Lurrez estali
Lurrez estali
Ximun Fuchs
Azaleko irudia: Oier Zuņiga
Diseinua: Metrokoadroka
2024, antzerkia
104 orrialde
978-84-19570-34-5
Ximun Fuchs
1974, Larzabale
 
 

 

19. Ehorzketa berriz ere

 

 

(Beltzez jantzirik, iban eta aņa sartzen dira. Sukaldetik edari eta jatekoak ateratzen dituzte. aņa zainetan da, eta iban saiatzen da bere goxatzen.)

 

iban: Etxaldea gaur salduko den ala ez, zer axola din? Goiz edo berant gertatu behar zunan. Lasaitu hadi, maitia. Azken finean, goizago eta hobekiago. Lotura kentzekotan, kolpez egitean min guttiago hartzen dun.

 

aņa: Ez. Ez nauk prest. Kemena eskas izan diat beti. Ihesaren alaba nauk. Familiako ausarta gaur ehorzten diagu.

 

iban: Ez erran hori, otoi, ez erran hori. Maitia...

 

aņa: Geldi hadi maitia gora eta maitia behera! Ez nauk haur bat, rekoņo!

 

(iban gaitzitzen da.)

 

iban: Ados. Zuzen mintza gaitezen orduan. Ez gaitezen gure buruarekin gezurka ari izan. Egia, begietara begira dezagun: hau, etxaldea, dena aspaldian fini zunan. Xahu, kaput, kataplau. Eta eskerrak gaur bertan saltzen dela enkanteetan, hola goizago hasten ahalko gaitun beste zerbaitetara pasatzen.

 

(Isilunea.)

 

iban: Hola erranik, egia hobekiago sartzen zaun?

 

aņa: Egia? Zer duk egia? Hik ikusten duk non den egia eta non gezurra? Adoretsua hi! Begiratzen duk aitzinera eta gezurra gibelean uzten duk. Ni baino baliosagoa haiz azkenean, zintzoagoa, sakonagoa...

 

iban: Ez ninan hori erran nahi... Barkatu.

 

(aņa negar batean zapartatzen da.)

 

aņa: Ni hemen sortu nauk, hemen bizi izan zituan aita eta ama, eta Beņat... etxe hau maite diat, gorroto diat. Ez zakiat, psikiatrari utziko zioat erantzuna, baina etxe hau nauk. Beņat nauk. Ama nauk. Nafarroa nauk. Galdua sentitzen nauk, beldur nauk ere bai, umezurtza eta galdua, gau ilunaren isiltasunean bakar-bakarrik.

 

(ibanek besoetan hartzen du.)

 

(Ezkilak entzuten dira.)

 

(edurnek lagundurik, patxi sartzen da. Auzokoek segitzen dute, isilean. Mezatik itzultzen dira. beņaten hilkutxa karroan da. Porroa ahoan, paxkalinek karroa gidatzen du jestu soilekin. Gibelean, karroari heltzen, ahal bezala, petri. aņak jateko zertxo bat eskaintzen du gonbidatuei. ibanek diskurtso bat egiten du mikroan bere koinatua ohoratzeko. Zaila zaio emozioa gordetzea.)

 

iban: Beņat... Ez zakiat nola agurtzen den koinatu bat, lagun bat, anaia bat. Ez zakiat nola agurtzen den osaba, semea edo... Heroi bat. Bai, hala izan haiz enetzat, guretzat. Sekula min, sekula eri, sekula pleini. Gure zirien itzalean, miretsi izan haut beti. Pena, ez nauk ausartu orain arte erraiten, erran behar nuenean.

 

           Hori izango duk ene marka seguruenik, beharrean berant. Atzeratua ni, atzeratuak gu. Guttienez bi mendez atzeratuak gira. Ez dugu deus, ez dugu gure iraganarekin harremanik, filosofatu baizik ez dugu egiten belaunaldi magiko bat bagina bezala, asperduraz pleinitu eta edan. Anitz. Eta jan. Gehiago. Litroak eta kiloak, jan eta edan. Edan eta jan. Orainaldian bizitzen hasteko, gure iragana berreskuratu beharko genuke. Lan erraldoi eta atsedenik gabeko egoskorkeria baten prezioan askatuko gira, ez da beste aterabiderik. Gure jainko, lur, ohitura, dantza, jakinduriatik erauzitako gizon-emazteak gira. Lanez bizi, lanez askatu. Hau dena hintzen, Beņat, bihotzean eta buruan.

