Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Hitzaurrea, Jule Goikoetxea Mentxaka
ERRADIKALAK
4. Zergatik naiz heterosexuala?
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Hitzaurrea, Jule Goikoetxea Mentxaka
ERRADIKALAK
4. Zergatik naiz heterosexuala?
Erroak, erraiak, tripak eta dardarak
Bagenekien ez zitzaigula erraza egingo gure bizitzako azken bost urteotan horrenbeste mugiarazi gaituenari buruz idaztea. Nola ekin beharko genioke kontaketari? Nola eta, batez ere, nondik? Nola, ez bada lehenengo pertsona pluralean? Ez bada aldi berean orainaldi nahiz etorkizun izan daitezkeen lehenaldiko aditzekin? Nondik, ez bada biltzen gaituen larruazalaren azpialdetik? Ez bada erroetatik, erraietatik, tripetatik… gure barrunbe sakonekoenetatik?
Elkarlotutako bi sormen prozesu daramatzagu gorputzean; ehun eta berrogeita hamarretik gora taulagain ezberdin saihespean. Kortse ikusezin baten begiztek gurutzatzen digute bizkarrezurra alderik alde, eta harrotasuna ez zaigu hara-hona garraiatu ditugun kontrapisuek mindutako gerrialdeetan kabitzen. Nostalgiazko putzu bana daramagu betzuloetan, loezinarekin eta izerdiarekin nahasian, eta sormenaren bidez hegan egiten eta eginarazten jarraitzeko gogoa orkatiletan.
Zuen aurrean biluztera gatoz, beste behin ere. Zuen aurrean biluztera gatoz, azkenekoz.
Azkenekoz, oraingoz behintzat.
Atzera begira jarri, arnasa sakon hartu, eta bide honetan elkarrekin eta elkarrengandik ikasi dugunaren inbentario posible bat egiten ahalegindu gara. Lerrootan aletu nahiko genuke bizipen-sorta hori.
Egingo al dugu zerbait elkarrekin?
Bada galdera bat elkarrizketa orotan ia hutsik egin gabe jaurti izan digutena: noiz hasi ote zen hau guztia. Guk, gorputzaldiaren arabera, askotariko erantzunak formulatu izan ditugu. Izan ere, baliteke hau guztia, berez, hau guztia hasi baino askoz ere lehenago hasi izana.
Herrikideak izaki, aspalditik genuen elkarren berri. Ane hamabi bat urterekin hasi zen bertsotan eta, hasi berritan jada, herriko ekitaldiren baten harira behin baino gehiagotan entzun izan zuela oroitzen du Beatrizek. Orduz geroztik, neskato hura hazten eta heltzen ikusi ahal izan du oholtza gainean. Denborarekin plazandre, eta are Beatrizen beraren oholtzakide, bihurtu den arte.
Aneri, aldiz, Donostiako Rekalde taberna historikoan Beatrizek behinola egindako ipuin-kontaketa bateko irudi lauso samarrak datozkio gogora, memoriaren biltegian aztarrika hasiz gero. Oroitzapen zehatzagoek, baina, Ondarroako Beikozini antzokira daramate, ezinbestean. Indarrak gainez egiten zion Beatriz probokatzaile bat gogoratzen du antzokiko oholtzan, sudur gorria eta hondo moredun ikurrina lagun, areto hura Euskal Herri osotik bildutako andreen algarez bete zuena. 2014ko abendua zen: Emakume Abertzaleon VI. Topaketa Feministak. Artean, feminismoa deskubritzen hasixea zela du akorduan Anek; liluratu adina asaldatzen zuten bizitzarako leiho eta ate berriak zabaltzen. Seguruenik, Ondarroakoak izango ziren gisa honetako lehen topaketak berarentzat. Ondarroan egingo zuen, ziur asko, estreinakoz dar-dar beste ehunka emakumerekin batera.
Ez gara gai garai hartan dagoeneko gure jardunei buruzko elkarrizketarik izango ote genuen baieztatzeko, baina argi dagoena da bageneuzkala bion arteko zubi gisa balio zezaketen bereizgarri komun batzuk behintzat: jendaurrekotasuna, ahozkotasuna, inprobisazioa… Esfortzu handiegirik egin gabe datorkigu, gainera, testuinguru informalen batean batak besteari —edo besteak batari— “noizbait elkarrekin zerbait egin beharko genuke” edo antzekoren bat bota izanaren oroitzapena ere. Sarritan gertatu ohi denaren kontrara, hitz horiek edukiz betetzen asmatu genuen gerora eta haragitu egin genituen. Horrexegatik azpimarratzen dugu aukera sortzen zaigun aldiro beste ezerk baino gehiago elkarrekiko miresmenak batu gintuela. Elkarrekiko miresmenak eta, nola ez, feminismoak.
Herriko talde feministan —hasiera hartan izenik gabea zen oraindik, aurrerago jarri zitzaion Lasarte Moria izena— biltzen hasi ginen beste hainbat emakumerekin batera. Taldeak aterpetu egin gintuen, eta sare bat eskaini zigun; elkargune bat militantziarako, formakuntzarako, eztabaidatzeko, ahalduntzeko… Beste gauza askoren artean, adin tarteagatik bestelako espaziorik apenas parteka genezakeen kideon bilgunea ere bazen talde hura. Feminismoak badu hori, badu hori ere; belaunaldi ezberdinetako emakumeak elkartzeko guneak eta uneak sortzen ditu. Han geunden, beraz, mundu zati more hartan barneratzen hasi berriak ginen neska gazteak, urte batzuk lehenago Aiña taldearen parte izandakoak nahiz ordura arte feminismoa urrunxeagotik bizi izandako emakume zaharragoak. Beatriz, esaterako, aurretik Aiña emakume taldean aritutakoa zen. Aiña 1992. urtean sortu zen Lasarte-Orian; kurioski, Ane jaio zen urte berean. Aldeak alde, kafe beroaren abarora bildu ohi ginen orduan, besteak beste, maitasun erromantikoari, amatasunari nahiz biolentziari buruzko tertuliak gauzatzeko.
“Noizbait elkarrekin zerbait egin beharko genuke” hark belarri-zuloak oihartzuntzen zizkigula iritsi zen 2016ko udaberria. Eta udaberriarekin batera, Lasarte-Oriako bertso-eskolak urtero-urtero antolatu ohi zuen Udaberriko Bertso-Saioaren data. Bertso-saio berezi hura ezberdina izan ohi zen urtetik urtera eta bertsogintza beste sormen-diziplinaren batekin uztartzeko saiakera egiten zen aldiro. Herriko artista ugarik parte hartzen zuten horrela; bai dantzan, bai musika jotzen, bai antzerkia eginez… 2016ko hartan Maialen Lujanbio, Andoni Egaña eta Ane bera izan ziren protagonista, eta herritarrek prestatutako bakarrizketak izan zituzten bertsoetarako abiapuntu. Bakarrizketalari gehiagok parte hartu bazuten ere, Beatriz izan zen saio osoaren hezurdura josi zuena. Berea izan zen hari nagusiaren ardura eta egun hartarako propio idatzitako hausnarketak plazaratu zituen, uneka. Pasarte horietako batzuk —balizko kultur aniztasunari buruzkoak, bertsolaritzaren ingurukoak bertsozalea ez denaren ikuspegitik...—, gainera, erreskatatu egin nahi izan genituen gerora Erradikalak gara-n berrerabiltzeko.
Beatrizen arabera, bertso-saio berezi hura inflexio-puntu moduko bat izan zen bere ibilbide artistikoan. Eroso sentitu zen oholtzan, gustura, eta bertsolarien eta entzuleen harrera ere oso ona izan zela gogoratzen du. Saio hartan ez zuen ohiko gai-jartzailearen papera bete, nahita egin baitzion iskin zurruntasun horri. Erdi clown erdi narratzaile jardun zuen; erdi pertsonaia erdi pertsona. Ez zen sudur gorriarekin agertu baina bai mozorrotuta eta, beraz, maskaratuta nolabait. Berak hautatu zuen herritarren aurrean oholtzaratu nahi zuen gaitegia. Formatu berri hartan zer kontatua bazuela sentitu zuen eta, horrez gain, behar beste denbora har zezakeela kontatu nahi zuen hori nola kontatu nahi zuen pentsatzeko eta lantzeko. Bat-batean, mundu berri bat zabaldu zitzaion aurrean. Lehendik bazekiena berretsi zuen orduan; ipuinek, bakarrizketek ez bezala, lege hautsezin batzuk bazituztela, nahitaez bete beharreko ezaugarri eta egitura jakin batzuk, eta, ondorioz, bazutela halako itxitasun bat ere. Ordura arte, kontalari gisa, gustuko zituen ipuinak hautatu eta transmititu nahi zituen balioei jarraiki berridatzi ohi zituen, beti ere muga batzuen barruan. Bakarrizketek, aldiz, muga horiek ahaztu eta hutsetik hasteko aukera eskaintzen zioten, kodigo berri bat asmatu eta nahi zuena nahi zuen moduan kontatzekoa.
Beatrizen irrikari Aneren jakin-mina batu zitzaion. Izan ere, biok ala biok sentitu genuen bertsoak eta bakarrizketak ezin hobeto ezkon zitezkeela, eta egun hartakoa noizbait elkarrekin egin nahi genuenaren lehen hazitxoa izan zitekeela. Anerentzat, gainera, ez ziren garairik errazenak. Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa igaro berria zen eta bertsolari izateko aukera eman diezazukeen balidazio-sistema bakar hartan huts egin izanak zidor berri propioak urratu behar izatera bultzatu zuen, ezinbestean. Zortedun sentitzen da orain, Beatrizen eskutik hasitako bideak horrexetarako aukera emango baitzion gerora.
