Lurrez estali
Lurrez estali
Ximun Fuchs
Azaleko irudia: Oier Zuņiga
Diseinua: Metrokoadroka
2024, antzerkia
104 orrialde
978-84-19570-34-5
Ximun Fuchs
1974, Larzabale
 
 

 

Biografiak

 

 

Ximun Fuchs

 

      Joan den mendeko 74an sortu omen nintzen. Bordeleko unibertsitatean antzerkia ikasi nuenetik, Europako bideak zeharkatu ditut euskaraz, frantsesez eta gaztelaniaz (Euskal Herria, Frantzia, Alemania, Ingalaterra, Espainia). Hogei eta bost urtez, nire artea antzerki mugalari, aktore, zuzendari, musikari, kamioi gidari, teknikari, ekoizle, banatzaile, zinemagile edo irrati kronikari bezala eramaten saiatu naiz. Herrigintza helburu, Hameka lurralde proiektu kulturalaren bultzatzaile eta sortzailea izan nintzen.

      Le Petit Théâtre de Pain antzerki taldea zuzendu dut hainbat urtez eta ondotik Axut! Kolektiboa sortu dut Manex Fuchs anaiarekin batera; geroztik Argi Perurena eta Arantxa Hirigoyen sartu dira Axut! Kolektiboan. Lan kolektiboak bultzatzen ditut erabaki iraunkorrak eta ibilbide artistikoak aberasteko.

      Orain, euskal antzerkian (Axut! Kolektiboa) eta euskal zinean (Gastibeltza Filmak) eragitea erabaki dut bete-betean; gure herrian, gure hizkuntzan eta gure ametsetan, lehentasunez bizitzeko, sortzeko eta ekiteko.

      Fassbinder eredutzat hartuta, “gizartearen idazkari” izateko xedea dut, euskal gizartearena.

 

 

Axut! Kolektiboa

 

      Axut! euskarazko antzerkia garatzeko xedearekin 2018an sortu dugun kolektiboa da.

      25 urtez eman dugu antzerkia euskaraz eta frantsesez, baina orain, euskara hutsean baino, euskara betean ekitea erabaki dugu. Ez garelako hutsetik mintzo, betetik baino.

      Euskal antzerki garaikidea eta herrikoia dugu helburu.

      Ibilbide berriaren erronkari bi galderarekin heldu diogu:

            — Nori mintzatzen gatzaizkio?

            — Nori eskaintzen diogu gure ondasun guztia?

      Antzerkia herri baten isla bada, garai jakin batean, orduan eskema propioak sortzeko beharra dugu: eskema ekonomikoak eta artistikoak, bitartekaritza eta heziketakoak, komunikazio eta ekoizpenekoak, teknikoak, saretze eta harrerei lotutakoak...

      Nola egingo dugu kexatzeko, maitatzeko, haserretzeko, oihukatzeko, iraintzeko eredurik ez badugu?

      Zerk sortuko ditu ereduak arteak ez bada?

      Gure arteak egiten gaitu euskaldun, euskaraz sortu eta pentsatutako arteak.

      Etxekoak gara, etxekoei mintzo, eta horrek munduko egiten gaitu.

      Sortu eta taularatu ditugun lanak dira Zazpi senideko (2018), Zaldi urdina (2019), Amua (2020), Hondamendia (2022), Lurrez estali (2024) eta Bidasoa mintzatuko balitz (2024).