Lurrez estali
Lurrez estali
Ximun Fuchs
Azaleko irudia: Oier Zuņiga
Diseinua: Metrokoadroka
2024, antzerkia
104 orrialde
978-84-19570-34-5
Ximun Fuchs
1974, Larzabale
 
 

 

8. Errekatik etxera

 

 

(aņa eta paxkalin errekatik sartzen dira. aņa jartzen da eta paxkalinen porrotik tiratzen du.)

 

paxkalin: Oroitzen naun biziki ontsa Barnetegira joaten hintzenean. Ama hil eta ondoko sartzean izan zunan, ez?

 

aņa: Ez naun oroitzen. Seguruenik.

 

paxkalin: Hala zunan, bai. Niretzat urradura izan zunan, bitan umezurtz, uf... ze gau luzeak.

 

aņa: Niretzat ere zaila izan zunan, zer uste dun. Gainera, Barnetegian, notarioen, medikuen eta jauntxoen seme-alabekin nindunan, pentsa. Andere burges ttiki guziek hobeki ikas dezaten, barnetegira bidaltzen zitiztenan. Astelehen goiz guziz, baninan bola bat hor... Mando bat bezala sentitzen nindunan Chanelen usain-ondegian.

 

(Porroa paxkalini pasatzen dio berriz eta gasna puska bat hartzen du sukaldean.)

 

paxkalin: Buf, ikusten dinat, bai. Sophie, Catherine, Jean-Paul eta horiek denekin?

 

aņa (off): Preseski. Eta printzesa haiek urrundik usaintzen ninduten. Laborari alabak gaitunanez, eta barnetegian izanki, jantziak asteburuetan sutondoan lehortzen genitinan, fiteago xukatzeko. Oroitzen?

 

(aņa berriz sartzen da eta gasna partekatzen du paxkalinekin.)

 

paxkalin: Oroitzen naun, bai. Eta sukaldean barazki zopa, xingar arroltzea, igandeko oilaskoa...

 

aņa: Hori bera. Janari usaina jantzietan sartzen dun, lohi usainarekin nahasirik. Laborari alaba naun, eta hala usaintzen eta sentiarazten zigutenan.

 

(Isilunea.)

 

aņa: Badakin zer izan zunan ene erdiespena, ene erantzun sismikoa?

 

paxkalin: Eskola bikaintasuna.

 

aņa: Hiperbikaintasuna. Klase-borroka zorrotz eta ziztrina.

 

paxkalin: Baina nola egin dun ez itotzeko han? Iraungaitza izan behar zunan...

 

aņa: Pagadia. Hau zunan ene airea, ene oxigenoa. Garraztasunak herdoiltzen din samurtasuna. Alegiak egiten, higatu naun azkenean.

 

paxkalin: Ez dun sekula dudatu? Ez hintzen beldur amildegian erortzea?

 

aņa: Bistan dena baietz. Zalantzaz josia nindunan, arrangurak barnetik jana. Lan itzela izan dun ene beldurraren menperatzeko gurutze bidea. Misio bat baninan, betebehar bat. Lana, hemengo ADNa dun. Beti ikusi ditinagu gurasoak lanean higatzen, hiltzen, literalki. Guhaurk hamar urterekin soroetan lan egiten geninan udan, bai ala ez?

 

paxkalin: A, bai, bai. Belarretan, behiak pentzeetara eramaten, garbitzen...

 

aņa: Hori bera. Ba, hala segitu dinat. Azkenean nihaur ere lanean higatu naun.

 

(paxkalinek bere kaiera ateratzen du eta notatzen du.)

 

paxkalin: “Lana, gure harrotasun bakarra. Besteak baino gutxiago ez garen leku bakarra”. Ikusten dinat, bai.

 

aņa: Eskerrak pagadia bazela.

 

paxkalin: Elkarrekin joango gaitun hara arratsalde batez?

 

aņa: Bai, ez zakinat... anitz aldatuko zunan, ez?

 

paxkalin: Zendako?

 

aņa: Entzun...

 

paxkalin: Zer?

 

aņa: Bidea. Bide erraldoia, bide gizajalea. Kamioi gehiago, turista gehiago eta hemengo jendea fiteago hemendik joateko bidea. Soinu hori, ihesaren soinua dun. Etorkizunaren soinua. Gazteen asperduraren soinua.

 

(Isilunea.)

 

aņa: Mundu geldi batean sortutakoen izuak soinu hori badin.

 

paxkalin: Ni, lehen, arrantzara joaten nindunan, errekara. Ez ninan mobiletarik, neska izanki... Aitak ez zinan nahi, mobileta mutilen afera zunan.