Hasiera posible bat ispiluaren aurrean
Udara zela daukagu gogoan, eta eguzki izpiek epeltzen zituztela Lasarte-Oriako Jalgi tabernako terrazan egin genituen lehen bilera haiek. Bertan elkartu ginen hiruzpalau aldiz jarraian, koaderno bana eskuetan genuela, nork bere aldetik buruan zebilkienari forma bateratu samar bat eman nahian. Zirrimarratutako hasierako apunte haietan bidaia bat agertzen zen; tren geltoki bateko bankua eta erloju biribila, eta maleta bana. Ez genuen argi nondik hasi nahi genuen, baina nonbaitetik hasi beharra zegoen.
Ordura arte horretara mugatu genuen gure jarduna; elkarrekin hitz egin eta apunteak hartzera. Iritsia zen, ordea, hurrengo pausoa emateko unea. Bagenekien, lehenago edo beranduago, aurrez koadernoetan idatzi genuen horri gorputza jartzea zegokigula. Gorpuztu egin behar genuela. Beatrizen aitak utzitako lokalean jarri genuen hurrengo hitzordua eta hantxe elkartu ginen, ispiluz betetako horma bat zuen gela zabalean. Beatrizek inprobisaziorako akuilu izan zitezkeen hainbat ariketa eta jolas planteatu zituen, eta ahal genuen moduan gauzatu genituen. Artean ez genekien gela hartako ispiluetan islatuta ikusi genuena gure obretan baliatu ahal izateko lagungarri izango zitzaigula gerora. Elkarren ondoan kokatuta, bion arteko kontrastea nabarmena zela ohartu ginen hasiera-hasieratik. Anek ariketetan geldirik geratzeko joera zeukan eta, Beatrizek, aldiz, gela osoa bete zezakeen bere mugimenduekin.
Hastapeneko jolas haietan genbiltzala, biok ala biok izan genuen formula egokiaren bilaketan asmatu ez izanaren sentipena. Litekeena da hasiera hartan kontrasteari baino ez erreparatzea, ezberdintasunei, eta ez ikustea bion arteko aldeak bateragarriak izan zitezkeenik. Zorionez, krisialdi moduko hark ez zuen gehiegi iraun. Segituan adierazi genion elkarri nola sentitzen ginen, eta aurrerantz ibilitako bidea atzerantz desibiltzea erabaki genuen. Hasieratik bertatik, gure sormen prozesuak zerbaitek ezaugarritzekotan eraginkortasunak ezaugarritu zituela uste dugu. Horrexegatik, kasu honetan ere, honakoa izan zen geure buruari eta elkarri egin genion galdera: Udaberriko Bertso-Saioan egin genuenak hain ondo funtzionatu bazuen, zergatik ari gara orain beste zerbait egin nahian? Galdera horren erantzunak orain algara artean gogoratzen ditugun bidaiak, tren geltokiak eta maletak alboratzera eraman gintuen, eta erosotasunaren bila abiatu ginen. Biontzat berria —eta, akaso, arrotza— izango zen zerbait sortu beharrean, bakoitzaren ohiko jardunetik ahalik eta gertuen egongo zen zerbait sortzeko hautua egin genuen.
Formatua, hartaz, bion jardunen arteko batura bat izango zen, funtsean; bion jardunen arteko dialogo moduko bat. Gutako bakoitzak bakarkako uneak izango zituen emanaldian zehar, bion arteko interakzio laburragoen bidez harilkatuko genituenak. Bide horretan, hasieran buruan generabilen inprobisaziotik urrundu ginen gutxika eta oinarritzat gidoi itxi bat izango zuen ikuskizun bat sortzea erabaki genuen azkenean. Bakarrizketaz eta bertso jarriz osatu genuen gidoia. Garai batean bertso-paperek garrantzia handia izan bazuten ere —hedabideen presentzia hainbesterainokoa ez zenean, azoketan nahiz festetan salerosten ziren—, gaur egun bat-bateko jarduna da bertsogintzaren ardatza. Ane jakitun da bertso idatzien bigarren mailakotasunaz, eta horrexegatik pozten du are gehiago berari betidanik gustatu izan zaionari beste funtzio bat ematen asmatu izanak.
Gure hasierako helburuetako bat ez zen izan berritzailea izan zitekeen zerbait sortzea, baina beranduago ohartu ginen ikus-entzuleei formatua bera ere berritzailea suertatzen zitzaiela maiz. Egia da bertsolaritza uztartu izan dela lehenago ere beste hainbat diziplinarekin, baina gu egiten ari ginena ordura arte egin gabeko zerbait zen. Ordura artekoak esperimentu puntualak izan ziren nagusiki. Gurea, aldiz, pieza oso bat zen, bost urteko denbora tartean zehar hedatu eta garatu zena. Gu ikus-entzutera zetozenek ez zuten jakiten zer espero zezaketen, eta kontatzen zigutenez, askok obraren lehen minutuak behar izaten zituzten proposatzen ari ginen horretan kokatzeko. Emanaldiaren hasieran ohiko bertso-saio bat irudikatzen genuen nahita, egurrezko aulki eta hankadun mikrofono eta guzti. Saioak aurrera egin ahala, ordea, iruditegi hori deseraikitzen genuen pixkanaka.
Eduki aldetik, sarritan azpimarratu dugun eran, argi geneukan ez zela feminismoari buruzko obra bat izango. Nolanahi ere, bagenekien batera sortuko genuen hori ikuspegi feminista batetik sortu nahi genuela, nor bere kasa aritzen ginenean egiten genuen bezalatsu. Ez genuke jakingo beste modu batera egiten; ikuskizunak begirada hori izango zuen nahitaez zehar-lerrotzat, begirada horretatik landuko genituen nahi adina gai. Gai horiek lantzeko, diskurtso abstraktuegietara jo beharrean, bion bizipenak hartu nahi genituen oinarritzat eta, emakume gisa eraikiak izaki, egunerokotasunean bizi genituen edo genitzakeen eszenei egin nahi genien toki.
Eszena posibleen bila ari ginela, emakume feministei esan izan dizkieten —edo dizkiguten— esaldiak zerrendatzen hasi ginen, halako batean. Ausazko zerrenda horretan idatzi genituenen artean sartu genuen honakoa ere: “berdintasunaren alde egitea ondo dago baina… ez al zarete erradikalegiak?”. Esaldi hark, baina, beste guztiek baino pisu handiagoa hartu zuen denborarekin.
Urte batzuk lehenagotik, iruditeria berri bat agertzen ari zen mugimendu feministaren baitan. Samara Veltek kontatzen duen bezala, 2014an Iruñeko mugimendu feministak protesta molde berri bat abiarazi zuen, jaien bezperako gaueko martxa prebentiboa antolatu zuelarik. Kazetariak dioenez, “ordutik, urtez urte atera dira kalera ehunka emakume, beltzez jantzita eta burua estalita, antortxak eskuetan. “Beldurra aldez aldatuko dugu” zen lehenbiziko manifestazioaren leloa. […] Iruditeria “probokatzailea” propio aukeratu zutela azaldu dute: eztabaida sortzeko eta halabeharrez biktima izan behar duen emakumezkoaren irudia hausteko. […] Beltzez jantzita, taldean eta agresibitatea irudikatuz irteten dira kalera, arriskuaren plazara. Emakumeei ukatutako amorruaren legitimazio bat da manifestazioa, pasibotasun femeninoaren aurkako keinua”.
Guri ere heldu zitzaizkigun Iruñeko irudi haiek eta izugarri hunkitu gintuzten. Gerora, gaueko manifestazioek herriz herri hartu zuten hedaduraren testigu izan ginen, eta, testigu izateaz gain, geure haragitan bizi ahal izan genuen gaueko martxetan parte hartzeak zekarren dardara hura. Garai bertsuan, hain justu, feminismoaren inguruan sortutako eztabaidagaietako bat izan zen erradikaltasunaren eta neurritasunaren arteko talka. Eztabaidaren jatorria, noski, ez zegoen feminismoaren barnean; aitzitik, kanpotik egindako juzgua baino ez zen. Izan ere, Anek umoreari buruzko Algara mutilatuak liburuan adierazi zuen eran, emakumeok “meneko izateko sortu gintuzten mundura; esaneko, apal, otzan, diskretu, neurritsu… Batez ere, neurritsu”.
Guk mandatu neurtu horri aurka egin nahi izan genion sorkuntzaren bidez eta izenburutik bertatik erradikaltasuna azpimarratzeko hautu kontzientea egin genuen. Hala gaineratu genuen lehen obrarako idatzitako sinopsian ere: “erradikalak zarete” esaten digute eta “nahi eta behar baino gutxiago” pentsatzen dugu. “Erradikal” hitzari zerion kutsu peioratiboa erauzi nahi genion, eta edukiz bete nahi genuen atzera; geuretu egin nahi genuen, nolabait. “Erradikal” hitzak, finean, erroei egiten baitie erreferentzia eta guk argi baikeneukan —eta argi baitaukagu— egunez egun zapaltzen, jazartzen, bortxatzen, jipoitzen eta erailtzen gaituen sistema hau aldatzekotan ez dela aski azaleko aldaketatxoekin edo makillaje ukituekin, ezpada ezinbestekoa dela oinarri-oinarrira jotzea. Bestela, Maialen Lujanbiok behinola Faktoria irratsaioan kantatu zuen moduan, “dena aldatzen da aldatzen ez den oinarri baten gainean”. Sakoneko erroak astinarazteko ahalegin betean, aldarri egin nahi izan genuen guk ere: erradikalak gara.
