! donapaule... donapaule! berdin du! orain! urgentzia! lehertzen ari duk, ostia! ekarrak mediku puta bat, mekauendios!!!
(petrik keinua egiten du ez duela nahi.)
beņat: Aita, aski, orain joango zira ospitalera, bai ala bai.
(petri altxatzen saiatzen da, baina beņatek ez dio uzten.)
beņat: Janbattitt, dei ezak Aņa. Ez dik hura baizik entzuten.
janbattitt: E? Nik?
beņat: Dei ezak Aņa!
(janbattittek deitzen du eta bozgoragailua ezartzen du.)
aņa (off): Janbattitt? Barka nazak, ezin diat mintzatu hor... Londresen nauk...
beņat: Aņa...
(beņatek ezin du mintzatu eta keinu bat egiten du janbattitti segi dezan.)
aņa (off): Beņat? Nahi duk alabari mintzatu? Hamlet biziki ontsa zuan eta...
janbattitt: Aņa, itxoin, aita trenpu sartu dun, bihotzekoak eman zionan edo holako zerbait. Grabea dun. Gaizki dun biziki... Erraion zerbait, ez din ospitalera joan nahi. Ez zakinat entzuten hauen, baina erraion zerbait... Hurbiltzen dinat telefonoa...
aņa (off): Beņat? Nola, ez, ez...
petri: A...
aņa (off): Aita?... O, ez... Aita... Entzun, entzun, aita... Ospitalea ez da... O... Ezin dut, hola ezin dut...
(Argi urdinak ikusten dira urrunean. beņatek eta janbattittek petri hartzen dute besoetan eta badoaz. Telefonoa hor gelditu da bakarrik.)
aņa (off): Aita, ez dakit entzuten nauzun edo ez, baina... Behar zaitut. Maite zaitut. Entzun? Badakit ez naizela anitz egon azken aldian, baina... Atxik, aita. Heldu naiz. Sartzen naiz. Aita? Aita? Bada norbait? Norbaitek erraiten ahal dit zer gertatzen den? Aita?...