 

(ibanek basoa altxatzen du. Denek berdin egiten dute. janbattitt sartzen da, pozaren pozez. aņa hurbiltzen zaio.)

 

aņa: Nola joan duk salmenta? Erraidak! Ixo, saldua duk?

 

janbattitt: Saldua dun.

 

aņa: Banekien… Nork erosi dik? Ez erran, ez erran... Ezagutzen diat?

 

janbattitt: Bai...

 

aņa: Errak nor den, redios!

 

janbattitt: Nik erosi dinat. Nik erosi dut etxaldea, jaun-andereak! Dena nahasten zait buruan, kostatzen zait mintzatzea... (Irri egiten du) Salmentara heldu nintzenean, Bordeleko jatetxe baten hornitzaileak hor ziren jada, seiehun mila baizik ez zituzten, Paristar aisialdiko enpresak, zorraz gain, zortziehun eskaintzen du. Kolpea ikusten dut, haren kontra oldartzen naiz, bederatziehun jartzen ditut.

      Berak, berrogeita bost gehiago. Nik, berrogeita hamabost. Eta hola kalitu arte. Orain etxaldea nirea da! Nire aldia da! (Irriz) Paxkalin, bazakinat ez naizela arras hire gustukoa, baina berdin zaidan. Laguntza beharko dinat, eta itxurak mantendu nahi ditinat. Har ezan etxaldea enekin, ezkondu nahi haut.

 

(Eraztun bat ateratzen du eta paxkalini ematen dio.)

 

janbattitt: Ez haut hunkituko ere. Ez naun luzaz biziko edozein gisaz. Ofizioan, ez gaitun zahar bizitzen orain. Ez trufatu nitaz zuek! O... Aita bere hilobitik altxatzen balitz orain... Ikusten balu semea, jotzen zuen seme pito hori, doi-doia irakurtzen zekien semea, oinutsik korrika ibiltzen zena, bai, seme horrek berak munduko etxalderik ederrena erosi du. Ikus ezazue denek maizterraren semea nola sartuko den aizkora batekin, nola eroriko diren zuhaitzak lurrera! Paxkalin! Food for Future, eko-bio-trad eta behar duten guzia martxan jarriko dinagu! Eraikiko ditinagu ostatuak, aterpetxeak, laborantza agrovoltaikoa, eta gure haurrek, gure bilobek bizitza berria izango diten hemen!... Musika! Musika!

 

(janbattitt dantzan hasten da ero bat bezala. paxkalin, xuriz bezti, kantatzen hasten da, eta herriko jendea mutxikoak dantzatzen hasten da.)

 

paxkalin:

      “Ekaitza, mendia, hartza eta otsoa,

      Tomateak neguan eta joaldunak udan.

      Gaituzte ezkontarazi, maite ninduzun hain guti.

      Ezkontarazi gaituzte, ez zintudalarik maite.

 

      Zertako arbasoek lortua ez dugu lortzen,

      Hitzek askoz gehiago badakitelako gutaz.

      Gaituzte ezkontarazi, maite ninduzun hain guti.

      Ezkontarazi gaituzte, ez zintudalarik maite.

 

      Eroa ez da arrazoia, galdua duen presuna.

      Menskeria da dena galtzea, dena arrazoia salbu.

      Gaituzte ezkontarazi, maite ninduzun hain guti.

      Ezkontarazi gaituzte, ez zintudalarik maite.

 

      Lerro zuzenak baino, nahiago ditut nik

      Bihurgune lohitsuak, lurrez estalitakoak.

      Gaituzte ezkontarazi, maite ninduzun hain guti.

      Ezkontarazi gaituzte, ez zintudalarik maite.”

 

(petri beņat xerkatzen hasten da, eta deitzen du.)

 

petri: Beņat? Beņat? Haugi, ekaitza heldu duk, kabalak sartu behar dira orain. Beņat? Beņat!!!!!

 

(petriren ahotsa urratzen da.)

 

(Ekaitza.)

 

iluna