Afixetarako irudia pentsatzerakoan, bere horretan deigarria izan zitekeen izenburu hori are gehiago indartzen ahalegindu ginen. Horrexegatik agertzen gara lehen kartelean buruberoki beltzak soinean ditugula. Aurrerago beren-beregi aipatuko dugun bion arteko kontrastea ere nabaria da karteleko irudian bertan; Ane aurpegi serioarekin ageri da nahita, eta Beatriz, berriz, puskaz jolastiago eta irribarretsuago.
Obraren azken ukituak baino falta ez zitzaizkigula jakin genuen I. Lanku Sormen Beka eskuratu genuela, eta 2016ko abenduan jasotako bultzada horrekin batera heldu zen azken entseguen garaia. Adunako Asvinenea espazioa utzi ziguten horretarako. Izugarrizko hotza egiten zuela daukagu akorduan; soinean arropa geruza ugari jantzita entseatzen genuela. Lurrean itsatsitako zinta isolatzailea ere gogoratzen dugu, eszenatokia sinbolikoki bitan banatu eta aurrerantzean biotako bakoitzak bere lekua izan zezan eta bestearen espazioa errespeta genezan lagunduko ziguna.
Urtarrilean zehar zintzilik genituen azken hari muturrak —batik bat, atrezzoarekin zerikusia zutenak— lotzeari ekin genion. Praktikotasunaren eta sinpletasunaren alde egin genuen; gutxirekin asko egitearen alde. Behin hari mutur horiek lotuta, obra estreinatzeko hautatu genuen oholtza berean egin nahi izan genituen azken-azken entseguak; gure herriko, Lasarte-Oriako, Elebeltz gune autogestionatuan.
Estreinakoz, Elebeltzen
Ez dakigu nola deskribatu zuk zeure kasa —kasu honetan, geure kasa— horrenbeste landu eta hain zeure —kasu honetan, geure— sentitzen duzuna jendaurrean erakutsi aurretik sentitzen dena. Ez zaigu erraza egiten sentipen-nahaste horri hitzak jartzea. Azken unean ordura arte agertu gabeko zalantzek indarra hartu ohi dute gehienetan, eta sormen prozesuan zehar presente egon diren ziurgabetasunek ere are pisu handiagoa hartu ohi dute. Bat-batean, dena da mamu, dena kezka, dena galdera. Ulertuko ote dute? Gustatuko ote zaie? Guk espero eta nahi adina mugiaraziko ote dizkie barrenak? Egingo ote dute dar-dar gurekin batera?
Erantzun gabeko galderek beldurra eragin dezakete. Barruan gordeta daramazuna kanporatzeak sortzen duen izua da; besteen aurrean biluzteak dakarrena. Bada, guk sentitzen genuen ardura ere ez zen nolanahikoa. Anek azaltzen duenez, ohiko bertso-saioetan ez bezala eta gai-jartzailearen faltan, kasu honetan guk geuk hautatu genuen zer plazaratu nahi genuen. Guk erabaki genuen zer izan zitekeen oholtzara eramateko modukoa, zer bihurtu nahi genuen barregarri, zer kantagarri eta, beraz, garrantzitsu. Ardurak bertigoa areagotu bazigun ere, ez genion estreinaldirako geneuzkan ilusioa eta gogoa printzatu zitzan utzi.
2017ko otsailaren 5a ez daukagu ahazteko. Euria ari zuen goian-behean, atergabe. Anek saio osoan zehar bi izterrak elkarren aurkako gudan izan zituela gogoratzen du; dardarka, hasi eta buka. Izterren dardara iluntze hartako ekaitzaren zaratarekin nahasten zen eta, noizbehinka, trumoiak leherrarazten zuen zerua kanpoaldean. Zatika uralitazkoa zen sabaiak ere dar-dar egiten zuen, eta gainera eroriko zitzaigula zirudien.
Ordura arte, guk egindako lana ez zuten modu batera edo bestera produkzioarekin zerikusia zutenek baino ikusi eta, jakin-mina tarteko, gure jirako jende mordoxka bildu zen Elebeltzen. Gehientsuenak ingurukoak ziren, eta asko eta asko gure inguru hurbilenekoak. Egun hartan, bestela espazio hura nekez zapalduko lukeen jendea ere hurbildu zen Elebeltzera gure emanaldiaren aitzakiapean. Bertaratutakoak guk gonbidatutakoak ziren; horietako zenbait, bertso mundukoak eta beste zenbait, aldiz, mugimendu feministatik ezagutzen genituenak. Gutxi batzuek, gainera, bi munduak ordezkatzen zituzten, nolabait esateko. Beatrizek modu umoretsuan “jende arrunta” deitzen diona ere bazegoen entzuleen artean, noski. Guretzat garrantzitsuak ziren pertsonei egin nahi izan genien gonbita; aurrera begirakoan beraien iritziak axola zitzaizkigulako gehien. Berariaz eraiki genuen babesgune bat egun horretarako.
Lehen emanaldia guk nahi bezala atera zen eta, bukaeran, txalo zaparrada batean lehertu zen Elebeltz. Ekaitza kanpoan eta ekaitza barruan. Amaierako txalo haiek indartu egin gintuzten hurrengoetarako. Iruzkin positiboak eta loreak baino ez genituen jaso gertukoengandik, eta erdiondoa gozoa egin zitzaigula esan genezake. Ausartak ginela goraipatuz zoriondu gintuzten, behin eta berriro. Oraingo talaiatik begiratuta egia izan liteke, akaso; ausartak izaten ari ote ginen hala izaten ari ginela guztiz jakitun izan gabe?
Elebeltzeko indar uholdearekin iritsi ginen hurrengo geltokiraino: Altzoraino. Bertso mundua pixka bat ezagutzen duen edonork badaki Altzo Altzo dela eta, azken urteetan eraldaketarako emandako pausoak bistakoak izan arren, bertsozaletasunik tradizionalenarekin lotu daitekeela oraindik ere. Gu han agertu ginen, berriro ere ausart, kortse estu bana soinean genuela eta taula gainetako eskemarik zaharkituenak irauli asmoz. Altzotarrek oso goxo hartu gintuzten.
Altzokoaren ondoren, Korrika Kulturalaren baitako zirkuitua abiatu genuen. Guretzat zorte ikaragarria izan zen aurreneko emanaldiak aekren eskutik programatzea, horrek ahalbidetu baitzigun lehen pausoak eman genituenerako jada hitzordu sorta bat lotuta izatea.
Etxarrin egindakoa izan zen lehenengoetako bat. Egiari zor, ez dugu saio hartako oroitzapen politegirik gordetzen. Apenas zegoen entzulerik, eta bertaratutako Korrikako arduradunak ere nahiko serio sumatzen genituen guri beha. Hutsik zegoen areto hartan hotzak egin zigun harrera, beste inork baino lehen. Aurreko emanaldietan puztutako burbuila distiratsua lehertu zitzaigun bat-batean, eta zalantzak hedatu ziren berriro gugan. Agian litekeena zen lehen bi saioetan gertuko entzulea eduki izana, eta handik kanpora gure lana ez hain estimatua izatea... Krisialdi txiki bat bizi izan genuen Etxarrikoarekin, baina tarte laburra eskaini ahal izan genion sentipen gazi-gozo hari. Agendak agintzen zigun eta, beraz, ez genuen aurrera egitea beste aukerarik.
Etxarritik aurrerakoan, zorionez, dena joan zen oso bestela. Lehenengo emanaldien artean, bi-biok daukagu gogoan iltzatuta Lemoako gaztetxean egin genuena. Bete-bete eginda bukatu genuela oroitzen dugu, eta, lehen aldiz, publikoa zutik jarri zitzaigula saioaren amaieran. Gogotik jo ziguten txalo, eta zoragarria izan zen. Jarraian egindakoetan ere bertaratutakoengan zirrara moduko bat sortzen genuela jabetu ginen. Ez genuen oso ondo ulertzen zer gertatzen zen. Aparretan sentitzen ginen. Amaieran jendea gerturatzen zitzaigun egiten ari ginenagatik eskerrak ematera eta mugituta sumatzen genituen zenbait, are negar malkoei eutsi ezinda. Gu, artean, ez ginen gai hunkidura partekatu haren arrazoiak oso garbi identifikatzeko. Batetik bestera genbiltzan bidaian, joan eta etorri, etorri eta joan, eta bazirudien saio bakoitzean ere entzuleetako bakoitzari aukera eskaintzen geniola barne bidaia intimo bat egin zezan.
Gure bidaiak laurogeitik gora geltoki izan zituen. Ahoz ahokoak indar handia izan zuela uste dugu, eta berehala hasi zitzaizkigun hango eta hemengo antolatzaileak deika. Kilometro asko egin genituen elkarrekin, eta autoko joan-etorrietako hizketaldiak baliatu genituen kezkatzen gintuzten gaien inguruan luze jarduteko. Hizpide horietako gehienek feminismoaren baitan gertatzen ari ziren eztabaidetan zuten jatorria. Mugimendua etengabekoa zen eta gu, nola ez, mugimenduei adi bizi ginen. Apurka-apurka eztabaidagai horiek apuntatzen joan ginen eta, azkenerako, zerrenda bat osatu genuen bigarren emanaldi baterako gai posibleekin.
Garatik ginenera
2018ko abenduaren erdialdean gerora Erradikalak ginen deituko genion bigarren zatia lantzen hasiak ginen jada. Nahita aukeratu genuen izen hori, aditza soilik aldatuz, lehenaren jarraipena zela argi gera zedin. Hala, bi sormen prozesu ondu genituen elkarren jarraian, batetik bestera tarterik utzi gabe ia. Indartsu eta gogotsu sentitzen ginen, eta naturalki atera zitzaigun lehena amaitzeke genuela bigarren emanaldi bati ekitea. Kontatu berri dugun bezala, bigarrena sortzen hasi ginenerako gai zerrenda bat genuen osatuta landu nahiko genituzkeen gai posibleekin, eta gai horiei egin genien leku.
