Lurrez estali
Lurrez estali
Ximun Fuchs
Azaleko irudia: Oier Zuņiga
Diseinua: Metrokoadroka
2024, antzerkia
104 orrialde
978-84-19570-34-5
Ximun Fuchs
1974, Larzabale
 
 

 

Ez du esplikazio handirik behar

 

Gaizka Sarasola

 

      Makeako plazan izan zen, duela zenbait urte. Bertako gazteek sortutako kabalkada ikustera joana nintzen. Poliki baina etengabe, irrika begietan eta urduritasuna mugimenduetan, plaza betetzen joan ginen ikusleak, adinekoa ogi koxkorrarekin parkera agertzerakoan hurbiltzen diren txoriak nola. Irrika eta urduritasuna, eta zerbait ederra ikusiko genuela segurantzia. Hori du bentaja herri antzerkiak. Ez du esplikazio handirik behar. Bulkada bat da. Egiteko gogoa eta indarra bada, egiten da, eta puntu.

      Antzeko sentsazioak nituen Izuran ere. Plazan beharrean, oraingoan gaztelu batean, ordea. Sarreran, hainbat lekutatik bertaratutako ikusleak, ezinegon disimulatu baten jabe, eta taldeko partaideak hasieratik lanean, Axut!-en emanaldietan ohikoa denez harrera egiten batzuk —iparraldeko nafarrak abegikorragoak dira gure aldean—, bertzelako zereginetan gainerakoak. Ezagunak gehienak, jokoan lehendabiziko aldiz ikusiko nituenak baten batzuk. Hori du ona plazak, denak berdintzen gaituela. Ez dago inor bertzeen gainetik argituko duen fokurik, eta denek edukitzen dugu momenturen batean bistara bizkarra.

      Bizkarrak baino, ipurdi guziak ongi kokatuak zirenean hasi zen emanaldia. Latsaga jauregiaren dotorezia zaharkituak, jokalarien ahalegin emankorrak eta ekaineko gaueko ekaitzak obratu zuten magia. Magiak hala ere, denok dakigun bezala, ilusioaz gain bertze gehigarri batzuk beharrezkoak ditu efektiboa izateko. Lana, trebezia, irudimena, eta tresna egokiak. Eta hor sartzen da mintzagai dugun antzerki testua: Lurrez estali.

      Antzezle zein zuzendari gisa duen eskarmentua ezaguna zitzaigun, baita gidoilari moduan zein zineman egindako ekarpena ere. Oraingoan baina, Ximun Fuchs idazlea aurkituko dugu liburu honetan. xx. mendeko Lapurdiko eta Baxenabarreko antzerki tradiziotik edaten du, baina idazlearen gainetik, taula zuzendaria da gailentzen dena, eszenaratzea eta emankizunaren dinamikak beti presente izanik.

      Ihes egiten du diskurtso hanpatuetatik. Zehaztasuna eta zorroztasuna gailentzen zaizkio erretorikari, eta diskurtso luzeenak ere gehiago dira sententzien gainean eraikiak alferreko dibagazioetan baino. Nabari du, hitzak idazterakoan ekintzak eta horien erritmoa burutan izan dituela, eta horrek bizitasun berezi bat ekartzen dio irakurraldiari.

      Antzerki herrikoiari fidel, nortasun ageriko pertsonaiak marrazten dizkigu Ximunek, irakurlearen begietara berehalakoan identifikagarriak, eta beraien arteko jokoan sortuko ditu umorerako paradak, baina baita hunkipenak estutzerainoko momentuak ere. Ez du distantzia batetik idazten ordea. Berak sortutako pertsonaiekin barre eginen dugu, edo negar, baina idazlea ez da beraiez trufatzen, eta ez du beraiekin errukirik adierazten. Auzokoak ditu azken finean; bera ere sentitzen da haien parte. Horrek egiten du antzerki hau hain egiazkoa.

      Benetakoak dira agertzen zaizkigun ezinak eta minak, baina ez da horregatik errazkerian erortzen idazlea. Ez du kanpoko etsai batengan jartzen begirada. Herri antzerkia da! Bai, badakigu kanpoan badaudela gu baino boteretsuagoak, baina komunitatean dugu erronka. Eta ez du azaltzen lohietan zikintzeko beldurrik. Auzokoekin izaten ditugulako liskarrik gaiztoenak, etxekoen artean agertzen direlako tirabira gordinenak. Eta bai, badira hausturak konpondu ezin direnak, baina beti badago espazio bat konpartitzeko mozkorraldiak eta negarrak, azaleratzeko amorruak eta maitasun keinuak.

      Keinu bat. Hori da Ximunek idatzi eta Axut!ek eraiki duena. Izan ere, zer da antzerkia, hurbileko sentitzen ditugun horiekiko maitasun keinu bat ez bada?