 

aņa: Edo mutil laguna kausitu behar zunan. Zaldia eta zalduna, pak osoa bazunan.

 

paxkalin: Ni ez nindunan biziki trebe mutil-laguna izateko. Orduan, ertzoarena egin dinat, mendekuz. Edozein gisaz mediku, mediku emazte edo notario izango ziren burges ttiki haiek guztiak xintxikatu behar nitinan nik ere. Berdin zitzaidanan. Haiek baino gehiago balio ninan, eta erakutsi nienan: ni libre naiz, ni bizi naiz. Zirtzila eta askea. Eta haiek urdanga izateari kondenatuak, xerrikumeak zerrendan egiteko sortuak eta kondenatuak. Kurrin, kurrin.

 

(aņak irri egiten du.)

 

aņa: Parisera joatean Sorbonara, baserritar alaba bakarra nindunan. Pentsa, Paris erran orduko, “aaaah” egiten zidatenan herrian. Sorbonne erran eta hautetsien arteko bilkuretan problemak fini. Ez badun jeloskorkeria. “Aaaah, bon?”. Eta herra. Zerbait dun herra... Badakin zenbat etxaldek bizirauten diten herrari esker? Horregatik bakarrik?

 

paxkalin: Denek.

 

aņa: Ez ninan hainbeste erranen, baina ongi pentsatuz gero... Goizetan jaikitzeko, garra ematen din. Parisen zer baden balekite... Gure zerrikumeak baino okaztagarriagoak ditun, urrundik. Zeren gure zerriek ez diten besterik izateko pretentsiorik. Haiek... (Goiti botatzeko keinua egiten du) Eurk!... Liburuak bailiran mintzo ditun, baina bizia errealki zer den sekula jakin gabe. Istripuak, lohia, odola... Orduan haiz ohartzen erreala zer den. Min hartzean, bizia mintzo zaun.

 

paxkalin: Nik uste dinat bizia arrantza besterik ez dela: ur korronte hotz bat, eta halabeharrak hau elikatzen... edo hiltzen. Harrapakari edo harrapakin, korronteak erabakiko din. Horretarako gustatzen zaidan izokin arrantza. Izokin astaņak arrantzatzen ditinat, sorburura itzultzea bizitzaren muina dela uste baitute. Hau, heriotzaren zentzua denean, besterik ez. Nik kalitzen ditinat. Emozio berezirik gabe, zuhurtasunez, betebeharrak gidaturik. Arbasoen patuaz askatzen ditinat. Zirtzil psikopata bat naun.

 

aņa: Izenburu polita hire liburuarendako.

 

(paxkalinek irri egiten du.)

 

aņa: Komertzialki, sexya dun. Zirtzil psikopata baten memoriak.

 

(petri aņa eta paxkalinen artean jartzen da, eta gasna zati bat hartzen du. Intxaur batzuk hausten ditu eta alabekin partekatzen.)

 

aņa: “Zirtzil psikopata familia baten memoriak”.

 

(petrik aņa begiratzen du ulertu nahian. paxkalin irriz karkailaka hasten da.)

 

paxkalin: “Euskaldunak, xuri onak eta xendra bide ilunak”.

 

(aņa irriz lehertzen da.)

 

paxkalin: “Euskaldunak, zorionak eta sendabide lilurak”.

 

aņa: “Minda hobia: Kabalen kaken ziloa, euskaltasunaren metafora”.

 

paxkalin: “Baserria: ekoizpenaren dimentsio obsesiboaren aurpegia”.

 

aņa: A, bai. Hor salduko dun. Segur.

 

petri: Jakiten ahal da zertaz ari zareten?

 

aņa: Literatur solas.

 

petri: A. Ez baldin baduzue besterik egiteko...

 

(Errekatik bueltan, iban patxirekin etortzen da. patxik muza berdea badu eskuetan eta besteei erakusten du. iban sutan da.)

 

patxi: Begira, begira! Kutsadura erreka irensten ari da.

 

iban: Afrusa da! Ez da ecrevissarik gehiago.

 

petri: Ecrevissa?

 

iban: Ekrevisioa. Errekako krevetak.

 

petri: A? Hamarratza...

 

iban: Ez da gaia.

 

petri: Ez duk gaia?

 

iban: Baina ez, Petri, ez. Gaia da ez dela ecrevissarik gehiago. Ecrevissak desagertzen badira, erran nahi du ura kutsatua dela, beraz lurra, beraz gu. Orduan hamarratza, ttunttun edo mendigainekozubi deiturik ere, futitzen gira. Gauza batzuk hola erraiten dira ez delako besterik, eta beste batzuk hola. Fini.