Erradikalak ginen Bilboko Kafe Antzokian estreinatu genuen 2019ko maiatzaren 27an, Euskaltzaletasuna eta feminismoa: zer ikasi, hura elikatu ikastaroaren amaiera ekitaldi gisa. Estreinaldiaren ostekoa bolada arraroa izan zen guretzat. Izan ere, bigarren zatia oholtzaratu genuen arren, lehenengo zatiaren hainbat saio programatuta geneuzkan oraindik eta horiek egiten jarraitu genuen. Oholtzapean Erradikalak ginen lantzen ari ginen eta oholtzan Erradikalak gara egiten, paraleloki.
Erradikalak gara-ren zikloa Bilboko Uribarri auzoan itxi genuen 2019ko irailaren 24an. Erradikalak ginen, aldiz, 2019ko azaroan berrartu genuen eta ziklo bat ixterako bigarrenerako datak lotuta izateak itxiera hura tristuraz edo hutsunez beharrean gogoz eta ilusioz bizitzera eraman gintuela esan genezake.
Itxiera-irekiera une hartan ere argi geratu zen zein ezberdinak garen. Beatrizek bazion beldur moduko bat ordura arte horrenbeste eman zigun hori askatzeari; zer egingo genuen bigarren zatiak hain ondo funtzionatzen ez bazuen? Anek, aldiz, kasik behar baten moduan bizi zuen aldaketa hura. Bion izaeraz gain, baliteke alde hori bakoitzaren jardunarekin ere lotuta egotea, Beatriz ohituago baitago hara eta hona ipuin bertsuekin ibiltzera. Anerentzat, baina, bertso plaza bakoitza da berria, saio oro hasten da hutsetik eta hasi arte ezin da jakin egun eta leku horretan zer aterako den.
Lehen aldiek bertigoa dakartela adierazi dugu gorago eta bigarren aldiekin ere antzeratsu gertatzen dela baiezta dezakegu orain. Guri, behintzat, hala gertatu zitzaigun. Bertigoa parekoa zen eta, era berean, bestelakoa oso. Lehen zatiak guk espero gabe izandako arrakastatxoaren ostean, ez zen nolanahikoa bigarrena plazaratzeak eragiten zigun erreparoa.
Lehenengoan formatuarekin asmatu izanaren sentipena genuenez, bigarrenean ere bide beretik jotzea erabaki genuen. Formula berari eutsi izanak sorpresa efektua galarazi zigun, zerbait galaraztekotan. Lehenengoan, bertaratutakoek ez zekiten zer espero zezaketen; bigarrenean, aldiz, bai. Ordainetan-edo, eszenografian eta beste kontu batzuetan arreta gehiago jarri nahi izan genuen eta hala otu zitzaigun, adibidez, pertsianarekin jolas genezakeela. Aldaketak aldaketa, ontzia aurreko berbera izango zen eta, batik bat, barruko edukia berritzea izango zen gure lana. Horretarako, feminismoaren baitako gai gatazkatsu eta gaurkotuenei heltzen saiatu ginen. Esan bezala, autoko joan-etorrietan mintzagai izandakoak hartu genituen oinarritzat eta inguruaren gertatzen zenari ahalik eta adien bizi ginenez —eta garenez— gero, bigarrenean lehenengoan baino sakonerago jotzeko aukera izan genuela iruditzen zaigu.
Erradikalak ginen-ekin ia laurogeita hamar taulagain zapaldu genituen hiru urte baino gutxiagoko denbora tartean. Tarte horri, ordea, pandemiagatiko geldialdia kendu behar zaio, gainerako sortzaile eta kulturgileentzat bezala, guretzat ere garai erraza izan ez zena. Emanaldiak domino piezen antzera nola jausten zitzaizkigun ikusi genuen, eta antsietatez bizi izan genuen ziurgabetasun egoera hura. Agenda hustu zitzaigun bat-batean, martxorako lotuta genuen emanaldi jasaren erdian. Gerora, pixkanaka-pixkanaka plazako ibilia berreskuratzen hasi ginenean ere, ez ziren gutxi izan trabak. Antolatzaile asko beldurtuta sumatu genituen, eta beste zenbait estu eta larri, instituzioetatik ezartzen zitzaizkien lege eta muga guztiak (aforoak, babes neurriak...) betetzeko ahaleginean. Akaso, formatu txikiko emanaldia izateak eta modu kamaleonikoan egokitzen jakiteak erraztu zigun pandemia ostean ere hara eta hona ibiltzea. Bertan behera geratutako emanaldi gehientsuenak errekuperatu ahal izan genituen denborarekin.
Hala eta guztiz ere, “arraroa” litzateke itzulera deskribatzeko hautatuko genukeen hitza. Egia da, oro har, entzulea oso esker oneko sumatu genuela. Bazegoen behar bat —bidenabar, guk ere sentitzen genuena— gertatzen ari zitzaigunari hitzak jarri eta, neurriak neurri eta distantziak distantzia, herrikideekin elkartzeko. Hasiera hartan, kultur ekitaldiak izan zitezkeen elkargune bakarrenetakoak. Dena hain indibidualizatua zen garaian, ihesbide kolektiboenetako bat ziren.
Neurriak neurri diogu, entzuleek musukoa jantzita izateak eragin egiten zigulako, eta digulako, oraindik ere. Ahoak estalita ikustea gogorra egiten zaigu guri, entzuleari ahotsa kenduko balitzaio bezala baita, modu sinbolikoan. Maskarapean gordeta, zailagoa da parean dauzkagunen erreakzioak bereiztea. Barre txikiak ez dira sumatu ere egiten oholtzatik, eta hala ibili gara gu ere, aurrekoen sorbalda-mugimenduak igarri nahian. Musukoek, maiz, horma moduko bat eraiki dezakete sortzailearen eta hartzailearen artean. Distantziak distantzia diogu, bestalde, aulkien arteko tartea zehazki neurtu eta errespetarazteak edo, antzokien kasuan, erdian besaulki batzuk hutsik utzi behar izateak, zaildu egiten duelako entzuleen erreakzioak partekatuak izatea. Distantzia tarteko izanik, nekez gertatzen da erreakzio horien metatzea, eta zailagoa da, adibidez, norbere barrea ondokoarenarekin batzea eta, hartaz, ozenagotzea.
Erradikalak ginen-en bidea Donostiako Dokan eman behar genuen bukatutzat 2021eko abenduaren 29an, gertukoekin egindako amaiera festa berezi batean. Pandemiak, ordea, ez zigun su-etenik eskaini eta 2022ko udaberrira atzeratu behar izan genuen itxiera.
Sinbiosia
Han edo hemen, gaua edo eguna, ifrentzua edo aurkia, jantzi edo biluztu, ezkutuan edo agerian, noizbait edo inoiz ere ez, oholtzagaina edo oholtzapea, gelditasuna edo mugimendua… A edo B; A ala B. Gure kasuan, nahiago A eta B. A eta B izan litezkeelako argia eta belztura, izan litezkeelako akaso eta baliteke, ardura eta beldurra, algara eta barrea, azkura eta barea… Izan gintezkeelako Ane eta Beatriz. Bi emakume hain ezberdin, itxura batean hain antonimo, eta, era berean, hain bateragarri. Hain elkarren osagarri; elkarren orekagarri.
Gorago aipatu moduan, sormen prozesuaren baitan hasi ginen apurka elkar ezagutzen. Ideia eta entsegu artean izan genuen lehen aldiz bestearen sortzeko moduen, ikuspegien, zaletasunen, manien, marra gorrien, obsesioen, taularatu aurretiko erritu txikien… eta, oro har, bizitzaren berri. Zortedun sentitzen gara orain, bai baitakigu gerta zitekeela testuinguru horretan norbait ezagutzen hasi eta aurrera egiteko ezinbestekoa den elkar ulertzea nekeza edo, are, ezinezkoa izatea ere. Gu bion bizipenak bestelakoak dira, ordea, oso-oso erraz moldatu baikinen hasiera-hasieratik, erabateko sinbiosian. Beatrizek kontatzen duenez, berak ez du gogoan aurrez beste inorekin Anerekin bezain modu eraginkorrean lan egin izana, sorkuntzarako denbora sekula baino hobeto zukutu dutela sentitzen baitu.
Hain justu ere, Ane diziplina, antolaketa eta fundamentua da Beatrizentzat, eta hiruko horretaz gain, misterioa, jakin-mina, heldutasuna, autonomia eta ziurtasuna ere harilkatuko lituzke berari buruzko deskribapenean. Gertukoa dela sentitzen du, gainera, eta beti errazten duela berarekin edozein gairi buruz mintzatzea. Beatrizen hitzetan, “seriotasun dibertigarri” batek ezaugarritzen du Ane. Hala azaldu dio kideari; “dibertigarria zara, graziosa izan gabe”.
Beatrizek, bestalde, Anerekiko lilura puntu bat ere baduela aitortzen du; bereziki, hizkuntzarekin lotutakoa. Bion arteko aldea horretan ere badatzala uste du. Erradikalak gara-ren sarrerako zatian aipatu bezala, Beatrizek konplexuz beteta bizi izan du sarri euskararen afera. Ane, ostera, euskaraz bizi da hogeita lau orduz, eta euskaraz sortzen du sortzen duen guztia; euskara du lehengai eta langai. Bide honetan zehar behin baino gehiagotan lagundu izan dio Beatrizi hizkuntzaren inguruko zalantzak argitzen eta irribarrez oroitzen du behin lagunak egin zion galdera ere: “Aizu, Ane, zuk ba al daukazu euskaraz ez dakien lagunik?”. Zentzu honetan, aberasgarria izan da herri berekoak izanik ere hizkuntzari lotutako bi errealitate hain ezberdin ezagutzea eta eszenaratzea.
Anek ez daki zehazki zein hitz baliatuko lituzkeen oholtzakidea deskribatu beharko balu. Beatriz, egiaz, Beatrizek berak uste duena baino dezente transgresoreagoa dela azpimarratuko luke akaso, beste ezer baino lehen. Energia darion urakan bat da; mugimendua, egonarria eta indarra. Nabari zaio jendaurrean hogeitik gora urte egin dituela jada. Plazandrea da, hizki larriz. Oholtzan bezain dibertigarria da autoko joan-etorrietan; saioak adrenalinaz gainezka bukatzen zituen normalki eta Ane gidatzen zihoalarik kopilotuaren aulkian esertzen zen bera, isiltzeko tarterik hartu gabe. Bidaiarik luzeenek ere luze izateari uzten zioten horrela. Anerentzat, sekula ezagutu duen pertsonarik umoretsuenetakoa da Beatriz; oholtzan nahiz oholtzatik kanpo irribarre gehien lapurtu dizkiona, ezbairik gabe. Maite du bere umore garratza, azidoa, azkura eragiten duena.
Antonimo jolas baterako moduko izaerak tarteko, rol banaketa nabaria da bion artean. Hala, egoera jakin batzuk kudeatu behar izan ditugun garaian oso argi izan dugu nori zegokion zer. Adierazgarriak izan daitezkeen hainbat pasarte datozkigu burura. Behinola, Iruñeko San Ferminetara joan ginen Erradikalak gara antzeztera eta atrezzorako trasteak deskargatu ahal izateko, parrandazalez gainezka zegoen Alde Zahar osoa zeharkatu behar izan genuen autoz. Maiz gogoratzen dugun eguna da San Ferminetakoa; halabeharrez, bataren ausardiak eta bestearen patxadak bat egin zutenekoa. Beste behin, dagoeneko Erradikalak ginen-ekin ari ginela, iluntzean programatu zuten gure emanaldia Hernaniko Leoka labaderoan. Leku zoragarria da zinez, baina ez dauka aterperik, eta eguraldi iragarpenak zioenez, bazitekeen guk emanaldia bukatu baino lehen euria hastea. Ohiko modura dena lotuta eta dena kontrolpean izateko beharra medio, Ane kezkatuta zegoen hasi aurretik eta honako galdera zuen buruan biraka: “euria hasiz gero zer egingo dugu?”. Beatriz, aldiz, lasaiago zegoen askoz, eta hala zioen: “ez dakigu euria hasiz gero zer egingo dugun, eta ez dugu zertan jakin…”. Azkenean, bukatzeko hogei minutu inguru falta zitzaizkigunean hasi zuen euria, erruz. Atergabe ari zuenez, emanaldia bertan behera utzi behar izan genuen. Hernaniarrek beste aukera bat eman ziguten gerora eta berriro itzuli ginen beraien herrira; bigarren honetan Kulturarteko Plaza Feministako aterpe gozora.
Atakarik estuenetan ere elkar ulertzen jakin dugu eta urriak izan dira eztabaidarako zirrikituak. Gure izaera ezberdinak agerian geratu izan diren pasarteez harago, bizi izan ditugu biok bat egin dugun beste hainbat eta hainbat ere. Bat egiten dugu, adibidez, sortzen dugun hori gozamena lehenetsiz sortzeko ahaleginean. Horrexegatik, uneka norberaren konfort eremutik atera gintezen kontzienteki bilatu bagenuen ere, kontu handiz zaindu eta errespetatu nahi izan genuen kidea une oro. Oholtzan gutako bakoitza den bezalakoa ager zedila bilatu genuen, ahalik eta gardenen, inor ezertara behartu gabe.
Arantzazu Fernandez antzerki kritikariak ere honakoa idatzi zuen 2021ean Gara-n guri buruz: “Bi dira, bi, uztartzen dituzten diziplinak, bi dira belaunaldiak, bi, oholtzako ahotsen bolumenak, bi, gorpuzkerak, bi, aldarte ezberdinak. Bertsolaria serio zein pausatu aritzen da; antzezlea, aldiz, barrearen bila abiatzen zaigu aurpegiko hazpegiak nabarmenduz pantomima gisan nahiz hitzen tropelaren abiadura azkartuz. Bi dira, bi, bertso eta prosa, kanta eta enuntziazioak, hausnarketa eta barregarritasuna: bi katebegi guztiz ondo lotuta, feminista koherenteagoak bihurtzen gaituen prozesuan”.
Bion arteko kontraste nabarmena gure alde baliatu genuela iruditzen zaigu. Berez existitzen ziren argi-itzal horiek jendaurreratzen saiatu ginen, beti ere gutako bakoitza eroso zegoen lekutik. Bertsolariaren zurruntasuna edo estatikotasuna jarri genuen clownarekin mugimenduekin kontrastean eta Aneren seriotasuna eta Beatrizen komikotasuna ere muturrera eramaten ahalegindu ginen propio. Oholtzapeko kontrapuntuei oholtza gaineko interpretazioa gehitu genien, bion arteko aldea areago polarizatzeko eta indartzeko. Ane, horrela, berez dena baino askoz ere serioago eta zurrunago ageri zen taularen gainean. Gure arteko kontrasteak aurrez aipatu dugun emozioen bidaia horri laguntzen ziola uste dugu eta entzuleengan ere kontraste moduko bat sor zezakeela; segundo gutxiko tartean igaro baitzitekeen Beatrizekin barrez lehertzetik Aneren hausnarketa sakonago eta serioagoetara, eta alderantziz.
Sormena eragingune, umorea politiko
Biok bat egiten dugu sormenak, bere txikian, eragiteko gaitasuna izan dezakeela azpimarratzerakoan. Tarteka, dibertsiorako eta gozamenerako baino balio ez duen tresna hutsala izateari uzten dio eta, batzuetan, diskurtso soilaren geruza pitzatzeko gai da. Halakoetan, agertoki gainean gertatzen denak eragina izan dezake handik kanpora ere.
Oholtzan geure izenez deitu diogu elkarri. Ane eta Bea izan gara agertokian, ala ez. Ez gara ez pertsona ezta pertsonaia ere, eta pertsona eta pertsonaia gara, biak batera. Non hasten ote da bat? Non bukatzen ote da bestea? Zerk bereizten ditu biak? Guk argi daukagu pertsonaia bana interpretatu dugula, baina, aldi berean, ez diogu sekula gu izateari utzi.
Hasiera-hasieratik izan genuen buruan gu zeharkatzen gintuzten gaiei buruz jardungo ginela. Barrura begira jarri ginen ezinbestean, beste inora eta beste inori begira jarri ordez. Gure ikuspuntua une oro hori izan zedila nahi genuen. Gure eskemetatik aritu nahi genuen, gure aurreiritzietatik, gure kontserbadurismotik, moderatutasunetik, pribilegioetatik… Zintzoak izan nahi genuen gure egunerokotasuneko praktikei erreparatzeko orduan eta, behin gure alderik itzalenak eta inkoherenteenak onartuta, zalantzan jarri nahi genituen sormenaren bidez. Egunerokotasuneko normaltasun hori printzatu nahi genuen, zartatu, eta ahal beste ertz bilatu. Gorpuzten dugunak sarri sorrarazten digun barne-borroka hori taularatu nahi genuen, eraldaketarako aukera posibleak zabalduz.
Hausnarketa partekatuetatik iritsi gara sormenera, eta umoreak eman digu bide normaltasuna desmuntatzeko. Umorea, praktika soziala den heinean, joko-zelai politikoa ere badela sinesten dugu eta horregatik egin nahi izan dugu parez pareko umorearen alde. Entzulearekiko ahalik eta paretsuen kokatzen gintuzten umore hariak iruten saiatu gara, hala entzun baikenion behin Irantzu Varelari: “Nire ustez, umorea ondoen egiten duen jendea honakoa da: erresumintzen zaituen arren erasotzen ez zaituena”. Guk ere bat egiten dugu aktibista feministak esandakoekin eta, hain zuzen ere, hori izan da umorearen bidez bilatu nahi izan duguna; entzulea azkuratzea eta, ahal zen neurrian, erresumintzea.
Erresumintze horretan, aurrez aipatu bezala, hain geure sentitzen ditugun normaltasunak desmuntatzen saiatu gara. Egunerokotasuneko zenbait pasarte muturreraino eraman ditugu nahita, ikusarazi nahirik zenbateraino diren zalantzagarri; zenbateraino diren absurdo. Ñabardura txikienetan jarri nahi izan dugu begia maiz, erdi zeharka, egiturazko gauza handiagoei buruz hitz egiteko. Zuzenean esateko baino, iradokitzeko. Erradikalak ginen-en une batean, adibidez, kosmetikoen industriari buruz dihardu Beatrizek modu barregarrian, absurdoa agerian jarriz eta, horrela, Anek segidan egingo duen kapitalismoari buruzko kritika globalari ematen dio bide. Panfletismotik urrun, ideia abstraktuenak xehetasun konkretuagoetan lurreratzen saiatzea izan da une oro egin dugun ariketa.