 

paxkalin: Ekologia ezin dela euskaraz egin erran nahi duk?

 

iban: O, ez hasi hi... Ez naiz horretaz ari, ez da inportanteena hor! Inportanteena da planeta peko errekara doala, ingelesez edo brasildarrez.

 

paxkalin: Bai, bai, ulertzen diat. Gai inportanteak frantsesez.

 

iban: Baina ez naizela politikaz ari, praktikoaz ari naiz!

 

paxkalin: A, ba lasaitzen nauk, nik uste nian pataska hor zela justuki, baina ez. Patxi, salbu gaituk.

 

petri: Abertzaleak erraiten badu euskara ez dela politikoa, untsa gira.

 

iban: Ez da posible...

 

(ibanek paxkalinen liburua hartzen du, Hamlet.)

 

iban: Erraiten dut bakarrik gauza batzuk ez direla erraiten ahal euskaraz, edo ez oino. Gustatzen zait? Ez. Hala da? Bai. So egin hau, liburu hau. Hamlet. Literatura handia. Atzematen da euskaraz? Ez. Zendako?

 

paxkalin: Euskara ez delako politikoa?

 

iban: Ez hasi hi...

 

patxi: Hautetsiek ez diotelako heltzen gaiari?

 

aņa: Hara, itxoiten nuen, dena politikarien falta da orain. Euririk ez du egiten, gure falta. Euskara? Garraioa? Berdin. Zinez, dena gaizki egiten dugu orduan?

 

patxi: Antxu, bai.

 

iban: Ez, ez da hori ere ez. Gauza batzuk ez dira martxan.

 

paxkalin: Ez diat ulertu. Erran nahi duk Hamlet euskaraz ez dela martxan? Zeren atzeratu mentalak gira funtsean?

 

patxi: Bai. Hori erran du, nik uste.

 

iban: Ez. Berehala hitz handiak... Baina ados, ados. Konkretuak izan gaitezen. Hamlet ematen ahal dugula? Bikain. Nola?

 

patxi: Nola? Normal. Testua erranez. Egiten den bezala. Arrebak egingo duen bezala Londresen, baina hemen. Normal.

 

iban: Normal? Ados. Saiatzen naiz.

 

(ibanek liburua irekitzen du eta irakurtzen du pasarte bat euskal izaera eta azentua eskarniatuz.)

 

iban: Ętre ou ne pas ętre, puta!

      Telle est la question, ostia!

      Y a-t-il plus de noblesse d’âme ā subir la fronde et les flčches de la fortune outrageante, puņeta, ou bien ā s’armer contre une mer de douleurs et d’y faire front pour y mettre fin, rekoņo?

      Mourir... Aiuta! Dormir; dormir, ręver peut-ętre...

 

(Haserre, paxkalinek liburua eskuetatik hartzen dio eta segitzen du irakurtzen, baina behin-behineko itzulpena eginez.)

 

paxkalin: Amestu... Pentsaera horrek emaiten die gure zorigaitzei iraupen hain luzea. Zeren, nork jasan nahi lituzke munduko iluntasunak, zapaltzailearen laidoa, pobreziaren umiliazioa, maitasun erdeinatuaren larritasunak, legearen geldotasunak, boterearen ozarkeria, duintasunik gabeko jendeengandik jasan gaitzespenak, ezpata ukaldi soil batez joan balite? Nork eraman nahi lituzke zama horiek, bizitza itogarri batean pean, marmarka eta izerdiz blai? Beharbada, hil ondokoaren beldurra duenak, nehor itzultzen ez den eskualde esploratu gabea delakoan? Beldurrak nahikeria lauso ez baleza, ezin jasanezko gaitzak onar genitzazkea? Edo ezagutzen ez ditugun gaitzen ikarapean bizirauten dugu, une oro, gau oro, segundo oro. Kontzientziak koldar egiten gaitu, gu denak! Erabakiaren oinarrizko koloreak zurpailtzen dira pentsaeraren dirdira zurbilen azpian. Funtsezko eta irismen handiko eginkizunak beren bidetik urruntzen dira, ideiatik hurbiltzen, printzipio handietan galtzen eta ekintza izena galtzen dute…

 

(paxkalinek pausatzen du liburua.)

 

paxkalin: Uste dut Hamlet gutaz ari dela, koldar maitiak. Printzipio anitz, ekintza gutti.

 

(Gaitziturik, iban badoa bere logelara.)

 

aņa: Pfff.

 

paxkalin: Aho handi, pittili motz. Hau ere ez da gaizki izenburu bezala.

 

(petrik musu bat ematen du paxkalinen kopetan. aņa, badoa ibanengana. petri eta patxi bakarrik gelditzen dira.)