Arreta berezia jarri nahi izan diegu generabiltzan hitzei ere eta, hitzekin batera, berriak izan zitezkeen iruditeriak ekartzen ahalegindu gara. Alaia Martinen iritziz, hizkuntza, funtsean, hitz batzuk aurrean eta beste batzuk atzean jartzen dituen erreminta bat da. Bertsolariaren hitzetan, sortzailearen lan aktiboa itzalean utzitako hitz horiek eta mundu horiek bilatzean dago, hain justu: “Bilatu egin behar ditugu askotan, ez zaizkigulako berez etortzen plazarako gai interesgarritzat”. Gu ere bilaketa horretan murgildu ginen sorkuntza prozesuan zehar. Zenbait tabu desegiten ahalegindu ginen eta oholtzaz oholtza jabetu gara, esaterako, menopausia hitza ahoskatze hutsak nolako barre urduriak eragiten dituen gaur gaurkoz entzuleen artean.
Ez dakigu hautu hauek guztiz kontzienteki egin ote ditugun. Intuizioa izan dugu bidaide; sena. Argi dagoena da, esaterako, Beatrizen bereizgarria den umorea honelakoa zela aurretik ere; barrura begira egindakoa, zenbait tabu iraultzeko xedea duena… Atzera begiratuta, bideari kontzienteki ekin geniola baino, bidean zehar honen guztiaren kontzientzia hartu dugula azpimarratuko genuke orain.
Guk kontatu eta kantatutakoekin barre gutxien egin dutenak gizonak izan direla ere baiezta genezake. Asko deseroso sumatu ditugu, eta oso-oso gutxi izan dira saioren bat bukatu eta gugana hurreratzen ausartu direnak. Hurbildu diren apurrak beren ardurari iskin egin nahian ibili dira. Beste behin ere, izugarria iruditu zaigu esaten eta salatzen ari ginen horretatik kanpo kokatzeko zuten gaitasuna; interpelatuta ez sentitzekoa. Bazirudien, beste behin ere, bazeudela beste gizon batzuk, beraiek baino gaiztoagoak eta maltzurragoak zirenak, eta beste gizon horiek zirela, egiatan, gure saioa ikusi beharko luketenak. Aspaldiko trikimailua da norbera salbatzeko beste norbait seinalatzearena.
Oro har, baina, guk zerbait sortzen dugun aldiro gertatu ohi den eran, gizon gutxi etorri izan dira gu ikustera. Badirudi kartela behatzearekin bat sentitzen zutela gurea ez zela beraientzako moduko zerbait. Badirudi orain arteko logikak bizirik dirauela kulturan eta badagoela banaketa bat kultur produktu unibertsalen edo denontzako modukoen eta emakumeok emakumeontzat bakarrik sortutakoen artean. Virginia Imaz pailazoari irakurri genion behin emakumeak trabesti kulturalak garela, geuk eta geuretzat eginak ez diren produktu kulturalak kontsumitzera ohitu garelako. Desoreka hau are nabarmenagoa egiten da umoreari buruz ari garelarik, umorea erreferentziala delako eta kodigo konpartitu baten gainean zertzen delako. Guk halabeharrez ikasi genuen gizonek gizonentzat egindako txisteekin barre egiten, baina, Varelak dioen moduan, “gizonek ez dakite hori egiten, ezinezkoa zaie emakumeen umorearen parte sentitzea. Andreen txisteek ez diete graziarik egiten eta, edo erasotuak sentitzen dira, edo ez dute ezer ulertzen”.
Egia da, hala ere, publiko posibleari dagokionez guk sormen prozesutik bertatik buruan nor geneukan argitzea komeni dela. Norentzat ari ginen gu? Batik bat, gure moduko emakumeentzat ari ginela esan dugu jada, gure normatibotasunetik ari ginela. Bigarren maila batean eta zeharka bada ere, gogoan genituen hainbat gizon; batez ere, beren burua ezkertiartzat, aurrerakoitzat edo balizko aliatutzat izan dezaketenak.
Emanaldietan gerturatu izan zaigun publikoaren ehuneko handi bat emakumeek osatua izan da, guztia ez esateagatik. Horretan, beraz, ez dugu aparteko ezustekorik izan. Bi emakume geunden oholtzan, eta gorago aipatu bezala, badirudi horrek zenbaiti automatikoki ulertarazten diela oholtzaratutakoa emakumeentzat soilik dela, eta ez publiko orokorrarentzat. Paradoxikoki, gure saioetara emakumeak bakarrik etortzen zirela seinalatzen ari bagara ere, gure saioetara gehienbat emakumeak etortzea nahi genuen guk. Modu honetan, aurrez bagenekiena berretsi ahal izan dugu geure begiz; publikoa esklusiboki emakumez osatuta dagoenean askoz ere lasaiago, ozenago eta, beraz, askeago egin ohi dutela —eta dugula— barre. Epaituak sentitzen ez direlako izango da; neurritasunari itzuri egiteko gai direlako. Guri ere lasaitasuna ematen digu publikoari begiratu eta ia erabat emakumez osatua izateak. Gainerako espazio mistoetan gertatu ohi den bezalatsu, tartean gizonen bat dagoenean mugatuago sentitu ohi gara. Emakume sortzaileontzat ere, errazagoa zaigu babes eremuak espazio ez-mistoetan eraikitzea.
Jendaurrean biluztera doanarentzat, garrantzitsua da maitatua sentitzea. Sormena eraldatzailea izan daitekeela sinesten dugunok badakigu gatazka ekar dezakeela maiz ordainetan. Horregatik, oholtzan apurtzailea izan nahi lukeenak premiazko du publikoan aliaturen bat edo beste badaukala sentitzea. Entzuleenganako bidean horma ikusezin bat dagoela sentitzen badu, ez da hain seguru sentituko eta, beraz, zailagoa izango zaio bereari eustea. Horixe da, akaso, sortzailearen patua; aldiro neurtu behar izatea noraino bai eta noraino ez. Eta beti ez da hain erraza.
Zapaldu izan ditugun plazei erreparatuz, inon kokatzekotan, zirkuitu periferikoetan barna kokatuko genuke gure jarduna. Periferiak, baina, ez du beti prekarietatea esan nahi eta gu behintzat horretan ahalegindu gara: bidea ahalik eta duinen egiten. Beatrizek Erradikalak ginen-en sarreran aitortzen duen eran, guri ere “gehiago deitu digute Gizarte Zerbitzuetatik Kultura arlotik baino”. Aitortza hori egitean ipuin-kontalaritzari buruz dihardu berez, arte eszenikoen baitan ipuin-kontalari batek senti dezakeen bazterrekotasunari erreferentzia eginez. Guri ere, Erradikalak gara nahiz Erradikalak ginen programatzerakoan, udaletako Berdintasun sailetatik hots egin izan digute sarri, eta baita emakumeen etxeetatik, talde feministetatik, euskara elkarteetatik, bertso-eskoletatik eta antzerakoetatik ere. Oro har, herrigintzaren uberan mugitu izan gara gehien. Honen harira, ez da kasualitatea gure urteroko ibilian bi erpin nabarmen marraztea agendan eta, martxoaren 8a (Emakume Langilearen Eguna) eta azaroaren 25a (Indarkeria Sexistaren Aurkako Eguna) aitzakia hartuta, emanaldi gehientsuenak martxoan eta azaroan pilatzea. Egutegiko pilaketa honek argi uzten du, gure aburuz, bi emakumek eta ikuspegi feministatik taularatutakoa partikulartzat eta berezitzat hartzen dela oraindik ere. Aitzitik, badirudi gizon euskaldun umoregileen emankizunak edozein egun soltetan programa daitezkeela, datagatiko justifikazio beharrik gabe.
Zirkuitu periferikoak aipatu ditugu eta, egiari zor, kontraesankorra suertatzen zaigu zentroarekin eta periferiarekin lotutako terminoen erabilera. Kontzeptu erlazionalak direla uste dugu, alegia, beti sortzen direla zerbaitekiko edo norbaitekiko harremanean. Guk badakigu nondik deitu diguten; zein oholtza zapaldu ditugun. Ia esklusiboki eremu horietatik deitu izan digutela kritikatzearekin batera, guk periferia horietan aritu nahi genuela azpimarratzera gatoz, berriro ere paradoxikoa gerta daitekeen arren. Ez dugu, inondik inora, zirkuitu horietan mugitzen den entzulea gutxietsi nahi. Kontrara, denik eta entzule baliotsuena da guretzat. Aurrez esan bezala, aliatuen artean oholtzaratzeak erosotasuna ematen digu, babesa, eta horrexegatik gaude hain gustura gauden lekuan. Aldi berean, zalantza iturri zaigu sentitzen dugun erosotasuna. Ez gaude erdigunean, ez gara hegemoniara iritsi, eta egia da ez digula jeloskortasunik sortzen zentroan dagoenak. Bertan egonik kanpo begirada askoz ere bortitzagoa litzatekeela uste dugu. Guri apenas egin diguten kritikarik, eta egin dizkiguten apurretan loreak baino ez ditugu jaso. Hain zuzen ere, prentsan egin diguten kritika bakanetako batean honakoa zioen guri buruz Arantzazu Fernandezek: “Euskal antzerkiaren kartelerako erdigunea okupatzen duten komedia txatxuetatik oso urrun, gure umorean bide ezberdin bat”.
Erdigunea okupatzeak, esposizio maila handitzearekin batera, kritika gehiago izatea suposatuko luke, agian. Arrisku horren jakitun izanik, gaude ez ote den geure buruari egindako amarrua zentzu honetan ere gure lekua zein den neurtu nahi izatea; ez ote den tranpa bat “ez gaude zentroan baina ez dugu egon nahi” hori. Emakumeok beldurtu egin gaitzake erdiguneratzeak eta beldur hori feminitatearen eraikuntzarekin hertsiki lotuta dagoela uste dugu. Hitz bitan, gure (h)egoek lekutxo bat izan dezakete oholtzan, baina beti ere bazterrekoetan.
Eta bat-batean… Gorputza
Olatz González-Abrisketa antropologoak dioenez, plaza generizatu egiten da behatzaile diren gorputzak dauden praktiken bidez. Batez ere, gorputz behatzaile hauek gorputz maskulinoak direnean gertatu ohi da hau. Hau da, nahiz eta modu informalean plaza okupatzeko aukera edonork izan, behatuak izateko adina duintasun duten jarduerak maskulinoak dira, nahitaez. “Plazagizon” terminoari bagagozkio, nabarmena da euskaraz ez dagoela aurrekoaren baliokide femenino gisa balia daitekeen hitzik. Ikertzailearen hitzetan, “plazagizona” plaza haragiztatzen duen gizona da eta plaza komunitatearen konkrezio materiala da.”
Argi dago, beraz, protagonista izateko nahitaezkoa dela inguruan protagonista egingo zaituzten gorputz behatzaileak izatea, eta gorputz horiek protagonista egin zaitzaten zurearekiko identifikazio motaren bat konpartitu behar dute, ezinbestean. Oro har, baiezta daiteke emakume gorputzek ez dutela ondo “enkajatzen” protagonistaren irudiarekin eta, gainera, ez dagoela emakume gorputzak protagonista bilakatzeko prest dagoen gorputz behatzailerik. Beraz, gorputz baten lekua besteekiko duen erlazioaren araberakoa izango da, zehatzago esanda, beste gorputzek leku bat uzteko duten prestutasunaren araberakoa.
Nirmal Puwar soziologoak dioen moduan, espazio ororen atzean arau somatiko batzuk ezkutatzen dira eta, arau horiei jarraiki, plazaren edo oholtzaren okupatzaile ez-natural edo inbaditzaile izaten jarraitzen dugu gaur gaurkoz. Txikitatik ikasten dugu guri ez dagokigula erdigunea hartzea, fokupean agertzea. Ondorioz, normalki ez dugu protagonismorik izaten; ez dugu hartzen eta ez digute ematen.
Eszenatokira igo eta mikrofono baten aurrean jartzeak ardura handia dakar berarekin. Jendea zuri adi izateak eta, beraz, jendeak zu protagonista bihurtzeak. Leire Ibargurenen hitzetan, “oholtza, azken finean, emakumeentzat itxita egon den eremua izan da orain artean, eremu publikoan protagonismoa gizonek izan dute eta ondorioz bere burua bertan esponitzeko prest dagoen emakumeak oso ziur egon behar du egiten duen horretan. Ez dagokizun espazio bat okupatzea justifikatzeko modu bakarra egiten duzun horretan oso ona edo ezin hobea izatea da”. Justifikazio behar horretatik dator emakume bertsolariek sarritan aipatzen duten (auto)exijentzia eta (auto)suntsipen maila altua.
Aneren arabera, eta bertsolarien kasuan sakonduz, maiz adierazi izan dute gorputza jendaurreratu ohi dutela beste ezer baino lehen. Kantuan hasi aurretik ere, gorputza igo ohi dute taula gainera. Aurrez teorikoki jakin bazekien arren, Anek Beatrizekin batera egindako bide honetan hartu du gorpuztasun honen kontzientzia erabatekoa. Bertsolariaren hitzetan, kontzientzia hartze hau are biziagoa egin zuen Erradikalak gara-n soineratu genuen janzki batek. Zein arropa jantzi genezakeen pentsatzen genbiltzala, Beatrizi kortse batekin antzeztea egokitu zitzaion beste saio batean, erdi kasualitatez, eta berak proposatuta, gure emanaldirako ere kortse bana erostera joan ginen handik gutxira, arropa hau soinean eramateak ekar zitzakeen ondorioetan gehiegi pentsatu gabe. Gerora, askotan mintzatu izan gara ausaz egindako hautu honi buruz, perbertso samarra baita kortsearena. Torturarako janzki bat izan daiteke, era berean, ahalduntzeko ere balio lezakeena.
Biok bizi izan dugu oso ezberdin. Beatrizi agertokira boteretuta irteteko balio zion, eta ordura arteko pailazo ibilbidean ezagutu gabeko bizipenak izan zituen kortseari esker. Kontraesanak kontraesan, esan liteke Beatriz gustura sentitzen zela. Anek, aldiz, emanaldia bukatu orduko erantzi nahi izaten zuen. Deserosotasun gradua aldatu egiten zen lekuaren, egunaren eta gorputzaldiaren arabera. Behin, esaterako, institutu batean antzeztea egokitu zitzaigun, gaztetxoen aurrean, eta biontzat suertatu zen deserosoa. Gainetik jaka jantzita hasi ohi genuen emanaldia baina erdi parean edo jaka erantzi eta kortsearekin soilik geratu ohi ginen. Aneri deserosoa egiten zitzaion biluzik sentitzen zelako, amets gaiztoenetan bezala kasik; jendaurrean eta biluzik. Asko hausnartu genuen elkarrekin biluztasunaren inguruan eta hausnarketa horien bidez ohartu zen Ane bertso-saioetara ez zuela ia inoiz gorputza behar baino gehiago nabarmentzen zion jantzirik eramaten; nahita baztertzen zituela soinera horrenbeste itsasten zitzaizkion arropak. Beatrizek, berriz, eremu askeago bezala bizi du oholtza eta uste du askoz ere errazago biluztuko litzatekeela bertan handik kanpora baino. Anek ez du hala sentitzen, kontrara, oholtzara horrela jantzita irtenda, bere konfort eremua zartatzen ari zela sentitzen du, nolabait. Arroparen aukeraketatik hasita, ohiko zurruntasunarekin hausten zuen agertokian, apur bat bazen ere, ordura arteko joko-arauei men egin gabe ari baitzen. Berdin sentitzen zuen beste zenbait unetan ere; adibidez, aurrez sekula egin ez bezala, egurrezko aulkitik eserita kantatu ohi zuenean edo publikoari bizkarra emanda ari zenean.
Fernandezek zioen eran, bi gorpuzkera oholtzaratzen ginen; bi gorputz, bi adin ezberdin zituztenak. Bion arteko adin tartea ez da sekula oztopoa izan guretzat. Are gehiago, ez ginen berandura arte jabetu ikuspuntu honetatik behatuta ere gure artean kontraste bat bazegoenik. Beatrizek irriz kontatu ohi du bera ez zela adin tarteaz ohartu ere egin Nerea Ibarzabalek Bertsolari aldizkarirako egindako elkarrizketa batean zuzenean galdetu zigun arte.
Bi gorputz oholtzaratzen ginen, eta bi ahots. Bost urteko ziklo honek balio izan digu, besteak beste, ahotsaren gorpuztasunaz jabetzeko. Bidean ohartu gara nola egiten den gorputza ahots eta, iruntzitara, nola egiten den ahotsa gorputz. Uxue Alberdik Kontrako eztarritik saiakeran zioen moduan, “ahots irakurketa gorputz irakurketa da, eta gorputz autorizatuen eta ez-autorizatuen berri ematen digu”.
Plazaz plazako ibili honetan lan-karga handia eman diegu gure ahots-kordei. Ahotsa izan da gure lan tresna ia bakarra, eta ondo eutsi dio, orokorrean. Bide honek, hala ere, ahotsaren hauskortasunaz ohartzeko balio izan digu. Ahotsik gabe ezer ez garela berretsi ahal izan dugu eztarria urratu zaigun edo ahotsak huts egin digun aldi bakanetan. Jendaurrean ahul eta hauskor agertu izan gara gure nahien kontrara, adibidez, leku ospelen batean hotza hezurretaraino sartu eta ahotsaren kontrola galdu izan dugunetan. Antzera gertatu zaigu hankak dardarka geneuzkala estali asmoz ozenago kantatzen saiatu izan garenetan ere, edo, Anek kontatzen duenez, urduritasunak gain hartu eta arnasa falta zitzaigunetan. Ispilu garden bat bezalakoa da ahotsa; gardenetan gardenena. Horrexegatik kosta zaigu une batzuetan hainbeste berarekin adiskidetzea.
Beatrizi, gainera, bere ahots kantatuarekin zuen harremanean sakontzeko ere balio izan dio bide honek. Aneren bertsoen bukaeretako errepikapenak kantatzera ausartu zen pixkanaka Erradikalak gara-n eta, Erradikalak ginen-erako, biok batera egiten genituen amaiera gehientsuenak. Beatrizek, horrela, aurre egin ahal izan dio bere frustrazio handienetako bati: ustez gaizki abesteak zekarkion isiltasun behartuari.
Abestearena adibide bat baino ez da, baina errenkadan otutzen zaizkigu gehiago ere. Geure buruari baimena eman nahi izan diogu hain ondo egiten ez genituela bagenekien gauzak ere elkarren babesean eta oholtzaren gainean egitera ausartzeko. Baliteke kanpotik begiratuta huskeriatzat hartzea baina Erradikalak gara-ren amaieran koreografia moduko bat egiten genuen itxiera gisa, dantzan abilegiak ez garela badakigun arren. Erradikalak ginen-en, aldiz, bonboa eta pandero txiki bat gordetzen genituen bukaerako ezustekorako. Zinez uste dugu ez dagoela erridikuluari beldurra galtzea bezalako ikasketarik. Atal honen hasieran aipatu dugunari tiraka, sinistuta gaude subertsiboa izan daitekeela oholtza tarteka hain ondo egiten ez dugun zerbait eginez okupatzea.
Itxiera bat, behin-behinean
Mugarriz mugarri egiten da bidea, eta hala egin dugu guk ere. Berdin egokitu gara kamerino distiratsudun areto dotoreetara nahiz oholtza izatera ere justu samar heltzen ziren ohol multzo gainjarrietara. Gogoan dauzkagu Elebeltz, Altzo, Lemoa, Basauriko Marienea, Arbizu, Lasarte-Oriako Kultur Etxea, Durangoko Azoka, Guardia, Donostiako Feministaldia, Arroa Behea, Lekunberriko kantina, Urretxuko eta Leitzako Gaztetxeak, Nafarroako Antzerki Eskola, Gasteiz, Alliko frontoia, Azpeitiko Soreasu antzokia, Bilboko Bira eta beste hainbat geltoki. Eta gogoan dauzkagu ondoegi hartu ez gaituzten lekuak ere. Oro har, kalea egin zaigu gogorren, barruan bilduago sentitu izan baikara beti. Zenbait lekutatik haserre itzuli gara, kultur ekitaldietarako baldintza minimoak ere betetzen ez zituztela iritzita. Nolanahi ere, gutxiengoa izan dira, salbuespenak baino ez. Kontrara, asko eta asko dira kontrako arrazoiengatik akorduan ditugun lekuak.
Gogoan daukagu nolako harrera egin ziguten, esaterako, Galdakaoko Sormene jaialdian, eta gogoan daukagu, nola ez, nola zaindu gintuzten Gernikako Astran. Egun hartan, furgonetan beharrezko guztiak kargatzerakoan, egurrezko kaxa txiki bat utzi genuen ahaztuta garajean. Egurrezko kaxa txiki bat baino ez zen, baina saiorako behar-beharrezkoak genituen hainbat elementu gordetzen genituen bertan: soka, egurrezko pintzak, egunkari zatiak, gutun-azalak… Larrituta, Astrakoei jakinarazi genien zer gertatu zitzaigun eta antolatzaileak laguntzeko prest agertu ziren. Ikuskizuna hasteko ordubete eskas falta zela, eraikinean zehar gora eta behera ibili ginen beraiekin batera eta tailer eta txoko ugari arakatuz, emanaldirako behar genituen elementu guztiak eskuratu genituen denbora gutxian bertakoei esker. Iluntze hartan ondo baino hobeto ezagutu genituen eraikin koloretsuaren barrunbeak. Esker hitzak baino ez datozkigu ahora ataka estu hartatik irteten lagundu zigutenak oroitzean. Beraiek ez dute jakingo, baina emanaldi aurrea eta ostea irri urduriz igaro genituen guk; elkarri “eskerrak Astran gertatu zaigun” errepikatzen genion bitartean. Eskerrak, bai.
Gogoan daukagu zein arrotz sentitu ginen behin Donostiako Victoria Eugeniako kamerinoetan. Ordura arte arropaz aldatzeko baliatutako ez-leku zuloak etorri zitzaizkigun akordura; hala nola, elkarteetako edari-despentsak nahiz garbitzaileek laneko produktuak gordetzen zituzten gelatxoren bat edo beste. Aitziber Garmendiak deituta geunden teatroan eta, egia esan, berak ahaleginak eta bi egin zituen handitasun hartan erosoago senti gintezen. Berarekin hizketan ari ginela, harritu samar begiratu zigun saio bakoitzaren aurretik eta ondoren aldiro atrezzo guztia geuk kargatzen eta deskargatzen genuela kontatu genionean. Horra, Kulturatik beharrean Gizarte Zerbitzuetatik deitzearen ajeak.
Zoriontsu izan gara deitu gaituzten lekuetan. Zoriontsu, gure ez-erdigunetasunean. Zoriontsu, gure hibridotasunean. Ez dugu sekula konplexuz bizi izan guk egiten duguna arte eszeniko bakar batean kokatzeko ezintasuna. Guk egindakoak zenbat ote du antzerkigintzatik? Zenbat bertsogintzatik? Zenbat bakarrizketatik? Zein dira aurrekoen arteko mugak? Non hasten da bat, eta non bukatzen hurrengoa? Sinergien eta elkarreraginen alde egiten dugu guk, ez baitugu uste sormen eremu bakoitza guztiz estankoa denik. Sailkaezintasuna bera apurtzailea izan daitekeela uste dugu. Are, ez dagoela nahitaez dena sailkatu beharrik. Zentzu honetan ere, maite ditugu tarteko espazioak.
Entzuleek egin gaituzue zoriontsu. Entzuleek eutsi gaituzue unerik zailenetan, eta babes horri esker asmatu dugu guk ere elkarri eusten. Emanaldietako bakoitza ezberdina izan da guztiz; kodigo propioa sortu baita lekuan leku. Aldiro erabaki duzue, adibidez, bertso bakoitzaren amaieran txalo joko zenuten ala ez. Batzuetan txaloen alde egin duzue eta besteetan, aldiz, isiltasunaren alde. Batzuetan bertsoen amaierako errepikapenak kantatu dituzue, eta besteetan ez. Gehienetan ez errepikatzearen alde egin izanak erakuts dezake, besteak beste, gure proposamenaren hibridotasuna. Izan ere, bertso-saioetan ohikoa da bertso amaieretan errepikapenak ahoz gora kantatzea eta bukatu ondoren txalo jotzea. Gure kasuan, baina, entzulea galdu samar sumatu dugu zentzu horretan, obraren tempoak apurtzeko beldurrez-edo. Joko-arauak argi ez zeudenez gero, in situ erabakitzen ziren txaloen eta errepikapenen ingurukoak eta askotan, gainera, entzule bakar batek izan zezakeen horretarako erabakimena, bat hasiko balitz gainerakoek jarraitu egingo lioketelako. Honekin lotuta, pasarte jakin bat daukagu biok ala biok memorian iltzatuta. Erradikalak ginen-en bukaeran, Beatrizek Aneri ahoa estaltzen zion une batean eta Anek bertso bat bukatu gabe uzten zuen nahita. Ahapeka baino ez zuen kantatzen bukaera; kasik xuxurlaka. Behin, publikoko emakume bat ere kantuan hasi zen Anerekin batera eta gainerakoek ere lagundu egin nahi izan ziotenez, une oso-oso hunkigarri bat bizi izan genuen. Oraindik ere oilo-ipurdiak hartzen digu azala.
Izugarri ikasi dugu bidean. Sortzaile nahiz pertsona bezala hazi garela sentitzen dugu; ahaldundu egin garela bai oholtzan eta baita oholtzapean ere. Autonomiaz jokatu nahi izan dugu une oro. Boteretu gara teknikariekiko —gehienetan gizonekiko— harremanean, aurrez aipatu bezala karga-deskarga guztiak geure eskuz egin ditugu, leku txikienetara generamatzan fokuak fundituz gero zer egin genezakeen ikasi dugu eta Beatrizek gidatzearekiko zituen beldurrak gainditu ditu, hein batean behintzat. Leku batera iritsi, taula gaina behar bezala atondu, emanaldia egin, atzera guztia jaso eta nor bere etxera iritsi artekoak partekatu ditugu.
Azal eta mami, sortu duguna hutsetik sortu dugu bion artean. Geureak izan ziren hasierako ideia zoroak —tren geltokiko banku eta erloju biribila barne—, geuk bete genituen hasieran gidoilari eta beranduago zuzendari lanak, geu arduratu ginen arropaz, eszenografiaz… Geuk egin dugu, lagun askoren laguntzarekin, baina geuk; eta ederra da prozesu osoaren jabe izan garela sentitzea. Erabakiak gure esku izan ditugu hasieratik bukaerara eta, ondorioz, elkarrekin sortu duguna beste ezer baino gureago sentitzen dugu. Hala sentituko dugu beti.
Une jakin batean, argi ikusi genuen zikloa ixteko ordua iritsia zela. Amaiera bat eman nahi geniola, oraingoz behintzat. Garaitsu hartan, Erradikalak ginen emanaldia bizitza propioa hartzen hasi zen pixkanaka. Azkenerako, hasi ginenean ordubete inguru irauten zuen saioa ordu eta erdi ingurukoa bilakatu zen denborarekin, oinarritzat gidoi berbera bazuen ere. Gero eta luzeago ari ginen, gero eta pausatuago, bukaerak halako melankolia aire bat ekarriko baligu bezala.
Orriotan, ordea, ez diogu tristurari tarterik egin nahi. Ospatu egin nahi dugu egindako guztia, emandako pauso bakoitza eta elkarrekin gaur arte ibilitako bidea. Zuengan ere oroitzapenen bat geratzea desio dugu, barrunberik sakonekoenetan. Denbora igaro ondoren ere gogora dezazuen norekin ikusi zenuten emanaldi bakoitza, noren ondoan eserita, non hartu zenuten aurreko infusioa edo osteko ardoa, norekin egin zenuten topa, norekin topo aspaldiko partez komuneko ilaran zeundetela, nor zirikatzeko baliatu zenuten Beatrizen esaldi ironiko hura, noiz arte izan zenuten bukaerako melodia errepikakorra mihiari itsatsita…
Guk, hasieran esan bezala, oroitzapen- eta bizipen-sorta eder-ederra daramagu gorputzean, eta txokorik kuttunenean gordeko dugu orain, aurrera begira erradikalagoak izango garen esperantzan. “Umiltasun osoz, baina kristorena egin dugu” errepikatuko diogu gure buruari nostalgiak atximur egiten digun aldiro eta, konplizitatez eta pasioz, dar-dar egingo dugu berriro elkarrekin.
Erradikalak ginelako, garelako eta, zuekin, izango garelako.